62. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

78/2023 FORU AGINDUA, martxoaren 3koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, zeinaren bidez eguneko zentroak eraikitzeko edo horiek abian jartzeko obrak amaitzeko dirulaguntzen deialdia onesten da, Nafarroako Foru Komunitateko toki erakundeen ekimenarekin bat. DDBN identifikazioa: 680104.

Eskubide Sozialetako kontseilariaren otsailaren 18ko 43/2022 Foru Aginduaren bidez dirulaguntza deialdi bat onetsi zen bi modalitaterekin: horietako batean, eguneko zentro berriak eraikitzeko edo zentro horiek abian jartzeko obrak amaitzeko prozesuak finantzatzen ziren, toki erakundeen titulartasunekoak eta adinekoak eta/edo desgaitasuna duten pertsonak artatzeko. Urte anitzeko deialdi hori Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren Europako funtsekin finantzatu zen.

2023rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 35/2022 Foru Legean "Toki erakundeentzako dirulaguntzak eguneko zentroetarako" izeneko partida bat onetsi da.

Koherentetzat jotzen da Eskubide Sozialetako kontseilariaren otsailaren 18ko 43/2022 Foru Aginduan jasotako emakida irizpide eta prozedura berei eustea; izan ere, bi deialdiek xede bera dute, eta desberdintasun bakarra da, funtsen jatorriaz gain, deialdi honen urteko izaera.

Beraz, dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidean sartuko da, eta zenbateko mugatuak emanen dira, gehienez ere 400.000 eurokoak zentro eta erakunde bakoitzeko.

Aurkeztutako proiektuak baloratutakoan eta dirulaguntza emateko hasiera bateko proposamena egindakoan, erakundeek eskaerak birformulatzen ahalko dituzte, proiektuak finantzaketa aukera errealei doitzeko, hasiera batean emanen zaien dirulaguntza kontuan harturik. Emakida ebazpenean zehaztuko dira onuraduna, diruz lagundutako jarduketa, jarduketaren kostua eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez esleitu dizkidaten ahalmenak eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutakoak erabiliz, honako hau

AGINTZEN DUT:

1. Eguneko zentroak eraikitzeko edo horiek abian jartzeko obrak amaitzeko dirulaguntzen deialdia onestea, Nafarroako Foru Komunitateko toki erakundeen ekimenarekin bat, baita foru agindu honen I. eta II. eranskin gisa onesten diren oinarri arautzaileak ere.

2. 1.000.000 euroko gastua agintzea, 920005 93100 7609 231B12 partidaren ("Toki erakundeentzako dirulaguntzak eguneko zentroetarako") kargura.

3. Foru agindu hau, oinarriak eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

5. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kontabilitate Zentrora, Eskubide Sozialetako Departamentuaren Inbertsio, Obra eta Hornidura Atalera eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera.

Iruñean, 2023ko martxoaren 3an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.

I. ERANSKINA.–DEIALDIAREN OINARRIAK

Eguneko zentroak eraikitzeko edo horiek abian jartzeko obrak amaitzeko dirulaguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak, Nafarroako Foru Komunitateko toki erakundeen ekimenarekin bat

1.–Deialdiaren xedea eta laguntzen helburua.

Deialdi honek dirulaguntzak emateko araubidea finkatzen du, eguneko zentroak eraikitzeko edo horiek abian jartzeko obrak amaitzeko inbertsioen arloan, Nafarroako Foru Komunitateko toki erakundeen ekimenarekin, pertsonarengan zentratutako arreta eredu berriarekin, efizientzia energetikoaren irizpideekin eta zaintza lanen digitalizazioarekin bat.

Dirulaguntzen xedea izanen da obrak idazteko proiektu teknikoak finantzatzea, Nafarroako toki erakundeen eguneko zentro berriak eraikitzeko edo horiek abian jartzeko obrak amaitzeko.

2.–Aplikatzekoa den araubide juridikoa.

Foru agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak arautuko dituzte aginduan bertan ezarritakoak, oinarri arautzaileek, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak eta aurrekontu eta dirulaguntzen arloko foru eta estatu mailako gainerako araudi aplikagarriek.

3.–Laguntzak emateko araubidea.

Foru agindu honetan araututako laguntzak norgehiagokako araubidean emanen dira, eta betiere printzipio hauei jarraikiz: publikotasuna, gardentasuna, objektibotasuna, berdintasuna eta diskriminazio eza, helburuak betetzeko eraginkortasuna eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko efizientzia.

Deialdi honen babespean emanen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izanen dira, deialdiaren xedeko jarduketetarako erabili beharrekoak, zeinetarako organo emaileak ordainketak aurreratzen ahalko ditu, onuradunarekin adostuta, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Artikulu horretan ezarritakoarekin bat, toki erakundeak salbuetsita daude bermeen eraketari buruzko betebeharretik, administrazio publiko diren aldetik.

4.–Erakunde onuradunak: toki erakundeak.

Deialdiaren xede diren dirulaguntzak Nafarroako toki erakundeentzat izanen dira, baldin eta zentro berrien titularrak badira edo egineko zentroen obrak amaitzen ari badira, adinekoak eta/edo desgaitasuna duten pertsonak artatzeko.

5.–Jarduketa diruz lagungarriak.

1. Diruz lagungarriak izanen dira jarduketa hauek, 2022ko urtarrilaren 1etik 2023ko azaroaren 30era arte.

a) Obrak idatzi eta zuzentzeko proiektu teknikoak.

b) Eguneko zentro berriak eraikitzeko obrak.

c) Eguneko zentroak amaitzeko obrak, betiere 8. oinarrian ("dirulaguntzen bateragarritasuna") ezarritakoa betetzen badute.

2. Adierazitako jarduketak abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretuaren II. eranskinaren B) 4.2 apartatuan ("Eguneko zentroetarako baldintzak") jasotako araudira egokituko dira; izan ere, horrek arautzen ditu, batetik, Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen sistemaren barruan, egoitza zerbitzuen, eguneko zerbitzuen eta zerbitzu anbulatorioen funtzionamendua adinekoen, desgaitasuna dutenen, eritasun mentala dutenen eta gizarte inklusioaren arloetan, eta, bestetik, baimenen, aurretiazko komunikazioen eta homologazioen araubidea.

6.–Gastu diruz lagungarriak.

Gastu diruz lagungarritzat hartuko dira argi eta garbi diruz lagundutako jardueraren izaerari erantzuten diotenak, baldin eta guztiz beharrezkoak badira eta bat badatoz 2022ko urtarrilaren 1etik 2023ko azaroaren 30era bitartean hasi eta egindako jarduketekin.

Gastu diruz lagungarri horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Ondorio horietarako, honako kontzeptu hauek sartzen ahalko dira:

–Proiektuaren idazketa kostuak.

–Obraren zuzendaritza fakultatiboarenak.

–Jarduketari dagokion obra gauzatzearen kostuak.

Arkitekto edo aparejadorearentzako ordainsariek, proiektuak idazteagatik edo obrak zuzentzeagatik, gehieneko muga bat izanen dute, eta ez dute batera obraren guztizko kostuaren %10 gainditzen ahalko (50.000 euro gehienez).

Egindako gastutzat joko da foru agindu honetan adierazitako justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

Gastu diruz lagungarriaren zenbatekoak gainditzen baditu Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritako kopuruak (12.000 euro zerbitzu kontratuen kasuan, eta 30.000 euro obra kontratuen kasuan), erakunde onuradunak gutxienez ere hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu, obra, zerbitzua edo ondasuna emateko konpromisoa kontratatu baino lehen, salbu eta ezaugarri bereziak direla eta, merkatuan hornidura edo zerbitzua emateko edo obra egiteko behar adina enpresa ez badago edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada. Hautatzen den eskaintza ez bada ekonomikoki onena, erakunde onuradunak behar bezala arrazoitu beharko du egindako hautapena.

7.–Diruz lagungarriak ez diren gastuak.

Ez dira ordainduko proiektua edo jarduketa gauzatzeari zuzenean loturik ez dauden gastuak edo beharrezkoak ez direnak, eta, nolanahi ere, ez dira inongo kasutan gastu diruz lagungarriak izanen honako hauek:

a) Erakundearen gastu propioak, izan horiek langileenak, funtzionamenduarenak edo gastu orokorrenak.

b) Finantza gastuak, aholkularitza juridikoko edo finantzarioko gastuak, notario eta erregistro gastuak eta berariazko administrazio gastuak.

c) Zeharkako zergak eta zerga pertsonalak.

d) Interesak, errekarguak eta zehapen administratiboak eta penalak.

8.–Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Dirulaguntza hau bateragarria izanen da Eskubide Sozialetako kontseilariaren otsailaren 18ko 43/2022 Foru Aginduaren kargura emandako dirulaguntzarekin. Foru agindu horrek dirulaguntza deialdia onesten du inbertsioak egiteko honako plan honi lotutako jarduketetan: "Iraupen luzeko laguntzen eta zaintzen plana: desinstituzionalizazioa, ekipamenduak eta teknologia". Plan hori Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 22. osagaiaren barruan dago, hots, "Zaintzen ekonomiarako talka plana eta berdintasun eta inklusio politiken indartzea" delakoaren barruan. Bi deialdien artean gehienez ere 400.000 euro ematen ahalko dira.

Halaber, foru aginduan aurreikusitako dirulaguntza bateragarria izanen da xede bererako beste dirulaguntza batzuekin.

Diruz lagundutako jardueretarako emandako laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ez du gainditzen ahalko, inola ere, jarduera horien kostuaren %100. Horretarako, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da (eredu bat dago foru agindu honen II. eranskinean).

Jasotako dirulaguntzek muga hori gainditzen badute, deialdi honen babesean emandako dirulaguntzak behar den murrizketa izanen du.

9.–Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

1. Eskaera.

Erakunde interesdunek eskaera bat aurkeztu beharko dute, horretarako prestatu diren ereduen araberakoa, eta horri Nafarroako Gobernuko eskabide orokorra erantsiko diote. Eredu horiek Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuaren web orrian dituzte eskuragarri erakunde interesdunek.

Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren bidez sortutako eta araututako erregistro orokor elektronikoaren bidez, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean.

Eskabidean, "xedea" izeneko apartatuan, "ESKUBIDE SOZIALETAKO DEPARTAMENTUA" atal hedagarrian, "Oharrak" apartatuan, Inbertsio, Obra eta Hornidura Atala paratu beharko da, eta, "Laburpena" apartatuan, toki erakundeentzako dirulaguntzen deialdia eguneko zentroetarako.

Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

Dirulaguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

2. Erakunde eskatzaileek aurkeztu beharreko dokumentazio orokorra.

a) Toki erakundearen ordezkaritza egiaztatzen duen dokumentua. Nahikoa izanen da erakundearen idazkariaren ziurtagiria, eskaera sinatzen duenaren kargua eta eskumena frogatzen dituena.

b) Toki erakundearen jakinarazpen eta komunikazioetarako helbide elektronikoa.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, erakundearen ordezkariak emana, erakundea, haren administratzaileak eta ordezkariak dirulaguntzen erakunde onuradun izateko debekurik urratzen ez dutela dioena. Debeku horiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aurreikusita daude.

d) Ordainketa aurreratua eskatzeko, nahikoa izanen da hasiera batetik frogatzea indarreko aurrekontuan ez dagoela deialdi honen xedeko jardueretarako aurrekontu partidarik.

e) Erakundearen ordezkariak sinatutako baimena, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak behar den informazioa eskura dezan, kontsultatzeko erakundeak egunean dituen indarreko xedapenek ezartzen dizkioten tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

f) Erakundeek II. eranskineko adierazpenak aurkeztu beharko dituzte: baldintzak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpenaren eredua.

3. Berariazko dokumentazioa.

a) Gauzatu beharreko proiektuaren memoria baloratua, planteatutako jarduketen helburu eta xedeari buruzko azalpen argi eta laburrak ematen dituena.

b) Proiektua gauzatzeko denborazko plangintza: txertatu beharko da obra gauzatzeko egutegia, non gauzatzearen faseak zatitzen ahalko baitira; halakorik eginez gero, adierazi beharko da dirulaguntza zein faserako eskatu den, horren xedea eta zenbatekoa, betiere gauzatze epeak adierazita. Deialdi honetan soilik 2022ko urtarrilaren 1etik 2023ko azaroaren 30era bitartean egindako jarduketak lagunduko dira diruz, kalterik egin gabe hurrengo urteetako deialdietan beste dirulaguntza batzuk emateari, deialdi honetan diruz lagundutako eguneko zentroak eraikitzen amaitzeko.

c) Aurrekontu xehea, jarduketaren finantzaketa plana barne.

4. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Ez badira eskaerarekin batera aginduzko agiriak aurkezten, instrukzio organoak erakunde interesdunari eskatuko dio akatsak zuzendu ditzala gehienez ere 10 egun balioduneko epean, eta adieraziko dio, horrela egin ezean, eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko aginduko da, eta dagokionari jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin bat. Epe hori luzatzen ahalko da, aipatutako legean ezarritako terminoetan.

Orobat, instrukzio organoak deialdia ebazteko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa edo informazio osagarria eskatzen ahalko du edonoiz, baita oinarri hauetan eskatzen diren baldintzak goitik behera betetzen direla frogatzekoa ere.

10.–Laguntzak emateko prozedura eta organo eskudunak.

1. Dirulaguntza hauek emateko prozedura arrunta norgehiagokakoa izanen da. Dirulaguntzak emateko, aurkeztutako eskaerak deialdi honetan ezarritako balorazio eta banaketa irizpideekin bat ebaluatuko dira, eskaeren lehentasunezko zerrenda bat osatze aldera, eta eskatutako zenbatekoa zerrenda horren ordenari jarraikiz esleitzen joanen da, kreditu erabilgarria agortu arte.

2. Dirulaguntza hauen prozedura antolatu eta instrukzioa egiteko ardura Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren Kudeaketaren eta Baliabideen Zuzendariordetzarena da, eta, horrenbestez, ofizioz egiten ahalko ditu egoki jotzen dituen nahi beste jarduketa, kasuan kasuko ebazpen proposamena egiteko behar dituen datuak zehaztu, eskuratu eta egiaztatze aldera.

3. Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak izanen du laguntzak emateko prozedura ebazteko eskumena.

11.–Balorazio irizpideak.

1. Inbertsio proiektuak baloratzeko irizpideak:

Gehienez ere 100 puntu eskuratzen ahalko dira, honako irizpide hauen arabera:

–60 puntura arte: eguneko zentroa zer gizarte zerbitzuen oinarrizko eskualdetan (GZOE) dagoen, hartan bizi diren 65 urtetik gorako biztanleen arabera:

Zentroa non dagoen, 2022ko urtarrilaren 1ean gizarte zerbitzuen oinarrizko eskualde hartan bizi diren 65 urtetik gorako biztanleen ehunekoa hartuko da, eta bi puntu emanen zaizkio portzentaje unitate bakoitzari (biztanleriari buruzko datuak Nafarroako Estatistika Institutuak emandakoak izanen dira, EINek hari lagatakoak eta Errolda Jarraituaren Estatistikako datuak oinarri hartuta prestatuak).

Lortutako puntuazio horri koefiziente zuzentzaile bat aplikatuko zaio (puntuazioa koefiziente zuzentzailearekin biderkatuko da); koefiziente horrek kontuan hartuko du zenbat zentro dauden –eguneko zentroak eta eguneko egonaldirako plaza baimenduak dituzten zentroak– kasuan kasuko gizarte zerbitzuen oinarrizko eskualde horretan, hau da, dirulaguntzaren xede den zentroarenean:

  • Ez badago eguneko edo eguneko egonaldietarako zentrorik gizarte zerbitzuen oinarrizko eskualde horretan, koefiziente zuzentzailea 1 izanen da.
  • Eguneko zentro edo eguneko egonaldietarako zentro bat badago gizarte zerbitzuen oinarrizko eskualde horretan, koefiziente zuzentzailea 0,75 izanen da.
  • Eguneko edo eguneko egonaldietarako 2 zentro badaude gizarte zerbitzuen oinarrizko eskualde horretan, koefiziente zuzentzailea 0,5 izanen da.
  • Eguneko edo eguneko egonaldietarako 3 zentro edo gehiago badaude gizarte zerbitzuen oinarrizko eskualde horretan, koefiziente zuzentzailea 0,25 izanen da.

–30 puntura arte: eguneko zentroa zer gauzatze edo tramitazio fasetan dagoen, hauen artean puntuazio handiena emanen da:

  • Obrak hasita dituzten zentroei: 30 puntu.
    • Ulertuko da obrak hasita daudela lizitazioa kontratazio atarian argitaratzen denetik.
  • Prestatutako proiektua (amaitua) dutenei: 15 puntu.
    • Ulertuko da proiektua amaituta dagoela erakundeak hura entregatu eta ordaindu duenean.

Dagokion puntuazioa kontuan hartzeko, atarian argitaratzeko data eta proiektua entregatu eta ordaintzeko data foru agindu hau argitaratu baino lehenagokoak izanen dira.

–10 puntura arte: udalerriaren biztanleriaren arabera:

Zentroa kokatuta dagoen udalerriak 10.000 biztanletik gora baditu, 10 puntu gehituko zaizkio proiektuari.

12.–Dirulaguntzen gehieneko zenbatekoa.

Zentro eta erakunde bakoitzari gehienez ere 400.000 euro emanen zaizkie.

13.–Dirulaguntzak emateko hasierako proposamena, alegazioak eta birformulazioa.

1. Eskaerak baloratutakoan, instrukzio organoak dirulaguntzak emateko hasierako proposamena eginen du.

2. Instrukzio organoak dirulaguntza emateko hasierako proposamena jakinaraziko die erakunde eskatzaileei, zeinek 7 egun balioduneko epea izanen baitute, jakinarazpenaren biharamunetik, egoki jotzen dituzten alegazioak aurkezteko, eta kasua bada, eskaera birformulatzeko.

Eskaera birformulatzen ahalko da proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa eskaeran agertzen dena baino txikiagoa denean. Aipatutako epe hori iraganda ez da birformulaziorik onartuko, eta erakunde onuradunak hasiera batean aurkeztutako guztizko aurrekontuari eutsi beharko dio.

Nolanahi ere, birformulazioetan, erakunde onuradunek bere horretan mantendu beharko dute hasiera batean aurreikusitako ekarpen propioaren ehunekoa, bai eta proiektuaren xedea, baldintzak eta helburua ere.

Birformulazioaren bidez txertatzen dituzten aldaketek ezin izan dute inola ere aldaketarik eragin instrukzio organoak egindako balorazioan.

Erakundeak ez badu proiektuaren birformulaziorik aurkezten, egindako jarduketaren benetako kostuaren %100 justifikatu beharko du, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

Alegazioak edo birformulazioak Eskubide Sozialetako Departamentuaren erregistro bulegoan aurkezten ahalko dira, edo Nafarroako Gobernuaren erregistro orokor elektronikoan honako eduki honekin:

"Xedea" izeneko apartatuan, "Eskubide Sozialetako Departamentua" atal hedagarrian, "Oharrak" apartatuan, Inbertsio, Obra eta Hornidura Atala paratu beharko da, eta, "Laburpena" apartatuan, toki erakundeentzako dirulaguntzen deialdiaren alegazioak/birformulazioa, eguneko zentroetarako.

3. Aurkeztutako alegazioak ebatzi eta baloratutakoan, eta birformulatutako proiektuen bideragarritasuna ikusirik, kudeaketa unitateak organo eskudunari igorriko dio dirulaguntzak emateko behin betiko proposamena.

14.–Dirulaguntza emateko behin betiko proposamena.

1. Proposamena egintza bakarrean eginen da, eta aditzera eman beharko ditu onartu ez diren eskaeren zerrenda, dirulaguntza emateko proposatu diren erakundeen zerrenda eta dirulaguntzaren zenbatekoa, lortutako puntuazioa zehaztuta, eta gainerako eskaerak ezesteko proposamen arrazoitua.

Proposamenari eransten ahal zaio, baita ere, onuradun izateko eskatutako baldintza administratiboak eta teknikoak bete arren dirulaguntzan ezarritako gehieneko kreditua gainditzeagatik onartu ez diren eskaera guztien zerrenda ordenatua, ezarritako balorazio irizpideen arabera bakoitzari eman zaion puntuazioa adierazita.

2. Dirulaguntza emateko behin betiko proposamena Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileari igorriko zaio, dirulaguntza emateko ebazpena eman dezan.

15.–Laguntza emateko ebazpena.

1. Laguntza emateko ebazpenean zehaztuko dira erakunde onuraduna, diruz lagundutako jarduketa eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa.

2. Prozeduraren gaineko ebazpena eman eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik zenbatzen hasita. Epe hori bukatutakoan berariazko ebazpenik eman ez bada, interesdunek eskaerak ezetsi egin direla ulertuko dute. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

3. Dirulaguntza emateko ebazpena helbide elektronikoaren bitartez jakinaraziko da, eta Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuaren web orrian argitaratuko da; bertan adieraziko dira deialdia, dirulaguntza zer aurrekontu kredituri egozten zaion, erakunde onuradunak, emandako zenbatekoak eta dirulaguntzaren helburua.

4. Berariazko edo presuntziozko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.

16.–Dirulaguntzen justifikazioa aurkezteko modua eta epea.

1. Gastua justifikatzeko dokumentazioa bitarteko elektronikoak erabilita aurkeztu beharko da, Inbertsio, Obra eta Hornidura Atalari zuzendua. "Xedea" izeneko apartatuan, "Eskubide Sozialetako Departamentua" atal hedagarrian, "Oharrak" apartatuan, Inbertsio, Obra eta Hornidura Atala paratu beharko da, eta, "Laburpena" apartatuan, toki erakundeentzako dirulaguntzen deialdirako gastua justifikatzeko dokumentazioa aurkeztea, eguneko zentroetarako.

2. Hauek dira justifikazio epeak:

a) 2022. urtean egindako jarduketak justifikatzeko agiriak behin bakarrik aurkeztu beharko dira, 2023ko ekainaren 30era arte.

b) Amaierako justifikazio agiriak aurkezteko epea 2023ko azaroaren 30ean amaituko da.

17.–Egindako gastuak justifikatzeko dokumentazioa.

1. Justifikazioak.

Erakunde onuradunek egindako edo hala badagokio aurreratutako gastuak justifikatu beharko dituzte, eta, horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Proiektuaren gauzatzeari lotutako kontratuen esleipen prozedurak justifikatzeko agiriak (proiektua idazteko eta/edo obrak zuzentzeko kontratua, obren kontratua), Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

b) Proiektuaren garapena edo amaiera azaltzeko txostena, justifikatzeko azken egunera arte egindako jarduketa barne, obra amaitu den ala ez kontuan hartu gabe.

c) Dirulaguntzari aplikatutako gastuen zerrenda zenbakiduna, non agiri zenbakia, kontzeptua, igorlea, data eta zenbatekoa zehaztuko baitira. Zerrenda horrekin batera, dagozkion egiaztagiriak, fakturak eta ordainagiriak aurkeztu beharko dira, gastuen zerrendako hurrenkerari jarraituz. Gastuen zerrenda hori erakundeek telematika bidez igorriko dute, erakundearen legezko ordezkariaren sinadura digitala duela, eta adierazirik gastuok dirulaguntza honetarako baizik ez direla aurkeztu. Egiaztagiri gisa, kontu laburpenak, ordainagiriak eta fakturak onartuko dira bakarrik, eta horietan jaulkitzailearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua, prezioa eta ordaintzeko modua adierazi beharko dira, apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, horren bidez fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onetsi baitzen.

d) Proiektuaren gauzatzeari buruzko memoria teknikoa eta dagozkion obra ziurtagiriak, obraren zuzendari fakultatiboak izenpeturik.

e) Obra harrera oso edo partzialaren akta, jabeak, obren zuzendari fakultatiboak eta obren kontratistak izenpeturik.

f) Obraren proiektu teknikoaren idazketa dagokion fakturaren bidez justifikatuko da.

g) Halaber, organo kudeatzaileak eskatzen dituen agiriak igorriko dira.

Justifikazio agiriak aztertutakoan, kontratuaren unitate kudeatzaileak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena eginen du, eta hari txosten bat erantsiko dio, frogatuko duena erakunde onuradunek betetzen dituztela dirulaguntzak kobratzeko eskubidea ematen dieten betebeharrak.

18.–Emandako dirulaguntzaren ordainketa.

Oro har, ordainketa eginen da erakunde onuradunek egiaztatzen dutenean dirulaguntza zer helburutarako eman zen, hori bete dela, eta justifikatzen dutenean bai jarduera bai egindako gastua foru agindu honetan ezarritako epe eta baldintzetan egin direla.

2022. urtean egindako jarduketen ordainketa, justifikatu ondoren, 2023ko ekainaren 30etik aurrera eginen da.

Ordainketa aurreratuak jasotzeko aukerari kalterik egin gabe, 2023. urtean egindako jarduketen ordainketa, justifikatu ondoren, 2023ko azaroaren 30etik aurrera eginen da.

19.–Emandako dirulaguntzak aldatzea.

Dirulaguntzak emateko kontuan hartu diren baldintzak ezertan aldatzen badira eta, betiere, aldi berean haiekin ezin bateratu den beste dirulaguntzarik eskuratzen bada, aldatu eginen da haiek emateko ebazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

20.–Erakunde onuradunen betebeharrak.

1. Foru agindu honen babespeko dirulaguntzen erakunde onuradunek honako betebehar hauek dituzte:

a) Helburua betetzea, proiektua gauzatzea; dirulaguntza emateko oinarri den jarduera egitea.

b) Organo emailearen aurrean justifikatzea bai deialdian ezarritako betekizunak eta baldintzak bete direla bai diruz lagundutako jarduera egin dela.

c) Organo emaileari jakinaraztea Foru Komunitateko Administraziotik, beste administrazioetatik edo erakunde publiko zein pribatuetatik xede bererako eskuratutako edozein dirulaguntza mota.

d) Egindako gastu edo inbertsioen egiazkotasuna justifikatzea dagozkien agirien bidez, deialdian ezarritako epe eta baldintzetan.

e) Egunean edukitzea dagozkion tributu betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak, eta ordaindu zain dagoen zorrik ez edukitzea Nafarroako Foru Komunitateko Ogasunarekin.

f) Organo emaileek egin ditzaketen kontrol eta egiaztapen jarduketei men egitea eta haietan laguntzea, aipatutako jarduketak egiteko eskatzen dieten informazio eta dokumentazio guztia emanez.

g) Jasotako funtsen erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztapen eta kontrolen xede izan daitezkeen bitartean.

h) Jasotako funtsak itzultzea, indarreko araudian ezarritako kasuetan.

i) Organo emaileari jakinaraztea dirulaguntza emateko erabakigarri izan ziren baldintzak aldatzen dituen edozein gorabehera edo diruz lagundutako jarduera garatzea zailtzen duen edozein inguruabar, betiere hura gertatu eta hilabeteko epean.

j) Laguntza hauen xedeko inbertsioa bideratzea kasuan kasuko jarduerarako, eta erakundearen jabetzan edukitzea gutxienez 30 urtez, ondasun higiezinen kasuan.

k) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

l) Erakundearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezik, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Aurreko betebehar horietako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki, dirulaguntza xedera bideratzeko betebeharra betetzen ez bada, emandako kopurua itzuli beharko da, proportzioan, betebeharra zenbat urtez bete den eta horren arabera.

21.–Dirulaguntzak itzultzea.

1. Oinarri hauek hizpide dituzten dirulaguntzek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean laguntzak itzultzeko ezarritako araubideari eta Foru Komunitateko Administrazioak ematen dituen dirulaguntzei aplika dakizkiekeen gainerako xedapenei jarraituko diete.

2. Jasotako dirua itzuli beharko da, kasuan kasuko berandutze interesarekin, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitako inguruabarretako bat gertatzen bada.

3. Dirulaguntza itzultzeko, dirulaguntzaren organo emaileak ebazpena eman beharko du, dagokion espedientearen instrukzioaren bitartez; horrek ekarriko du jasotako dirulaguntza itzultzea, bai eta kasuan kasuko berandutze interesak ordaintzea ere, dirulaguntza ordaindu denetik hura itzultzea bidezkoa dela erabaki arteko epeari dagozkionak.

4. Erakunde onuradunaren betetze maila nabarmen gerturatzen zaionean jardueraren erabateko betetze mailari, eta onuradunak argi eta garbi frogatzen badu hartutako konpromisoak betetzeko ahaleginak egiten ari dela, instrukzio organoak aurrez emanen duen txostenaren bidez zehaztuko da jaso beharreko zenbatekoa, edo, kasua zein den, itzuli beharrekoa, betiere proportzionaltasun irizpidearekin bat.

22.–Emandako laguntzen publizitatea.

Deialditik eratorritako jarduketetan edozein bitartekoren bidez egindako publizitatean eta erakunde adjudikaziodunek erabilitako dokumentazioan berariaz jasoko da Nafarroako Gobernuaren Eskubide Sozialetako Departamentuaren kargurako finantzaketa jaso dutela.

Horretarako, zerbitzuarekin lotuta sortutako euskarri fisiko edo digital guztietako gutxieneko publizitatean zuzen eta nabarmen jaso beharko da Nafarroako Gobernuaren ikurra, finantzaketa adierazpen egokiarekin: "Nafarroako Gobernuaren Eskubide Sozialetako Departamentuak finantzatuta".

Erakunde onuradunek justifikatu beharko dute betebehar hori bete dutela, eta hori egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

Halaber, jarduketek behar bezala identifikaturik egon beharko dute, bat etorriz Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 212/2010 Foru Aginduaren 4. artikuluan aintzat hartzen diren informazio, komunikazio eta publizitate betebeharrekin.

23.–Arau hausteak eta zehapenak.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzen onuradunak dirulaguntzen arloko arau hauste administratiboentzako zehapen araubidearen mende egonen dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita baitaude, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Dirulaguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz.

24.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen aurka bidezkoak diren errekurtso administratiboak.

Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.

II. ERANSKINA.–BETEKIZUNAK BETETZEARI BURUZKO ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA

Eguneko zentroak eraikitzeko edo horiek abian jartzeko obrak amaitzeko dirulaguntzen deialdia, Nafarroako Foru Komunitateko toki erakundeen ekimenarekin bat

.................................................................................................................................... jaun/andreak,

Nortasun agiri nazionalaren zk.: .............................................,

Erakunde honen legezko ordezkari gisa: ......................................................................................, IFK: .........................................

Helbidea: ....................................................................................................................

Jakinarazpenetarako helbide elektronikoa: ......................................................................,

Honako hau adierazten du bere erantzukizunpean:

Eskaeran eta harekin batera aurkeztutako agirietan agertzen diren datu guztiak egiazkoak dira.

Erakundeak deialdiaren oinarriak onartzen ditu, laguntzarako eskubidea aitortua izan dakion behar diren betekizunak betetzen ditu eta hori frogatzeko agiriak ditu; agiriok Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziari emanen zaizkio, errekerimendua egiten denean.

Erakundeak ez du urratzen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik.

Hirugarrenen laguntza edo dirulaguntzen baturak (deialdi honetan emandakoak barne) ez du gainditzen obra edo jarduketaren kostuaren %100.

Aipatutako erakundea bat dator Nafarroako indarreko dirulaguntza-araudiarekin.

Ez dauka ez administrazio ez zigor zehapenik, dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galarazten dionik, eta ez dauka horretarako desgaitzen duen legezko debekurik, barne harturik Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legean eta Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan sexuagatiko diskriminazioa gauzatu izanaren ondoriozkoak.

Abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretuaren II. eranskinaren B) 4.2 apartatuan ("Eguneko zentroetarako baldintzak") ezarritakoa betetzen da; izan ere, horrek arautzen ditu, batetik, Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen sistemaren barruan, egoitza zerbitzuen, eguneko zerbitzuen eta zerbitzu anbulatorioen funtzionamendua adinekoen, desgaitasuna dutenen, eritasun mentala dutenen eta gizarte inklusioaren arloetan, eta, bestetik, baimenen, aurretiazko komunikazioen eta homologazioen araubidea.

(Nolanahi ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimena, eta, kasu horretan, kasuan kasuko egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu).

................................................(e)n, 202....(e)ko ................................................ aren ...........([e]a)n.

(Legezko ordezkariaren sinadura eta erakundearen zigilua).

Iragarkiaren kodea: F2304028