65. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

19/2023 FORU AGINDUA, martxoaren 16koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita 366 eredua, "Hondakinak hondakindegietan uztearen eta hondakinen errausketaren eta koerrausketaren gaineko zerga. Autolikidazioa" izenekoa, eta arautzen baita zergaren lurralde-erregistroan inskribatzea.

Nafarroako Gobernuak 2016ko abenduaren 14an hartutako Erabakiaren bidez onetsi zen Nafarroako 2017-2027 urteetarako Hondakin Plana, eta oinarrizko tresna da hondakinen kudeaketa eta prebentzio politika egiteko. Bere neurri eta ekintzen artean jaso du hondakinak ezabatzearen eta erraustearen gaineko zerga sortzea, Hondakin Planean berean jasotako neurriak finantzatzeko. Zerga hori Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen bidez sortu zen.

Zenbait zerga aldatu eta beste tributu neurri batzuk hartzeari buruzko abenduaren 28ko 36/2022 Foru Legearen zazpigarren artikuluaren bidez, 14/2018 Foru Legea aldatu zen. Aldaketa hori egin da hondakinak hondakindegietan ezabatzearen eta erraustearen gaineko zergaren erregulazioa egokitu behar delako, alegia, urriaren 19ko 22/2022 Legearen ondorioz aldatu den Hitzarmen Ekonomikoaren arabera egokitu; izan ere, lege horretan ezartzen da aipatu zerga ordainarazteko Estatuak unean-unean ezarritako arau substantibo eta formal berberak aplikatuko dituela Nafarroako Foru Komunitateak (Hitzarmen Ekonomikoaren 40 quater artikulua). Hortaz, beharrezkoak diren aldaketak sartzen dira, 14/2018 Foru Legearen V. tituluaren I. kapituluaren edukia egokitzeko Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen VII. tituluaren II. kapituluan xedatutakora.

Aldaketa horiek zergaren zerga-egitatearen idazketa berria dakarte; izan ere, hondakinak entregatzeari buruzkoa da zerga (hondakindegietan ezabatzeko edo errausteko eta koerrausteko entregatzeari buruzkoa), eta ez hondakinak hondakindegietan modu kontrolatuan utzita edo hondakinak erraustuta ezabatzeari buruzkoa. Halaber, zerga-tasak aldatzen dira eta izen berria ematen zaio tributuari: "Hondakinak hondakindegietan uztearen eta hondakinen errausketaren eta koerrausketaren gaineko zerga".

Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak uztailaren 25ean emandako 103/2018 Foru Aginduaren bidez, "Hondakinak hondakindegietan ezabatzearen eta erraustearen gaineko zerga. Autolikidazioa" izeneko 366 eredua onetsi zen. Arau substantiboak onetsitako aldaketak direla eta, foru agindu hori zaharkituta geratu da, eta ezinbestekoa da zergaren autolikidazioa egiteko 366 eredu berri bat onestea; eredu berri horrek bat etorri beharko du hondakinak hondakindegietan uztearen eta hondakinen errausketaren eta koerrausketaren gaineko zergaren legezko erregulazio berriarekin.

Era berean, 14/2018 Foru Legearen 38. artikuluari eman zaion idazketa berrian zergapekoek zergaren autolikidazioak aurkezteko betebeharra sartu da. Zehazki, 38.3 artikuluak ezartzen du jarduera hasi baino lehen inskribatu beharko direla hondakinak hondakindegietan uztearen eta hondakinen errausketaren eta koerrausketaren gaineko zergaren lurralde-erregistroan.

Foru agindu honen xedea da autolikidazio eredu berria onestea, eta hondakinak hondakindegietan uztearen eta hondakinen errausketaren eta koerrausketaren gaineko zergaren lurralde-erregistroko inskripzioa arautzea.

Foru agindu honen bidez garatutako erregelamendu ahalaren erabilera bat dator premiaren, eraginkortasunaren, proportzionaltasunaren, segurtasun juridikoaren, gardentasunaren eta efizientziaren printzipioekin, zeinak ezarrita baitaude Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean.

Horrenbestez, eta 14/2018 Foru Legearen 38. artikuluaren 1. eta 3. apartatuetan emandako gaikuntza orokorra erabiliz

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Onestea 366 eredua.

"Hondakinak hondakindegietan uztearen eta hondakinen errausketaren eta koerrausketaren gaineko zerga. Autolikidazioa" izeneko 366 eredua –formatu elektronikokoa– onesten da; I. eranskinean dago haren edukia.

2. artikulua. 366 eredua aurkeztu behar duten zergapekoak.

Zerga ordainaraztea Nafarroako Foru Komunitateari dagokionean, Hitzarmen Ekonomikoaren 40 quater artikuluarekin bat, honako pertsona edo entitate hauek aurkeztu beharko diote 366 eredua Nafarroako Foru Ogasunari:

a) Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoa, toki erakundeen ordezkari gisa.

b) Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 25. artikuluan aipatzen diren pertsona fisiko edo juridikoak eta nortasun juridikorik gabeko entitateak, baldin eta zergapekoen ordezkari badira, edo, kasua bada, zergapekoak, bat etorriz Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen 34. artikuluarekin.

3. artikulua. 366 eredua aurkezteko eta diru-sarrera egiteko epea.

1. Likidazio-aldi bakoitza amaitu ondoko hilabeteko lehen hogei egunetan aurkeztu beharko da 366 eredua, eta, kasua bada, zerga-zorra ordaindu; likidazio-aldia hiruhileko naturala izanen da. Dena dela, bigarren eta laugarren hiruhilekoei dagozkien autolikidazioak abuztuaren 5a eta urtarrilaren 31 arte aurkezten ahalko dira, hurrenez hurren.

2. Dagokion aldian zerga-egitaterik gertatu ez arren, berdin-berdin aurkeztu beharko da 366 eredua.

4. artikulua. 366 eredua aurkezteko modua.

366 eredua soilik formatu elektronikoan izanen da eskuragarri eta modu elektronikoz aurkeztu beharko da, Internet bidez, 6. eta 7. artikuluetan azaltzen diren baldintza orokorren eta prozeduraren arabera.

Aurkezpena egiten dutenek kontuan hartu beharko dituzte aurkezpen telematiko hori egiteko behar diren arau teknikoak, Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuak daudenak, Nafarroako Foru Ogasunari dagokion atalean.

5. artikulua. 366 eredua aurkezteko gaikuntza.

Honako hauek aurkezten ahalko dute 366 eredua modu elektronikoz, Internet bidez:

1. Aurkezteko betebeharra dutenek edo, kasua bada, haien ordezkariek.

2. Tributuen aplikazioan laguntzaile sozialen izaera duten pertsonek edo entitateek, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 90. artikuluan eta ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat, foru agindu horren bidez onesten baita kanpo lankidetzarako akordioa, hirugarren pertsonen izenean telematika bidez aurkezteko aitorpenak, jakinarazpenak eta zerga arloko beste agiri batzuk, eta telematika bidez tramitatzeko tributu-zorren ordainketa.

6. artikulua. 366 ereduaren aurkezpen elektronikoa egiteko baldintza orokorrak.

366 ereduaren aurkezpen elektronikoa egiteko, baldintza orokor hauek bete beharko dira:

a) Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ) eduki beharko du.

b) Eredua elektronikoki aurkezteko, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren uztailaren 3ko 132/2009 Foru Aginduaren 2. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dira, foru agindu horretan arautzen baitira zenbait tributu aitorpen telematika bidez edo ordenagailuak irakurtzen ahal duen euskarriaren bidez aurkeztera behartzen duten kasuak.

7. artikulua. 366 eredua modu elektronikoan aurkezteko prozedura.

366 ereduaren aurkezpen elektronikoa egiteko, web formularioa erabiliz, prozedura hau erabiliko da:

1. 366 eredua aurkezteko tramitera sartu, Nafarroako Gobernuaren web-orrian, Nafarroako Foru Ogasunaren atalean.

2. Web formularioko beharrezko datu guztiak bete.

3. Autolikidazioa bete ondoren, "igorri" aukera erabili.

Autolikidazioa zuzen egina bada, sistemak balioztatuko du. Akatsik atzemanez gero, formularioaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da autolikidazioa aurkeztu.

Autolikidazioa zuzen egina denean, aurkeztutako autolikidazioari esleitutako zenbakia jakinaraziko du sistemak, eta inprimatzeko aukera eskainiko du, frogagiri gisa erabiltzeko.

8. artikulua. 366 ereduaren diru-sarrera egiteko prozedura.

Autolikidazioa aurkeztean, haren ondoriozko zerga-zorra ordaindu beharko da.

Eredua aurkezteko web zerbitzuak aukera emanen du autolikidazioaren ondoriozko zerga-zorra ordaintzeko, eta horretarako ordaintzeko aukera hauek emanen ditu:

a) Ordainketa telematikoaren bidez, web formularioa bete ondoren pantailan agertuko diren ordainketa jarraibideak betez.

Diru-sarrera egin ondoren, sistemak aukera emanen du ordainagiria inprimatzeko, eta bertan ordainketa data agertuko da.

b) Banku-helbideratzearen bidez, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren apirilaren 23ko 80/2008 Foru Aginduari jarraikiz, haren bidez hein batean garatu baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamendua, zergen aitorpen-likidazio edo autolikidazio batzuei dagozkien ordainketak bankuan helbideratzeari dagokionez.

c) Banku-transferentziaren bidez, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren abenduaren 30eko 145/2022 Foru Aginduan xedatutako baldintzetan. Foru agindu horrek zorrak transferentzia bidez ordaintzeko prozedura eta baldintzak arautzen ditu.

d) Ordainketa-gutun bat lortuz (500 eredua), Nafarroako Foru Ogasunaren diru-bilketaren kudeaketan laguntzen duen edozein gordailu-erakundetan ordaintzeko.

9. artikulua. Hondakinak hondakindegietan uztearen eta hondakinen errausketaren eta koerrausketaren gaineko zergaren lurralde-erregistroko inskripzioa.

1. Bat etorriz 14/2018 Foru Legearen 38.3 artikuluan xedatutakoarekin, 2. artikuluan xedatutakoaren arabera 366 eredua aurkeztu behar duten pertsonek edo entitateek eskatu beharko dute hondakinen errausketaren eta koerrausketaren gaineko zergaren lurralde-erregistroan inskribatzea. Jardueraren establezimendua non dagoen, bertan zerga bereziak kudeatzen dituen bulegoari eskatu beharko zaio inskripzioa.

2. Aurreko apartatuan aipatutako zergapekoek inskripzio eskaera bat aurkeztu beharko dute eta hari dokumentazio hau erantsi:

a) Ordezkaritza egiaztatzen duen dokumentazioa, zergapekoak ordezkari baten bitartez jarduten badu.

b) Garatu beharreko jardueraren azalpen-memoria, zeinagatik inskripzioa eskatzen baita. Halaber, jarduera horren ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafea zein den adieraziko da.

c) Jarduera gauzatzen den establezimenduaren identifikazioa eta deskribapena.

d) Sektorearen berariazko araudian eskatutako dokumentazioa, inskribatu nahi den jarduera gauzatzeari lotuta baldin badaude.

e) Zergadunen ordezkariek ziurtagiri bat eman beharko dute frogatzeko pisaketa sistemak, 14/2018 Foru Legearen 38.5 artikuluan xedatutakoaren araberakoak, behar bezala homologaturik daudela.

Jarduera hasi aurretik egin beharko da inskripzio eskaera lurralde-erregistroan; elektronikoki egin behar da, Nafarroako Foru Ogasunaren webguneko Erregistro Orokor Elektronikoan.

3. Eskaera jaso eta behar den espedientea tramitatu ondoren, Nafarroako Foru Ogasunak erabakiko du, bidezkoa bada, zergaren lurralde-erregistroan inskribatzea.

Inskripzioaren erabakia interesdunari jakinaraziko zaio eta, harekin batera, inskripzioa egiaztatzen duen txartela igorriko zaio –hartan hondakina identifikatzeko kodea (HIK) agertuko da–.

4. Lurralde-erregistroaren inskripzio txartelaren eredua onesten da; II. eranskinean dago.

10. artikulua. Hondakina identifikatzeko kodea.

1. Hondakina identifikatzeko kodearen bidez (HIK) identifikatzen dira hondakinak hondakindegietan uztearen eta hondakinen errausketaren eta koerrausketaren gaineko zergaren lurralde-erregistroan inskribatutako zergapekoak.

2. Kodeak hamahiru karaktere izanen ditu, honela banatuak:

a) ES letrak izanen dira lehen bi karaktereak.

b) Hirugarren, laugarren eta bosgarren karaktereak zeroak izanen dira, zerga arloan eskumena duen departamentuko titularrak beste karaktere batzuengatik ordeztea xedatzen ez badu.

c) Seigarren eta zazpigarren karaktereek kudeaketa bulegoa identifikatzen dute, zeinaren bidez inskripzioa egin baita lurralde-erregistroan.

d) Zortzigarren eta bederatzigarren karaktereek egiten den jarduera identifikatzen dute, lurralde erkideko araudian onetsitako jarduera-gakoen arabera.

e) Hamargarren, hamaikagarren eta hamabigarren karaktereek inskripzioaren zenbaki sekuentziala adieraziko dute, jarduera bakoitzaren barnean, kudeaketa bulegoari dagokion lurralde-erregistroan.

f) Hamahirugarren karakterea kontrolerako letra bat izanen da.

3. Zergapekoek zenbat jarduera egiten dituzten, eta, kasua bada, jarduera egiteko zenbat establezimendu dituzten, beste hainbeste HIK izan beharko dituzte.

Lehenbiziko xedapen gehigarria.–Helbideratu daitezkeen ereduak.

Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren apirilaren 23ko 80/2008 Foru Aginduaren eranskinaren helbideratu daitezkeen ereduen zerrendan, "Hondakinak hondakindegietan ezabatzearen eta erraustearen gaineko zerga. Autolikidazioa" izeneko 366 ereduaren ordez beste hau agertuko da: "Hondakinak hondakindegietan uztearen eta hondakinen errausketaren eta koerrausketaren gaineko zerga. Autolikidazioa" izeneko 366 eredua. Foru agindu horren bidez hein batean garatu zen Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamendua, zergen aitorpen-likidazio edo autolikidazio batzuei dagozkien ordainketak bankuan helbideratzeari dagokionez.

Bigarren xedapen gehigarria.–Datu pertsonalen tratamendua.

Zergapekoak bere tributu eskubide eta betebeharrak betetzean emandako datu pertsonalak tributu sistema aplikatzeko erabiliko dira, eta Nafarroako Foru Ogasuna izanen da datu horien tratamenduaren arduraduna. Tratamendua bat etorriko da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduarekin eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin. Nafarroako Gobernuaren web-orrian emanen da Erregelamenduaren 13. artikuluak exijitzen duen informazioa, balizko tratamenduei eta horien gaineko eskubideen erabilerari buruzkoa.

Xedapen iragankor bakarra.–Lurralde-erregistroko inskripzioa, foru agindu honek indarra hartu baino lehen abiatutako jardueretarako.

Zergapekoek inskripzioa egin behar badute hondakinak hondakindegietan uztearen eta hondakinen errausketaren eta koerrausketaren gaineko zergaren lurralde-erregistroan, eta jarduera abiatu badute foru agindu honek indarra hartu aurretik, inskripzioa eskatu beharko dute foru aginduak indarra hartu eta 30 egun naturaleko epean.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Foru agindu honek indarra hartzen duenetik, indargabeturik geratuko da Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren uztailaren 25eko 103/2018 Foru Agindua, zeinaren bidez onesten baitira 366 eredua ("Hondakinak hondakindegian ezabatzearen eta erraustearen gaineko zerga. Autolikidazioa") eta aipatutako zergaren jasanarazpena fakturan.

Azken xedapenetako lehena.–Ekonomia eta Ogasun kontseilariaren maiatzaren 17ko 47/2010 Foru Aginduaren aldaketa. Haren bidez ezartzen da gasolioa erosteagatik nekazariek edo abeltzainek jasandako hidrokarburoen gaineko zergaren kuoten itzulketa partzialerako prozedura.

Gasolioa erosteagatik nekazariek edo abeltzainek jasandako hidrokarburoen gaineko zergaren kuoten itzulketa partzialerako eskaeren fitxategiak (47/2010 Foru Aginduaren eranskinean jasoak) erregistro diseinu jakin batzuen araberakoak dira; horietako 1. erregistro motako (Aitortzailea) 9. idazgunea aldatzen da, honela:

IDAZGUNEAK

IZAERA

EREMUEN DESKRIPZIOA

9

Alfabetikoa

Aitorpen arrunta edo ordezkoa

Aitorpen arrunta: bete gabe utziko da. Ordezko aitorpena: ''S'' bat jarriko da

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2023ko martxoaren 16an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

I. ERANSKINA. AUTOLIKIDAZIO EREDUA

366 eredua. Hondakinak hondakindegietan uztearen eta hondakinen errausketaren eta koerrausketaren gaineko zerga. Autolikidazioa

Aitorpenaren edukia:

–Identifikazio datuak:

Subjektu pasiboaren IFZ, deiturak eta izena edo sozietatearen izena jarri behar dira.

Subjektu pasiboak honako hauek izan beharko ditu: IFZ eta Nafarroako hondakinak hondakindegietan uztearen eta hondakinen errausketaren eta koerrausketaren gaineko zergaren lurralde-erregistroak emandako hondakina identifikatzeko kodea (HIK).

–Aldia:

  • Urtea: aitorpena zein urteri dagokion, haren lau zifrak idatzi behar dira.
  • Hiruhilekoa: aitorpena zenbatgarren hiruhilekoari dagokion jarri behar da.

–Harremanetarako datuak:

Harremanetarako posta elektronikoa eta telefonoa eremuak nahitaez bete beharko dira.

–Likidazioa:

Subjektu pasiboa hainbat HIKren titular denean, horien guztien eragiketak biltzen dituen autolikidazio bakarra bete beharko da.

Subjektu pasiboa titular den HIK bakoitzeko honako atal hauek bete beharko dira:

Entrega salbuetsiak:

Likidazio-aldian egin diren entrega salbuetsien gaineko eremuak bete beharko dira, eta adierazi salbuespen hori 14/2018 Foru Legearen zer artikulutan dagoen jasota.

Zergapeko eta salbuetsi gabeko eragiketak:

Adierazi behar da, instalazio bakoitzerako, entregatzen den hondakina zein motakoa den, 14/2018 Foru Legearen 37.1 artikuluan bildutako sailkapenaren arabera. Era berean, entregatutako hondakin horietako bakoitzaren pisua adieraziko da.

Emandako datuekin, instalazio eta hondakin mota bakoitzari eta aitortutako hondakinen pisuari dagokien kuota kalkulatuko da.

–Aitorpenaren laburpena:

Atal honetan, ereduak aditzera emanen ditu aitorpenean sartutako HIK guztien gaineko datu hauek:

  • Eragiketa salbuetsien guztizko pisua.
  • Zergapeko eta salbuetsi gabeko eragiketa guztien kuota osoa.
  • Ordaindu beharreko zerga-zorra, guztira.

Lurralde-erregistroaren inskripzio txartela (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2304531