65. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

60E/2023 EBAZPENA, otsailaren 22koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez baimena ematen baita funtsezko aldaketa egiteko frutak eta barazkiak prestatzeko eta kontserbatzeko instalazio batean. Instalazioa Azagrako udal-mugartean dago eta haren titularra Ultracongelados Virto SAU da.

Egun martxan dagoen instalazio horrek badu lehendik ingurumen-baimen bateratua, zeina eman baitzitzaion Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuta; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 13.1 taldean.

2022ko urriaren 26an, titularrak bere instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi zuen, ekoizpen-ahalmena handitzeko (250.000 tonatik 450.000 tonara, urtean) eta isurketen bolumena eta zama handitzeko (37.000 m³-tik 60.000 m³-ra, urtean). Aldaketa horren arrazoia da instalazioa denbora gehiagoz izanen dela martxan, egunean hiru txandatan arituko baita, eta urtean egun gehiagotan.

2022ko azaroaren 3an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak emandako irizpenean erabaki zuen aldaketa hori funtsezkoa zela, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritako irizpideen arabera.

Beraz, eta halaxe xedatu delako Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 26.5 artikuluan, funtsezko aldaketa ezin da gauzatu ingurumen-baimen bateratua aldatzen ez den bitartean.

Beste alde batetik, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuta, aldaketa-proiektuak ez du behar ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta edo sinplifikatua, ez baita proiektu independente bat, dagoeneko eginda dagoen jatorrizko proiektu baten aldaketa baizik, eta ulertzen delako proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ez baitakar aipatu 7. artikulu horren 2. puntuko c) letran zehaztutako handitzerik ez ukipenik.

Instalazioa ez dago sartuta irailaren 21eko 840/2015 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan, zeinaren bidez neurri batzuk onetsi baitziren istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko, substantzia arriskutsuak tarteko diren kasuetarako.

Baimen honek berekin dakar azaleko uretan zeharka isurtzeko baimena, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikuluan eskatzen dena.

Espedientea izapidetu da bat etorrita Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2002 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 16. artikuluan xedatutakoari jarraituta, proiektua jendaurrean jarri zen hogei egunez, eta ez zen inolako alegaziorik aurkeztu.

Bestalde, bazegoen ingurumen-baimen bateratuaren agiri bat, bat etorrita Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean adierazitakoa. Agiri horretan adierazi zen ingurumen arloko zer baldintza bete behar zituen instalazioak, jarduera garatzeko.

Horregatik, beharrezkotzat jo da ingurumen-baimen bateratua gaurkotzea, agiri bategin bat prestatuta, oinarri hartuko dituena ingurumen-baimen integratuaren aldaketak eta emakidak. Horrela, errazagoa izanen baita jakitea ingurumen arloko zer baldintza bete behar dituen instalazioaren funtzionamenduak.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da. Tarte horretan, titularrak ohar batzuk aurkeztu ditu, eta, horiei esker, ingurumen-baimen bateratuaren eranskinen testua egokitu ahal izan da.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabilita,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Baimena ematea aldaketa nabarmena egiteko frutak eta barazkiak prestatzeko eta kontserbatzeko instalazio batean (instalazioa Azagrako udal-mugartean dago eta haren titularra Ultracongelados Virto SAU da), gauzatu dadin instalazioaren ekoizpen-ahalmena areagotzeko eta isurketen bolumena eta zama handitzeko proiektua. Horrela, instalazioak berak eta hartan gauzatzen den jarduerak bete beharko dituzte ebazpen honen eranskinetan jasotako baldintzak.

Bigarrena.–Mantentzea zentroak Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan hondakin arriskutsuen sortzaile gisa duen inskripzioa(15P0204007202004 zenbakiarekin), eta baimena ematea arriskutsuak ez diren hondakinak sortzen dituen zentro gisa inskribatzeko (15P03042007202022 zenbakiarekin). Ebazpen honen III. eranskinean jasotako hondakinak sortu ahal izanen ditu. Baldin sortzen dituen hondakinetan aldaketarik bada, haren berri eman beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari, aipatutako erregistroan sar dezan.

Hirugarrena.–Instalazioak ezin izanen dio jarduerari ekin titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ez duen bitartean, hala xedatu baita Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 23. artikuluan. Era berean, proiektua oso-osorik gauzatzen ez bada, jarduera hasten ahalko da, baldin eta neurri zuzentzaileak eta gainerako baldintzak, proiektuan gauzatutako zatiari dagozkionak, betetzen baditu. Horretarako, instalazioa partez abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da.

Laugarrena.–Abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

–Titularraren adierazpena, zeinetan adierazten baitu ezen baimendutako jarduera bertan behera utziz gero lurzorua jatorrizko egoerara lehengoratzeko konpromisoa hartzen duela, gehienez ere bost urteko epean.

Bosgarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua abian jarri dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen bere ingurumen baimen bateratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Seigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak bete ezean, ingurumen arloko diziplina-neurriak hartuko dira, hain zuzen, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean biltzen direnak, deusetan galarazi gabe sektoreko legedian ezarritakoa, hori ere aplikatuko baita.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zortzigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Bederatzigarrena.–Ebazpen hau igortzea Ultracongelados Virto SAUra, Azagrako Udalera eta NILSAra, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko otsailaren 22an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2303205