67. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2023ko martxoaren 22an hartua, zeinaren bidez zehazten baita zein izanen den Nafarroako administrazio publikoen montepioetako klase pasiboen gutxieneko alarguntza- eta zurztasun-pentsioen eguneratzea 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera.

Nafarroako Gobernuak 2023ko otsailaren 22an hartutako erabakiaren bidez, urte horretan Nafarroako administrazio publikoen montepioetako klase pasiboen pentsioak nola eguneratuko diren zehaztu zen, eta igoera, oro har, ehuneko 8,5ekoa izanen dela ezarri zen. Igoera horretatik kanpo utzi ziren alarguntza-pentsio eta zurztasun-pentsio batzuk, haien aplikazio araudiari jarraikiz lanbide arteko gutxieneko soldataren arabera finkatzen direnak.

Gutxieneko alarguntza-pentsio horien urteko zenbatekoa, kontuan hartuta zenbateko hori lanbide arteko gutxieneko soldatari lotuta dagoela Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen eskubide pasiboen araubide iragankorrari buruzko martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen arabera, 14.000 euroan finkatu zen (1.000 euro hilean), bat etorriz 2022rako lanbide arteko gutxieneko soldata zehaztu zuen otsailaren 22ko 152/2022 Errege Dekretuaren 1. artikuluan xedatutakoarekin (abenduaren 27ko 20/2022 Errege Lege Dekretuaren bidez gutxieneko soldata hori 2023. urtera luzatu zen). Zenbateko bera zehaztu zen gutxieneko zurztasun-pentsioetarako ere, batetik, 10/2003 Foru Legean aurreikusitako eskubide pasiboen sistemakoak direnean, baldin haien onuradunak aitarik ez amarik ez duten umezurtzak badira; eta, bestetik, funtzionarioen eskubide pasiboen araubidearen babesean emandakoak direnean, baldin funtzionarioak 10/2003 Foru Legearen aurreko sistemari atxikita badaude. 2023ko Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 35/2022 Foru Legearen 11. artikuluko 7. apartatuko bigarren paragrafoan aurreikusten direnak dira salbuespen bakarrak.

2023rako lanbide arteko gutxieneko soldata zehazten duen otsailaren 14ko 99/2023 Errege Dekretuaren bidez lanbide arteko gutxieneko soldata berria zehaztu da: hilean 1.080 eurokoa izanen da (15.120 euro urtean) eta 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

Ondorioz, aipatutako errege dekretua onetsi ondoren, gutxieneko alarguntza- eta zurztasun-pentsio horien zenbateko berria zehaztu behar da, pentsio horiek lanbide arteko gutxieneko soldatari lotuak daudelako Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen eskubide pasiboen araubide iragankorrari buruzko martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen arabera.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak proposatuta,

ERABAKITZEN DU:

1. 2023ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen klase pasiboen gutxieneko alarguntza- eta zurztasun-pentsioak lanbide arteko gutxieneko soldataren zenbatekoarekin parekatuak gelditzen dira, hots, hilean 1.080 euro (urtean 15.120,00 euro), salbu eta Nafarroako 2023ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 35/2022 Foru Legearen 11. artikuluko 7. apartatuko bigarren paragrafoan zurztasun-pentsioei dagokienez jasotako kasuan.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legean ezarrita dagoen eskubide pasiboen sistemako zurztasun-pentsioei ere aplikatuko zaie, baldin onuradunak aitarik ez amarik ez duten umezurtzak badira. Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen eskubide pasiboen araubide iragankorrari buruzkoa da foru lege hori.

2. Erabaki honek 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorio ekonomikoak, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, orok jakin dezan.

3. Erabaki hau igortzea Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Lan Harremanen eta Prestazio Sozialen Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko martxoaren 22an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2304718