1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
212E/2023 EBAZPENA, martxoaren 6koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Berriobeitiko Udal Plan Orokorrari buruzko ingurumen adierazpen estrategikoa egiten duena. Sustatzailea Berriobeitiko Udala da.
Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6. artikuluaren 1. apartatuan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen ebaluazio estrategikoa egin behar zaie administrazio publikoek onesten dituzten planei, eta horien ingurumen adierazpen estrategikoa egin behar da, plana onestearekin batera edo lehenago.
Berriobeitiko Udal Plan Orokorraren ingurumen ebaluazio estrategikoa 2018ko uztailaren 20ko txostenarekin abiatu zen, Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Eredua (LOEE) idatzi aurretik; txosten horretan ingurumen alderdiak, arriskuak eta udalerriko lurralde afekzio nabarmenak jaso ziren.
LOEE delakoa aurkeztu ondoren, irismen-txostena egin zen 2019ko ekainaren 18an, kontuan har zedin udalaren hirigintza plana prestatzeko garaian. Txosten horretan honako eremu hauek adierazten ziren: babes bereziko eremuak, ingurumen balioko eremuak (udalerri eskalan), lurralde konektagarritasunerako eremuak eta beste elementu egituratzaile batzuk –Iturbero erreka, esaterako–, etorkizunean hiri-bilbean egoki integratu beharko direnak, ingurumenari eta funtzionaltasunari dagokienez.
Udalaren hirigintza plana 2020ko irailaren 1ean onetsi zen hasiera batean, eta jendaurreko epea bete zuen, iragarkia argitaratu baitzen 2020ko 244. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 20koan. Dokumentazioan aldaketak egin ostean, jendaurreko beste epe bat ireki zen, 2021eko 239. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 14koan. 2021eko martxoaren 12an, Biodibertsitatearen Zerbitzuak txosten bat egin zuen, Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atalaren ohar batzuk txertatzeko; txosten horretan aditzera eman zituen, halaber, txertatu beharreko ingurumen neurri eta neurri akustiko batzuk, etxebizitzetarako eta jarduera ekonomikoetarako proposamenei dagokienez, eta landa lurzoruaren sailkapenari dagokionez.
Behin behinean onetsi ostean, udalaren hirigintza planaren dokumentazio osoa jaso zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan, 2022ko irailaren 21ean.
Berriobeitiko Udal Plan Orokorrak 2001etik indarra zuen hirigintza araudia ordezten du, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren helburuak betetzen ditu: hiri sarea mantentzen eta hobetzen dela eta kultur ondarea babesten dela ziurtatzea; bizitegitarako, jarduera ekonomikorako eta hirugarren sektorerako lurzoruaren beharrak bideratzea; eta sistema orokorrak aurreikustea.
Plan horretan bildutako azterketa, diagnostiko eta proposamenek udal-mugarte osoari eragiten diote; udal-mugartea 25,7 km²-koa da, eta 7.256 biztanle ditu, 2019ko biztanle erroldako datuen arabera. Udalaren hirigintza planaren eta ingurumen-eraginaren azterketaren laburpena I. eranskinean dago.
Berriobeiti udalerri konposatua da, Oteitza, Elkarte, Ballariain, Larrageta, Añezkar, Berriogoiti, Berriobeiti, Aitzoain, Lotza eta Artika herriek osatua. Iruñerriko mendebaldeko muturrean kokaturik dagoenez, hiri-dinamiken (jarduera ekonomikoak eta bizitegikoak) eragin-eremuan parte hartzen du, bai eta Iruñeko metropolialdeko komunikazio eta sarbide azpiegitura nagusietan ere. Lurralde ereduak bi gune mota aitortzen eta finkatzen ditu: batetik, Artika, Aitzoain, Berriogoiti eta Berriobeitikoak, zeinak Iruñeko metropolialdeko egitura funtzionalaren parte baitira, eta, bestetik, Añezkar, Ballariain, Elkarte, Larrageta, Lotza eta Oteitzako landaguneak, zeinak landa eremuko sarearen parte baitira, ingurumen eta paisaia arloko balioak dituen eremu natural batean txertatuta.
Hirigintza planaren proposamen nagusiak, hala bizitegi erabilerarako nola jarduera ekonomikorako, Berriobeiti-Aitzoain eremuan bildu dira, NA-240A errepidearen bi alboetan. Horrela, errepide horren iparraldean etxebizitzetarako lurzoru urbanizagarriko eremu bat aurreikusi da, eta hegoaldean, jarduera ekonomikorako eremu bat (SA Berriobeiti 2). Bi eremu horiek konektagarritasunerako osagai egituratzaile bera dute: Iturbero erreka; fitxa urbanistikoetan behar diren neurriak txertatu direnez, bermatuta daude haren jarraitutasuna eta funtzionaltasuna. Horretarako, garapenerako plan partzialetan drainatze jasangarriari buruzko azterketak eginen dira, eta neurriak hartuko dira lur-eremuetako iragazkortasuna ahalik eta handiena izan dadin eta sistema orokorrak klima aldaketari egokitzeko moduko irizpideekin kudeatu daitezen. Neurri horien bidez beteko da Biodibertsitatearen Zerbitzuak 2021eko martxoaren 12an emandako txostena.
Añezkar eta Oteitzan, hiri-lurzoru finkatugabeko sektoreak planteatu dira, Ugalzoko eta Areazulo erreken ondoan, hurrenez hurren. Ibai ingurunea babesteko behar diren neurriak hartu ez direla iritzita, proposatu da ingurumen adierazpen estrategiko honen baldintzetan txertatzea determinazio jakin batzuk, ibaiertzeko landaredian eta erreketan eraginik ez izateko. Ballariainen izan ezik, planak ez dakar proposamen berririk beste landaguneetan, eta, hortaz, ez da bestelako ingurumen eraginik aurreikusten. Ballariainen kasu zehatzean, etxebizitzetarako lurzoru urbanizagarriaren proposamena lur-eremu lauetan proposatu da, herrigunearen ondoan, inguru horretan ez baita atzeman ingurumen balio nabarmeneko elementu edo gunerik. Añezkarren, etxaldeen aldeko lurzoruen klasifikazioa aldatu da, eta orain garapen eredua zaintzeko lurzoru ez-urbanizagarriak dira.
Landa lurzoruaren antolamendua egiteko, udalerriaren natur, ingurumen, paisaia, kultur eta nekazaritza balioak identifikatu dira, lurzoru urbanizaezina kategorizatu da eta erabileren araubidea garatu. Kategorizazio proposamena bat dator LAP3 delakoan ezarritakoarekin; hala, ingurumen balioagatik babes bereziko eremu direnak identifikatu dira –esaterako Lotza eta Itzako hezeguneak eta Ezkaba mendiko interes geologiko bereziko tokiak– bai eta halakoak direnak paisaia eta kultura balioengatik eta arriskuak prebenitzeko. Udalerriari dagokionez, planak toki jakin batzuk identifikatu eta seinalatzen ditu, beren berezitasunengatik, ingurumen eta paisaia balioagatik edo identitate balioagatik garrantzitsuak direnak. Hortaz, neurria eta eragina positiboak dira.
Zonakatze akustikoari eta beste kontu akustikoei dagokienez, espedientean dago Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2023ko urtarrilaren 17an emandako txostena, aldekoa.
Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura egoki egin dela iritzita, eta honako hauek ematen dizkidaten eskumenak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak,
EBAZTEN DUT:
1. Aldeko ingurumen adierazpen estrategikoa egitea Berriobeitiko Udal Plan Orokorrari buruz. Berriobeitiko Udala da planaren sustatzailea.
2. Ingurumen adierazpen estrategiko hau emanen da, baldin eta zehaztapen hauek zuzendu eta gehitzen badira:
–Añezkarko SR2 eta Oteitzako SR2 sektoreen garapenean, dagokien hirigintza fitxetan txertatuko dira ibaiertzeko landaredian eta erreken ibilguan eraginik ez izateko neurri berariazkoak.
–Hirigintzako planaren garapenean eta gauzatzean, ingurumen azterketa estrategikoan bildutako neurri prebentibo eta zuzentzaileak aplikatuko dira.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Berriobeitiko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2023ko martxoaren 6an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.
Iragarkiaren kodea: F2303851