66. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

529/2023 Ebazpena, 2023ko martxoaren 21ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitaratzeko "Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Bizikidetzarako Erregelamendua onesten duena", Gobernu Kontseiluak 2023ko martxoaren 21ean hartutako erabaki baten bidez onetsia.

2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, agintzen dut argitara dadila 2023ko martxoaren 21eko Gobernu Kontseiluak hartutako erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Bizikidetzarako Erregelamendua onesten duena.

"GOBERNU KONTSEILUAREN ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAREN BIZIKIDETZARAKO ERREGELAMENDUA ONESTEN DUENA

Unibertsitate-bizikidetzari buruzko 2022ko otsailaren 24ko 3/2022 Legeak (BOEn argitaratua, 2022ko otsailaren 25ean, 48. zk.) honakoa ezartzen du laugarren xedapen gehigarrian: "lege hau indarrean sartzen denetik gehienez ere urtebeteko epean eta 3. eta 4. artikuluetan xedatutakoaren arabera, unibertsitate publiko eta pribatuek beren bizikidetza-arauak onartuko dituzte, eta haietan indarkeriari, diskriminazioari edo jazarpenari aurre egiteko prebentzio- eta erantzun-neurriak jasoko dira. Unibertsitateek indarrean dituzten antzeko neurriak sartzen ahalko dituzte bizikidetza-arau horietan, betiere lege honetan xedatutakoaren arabera".

Unibertsitateko bizikidetzari buruzko 2022ko otsailaren 24ko 3/2022 Legearen laugarren xedapen gehigarrian xedatutakoa betez, eta unibertsitate-komunitateko sektoreek aurkeztutako proposamenak kontuan hartuta, Nafarroako Unibertsitate Publikoko idazkari nagusiak unibertsitatearen bizikidetzarako erregelamendu hau proposatu du.

Aurreko guztiarengatik, honako hau da Gobernu Kontseiluak, idazkari nagusiak proposatuta, bere kideek aldez aurretik eztabaida egin eta gero, 2023ko martxoaren 21ean egindako bileran hartu duen

ERABAKIA:

Lehenbizikoa.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren bizikidetzarako erregelamendu hau onestea.

Bigarrena.–Erregelamendu hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Erregelamendu honen aurka, zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien epaitegietan, bi hilabeteko epean, Erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluan eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 144.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Iruñean, 2023ko martxoaren 21ean.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO BIZIKIDETZARAKO ERREGELAMENDUA

Unibertsitateko Bizikidetzari buruzko 2022ko otsailaren 24ko 3/2022 Legea onesteak esparru berri bat ezarri du Unibertsitateko komunitateko estamentu guztien elkarbizitzarako, bizikidetza unibertsitarioaren esparrua birformulatzeko oinarriak finkatuta eta oinarrizko askatasun eta eskubideen erabilera azpimarratuta. Lege horretan agindutakoari jarraikiz, Nafarroako Unibertsitate Publikoak bizikidetzarako arau batzuk ezartzen ditu, horretaz gain unibertsitate eremuan sortutako gatazkak ahal dela bitartekaritzaren bidez konpontzeko mekanismoak zehazten dituztenak, baita indarkeriaren, diskriminazioaren edo jazarpenaren aurkako prebentzio eta erantzun neurriak ere. Gatazkak konpontzeko sistema hori bitartekaritzaren printzipioetan oinarritzen da, hau da, honako hauetan: borondatezkotasuna, konfidentzialtasuna, ekitatea, inpartzialtasuna, fede ona eta elkarrekiko errespetua, errepresalien prebentzioa eta debekua, malgutasuna, argitasuna eta gardentasuna.

Arau hauen bitartez, gainera, Unibertsitateak Bizikidetza Batzorde bat sortzen du, parekidea eta ikasleen, irakasle eta ikertzaileen eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkariek osatua. Era berean, ikasleen hutsegiteen eta zehapenen sistema bat jasotzen du, horien artean hutsegite oso larriak, larriak eta arinak bereizten dituena. Erabateko bermea izanen du, eta aukera emanen du kasu jakin batzuetan zehapenak neurri hezitzaile edo berreskuratzaileekin ordezkatzeko, arreta jarriz Unibertsitateko Bizikidetzari buruzko Lege horren bidez lortu nahi diren eremu unibertsitarioaren berezko balioetan.

Erregelamendu honek, lehenbiziko kapituluan, xedapen orokorrak jasotzen ditu; bigarrenean, Unibertsitateko Bizikidetza Batzordea arautzen da; eta hirugarrenean, azkenik, ikasleen diziplina-araubidea. Lehenbiziko bi kapituluak Unibertsitateko komunitate osoari aplikatzen zaizkio, eta hirugarrena, berriz, ikasleei.

I. KAPITULUA

1. artikulua. Xedea.

1. Erregelamendu honen xedea Nafarroako Unibertsitate Publikoko bizikidetzarako arauak finkatzea da, instituzioa askatasuneko, berdintasuneko, errespetuko eta dibertsitatearekiko tolerantziako esparrua izan dadin, eta Unibertsitateko komunitateko kideen artean edozein motatako diskriminazioa, jazarpena eta indarkeria prebenitu, zuzendu eta ezabatzeko bokazioz, Unibertsitateko Bizikidetzari buruzko 3/2022 Legean ezarritakoa betez.

2. Halaber, erregelamendu honen helburua bizikidetza urratzen denean hura berehala berrezartzea bermatuko duten ahalmenak arautzea da.

2. artikulua. Printzipioak.

1. Bizikidetzarako araudi honen helburuak eta lehentasunak honako hauek dira: a) errespetuzko jarrera positiboak sustatzea; b) desberdintasunak modu eraikitzailean konpontzea; c) gatazkak modu baketsuan konpontzea; d) edozein motatako indarkeria-adierazpenak prebenitzea.

2. Era berean, Unibertsitateko komunitateko pertsona guztien elkar-ulertzea, bizikidetza aktiboa eta erantzukidetasuna erraztuko eta bultzatuko dituzten neurriak eta jarduketak garatu nahi dira, eta, horretarako, ahal izanez gero modalitate alternatiboak erabil daitezela onartu eta sustatu nahi da bizikidetza urra dezaketen edo irakaskuntzako, ikerketako, ezagutza transferitzeko eta kudeaketako zeinahi jarduera normaltasunez gauzatzea eragotz dezaketen gatazkak konpontzeko.

3. Bizikidetzan eragina duten edo izan dezaketen gatazken identifikazioa eta horien kalifikazioa, betiere, aplikatzekoa den araudian ezarritakoaren arabera eginen da. Nolanahi ere, xedapen honetan ezarritakoaren ondorioetarako, eta kontzeptuak argitze aldera behar bezala identifikatu ahal izateko gatazka noiz bihur daitekeen indarkeria eta zer indarkeria mota aurki daitezkeen, honako definizio hauek onartzen dira:

–Diskriminazioa: Pertsona edo talde batekiko tratu bereizia eta desberdina, honako hauei dagokienez: sexua, sexu eta genero orientazioa, genero identitatea edo adierazpena, ezaugarri sexualak, jaioterria, talde etnikoa, desgaitasuna, adina, osasun egoera, klase soziala, erlijioa edo sinesmenak, hizkuntza edo beste egoera pertsonal eta sozial bat.

–Gatazka: Bizikidetzan eragina duen edo izan dezakeen egoera, non bi pertsona edo gehiago ados jartzen ez diren, aurka agertzen diren, liskarrean ari diren edo beste aldeari kalte egin diezaiokeen zerbait egiten duten, lortu nahi duten helburua lortzeko.

–Indarkeria: Pertsona batek edo pertsona talde batek beste pertsona edo talde batzuen kontra, nahita, indarra edo boterea erabiltzea, fisikoki edo ahoz, horren ondorioz kalte fisikoak, psikikoak edo bazterkeria soziala edo horiek jasateko arriskua sortuz.

–Jazarpena: Pertsona baten duintasunari eraso egitea helburu edo emaitza duen zerbait egitearen edo ez egitearen ondoriozko portaera oro, ahozkoa nahiz fisikoa, bereziki ingurune babesgabe, larderiatsu, umiliagarri edo iraingarri bat sortzen denean.

4. Unibertsitateak, erabil dezakeen aurrekontuaren mugen barnean, araudi honetan adierazitako neurriak eta jarduerak gauzatzeko beharrezkoak diren baliabideak esleituko ditu.

3. artikulua. Aplikatzeko eremua.

1. Araudi honetan jasotako bizikidetza-arauak Unibertsitatearen esparru eta jarduera guztietan bete beharko dira, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaileek, administrazioko eta zerbitzuetako langileek eta bertan ari diren nahiz mugikortasun egonaldi batean dauden ikasleek oso-osorik bete beharko dituzte.

Mugikortasun programa baten bidez beste unibertsitate, instituzio edo ikastegi batean egonaldiren bat egiten ari diren Unibertsitateko komunitateko kide horiek erregelamendu honetan jasotako bizikidetza-arauak bete beharko dituzte, eta, hala eta guztiz ere, derrigortuak egonen dira destinoko instituzioaren bizikidetza-arauak ere errespetatzera. Nolanahi ere, ikastegi bateko zein besteko bizikidetza-arauen aplikazioan gertakari berberengatik bikoiztasunik ez egotea bermatuko da.

Halaber, Nafarroako Unibertsitate Publikoan egonaldiren bat edo bisitaldiren bat egiten ari den irakasle eta/edo ikertzaile, ikasle eta administrazioko eta zerbitzuetako langile orok errespetatu beharko ditu bizikidetza-arau hauek.

2. Erregelamendu honetan jasotako bizikidetza-arauak bai ingurune birtual eta telematikoetan, bai Unibertsitateak Iruñeko eta Tuterako campusetan dituen egoitzetan egiten diren jarduera unibertsitarioetan bete beharko dira, baita jarduera unibertsitarioa gauzatzen den gainerako tokietan ere, hala nola ikasketetako praktikak, kirol jarduerak, bisitak edo antzeko beste jarduera batzuk egiten diren zentroetan, erakundeetan, entitate publiko edo pribatuetan eta Unibertsitatetik kanpoko bestelako eremuetan.

3. Zerbitzu kontratuen enpresa esleipendunek eta haien langileek ere errespetatu beharko dituzte bizikidetzarako arau hauek, baita, oro har, Unibertsitateak hirugarrenei ematen dizkien zerbitzuak erabiltzen dituzten pertsona guztiek ere.

4. Nolanahi ere, instituzioan aldi baterako daudenek ere bete beharko dituzte, aplikatzekoak zaizkien unetik aurrera eta bertan dauden bitartean.

4. artikulua. Bizikidetzarako arau orokorrak.

Unibertsitateko komunitateko kideek bizikidetzarako oinarrizko arauak errespetatu behar dituzte. Horrenbestez, indarrean dagoen araudiak oro har ezartzen dituen betebeharrak errespetatu eta bete beharko dituzte, eta, bereziki, giza eskubideen babesari, desgaitasunari eta dibertsitate funtzionalaren arretari buruzko araudian, berdintasunari buruzko araudian eta genero indarkeriaren prebentzioari buruzkoan ezarritakoak.

Hori oinarri hartuta:

a) Unibertsitateko komunitateko kideetako inor ezin izanen da diskriminatu bere sexua, sexu orientazioa, genero identitatea edo adierazpena, ezaugarri sexualak, jaioterria, talde etnikoa, desgaitasuna, adina, osasun fisikoko eta mentaleko egoera, klase soziala, erlijioa edo sinesmenak, hizkuntza edo beste edozein kondizio edo inguruabar pertsonal edo sozial dela eta.

b) Unibertsitateko komunitatearen eremuko erabakiak berdintasun printzipioa errespetatuz hartuko dira, behar bezala bermatuta ez direla hartzaileentzat diskriminatzaileak izanen beren jaioterriaren, arrazaren, sexuaren, generoaren edo sexu identitatearen, desgaitasunen bat izatearen, sinesmen jakin bat izatearen edo ez izatearen, erlijioaren nahiz aski baliabide ekonomiko izatearen edo ez izatearen arabera.

c) Unibertsitateko komunitateko kideen arteko tratua eta harremana modu egokian eta jendetasunez gauzatuko da une oro, ahozko zein idatzizko interakzioan, erabilitako bidea edozein dela ere eta beste pertsonarekiko errespetu osoz.

d) Unibertsitateko komunitateko kideek entzuteko prestasuna eta jarrera arretatsua agertuko dute une oro, eta erabat errespetatuko dituzte bai jarduera unibertsitarioa dela-eta, bai kudeaketako eta tramitazioko zerbitzu administratiboak ematean, bai egiten diren batzorde, bilera eta abarretan egon daitezkeen iritzi, jarrera eta desadostasunak.

e) Jarduera unibertsitarioak gauzatzean eta zerbitzuak ematean iritzi desberdinak eta edozein motatako desadostasunak egonez gero, modu asertiboan adierazi behar dira, hartzaileekiko errespetu eta begirune oroz, eta ez dira onargarriak izanen ez irainak, ezta deskalifikazio pertsonal eta profesionalak ere.

f) Unibertsitateko komunitateko kideak derrigortuak daude jardueretan ematen diren baliabideen osotasuna errespetatzera, baliabide teknologikoak barne, baita Unibertsitatearen ondasunak, espazioak eta instalazioak ere.

g) Unibertsitateko komunitateko kideek instituzio unibertsitarioaren irudia eta marka osatzen dituzten ikur eta sinboloak errespetatu beharko dituzte. Ikur eta sinbolo horiek dagokion araudian ezarritakoaren arabera bakarrik erabiltzen ahalko dira, eta ezin izanen dira modu desegokian jarduera pertsonaletarako erabili, norberaren iritzia eta Unibertsitatearena nahasiz, hargatik eragotzi gabe adierazpen askatasunerako eskubidearen erabilera.

h) Unibertsitateko komunitateko pertsona guztiek kritika legitimoa instituzio unibertsitarioaren edo haren kideen aurkako irain ez bihurtzeko konpromisoa errespetatu beharko dute, hargatik eragotzi gabe adierazpen askatasunaren eskubidearen erabilera, edozein bide baliatuta ere, sare sozialak barne.

i) Gobernu organoek, Ikasleen Kontseiluak, irakasleek, ikasleen delegatuek eta kudeaketa eta tramitazio administratiboaren arduradunek beren erabaki eta irizpideak hartzaileengana modu eraginkorrean irits daitezen arduratu behar dute, baita instituzioaren gobernantzaren gardentasuna ziurtatu ere.

5. artikulua. Jarduera akademikoak.

Unibertsitatean egiten diren jarduera akademikoetan, irakasgaietako irakasleek eman beharko dituzte jarduera presentzialen eta ez-presentzialen garapenari buruz beharrezkoak diren jarraibideak, eta haiek zehaztu beharko dute zein diren baimendu gabeko ekintzak eta zein baliabide erabil daitezkeen eta zein ez. Jarraibide horiek arrazoizkoak izanen dira eta ikasleen eskubideak errespetatuko dituzte, eta irakaskuntza-gidetan eta antolamendu akademikoko gainerako xedapenetan ezarritakora egokituko dira.

Hori bera aplikatuko da NUPek unibertsitate instalazioetatik kanpo egiten dituen jardueretan.

Nolanahi ere, irakaskuntza eta gainerako jarduera akademikoak bizikidetza-arau hauetan jasotako printzipioak eta eskubideak errespetatuz eginen dira, jarrera diskriminatzaileak saihesteko.

6. artikulua. Lehen mailako prebentzioko neurriak Unibertsitateko komunitatearen bizikidetza bete eta hobetu dadin bultzatzeko.

1. Lehen mailako prebentzioko neurri hauek ezartzen dira Unibertsitateko komunitatearen bizikidetza bete eta hobetu dadin bultzatzeko:

a) Idazkari nagusiak bizikidetza-arauen berri eman beharko die Unibertsitateko komunitateko kideei, baita haien edukia aditzera eman ere, instituzioan sartzen direnetik.

b) Bizikidetzarekin, harreman pertsonalekin eta elkarrekiko errespetuarekin lotutako trebakuntza. Unibertsitateak bere komunitateko kide guztiak sentsibilizatzeko jarduerak antolatuko ditu, barneratu dezaten premiazkoa dela bizikidetzako eta erantzukidetasuneko esparru baterantz aurrera egitea, indarkeriarik, jazarpenik eta diskriminaziorik gabekorantz.

c) Bizikidetza-arauen zabalkundea. Bizikidetza Batzordeak, Idazkaritza Nagusiaren bitartez, arau hauek Unibertsitateko komunitateko kideen artean zabaltzeko jarduerak antolatuko ditu, arauon berri dutela eta betetzen dituztela bermatzeko.

d) Organo, zerbitzuko zuzendaritza eta irakasle guztiek ziurtatu behar dute, dagokien jarduketa-eremuan, erabakien hartzaileek behar bezala ezagutzen dituztela jarduera unibertsitarioaren arauak, jarraibideak eta haien interpretazioak, baita jarraitzen diren irizpideak ere.

e) Bizikidetza Batzordeak aurreko ikasturteko jardueraren berri emanen du, betiere konfidentzialtasuna errespetatuz. Bildutako datuak anonimoak izan beharko dira, eta sexuaren eta kolektiboaren arabera bereiziak egon.

2. Artikulu honen lehenbiziko apartatuan zerrendatutako neurriak azalpen gisa ezartzen dira, eta unean-unean egokitzat jo daitekeen beste edozein neurri har daiteke.

7. artikulua. Bigarren mailako prebentzioko neurriak arriskuzko testuinguru, egoera eta faktoreetan esku hartzeko eta Bizikidetzari buruzko Legearen 3.2.c) artikuluan adierazitako arrazoiengatiko indarkeria, diskriminazio edo jazarpen egoerak saihesteko.

1. Bigarren mailako prebentzioko neurri hauek ezartzen dira arriskuzko testuinguru, egoera eta faktoreetan esku hartzeko eta Bizikidetzari buruzko Legearen 3.2.c) artikuluan adierazitako arrazoiengatiko indarkeria, diskriminazio edo jazarpen egoerak saihesteko:

a) Ordezkaritza-jarduerak indartzea:

Unibertsitateko komunitateko kide bakoitza kide anitzeko gobernu organo guztietan ordezkatua dago, eta, beraz, arauekiko, irizpideekiko eta haien aplikazioarekiko eta jarduera unibertsitarioaren alderdi guztien interpretazioarekiko desadostasun oro modu pertsonalean, kolektiboan nahiz gobernu organoetako eta/edo sindikatuetako ordezkarien bidez bideratzen ahalko da. Ordezkari horiek izanen dira erabakietan egin nahi diren aldaketei heltzeko bide egokia, eta horrek, hala gertatuz gero, bizikidetza hobetzea ekarriko du.

Ikasleen kasuan, kanalizazio hori Ikasleen Kontseiluaren bidez egin beharko da.

Unibertsitateko komunitateko arlo desberdinetako ordezkariek eginkizun aktiboa izan behar dute, ordezkatzen dituzten pertsonen kexak bideratuz Unibertsitateko bizikidetzari kalte egin diezaiokeen tirabirarik sor ez dadin.

Gainera, partaidetza aktiboagoa sustatu beharko dute, ordezkariak eta ordezkatzen dituzten pertsonak lotuko dituena, eta horrek ordezkaritza-jarduera hobetzea ekarriko du, baita haiek erabakiak hartzeko prozesuan parte hartzea ere. Halaber, jarduera horietan adierazpen askatasuna eta gardentasuna bermatuak egon behar dira.

b) Ikasgelako delegatuen eginkizuna indartzea. Pertsona horiek irakasleekiko solaskideak dira eguneroko irakaskuntzan eta jarduera akademikoetan, eta, haien eginkizunen artean, gainera, bizikidetza hobetzen eta balizko gatazkak prebenitzen lagundu beharko dute.

c) Aldizkako azterlanak egitea indarkeriazko, jazarpenezko eta diskriminaziozko gertakariak eragin ditzaketen gatazka gehienak zer eremutan eta inguruabarretan sortzen diren identifikatzeko, eta, ondoren, horien berri ematea. Azterlan horiek Bizikidetza Batzordeak egin edo enkargatuko ditu. Txostenean jasotako datuak sexuaren eta kolektiboaren arabera bereiziak egon beharko dira, konfidentzialtasunari eutsiz.

d) Unibertsitateko komunitateko kideei gatazka prebenitzeko teknikei buruzko trebakuntza ematea.

e) Laneko Osasuneko Unitateak aldizkako laguntza eta aholkua ematea gatazkaren bat izateko arrisku handiagoa duten unitate eta/edo pertsonei eta jarduketa-eremuetan.

f) Unibertsitateko Berdintasunerako Unitateak, Gizarte Ekintzarako Unitateak eta Arreta Sanitario eta Psikologikoko Unitateak aldizkako laguntza eta aholkua ematea gatazkaren bat izateko arrisku handiagoa identifikatua duten unitate eta/edo pertsonei eta jarduketa-eremuetan.

2. Artikulu honen lehenbiziko apartatuan zerrendatutako neurriak azalpen gisa ezartzen dira, eta unean-unean egokitzat jo daitekeen beste neurri batzuk har daitezke.

8. artikulua. Plan eta protokolo espezifikoak.

Bizikidetza-arau hauetan ezarritakoaren ondorioetarako, Unibertsitateak berdintasunaren eta jazarpenaren arloan berariaz onetsitako plan eta protokoloak aplikatuko dira.

II. KAPITULUA

9. artikulua. Unibertsitateko Bizikidetza Batzordearen eraketa

1. Bizikidetza Batzordea 6 kidek osatuko dute, Unibertsitateko errektoreak izendatuak Unibertsitateko komunitateko arloen artetik: ikasleen arloko bi, irakasle eta ikertzaileen arloko bi eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen arloko beste bi. Irakasle eta ikertzaileek eta administrazioko eta zerbitzuetako langileek harreman juridiko iraunkorra izan beharko dute Unibertsitatearekin, eta errektoreak izendatuko ditu, dagokion Langileen Batzordean irakasle eta ikertzaileen eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkariei entzun ondoren. Ikasleen ordezkariak Ikasleen Kontseiluak proposaturik izendatuko dira. Batzordearen osaeran, emakumezkoen eta gizonezkoen presentzia orekatuaren printzipioa hartuko da kontuan.

Kargualdia 4 urterako izanen da, ikasleen arloko ordezkarien kasuan izan ezik, 2 urtekoa izanen baita. Hala ere, kargualdia amaitu baino lehen kideren batek Unibertsitateko edo hautatu duen arloko kide izateari uzten badio, kide berri bat izendatuko da, ordeztutako pertsonaren kargualdia beteko duena gelditzen den denborarako.

Bizikidetza Batzordeko burua irakasle eta ikertzaileen edo administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat izanen da. Adar Juridikoko administrazioko teknikari batek idazkari lanak eginen ditu, hitzarekin baina botorik gabe.

Unibertsitateko arartekoa Batzordearen bileretara gonbidatzen ahalko da, hitzarekin baina botorik gabe.

Batzordeak bere funtzionamendu arauak ezartzen ahalko ditu.

Batzordeko kideen gehiengo soilez hartuko dira erabakiak. Batzordeko buruak boto erabakitzailea izanen du.

Batzordeak kanpoko adituen aholkua eskatzen ahalko du, baita gonbidatu ere bileretako batean parte hartzera, hitzarekin baina botorik gabe. Halaber, egoki irizten dionean, edozein txosten eskatzen ahalko dio Zerbitzuen Ikuskaritzari edo/eta Unibertsitateko edozein organo edo zerbitzuri.

Bizikidetza Batzordeko kideak ezin izanen dira Unibertsitateko pertsona bakarreko gobernu organoen titular izan, eta ezin izanen dira xedapen honetan aipatzen diren diziplina-prozeduren instruktore izendatu. Aplikatzekoak izanen dira Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritako abstentzio eta errekusazio arrazoiak. Eta, zehazki, ez dute esku hartu beharko aurretik gatazkaren berri izan badute edo, beren eginkizunak direla-eta, kontsultarik egin bazaie edo aurretiazko txostenen bat egin badute.

Batzordeko kideek isilean, sekretuan eta konfidentzialtasun osoz gorde behar dituzte derrigor Batzordearen bileretarako edukiak eta eztabaidak, bai eta Bizikidetza Batzordeko kide izateagatik ezagutzen dituzten gertakariak, datuak eta gainerako alderdiak ere. Betebehar horiek indarrean jarraituko dute organo horretako kide izateari uzten diotenean eta/edo Unibertsitateari lotuak egoteari uzten diotenean. Eta betebehar berberak izanen dituzte Batzordeak eskatuta aholkuak ematen edo txostenak egiten dituztenek, bai eta bilkuretara gonbidatu gisa joaten direnek ere.

10. artikulua. Bizikidetza Batzordearen eginkizunak.

1. Azalpen gisa, Bizikidetza Batzordearen eginkizunak honako hauek dira:

a) Unibertsitateko komunitatea osatzen duten arloen ekimenak eta proposamenak bideratzea Unibertsitateko bizikidetza hobetzeko, eta esparru horretan proposamenak egitea.

b) Bitartekaritza-mekanismoaren erabilera sustatzea bizikidetza-arauak urratzeagatik Unibertsitateko komunitateko kideen artean sor daitezkeen gatazkei erantzuteko.

c) Bidezkoa den kasuetan, bitartekaritza-prozedura zehapen araubidearen alternatiba gisa tramitatzea. Batzordeak bitartekaritza-prozedura gauzatuko du Unibertsitate Bizikidetzari buruzko Legearen 19. artikuluaren c) letrak eta 22. artikuluak ikasleei dagokienez aipatzen dituzten diziplina-prozeduretan.

d) Aldeei bitartekari arituko den organoa edo pertsona proposatzea. Aldeek proposamenarekin ados ote dauden adierazi beharko dute.

e) Erregelamendu honen artikuluetan aipatzen diren azterlanen prestaketa erabakitzea.

f) Unibertsitateko errektoreari Bizikidetza Batzordeak egindako jardueren berri ematea hiru hiletik behin.

g) Unibertsitateko gobernu organoek esleitzen dioten beste edozein eginkizun.

2. Bizikidetza Batzordeak proposatutako ekintzak NUPeko Idazkaritza Nagusiaren bitartez bideratuko dira.

11. artikulua. Bizikidetza Batzordearen aurrean gatazkak konpontzeko prozedura.

1. Unibertsitateko komunitateko edozein pertsona kaltetuk idazkari nagusiari idazten ahalko dio bere ustez bere eskubideak urratzen dituzten gertakari edo jokabideen berri emateko, Unibertsitateko Bizikidetzari buruzko 3/2022 Legean ezarritakoaren babesean.

Aurreko paragrafoan xedatutakoak ez dio kalterik eginen Unibertsitateko komunitateko kideek Unibertsitateko arartekoaren esku-hartzea eskatzeko duten eskubideari.

2. Idazkari nagusiak jakitera eman zaizkion gertakari edo jokabideak aztertuko ditu, eta erabaki hauetakoren bat hartuko du:

a) Gertakariek agerian uzten badute bizikidetza-gatazka bat dagoela, eta/edo kaltetutako pertsonak bitartekaritza-prozedura bat eskatu badu, Unibertsitateko Bizikidetza Batzordera bidaliko du.

b) Gertakariak diziplina-hutsegitetzat hartzekoak izanez gero: ikasleak badira, Unibertsitateko Bizikidetzari buruzko 3/2022 Legearen aginduen arabera jokatuko da; enplegatu publikoak badira, aldiz, kasu bakoitzean aplikatzekoa den diziplina-araudiari jarraituko zaio.

3. Salaketa jasotakoan, Bizikidetza Batzordeak gertakariak baloratuko ditu, eta kasu bakoitzean egokiak diren kautela-neurriak proposatuko ditu gatazka-egoera ez larriagotzeko eta jarduketaren emaitza egokia bermatzeko. Horretarako, neurri horiek nolakoak diren aintzat hartuta, dagokion organoari eta, beharrezkoa bada, Unibertsitateko errektoreari honelako neurriak hartzeko eskatuko dio:

a) Kaltetutako pertsonei lagun egitea eta/edo laguntza psikologikoa ematea.

b) Ukitutako pertsonak elkartu daitezela saihesteko neurriak, hala nola urruntzea, edo jarduera komun edo baterakoetara joateko nahiz kasuan kasuko jarduerak emateko betebeharra etetea edo hartatik salbuestea.

Neurri horiek proposatu eta hartzeko, Batzordeak kontsultak egiten eta aholkuak eskatzen ahalko dizkie Unibertsitateko Laneko Osasuneko Unitateari, Berdintasunerako Unitateari, Arreta Sanitario eta Psikologikoko Unitateari eta Gizarte Ekintzarako Unitateari, besteak beste.

4. Jarduketa osoan inpartzialtasuna, konfidentzialtasun osoa eta errepresalien debekua bermatuko dira.

12. artikulua. Gatazkak konpontzeko prozedura eta bitartekaritza.

1. Salatutako gertakari edo jokabideak deskribatzen dituen idazkia jaso ondoren, eta ukitutako pertsonak ados badaude, Bizikidetza Batzordeak bitartekaritza-lanak eginen dituen pertsona bat izendatuko du gatazkak konpontzeko ordezko prozedura tramitatzeko. Horretarako, irakasle eta ikertzaileak eta/edo administrazioko eta zerbitzuetako langileak izendatzen ahalko dira, Unibertsitatearekin lotura iraunkorra dutenak eta bitartekaritzaren arloko ezagutzak edo prestakuntza dutenak, eta ez da beharrezkoa izanen arlo horretako titulaziorik izatea. Zilegi izanen da Batzordeko kideetako bat izendatzea.

Era berean, Batzordeak proposatuta, kanpoko profesionalak kontratatzen ahalko dira, Unibertsitateko Kudeatzailetzaren bitartez eta kontratazio publikoari buruzko araudiarekin bat etorriz.

Gatazkan dauden aldeek elkarrekin adostuta proposatzen dituzten Unibertsitateko edo Unibertsitatez kanpoko langileei ere enkargatzen ahalko zaizkie bitartekaritza-eginkizunak.

2. Bitartekaritza-prozesuan, bizikidetza-araudiaren eta erregelamendu honen printzipioen esparruan egokitzat jotzen diren jarduketak gauzatuko dira, gatazkan dauden aldeen arteko akordioa lortze aldera.

Bitartekaritza-prozedura osoan, honako hauek bermatu beharko dira: gatazkan dauden aldeen berdintasuna, leialtasuna, fede ona eta elkarrekiko errespetua, bitartekariaren inpartzialtasuna eta neutraltasuna, eta egiten diren jarduketa guztien eta parte-hartzaileen nortasunaren konfidentzialtasuna.

Bitartekaritzaren emaitza idatziz formalizatuko da, eta ukitutako aldeek eta bitartekaritza-lanak egiten dituen pertsonak sinatu beharko dute akordio hori. Gatazkan dauden aldeek edo aldeetako batek bitartekaritzaren emaitza onartzen ez badute eta, ondorioz, akordiorik lortzen ez badute, bitartekaritza-eginkizunak betetzen dituen pertsonak txosten bat prestatuko du egindako jarduketak eta horien emaitzak jasotzeko, eta prozedura amaitutzat emanen du.

Bitartekaritzaren emaitza, aldeak akordio batera iritsi ala ez, Bizikidetza Batzordeari jakinaraziko zaio.

Bitartekaritzaren ondorioz lortutako txostena eta/edo akordioa jaso ondoren, Bizikidetza Batzordeak prozedura amaitutzat joko du eta artxibatu eginen du; hala eta guztiz ere, interesdunek zilegi izanen dute eskaera egitea diziplina-prozedura hasteko eta/edo, beharrezkoa bada, jarraitzeko.

3. Bitartekaritza-prozedura ahalik eta epe laburrenean ebatzi beharko da, eta, nolanahi ere, hilabeteko epean, bitartekaritza-lanak eginen dituen pertsonaren izendapena onartzen denetik zenbatzen hasita. Baldin eta epe hori gatazkan dauden aldeen artean akordiorik lortu gabe igarotzen bada, Bizikidetza Batzordeak, bitartekariak proposatuta, hamabost egunez luzatzen ahalko du epe hori, eta, salbuespen gisa, hilabetez, salbu eta aldeetako batek bitartekaritza-prozedurarekin jarraitzeari uko egiten badio.

4. Bizikidetzari buruzko Legearen 19. artikuluaren c) letran xedatutako kasuan ere bitartekaritza-prozedura erabiliko da, eta, bitartekaritzak irauten duen bitartean, eten eginen da hutsegiteen eta diziplina-prozeduraren beraren iraungitze eta preskripzio epeen zenbaketa.

III. KAPITULUA

Ikasleen diziplina-araubidea

1. ATALA

Xedapen orokorrak

13. artikulua. Xedapen orokorrak.

1. Zehapena jaso dezaketen Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleen jokabideei aplikatu beharreko diziplina-araubidea Unibertsitateko Bizikidetzari buruzko 2022ko otsailaren 24ko 3/2022 Legean eta erregelamendu honen xedapenetan ezarritakoa izanen da.

Diziplina-prozedura tramitatzeari dagokionez, aurreko paragrafoan aipatutako xedapenetan aurreikusten ez den guztian Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legea aplikatuko dira ordezko arau moduan.

2. Diziplina-araubidea Unibertsitatean matrikulatuta dauden ikasleen jokabideei aplikatuko zaie, baldin eta bizikidetza urratzen badute edo irakaskuntzako, ikerketako eta ezagutzaren transferentziako eginkizunak edo instituzio unibertsitarioaren edozein ekintza (akademikoa izan zein ez) normaltasunez garatzea eragozten badute, hargatik eragotzi gabe arau-hauste horien ondoriozko erantzukizun zibila edo penala.

Ekintza akademiko eta unibertsitarioen kontzeptuaren barrenean sartzen dira bai Unibertsitatearen instalazioetan, sistemetan eta espazioetan egiten direnak, bai erakunde laguntzaileetan egiten direnak, bai enpresa edo erakundeetan egiten diren kanpoko praktikak. Eta bai instituzio unibertsitarioak berak antolatutako jardueretan, bai ordezkari moduan parte hartzen duenean edo bere izena edo nortasun korporatiboa publikoki erabiltzen denean.

3. Hutsegite oso larritzat jotzen diren ekintzak edo jokabideak egiten laguntzen duten ikasleek ere diziplina-erantzukizuna izanen dute.

4. Irakasle eta ikertzaileen eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen diziplina-araubidea beren araudi espezifikoan xedatutakoaren araberakoa izanen da.

14. artikulua. Diziplina- eta zehapen-eskumena.

1. Unibertsitateko errektoreari dagokio erakundeko ikasleen diziplina-ahala erabiltzeko eskumena. Eskumen hori, betiere, erregelamendu honetan, Unibertsitateko Bizikidetzari buruzko 2022ko otsailaren 24ko 3/2022 Legean eta aurreko artikuluan aipatutako xedapenetan ezarritako prozedurari jarraituz gauzatuko da.

2. Unibertsitateko errektoreak izendatutako instruktoreak tramitatuko ditu diziplina-prozedurak, eta haren jarduerak independentzia-, autonomia- eta gardentasun-printzipioek arautuko dituzte.

15. artikulua. Diziplina-araubidearen printzipioak.

1. Diziplina-ahala honako printzipio hauen arabera erabiliko da:

a) Legezkotasunaren eta hutsegiteen eta zehapenen moten printzipioa.

b) Ustezko arau-hauslearen aldekoak ez diren zehapen-xedapenen atzeraeraginik ezaren printzipioa eta haren aldekoak direnen atzeraeraginaren printzipioa.

c) Erantzukizunaren printzipioa.

d) Proportzionaltasunaren printzipioa, bai hutsegiteen eta zehapenen sailkapenari dagokionez, bai horien aplikazioari dagokionez.

e) Hutsegiteen eta zehapenen preskripzioaren printzipioa.

f) Prozeduraren berme printzipioa.

2. Diziplina-prozedurak printzipio hauek izanen ditu oinarri:

a) Inola ere ezin izanen da zehapenik ezarri baldin eta diziplina-prozedura ez bada erregelamendu honen arabera tramitatu.

b) Prozedurak behar bezala bereizi beharko ditu instrukzio fasea eta zehapen fasea, eta organo desberdinen esku utzi beharko du fase horietako bakoitza.

c) Eraginkortasunaren, bizkortasunaren eta ekonomia prozesalaren printzipioei lotuko zaie, ustez erantzulea den pertsonaren defentsa-eskubide eta -bermeak erabat errespetatuz.

d) Ustez erantzulea den pertsonak (edo pertsonek) berak aukeratutako pertsona bat edo jarduneko abokatu bat izaten ahalko du ondoan prozedura osoan zehar, bai eta haren laguntza jaso ere. Pertsona hori ezin izanen da Unibertsitateko irakasle edo enplegatu izan.

3. Zehapen organoa instruktorearen proposamenetik aldentzen ahalko da, arrazoiak emanez eta instrukzio fasean frogatutzat jotako gertakariei jarraikiz.

4. Diziplina-prozedura baten instrukzioan ikusten bada gertakaria delitu izan daitekeela, eten eginen da tramitazioa, eta agintaritza judizialari edo Fiskaltzari jakinaraziko zaio.

5.–Ezin izanen dira zehatu zehapen penala edo administratiboa jasoa duten egitateak baldin eta subjektua, gertakaria eta funtsa berberak direla ikusten bada. Hala ere, bide administratiboan edo penalean zehapenak ezartzeak ez du eragozten, beste funts bat badute, diziplina-erantzukizunengatiko zehapenak ezartzea prozedura honen esparruan.

2. ATALA

Hutsegiteak eta zehapenak

16. artikulua. Hutsegite oso larriak.

Hutsegite oso larriak hauek dira:

a) Hasiberrientzako broma gaiztoak edo beste edozein jokabide edo jarduera iraingarriak egitea, fisiko edo psikologikoak, baldin eta kalte larria egiten badio pertsonen duintasunari.

b) Unibertsitateko edozein kideri jazartzea edo haren kontra indarkeria larria erabiltzea.

c) Sexualki edo sexuagatik jazartzea.

d) Diskriminatzea sexuagatik, sexu-orientazioagatik, genero-identitateagatik, jatorri nazionalagatik, talde etniko bateko kide izateagatik, adinagatik, klase sozialagatik, desgaitasunagatik, osasun egoeragatik, erlijioagatik edo sinesmenengatik, edo beste edozein arrazoi pertsonal edo sozialengatik.

e) Dokumentu akademikoak aldatzea, faltsutzea, lapurtzea edo suntsitzea, edo unibertsitatearen aurrean dokumentu faltsuak erabiltzea.

f) Unibertsitatearen historia- eta kultura-ondareko obra katalogatuak ezin konponduzko moduan suntsitu eta hondatzea edo lapurtzea.

g) Obra bat guztiz edo partzialki plagiatzea, edo Gradu Amaierako Lana, Master Amaierako Lana edo Doktoretza Tesia egitean iruzur akademikoa egitea. Iruzur akademikotzat hartuko da irakasgai bat gainditzeko edo errendimendu akademikoa egiaztatzeko baldintza gisa egindako azterketa edo lan baten emaitzak faltsutzeko aurrez pentsatutako portaera oro. Azterketa edo lan hori norberarena edo beste batena izan daiteke.

h) Unibertsitateko ikastegietarako, instalazioetarako eta zerbitzuetarako ezarritako osasun publikoko arauak ez betetzea, eta Unibertsitateko komunitatea arriskuan jartzea.

i) Unibertsitateko komunitateko kide baten lekua hartzea haren berezko zereginetan, edo, unibertsitate-jarduerei dagokienez, ordezkatua izateko baimena ematea.

j) Unibertsitateko hauteskunde prozesuen garapena eragoztea.

k) Epai irmo baten bidez kondenatua izatea ondasun juridiko desberdin bati eragin dion dolozko delitu bat egiteagatik, baldin eta delitu hori unibertsitateko ikastegietan, instalazioetan edo zerbitzuetan egin bada, edo unibertsitatearen jarduera akademikoarekin zerikusia badu.

17. artikulua. Hutsegite larriak.

Hutsegite larriak hauek dira:

a) Bidegabeki jabetzea ezagutza neurtzeko proben, azterketen edo kontrolen edukiaz.

b) Unibertsitatearen historia- eta kultura-ondareko ondasun katalogatuak larriki hondatzea.

c) Galaraztea irakaskuntzako, ikerketako edo ezagutzaren transferentziako jarduera unibertsitarioak.

d) Iruzur akademikoa egitea. 16.g) artikuluan dago xedatuta iruzur akademikoa egitea zer den.

e) Bidegabeki erabiltzea jabetza intelektualeko eskubideen mende dauden jarduera unibertsitarioetako edukiak edo haiek erreproduzitzeko eta grabatzeko bitartekoak.

f) Unibertsitateko ikastegietan, instalazioetan eta zerbitzuetan ezarritako segurtasun- eta osasun-arauak ez betetzea.

g) Unibertsitateko sistema informatikoetara baimenik gabe sartzea.

18. artikulua. Hutsegite arinak.

Hutsegite arinak hauek dira:

a) Unibertsitateko instalazioetara sartzea horretarako baimenik izan gabe.

b) Unibertsitateko zerbitzuak erabiltzea ezagutza orokorreko baldintzak bete gabe.

c) Unibertsitatearen ondareko ondasunak hondatzen dituzten ekintzak egitea.

19. artikulua-Zehapenak.

1. Hutsegite oso larriak egiteagatik zehapen hauek ezar daitezke:

a) Unibertsitatetik kanporatzea bi hilabetetik hiru urtera bitarte. Kanporatzea dakarren zehapena espediente akademikoan jaso beharko da erabat bete arte.

b) Ikasturte edo seihileko akademiko batean matrikula partzialerako eskubideak galtzea, Unibertsitateko araudi akademikoarekin bat etorriz.

2. Hutsegite larriak egiteagatik zehapen hauek ezar daitezke:

a) Hutsegitea egin den unibertsitatetik gehienez ere hilabete batez kanporatzea. Zehapen hori ezin izanen da aplikatu Unibertsitateak zehaztutako ebaluazio eta matrikulazio aldietan.

b) Hutsegitea egin den seihileko akademikoan deialdi arrunta egiteko eskubidea galtzea, hutsegitea egin den ikasgaiari dagokionez, Unibertsitateko araudi akademikoarekin bat etorriz.

3. Matrikula-eskubideak galtzeak ez du eraginik izanen bekei dagozkien eskubideetan, haiek garatzeko araudian aurreikusitakoaren arabera.

4. Ohartarazpen pribatua da hutsegite arinak egiteagatik aplika daitekeen zehapena.

5. Diziplina-prozedura bat hasteak eta, hala badagokio, prozedura horretatik ondorioztatzen den zehapena ezartzeak ez du esan nahi Unibertsitateak ezin duenik baliatu ukitutako administrazio-egintzak ofizioz berrikusteko eskumena, beharrezkoa bada.

20. artikulua. Zehapenaren ordezko neurriak.

1. Unibertsitateko Bizikidetzari buruzko 3/2022 Legearen 20. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta betiere artikulu horretan ezarritako baldintzak betetzen badira, hutsegite larri bat egiteagatiko zehapenak direnean beste edozein ordezko neurri ezartzea proposatzen ahalko da, zehatutako gertakariekin eta/edo jokabideekin loturik hezkuntza- eta berreskuratze-izaera duena.

Neurri horiek prestakuntzako, kulturako, osasun publikoko, kiroleko, unibertsitate zabalpeneko eta erakunde harremanetako jardueretan edo antzekoetan parte hartzea edo laguntzea izaten ahalko dira. Inola ere ez dira izanen lanpostuen zerrendetan Unibertsitateko langileei esleitutako eginkizunak edo zereginak betetzea.

2. Hutsegite larriengatiko zehapenaren ordezko neurriak instruktoreak proposatzen ahalko ditu tramitatzen ari den diziplina-espedientearen barrenean, ukitutako pertsonei entzun eta haiek adostasuna eman ondoren.

Era berean, diziplina-espedientearen ebazpena dela eta, errektoreak egoki iritzitako zehapenaren ordezko neurriak ezartzen ahalko ditu, hurrengo apartatuan ezarritakoaren arabera.

3. Hutsegite larriengatiko zehapenaren ordezko neurriak hartu ahal izateko, ukitutako pertsonaren edo pertsonen eskubideak bermatu behar dira, honako printzipio hauen arabera:

a) Arau-hausleek beren erantzukizuna aitortzea egindako hutsegiteari dagokionez, bai eta beren jokabideak ukitutako pertsonentzat eta Unibertsitateko komunitatearentzat izan dituen ondorioak ere.

b) Arau-hauslea eta arau-hausteak ukitutako pertsona edo pertsonak beren adostasuna adieraztea.

c) Zehapenaren ordezko neurria eragindako kaltea ahalik eta gehien konpontzera bideratuta egotea.

d) Neurriak zein diren, jarraipen sistema bat ezartzea neurri horiek benetan betetzen direla bermatzeko, ziurtatzeko eta egiaztatzeko. Beharrezkoa bada, jarraipen hori eginen duen organoa izendatuko da.

e) Aldeek idatziz adieraztea ados daudela eta/edo neurriak onartzen dituztela.

f) Hala badagokio, erantzuleak (edo erantzuleek) arau-hausteak ukitutako pertsonekiko harremana berrezartzeko prestasuna erakustea. Harremanaren berrezarkuntza hori bideratuko da baldin eta ukitutako pertsonak berariaz ematen badu baimena.

3. ATALA

Diziplina-Prozedura

21. artikulua. Behin-behineko neurriak.

1. Prozedura hasi aurretik, Unibertsitateko errektoreak, gerorako utzi ezin diren urgentziazko kasuetan eta inplikatutako interesak behin-behinean babesteko, beharrezkoak diren behin-behineko neurri proportzionalak hartzen ahalko ditu, ofizioz edo alde batek eskatuta, horretarako arrazoiak emanez.

Kasu horretan, behin-behineko neurri horiek prozedura hasteko erabakian berretsi, aldatu edo kendu beharko dira. Erabakia hartu eta hurrengo hamabost eguneko epean abiatu beharko da prozedura, eta erabakiaren aurka errekurtsoa jartzen ahalko da. Nolanahi ere, neurri horiek ondoriorik gabe geldituko dira baldin eta prozedura epe horretan hasten ez bada edo prozedura hasteko erabakian neurri horiei buruzko berariazko erabakirik jasotzen ez bada.

2. Era berean, errektoreak, ofizioz edo instruktoreak proposatuta, behin-behineko neurriak hartzen ahalko ditu diziplina-prozeduraren edozein unetan baldin eta hutsegite larri eta oso larri gisa tipifikatutako jokabideak badira, hutsegitearen ondorioak geldiarazteko eta eman daitekeen ebazpenaren eraginkortasuna ziurtatzeko.

3. Neurriak izan daitezke, besteak beste, administrazio-espedientea blokeatzea eta/edo ukitutako irakasgaiaren edo irakasgaien matrikula-eskubideak etetea, eta/edo ebaluazioaren kalifikazioa akta akademikoetan eranstea etetea. Neurriak aldi baterakoak izanen dira, proportzionalak, eta egokitzen ahalko dira, modu arrazoituan, baldin eta aldaketaren bat gertatu bada neurri horiek hartzea eragin zuen egoeran. Nolanahi ere, prozedurari amaiera ematen dion ebazpenaren eraginkortasunarekin iraungiko dira.

4. Behin-behineko neurriak hartzeak ez du esan nahi prozeduraren emaitza aurrez epaitzen ari denik.

22. artikulua. Prozedura hastea.

1. Diziplina-prozedura Unibertsitateko errektorearen ebazpen bidez hasiko da, eta honako eduki hau izanen du gutxienez:

a) Salatutako pertsonaren edo pertsonen identifikazioa.

b) Gertakariak, labur-labur azalduta, horien balizko kalifikazioa eta legokiekeen zehapena.

c) Instruktorearen izendapena, abstentzio- edo errekusazio-araubidea berariaz adierazita. Eta, hala badagokio, idazkariaren izendapena.

d) Prozedura ebazteko eskumena duen organoa.

e) Prozedura laburtuari jarraituko zaion, hala erabakitzen bada.

f) Hamar egun balioduneko epean alegazioak egiteko eskubidea, eta entzunaldirako eskubidea.

g) Gertakariak hutsegite arintzat jotzen direnean, diziplina-prozeduran sartutako pertsonei jakinaraziko zaie aukera dutela bitartekaritza-prozeduraz baliatzeko Unibertsitateko Bizikidetza Batzordearen aurrean.

h) Jakinaraztea prozedura hasteko ebazpenaren edukiari buruz aurreikusitako epean alegaziorik egiten ez bada, ebazpen hori ebazpen-proposamentzat hartzen ahalko dela, baldin eta egotzitako erantzukizunari buruzko erabaki zehatza jasotzen badu.

3. Salbuespen gisa, prozedura hasteko ebazpena emateko unean ez badago elementu nahikorik prozedura hastea eragin duten gertakarien hasierako kalifikazioa egiteko, kalifikazio hori hurrengo fase batean egiten ahalko da, kargu-orri bat eginez, zeina interesdunei jakinarazi beharko zaien.

4. Prozedurari hasiera emateko ebazpena prozeduran interesa duen pertsonari edo pertsonei jakinaraziko zaie, eta berariaz adieraziko da aukera dagoela prozedurako ordezkaritza beste pertsona bati emateko eta, egoki joz gero, abokatu baten laguntza izateko, zeina ezin izanen baita Unibertsitateko langile izan.

23. artikulua. Prozedura laburtua.

1. Gertakariak hutsegite arinak izan daitezkeela jotzen den kasuetan, tramiteak prozedura laburtu baten bidez egiten ahalko dira, epeak murriztuz, eta honako tramite hauek izanen ditu:

a) Prozeduraren hasiera.

b) Prozeduraren hasieran bost egun balioduneko epean egindako alegazioak.

c) Entzunaldiaren tramitea, ebazpena interesdunaren aurkakoa denean bakarrik.

d) Ebazpena.

2. Prozedura laburtuaren bidez tramitatzen diren diziplina-prozedurak hogeita hamar egun balioduneko epean ebatzi beharko dira, interesdunari diziplina-prozedura hasteko ebazpena jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita.

3. Prozedura batek aurreko paragrafoan aurreikusi gabeko tramite bat egitea eskatzen badu, modu arruntean tramitatu beharko da.

24. artikulua. Diziplina-prozeduraren tramitazioa.

1. Instruktoreak gertakariak zehazteko eta egiaztatzeko egokiak diren eginbide guztiak egiteko aginduko du, eta, bereziki, gertakariak argitzeko eta zehapena jaso dezaketen erantzukizunak zehazteko froga guztiak egiteko.

Lehen jarduketa gisa, instruktoreak deklarazioa hartuko die ustez erantzule diren pertsonei, eta prozedura hastea eragin zuen komunikaziotik edo salaketatik ondorioztatzen diren eginbide guztiak eginen ditu, bai eta haiek deklarazioan alegatutakotik ondorioztatzen direnak ere.

Aldeek hamar eguneko epea izanen dute egokitzat jotzen dituzten alegazio, dokumentu edo informazio guztiak aurkezteko eta, hala badagokio, froga proposatzeko, baliatu nahi dituzten bitartekoak zehaztuta.

Egindako alegazioak eta proposatutako froga ikusita, instruktoreak ofizioz egiten ahalko ditu arau-haustea izan daitezkeen gertakariak zehazteko beharrezkoak diren jarduketak, eta garrantzitsuak izan daitezkeen datuak eta informazioak bilduko ditu.

Jarduketak egin ondoren, instruktoreak uste badu ez dagoela hutsegite bat egin delako zantzurik, edo ezin izan badu zehaztu erantzuleak nor diren, espedientea artxibatzea proposatuko du.

2. Froga amaitutakoan, kargu-orria eginen da, egotzitako egitateak jasoko dituena, eta, hala badagokio, ustez egindako hutsegitea eta aplika daitezkeen zehapenak, eta, beharrezkoa bada, behin-behineko neurriak mantentzea edo kentzea erabakiko du.

Kargu-orria ustez erantzuleak diren pertsonari edo pertsonei jakinaraziko zaie, eta hamar eguneko epea izanen dute alegazioak egiteko, beren defentsarako egokitzat jotzen dituzten dokumentuak eta informazioak aurkezteko eta frogak egin daitezela proposatzeko.

Kargu-orriari erantzun ondoren edo epea igaro ondoren erantzunik jaso ez bada, instruktoreak egokitzat jotzen dituen frogak egitea erabakitzen ahalko du, eta entzunaldia emanen dio interesdunari hamar eguneko epean.

3. Instruktoreak, hurrengo hamar eguneko epean, ebazpen-proposamena eginen du. Proposamen horretan, modu arrazoituan zehaztuko da egitateak zein diren, zein jotzen diren frogatutzat eta zein den haien kalifikazio juridiko zehatza, eta erabakiko da arau-haustea zein den, bai eta erantzulea zein den edo zein diren ere, zer zehapen proposatzen den eta zer behin-behineko neurri hartu diren. Instruktorearen ustez ez badago arau-hausterik edo erantzukizunik, espedientea artxibatzea proposatuko du.

Ebazpen-proposamena espedientepean dagoen pertsonari jakinaraziko zaio, eta hark hamar eguneko epea izanen du instruktorearen aurrean bere defentsarako egokitzat jotzen duen guztia alegatzeko, bai eta egokitzat jotzen dituen eta aurreko tramitean aurkeztu ez dituen dokumentuak eta informazioak aurkezteko ere.

Alegazioak egon zein ez, haiek aurkezteko epea amaituta, instruktoreak ebazteko eskumena duen organoari igorriko dio proposamena, eta hark hamar eguneko epean emanen du ebazpena. Ebazteko eskumena duen organoak espedientea instruktoreari itzultzen ahalko dio, ebazpena emateko ezinbestekoak diren eginbideak egin ditzan.

Ebazteko eskumena duen organoak uste badu arau-haustea edo zehapena ebazpen-proposamenean zehaztutakoa baino larriagoa dela, arau-hausleari jakinaraziko zaio, hamabost eguneko epean egoki iritzitako alegazioak aurkez ditzan.

Diziplina-prozedura amaitzen duen ebazpenak arrazoitua izan beharko du, eta interesdunek planteatutako gai guztiak erabakiko ditu, baita prozeduratik eratortzen direnak ere.

25. artikulua. Diziplina-prozedura amaitzea eta iraungitzea.

1. Prozedura honako arrazoi hauengatik amaitzen ahalko da: zehapen-ebazpena, artxiboa, erantzukizuna borondatez aitortzea, iraungitzat jotzea, Unibertsitateak atzera egitea edo gerora sortutako arrazoiengatik ezintasun materiala izatea.

Ebazpenak amaiera emanen dio bide administratiboari, eta ebazpenaren aurka jar daitezkeen errekurtsoak eta horiek aurkezteko epea adierazi beharko ditu.

2. Ikasleei irekitako diziplina-prozedurak ebazteko eta ebazpena jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izanen da, prozedura hasteko erabakiaren egunetik zenbatzen hasita.

Ebazteko gehieneko epea igarotzen bada berariazko ebazpena egin eta jakinarazi gabe, prozedura iraungi eginen da. Kasu horretan, iraungitzea deklaratzen duen ebazpenak jarduketak artxibatzeko aginduko du.

Iraungitzeak ez du berez ekarriko hutsegitearen edo hutsegiteen preskripzioa, baina iraungitako prozedurak ez du preskripzio epea etengo.

3. Bitartekaritza-prozedura hasteak diziplina-prozeduraren iraungitze- eta preskripzio-epeen zenbaketa etetea ekarriko du. Etete hori bitartekaritza-prozedurak irauten duen bitartean mantenduko da.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

Erregelamendu hau erregelamendua indarrean sartu aurretik gertatutako egitateei aplikatuko zaie baldin eta erregelamendua aplikatzea mesedegarriagoa bada. Hori guztia kalterik egin gabe Unibertsitateko Bizikidetzari buruzko 2022ko otsailaren 24ko 3/2022 Legearen 17.2 artikuluan hutsegiteetarako ezarritako preskripzio epeei.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Erregelamendu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: F2304681