65. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

59E/2023 EBAZPENA, otsailaren 22koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez baimena ematen baita aldaketa nabarmena egiteko Oltza zendeako udal-mugartean grafito artifiziala eta bigarren mailako beste produktu batzuk fabrikatzeko instalazio batean. Instalazioaren titularra Graftech Ibérica SL da.

Instalazio horrek badu ingurumen-baimen integratua, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urriaren 11ko 428/07 Foru Aginduaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren 164E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratu eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren maiatzaren 12ko 98EE/2020 Ebazpenaren bidez aldatu zena.

2022ko abuztuaren 25ean, titularrak instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi zuen, 1. labetik 12.era oxidatzaile termikoak kendu eta horien ordez oxidatzaile termiko zentral bat jartzeko.

2022ko urriaren 7an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak aldaketari ez-funtsezkoa iritzi zion, bat etorrita 16/2002 Legea garatzen duen industriako emisioei buruzko erregelamenduaren 14. artikuluan ezarritako irizpideekin (erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen); baina nabarmena iritzi zion, bat etorrita Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduak, martxoaren 30eko 26/2002 Foru Dekretuaren bidez onetsitakoak, 31. artikuluan ezarritako irizpideekin.

Aurkeztutako dokumentazioa nahikotzat jo zen izapidetu zedin ingurumen-baimen integratua aldatzeko administrazio-prozedura. Beraz, 2022ko urriaren 7an, prozedura horri ekin zitzaion, dagokion proiektua gauzatu ahal izateko: elektrodoak egosteko prozesuan erabiltzen diren 1.tik 12.era arteko oxidatzaileak kendu eta, horien ordez, oxidatzaile termiko zentral bat jartzea, 12 labeetatik datozen gasak bilduko eta tratatuko dituena.

Espedientea izapidetu da bat etorrita Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2002 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabilita,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Baimena ematea aldaketa nabarmena egiteko Oltza zendeako udal-mugartean grafito artifiziala eta bigarren mailako beste produktu batzuk fabrikatzeko instalazio batean (Graftech Ibérica SL da titularra). Helburua da 1. labetik 12.era oxidatzaile termikoak kentzeko eta, horien ordez, oxidatzaile termiko zentral bat jartzeko proiektua gauzatzea. Beraz, instalazioak eta jarduerak ebazpen honen eranskinean jasotako baldintzak bete beharko dituzte.

Bigarrena.–Aldaketa funtzionamenduan hasi aurretik, titularrak martxan jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorrita martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren 25. artikuluan xedatutakoarekin (foru dekretu horren bidez, Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko erregelamendua onetsi zen).

Hirugarrena.–Abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

–Akreditatutako laborategi baten txostena, zeinetan adierazten baita foku berriak betetzen dituela emisioen muga-balioak.

Laugarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen-baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.

Seigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zazpigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Zortzigarrena.–Ebazpen hau Graftech Ibérica SLra eta Oltza zendeako Udalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko otsailaren 22an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2303201