67. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

15E/2023 FORU AGINDUA, otsailaren 20koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, Nafarroako museoen eta bilduma museografiko iraunkorren zabalkunde jarduera eta jarduketetarako 2023ko dirulaguntzen deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 677516.

1985az geroztik, Nafarroako Gobernuak museoentzako eta bilduma museografiko iraunkorrentzako laguntzak eman ditu, haien titulartasuna zeinahi delarik ere. Laguntzak, urte hauetan guztietan, kultura sektore horretako araudiaren eta dirulaguntzei buruzko legediaren aldaketen menpe egon dira, bai eta aurrekontu erabilgarriaren menpe ere. Bestetik, diruz lagundutako arloak instalazio horien funtzionamendua edo jarduerak izan dira, aldian aldikoak. Hori guztia interes sozialekotzat hartzen delako erakunde horiek mantentzea eta haien garapenari laguntzea.

Museoen Zerbitzuak aurkeztutako txostenean proposatu du 2023ko dirulaguntzen deialdia onestea Nafarroako museoen eta bilduma museografiko iraunkorren zabalkunde jarduerak eta jarduketak egiteko, horretarako 30.000 euroko gastua baimentzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako museoen eta bilduma museografiko iraunkorren zabalkunde jarduera eta jarduketetarako 2023ko dirulaguntzen deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak, onestea.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko gastua baimentzea, partida honen kargura:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20003-A2300-4816-333100: museoentzako eta bilduma museografiko iraunkorrentzako laguntzak. Funtzionamendu eta jarduera gastuak.

2023

30.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2023ko otsailaren 20an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

OINARRI ARAUTZAILEAK, 2023. URTEAN NAFARROAKO MUSEOEN ETA BILDUMA MUSEOGRAFIKO IRAUNKORREN ZABALKUNDE JARDUERA ETA JARDUKETAK EGITEKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIARENAK

1. Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio-eremua.

1.1. Deialdi honen xedea da dirulaguntzak ematea 2023. urtean Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografikoen Erregistroan inskribaturik dauden museoen eta bilduma museografiko iraunkorren zabalkunde jarduerak eta jarduketak egiteko.

1.2. Interes sozialeko helburua pertsona guztien kulturarako eskubidean oinarritzen da. 1948an, Nazio Batuen Batzar Nagusiak Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean ezarri zuen pertsona orok eskubidea duela bere kultura eskubideak gauzatzeko, bai eta komunitatearen kultur bizitzan askatasunez parte hartzeko eta arteez gozatzeko ere.

Nazioarteko tresna ugarik eragin zuzena dute kultura eta museo arloaren arauketan, aipatutako 1948ko Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaz haratago. Bereziki, Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak (Unesco) gai horri buruzko tresna ugari landu ditu bere historian zehar. Tresna horien artean, honako hauek azpimarra daitezke: Museoak guztientzat eskuragarriagoak izateko bitarteko eraginkorrenei buruzko Gomendioa, 1960ko abenduaren 14koa; Kultura ondasun higigarriak babesteari buruzko Gomendioa, 1978ko azaroaren 28koa; eta, berriena eta inspiratzaileena, Museoak eta bildumak babesteari eta sustatzeari, haien aniztasunari eta gizartean duten funtzioari buruzko Gomendioa, 2015eko azaroaren 17koa, erakunde horiek gaur egungo munduan duten zeregina eguneratzen duena.

1.3. Dirulaguntza hauen aplikazio eremua honako hau da:

–Aldi baterako erakusketak egitea.

–Bitartekaritza eta zabalkunde lanak egitea.

–Bilduma iraunkorraren erakusketan hobekuntzak egitea.

–Erakusketa iraunkorraren diskurtso narratiboa eguneratzea.

–Erakundearen zabalkundea hobetzea arlo guztietan.

–Eginkizun kulturala, hezitzailea eta ludikoa sustatzea.

Gainera, entitate eskatzaileek bestelako proiektuak aurkezten ahalko dituzte, bat baldin badatoz dirulaguntza hauen xedearekin.

2. Erakunde onuradunak eta betekizunak.

2.1. Deialdi hau argitaratzen den egunean Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografiko Iraunkorren Erregistroan inskribaturik dauden museoen eta bilduma museografiko iraunkorren titularrek eska ditzakete dirulaguntza hauek.

2.2. Entitate eskatzaileek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko baldintza orokorrak betetzea.

b) Eskatzailea zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen ez aritzea, edo, ez egotea zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.

2.3. Kanpoan gelditzen dira:

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren jabetzako museoak.

–2023ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan jarduerak egiteko Museoen Zerbitzuaren partida izendunak dituzten museoak eta bilduma museografikoak.

3. Aurrekontu egozpena, zenbatekoa eta dirulaguntzen muga.

3.1. Deialdi honek 30.000 euroko zenbatekoa izanen du, 2023rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan jasotako honako partida honen kontura: A20003-A2300-4816-333100, "Museoentzako eta bilduma museografiko iraunkorrentzako laguntzak. Funtzionamendu eta jarduera gastuak".

3.2. Proiektuek lortzen duten puntuazioaren arabera emanen dira dirulaguntzak, 8. oinarrian jasotako balorazio irizpideak aplikatuz. Honela eginen da:

3.2.1. Puntuazioaren ordenaren arabera, onartutako aurrekontuaren %70 emanen zaie onartutako proiektuei, gehienez ere 10.000 euro proiektuko, partidaren zuzkidura bukatu arte.

3.2.2. Onartutako aurrekontuaren zenbatekoa kalkulatzeko, deialdian ezarritako gastu diruz ez lagungarriak kenduko zaizkio aurkeztutako proiektuari.

3.2.3. Laguntzak puntuazioaren ordenaren arabera eman ondoren, gerakinik badago, puntuazioaren arabera hurrengoa den proiektuari ematen ahalko zaio, 8.b) puntuko balorazioan (proiektuaren kalitatea) %50a gainditu badu. Erakunde horrek laguntzari uko egitea erabakitzen badu, 15 egun balioduneko epean egin beharko du, dirulaguntzen ematea jakinarazten denetik aurrera, eta gerakina lehentasun hurrenkeran hurrengoa den proiektuari ematen ahalko zaio.

4. Proiektu diruz lagungarriak.

4.1. Diruz lagunduko diren proiektuak exekuzio fasean edo bukatuak egon daitezke, baina betiere 2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra bitartean egin eta bukatu beharko dira. Dirulaguntza eman aurretik amaituta badaude, dirulaguntza jaso ahal izateko, 10.5 oinarrian zehaztutako betebeharrak bete beharko dituzte.

4.2. Entitate eskatzaile bakoitzak proiektu bat edo gehiago aurkezten ahalko ditu deialdi honetan, baina proiektu bakar bati emanen zaio dirulaguntza, hain zuzen, 8. oinarriko irizpideak eta baremoa aplikatuta puntuazio handiena lortzen duenari. Proiektuen lehentasun hurrenkeraren arabera eginen da. Entitate onuradun batek aurkeztutako beste proiektu bati dirulaguntza emanen zaio bakar-bakarrik behar adina diru badago aurrekontuetan behin dirulaguntzak emateko lehen fasea bukatutakoan, eta deialdiaren 8.b) oinarrian (proiektuaren kalitatea) balorazioaren %50a (25 puntu) gainditu badu.

4.3. Proiektuek baliozkoturik egon beharko dute, eta horretarako, proiektuen ardura profesionala hartzen duen pertsona edo enpresa batek izenpetu beharko ditu. Proiektuek honako hauek jaso beharko dituzte: aurrekontu orokor bateratua, kontzeptuak banakaturik, eta kronograma bat, zeinean adierazi beharko baita nork hartuko duen eginkizun bakoitzaren ardura proiektuaren fase bakoitzean.

4.4. Plantillako pertsona bakarrak egin behar badu lan guztia edo gehiena, aditzera eman beharko da lanaldiaren zer portzentaje eskainiko dion proiektuari.

4.5. Proiektuak aurkezteko baldintza formalak 6. eranskinean jasota daude.

4.6. Ez dira diruz lagungarriak izanen Museoen Atalaren beste bi deialdietako edozeinetan (museoen eta bilduma museografiko iraunkorren funtzionamendua eta inbertsioak) laguntzak jasotzen dituzten proiektuak.

4.7. Bi museo edo bilduma museografiko iraunkorrek edo gehiagok jarduera bat batera egiten badute, eskabide bakarra aurkeztuko da, eta horien guztien titularrek 2. oinarrian deskribatutako baldintzak bete beharko dituzte. Nolanahi ere, elkartearen ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu beharko da eta horrek erakunde onuradun gisa taldeari dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde nahikoa izan beharko du. Elkartea ez da desegiten ahalko harik eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako preskripzio epea iragan arte. Eskabidean, taldeko kide bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak adierazi beharko dira, baita haietako bakoitzari aplikatu behar zaion dirulaguntzaren zenbatekoa ere.

4.8. Entitate onuradunak erabaki dezake, proiektua gauzatzeko, hitzarmena egitea edo elkarlanean aritzea museo gisa edo bilduma museografiko iraunkor gisa aitorturik ez dauden erakunde edo kolektiboekin. Entitate eskatzaileak dirulaguntzaren xedeko proiektuaren edo jardueraren gastu eta diru-sarrera guztiak aurkeztuko ditu, entitate kolaboratzaile bakoitzak bere gain hartzen duen zatia adierazita. Dirulaguntza, nolanahi ere, erregistroan onartutako museoari edo bilduma museografiko iraunkorrari dagokion zatiarentzat izanen da bakarrik.

5. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

5.1. Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkezteko epea hamabost egun baliodunekoa izanen da (larunbat, igande eta jaiegunak ez dira barne hartzen), deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.2. Erakunde eskatzaileek telematikoki aurkeztuko dute eskaera Erregistro

Orokor Elektronikoan, Nafarroako Atariko tramiteen katalogoko fitxaren bitartez (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

5.3. Eskaera egiteko formulario espezifikoarekin batera aurkeztu behar den nahitaezko dokumentazioak (1. eranskina) behar bezala beteta eta museoaren edo bilduma museografiko iraunkorraren titularrak edo baimendua dagoen pertsonak sinatuta egon behar du eta honako agiri hauek bildu behar ditu:

a) Entitate eskatzailearen IFZ (Administrazioaren esku ez badago edo, haren esku egonda ere, instrukzio organoari kontsulta egiteko baimena ematen ez bazaio).

b) Ordezkariaren NANa, bidezkoa denean (instrukzio organoari kontsulta egiteko baimena ematen ez bazaio soilik).

c) Ordezkaritzaren frogagiria, bidezkoa denean (Administrazioaren esku ez badago edo, haren esku egonda ere, instrukzio organoari kontsulta egiteko baimena ematen ez bazaio). Kargu publikoek ez dute beren ordezkaritza frogatu beharrik.

d) Erantzukizunpeko adierazpena, entitate onuraduna izateko baldintzak betetzen dituela adierazten duena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera (2. eranskina).

e) Museoaren edo bilduma museografiko iraunkorraren jardueraren memoria (8. eranskina) eta kontuak (gastuak eta diru-sarrerak), 2022. urteari dagozkionak. Jardueraren memoria 8. eranskineko eredu normalizatuaren arabera bete behar da, eta garrantzitsutzat jotzen den beste edozein dokumentazio gehitu ahal zaio.

f) Proiektuaren memoria xehatua, 6. eranskinaren arabera.

g) 2023. urterako jardueraren plana, adierazita zenbat orduz irekiko den, hilabetez hilabete, eta dohainik zein astegunetan irekiko den.

h) 2023rako gastuen eta diru-sarreren aurrekontua (3. eranskina). Toki entitateek museorako edo bilduma museografiko iraunkorrerako bideratu dituzten partiden ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

i) Museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak zabalkunde jarduera eta jarduketetarako dituen beste laguntza edo dirulaguntza batzuen gaineko adierazpen berariazkoa. Laguntza eskaera hau aurkezterakoan beste laguntza eskaeraren bat baldin badute oraindik ebatzi gabe, hori ere aipatu beharko da.

5.4. Dirulaguntzarako eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio, posta elektronikoaren bidez, hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

5.5. Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.

6. Gastu diruz lagungarriak.

6.1. Gastu diruz lagungarritzat joko da deialdi honetan araututako datetan egiten dena, baldin 1. oinarrian adierazitako museoen eta bilduma museografiko iraunkorren zabalkunde jarduera eta jarduketa proiektuak egiteko baldin bada inolako zalantzarik gabe.

6.2. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

6.3. Ez dira inola ere gastu diruz lagungarritzat joko berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak, ezta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.

6.4. Gastu diruz lagungarrien gainean oinarri honetan zehazten ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio.

7. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

7.1. Kultura eta Kirol Departamentuko Museoen Atalak tramitatuko ditu eskaerak, norgehiagokako araubidean.

7.2. Aurkezten diren eskaerak aztertu eta baloratzeko, balorazio batzorde bat eratuko da, kide hauekin:

Batzordeburua:

–Celia Martín Larumbe andrea, Museoen Ataleko burua. Ordezkoa: Mercedes Jover Hernando andrea, Nafarroako Museoaren Ataleko burua.

Batzordekide idazkaria:

–Pilar del Valle de Lersundi Manso de Zúñiga andrea, Museoen Ataleko museoetako goi mailako teknikaria. Ordezkoa: Iñaki Urricelqui Pacho jauna, Karlismoaren Museoko museoetako goi mailako teknikaria.

Bokalak:

–Iñaki Diéguez Uribeondo jauna, Museoen Ataleko museoetako goi mailako teknikaria. Ordezkoa, Marta Arriola Rodríguez andrea, Nafarroako Museoaren Ataleko museoetako goi mailako teknikaria.

–Susana García Romanos andrea, Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko Museoen Batzordeko kidea. Ordezkoa: Francisco Chocarro San Martín jauna, Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko Museoen Batzordeko kidea.

Batzorde horrek eskabideen ebaluazioa eginen du, eta haren irizpena loteslea izanen da. Museoen Zerbitzuak, ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen dio Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari.

8. Balorazio irizpideak.

8.1. Onartzen diren laguntza eskaerak 100 puntuz baloratuko dira gehienez, irizpide hauei jarraikiz:

a) Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografiko Iraunkorren Erregistroan duen inskripzio mota (gehienez 20 puntu), honen arabera: museoa, 10 puntu; bilduma museografiko iraunkorra, 5 puntu; titulartasun publikoa, 10 puntu; titulartasun pribatua, 5 puntu.

b) Proiektuaren kalitatea eta nola egokitzen zaien museoaren edo bilduma museografiko iraunkorraren ezaugarriei, horien helburuei eta jarduketa-ildoei (gehienez 50 puntu).

–Proiektua edo jarduera (6. eranskina): gehienez 30 puntu.

–Proiektuak lurraldean izanen duen eragin sozioekonomikoa (biztanleriaren/tokiko enpresen enpleguari egiten zaion ekarpena): gehienez 4 puntu.

–Euskararen erabilera: gehienez 4,5 puntu.

–Gaztelania eta euskara ez diren hizkuntzak erabiltzea: gehienez 3 puntu.

–Proiektu edo jardueraren ikuspegi inklusiboa (irisgarritasun unibertsala): gehienez 4 puntu.

–Genero ikuspegia: gehienez 4,5 puntu.

c) Museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak 2022. urtean kultura arloan egindako bidea (gehienez 15 puntu), 8. eranskinean xehatuta dauden honako puntu hauen arabera:

–Erakundearen jarduera: gehienez 9 puntu.

–Jendearentzako ordutegia: gehienez 3 puntu.

–Bisitari kopurua: gehienez 3 puntu. Hazkunde portzentajea.

d) Museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak Nafarroako Foru Komunitateko lurralde garapenean egiten duen ekarpena (gehienez 15 puntu), honen arabera:

–5.000 biztanletik beherako udalerrietan dauden museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak: 15 puntu.

–5.000 eta 20.000 biztanle bitarte dituzten udalerrietan dauden museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak: 10 puntu.

–20.000 biztanletik gorako udalerrietan dauden museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak: 5 puntu.

8.2. Ez dute laguntzarik jasoko deialdiaren 8.b) puntua baloratzean (proiektuaren kalitatea) %50eko puntuaziora (25 puntu) ailegatzen ez diren eskaerek.

9. Dirulaguntzak emateko ebazpena.

Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez emanen dira laguntzak, entitate eskatzaile guztiei jakinaraziko zaie eta Nafarroako Atarian argitaratuko da (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

10. Entitate onuradunen betebeharrak.

10.1. Laguntza hau zertarako eman den, helburu hori betetzea, bat etorriz dirulaguntza ematean Museoen Atalak ezarritako jarraibide teknikoekin.

10.2. Eskumena duten kontrol organoek finantza kontrolerako eta egiaztapenerako egiten dituzten lanak onartzea eta eskatzen zaien informazioa ematea.

10.3. Diruz lagunduriko proiektua finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera eta baliabideen berri ematea Museoen Atalari, justifikazioa egiten den egunean.

10.4. Hasierako proiektuan egiten diren aldaketa guztien berri ematea Museoen Atalari, haren adostasuna beharko baita.

10.5. Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartzea proiektua hedatzeko erabiltzen diren euskarri guztietan, aurretik testu hau duela: Con la colaboración de/Laguntzaile. Halaber, "Museos de Navarra/Nafarroako Museoak" markaren logotipoa sartu beharko da, erregistratutako museo edo bilduma museografiko iraunkorra dela adierazteko. Marka horrek, hala badagokio, "Nafarroako Museoen Sistema" marka ordezkatuko du.

10.6. Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egiteko epea bukatu arte.

10.7. Proiektua bukatutakoan, ebaluazio txosten bat aurkeztea. Txosten horretan, betetze maila adieraziko du, hasieran aurkeztutako proiektuaren jasotakoarekin alderatuta (7.eranskina).

10.8. Deialdi honen dirulaguntzaren xedeko jarduerek, bai eta horien zabalkundeak ere, aintzat hartu beharko dituzte Nafarroako Berdintasunerako Institutuak generoaren aldetik baztertzailea ez den hizkerari buruz argitaratutako gomendioak:

http://www.navarra.es/NR/rdonlyres/30B6ABA1-F8D6-468F-8CBB-D5808B5F6575/118955/GUIADECOMUNICACION1213.pdf

10.9. Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, interesdunek dirulaguntzen onuradun diren erakundeen gardentasun betebeharraren gaineko aitorpena aurkeztu beharko dute erregistro telematikoaren bidez (4. eranskina), eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, bat etorriz Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean ezarritakoarekin. Izan daitezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

10.10. Gastuen eta ordainketen frogagiriak, diru-sarrerenak eta jardueraren edo proiektuaren memoria ezarritako epeetan aurkeztea.

10.11. Laguntzaren xede diren zabalkunde jardueren eta jarduketen lanak 2023ko urriaren 31rako amaitzea.

11. Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.

11.1. Dirulaguntzen ordainketa. Dirulaguntzak epe bakarrean ordainduko dira, behin proiektuak bukatuta eta agiri hauek aurkeztuta 2023ko azaroaren 15a arteko epean, egun hori barne:

a) 2023ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean proiektuan edo jardueran eginiko gastuak eta sortutako diru-sarrerak justifikatzeko ordainagiriak, justifikatzeko epea bukatu aurretik (azaroaren 15a) ordainduta behar dutenak.

b) Museoen Atalak laguntza onartu ondotik ematen dituen taula normalizatuak, gastuak eta diru-sarrerak justifikatzen dituen konturako, behar bezala beteta.

c) Diruz lagundutako proiektuaren edo jardueraren amaierako memoria, 7. eranskina barne (proiektuaren amaierako ebaluazioa).

Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuetarako dirulaguntzak kobratzeko eskubidea.

11.2. Justifikatzeko modua. Gastuen eta diru-sarreren justifikazioa honela eginen da:

11.2.1. Justifikazioa egiteko, Museoen Atalak taularen edo justifikazio kontuaren eredu normalizatu bat emanen die erakunde onuradunei, Excel formatu normalizatuan, eta horri fakturak eta banku egiaztagiriak erantsi beharko zaizkio, PDF formatuan, modu ordenatuan eta korrelatiboan.

Dokumentazioa kapituluka edo kontzeptuka bereizita aurkeztuko da PDF formatuko fitxategietan, fakturak eta ordainagiriak modu ordenatu eta korrelatiboan multzokatuta. (Adibidez: 1. faktura/1. ordainketa-frogagiria, eta abar).

11.2.2. Fakturak 2023ko urriaren 31ra arte jaulki beharko dira, eta ordainagiriak justifikazio epea amaitu baino lehen ordaindu beharko dira (azaroaren 15a arte, egun hori barne). Fakturazio betebeharrak arautzeko Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera beteko dira.

11.2.3. Onuradunak funts berekiak edo bestelako dirulaguntza edo baliabideak erabili baldin baditu helburu berberetarako, justifikazioan aipatu beharko ditu.

11.2.4. Langileria gastuak justifikatzeko honako hauek aurkeztu beharko dira: langileen nominak, interesdunek sinatuak, bakoitzari dagozkion TC inprimakiak, eta PFEZaren ordainketak egunean dituela frogatzeko agiriak. Ez da inola ere onartuko diruzkoa ez den ekarpenik, lan-kontratuan berariaz aipatzen ez bada.

11.2.5. Toki erakundeek udal idazkaritzaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, proiektuaren edo jardueraren gastuak noiz egin diren adierazita kontzeptuz kontzeptu, baita bakoitzaren zenbatekoa eta ordaindu direla konfirmatzeko egunak ere, kontuan hartuz gastuak eta ordainketak dirulaguntzaren indarraldiaren barrenean eginak beharko dutela (gastuak, 2023ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra; ordainketak, azaroaren 15era arte, egun hori barne). Diruz lagunduriko proiektuak edo jarduerak diru-sarrerarik eragin baldin badu, horien ziurtagiria ere aurkeztu beharko da.

Toki erakundeetako edo beren mendeko entitateetako langileria gastuak eta horien ordainketa udal idazkaritzaren ziurtagiri baten bidez ere justifikatzen ahalko dira, kontzeptu hauek zehaztuta: lanpostuak, dagozkien soldatak eta lan arloko beste gastu batzuk.

11.3. Aholkularitza edo laguntza enpresek emandako ekipamenduko ondasunen horniduren edo zerbitzuen kasuan, gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, entitate onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen. Hori justifikatzeko, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezarritakoari jarraituko zaio.

11.4. Proiektuko gastu guzti-guztiak frogatu beharko dira. %70 aplikatuko zaio behar bezala justifikatzen den eta Museoen Atalak onartzen duen gastu osoari (3. oinarrian ezartzen den bezala), laguntzen ematean ezarritako gehieneko mugarekin.

11.5. Laugarren hiruhilekoko fakturaren batek egiteke baldin badu diruz lagungarriak diren gastuen barruan PFEZaren atxikipenen likidazioa eta ordainketa, dirulaguntzaren likidazioa behin-behinekoa izanen da, eta diruz lagungarriak diren gastu horien ordainketa konturako ordainketatzat hartuko da. Behin betiko likidazioa egiteko, onuradunak, beranduenez 2024ko urtarrilaren 31n, Foru Ogasunari egindako ordainketen egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu; hala egin ezean, zenbateko horiek gehi dagozkien interesak itzultzeko eskatuko zaio.

12. Kultur mezenasgoa: diruz lagundutako jardueren interes soziala.

12.1. Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak edo jarduerak interes sozialekotzat hartuko dira. Horretarako, entitate eskatzaileek 5. eranskina bete beharko dute, dirulaguntza eman ondoren.

12.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, entitate onuradunek bete egin beharko dituzte maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduan ezarritako baldintzak eta betebeharrak. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekoak deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

12.3. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo eta babesletza ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek amaierako memoria batean zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira izan duten eragina.

13. Beste dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna eta konkurrentzia.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste entitate publiko edo pribatuek edo partikularrek helburu bererako ematen dituzten beste dirulaguntzekin, baldin haien baturak ez badu gainditzen diruz lagunduriko jardueraren kostua. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

14. Dirulaguntza kobratzeko eskubidea galtzea eta itzultzea.

14.1. Erakunde onuradunak ez baditu betetzen Dirulaguntzak emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko du, osoki edo partzialki.

14.2. Erakunde onuradunak ez baditu betetzen Dirulaguntzak emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, onartutako dirulaguntza itzuli egin beharko du, aipatutako foru legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

14.3. Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

15. Arau-hausteak eta zehapenak.

15.1. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

15.2. Zehapen prozedura izanen da ezarrita dagoena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. Tituluko III. kapituluan.

16. Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

17. Deialdiaren, haren oinarri arautzaileen eta haren ebazpenaren aurkako errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Dirulaguntza eskaeren berariazko ezespenen aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legerian xedatuari jarraikiz. Ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

1. eranskina.–Eskabidea.

2. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena.

3. eranskina.–2023ko aurrekontua.

4. eranskina.–Gardentasun-betebeharrari buruzko adierazpena.

5. eranskina.–Kultur mezenasgoari lotutako erantzukizunpeko adierazpenak.

6. eranskina.–Proiektuak idazteko arauak.

7. eranskina.–Proiektuaren amaierako ebaluazioa.

8. eranskina.–2022ko urteko memoria.

Deskargatu 1. eranskinetik 8.era bitartekoak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2304102