62. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRURTZUN

Erregelamendua, "Berroz" udal-baratze ekologikoen erabilera eta funtzionamendua arautzen dituena. Behin betiko onespena

Irurtzungo Udalak, 2022ko urriaren 21ean egindako osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen "Berroz" udal-baratze ekologikoen erabilera eta funtzionamendua arautzen dituen Erregelamendua.

Iragarkia 8. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2022ko urtarrilaren 12an, bai eta Udalaren iragarki-taulan ere, eta horren ondotik jendaurreko aldia iragan da inork aurkeztu gabe erreklamazio, kexa edo oharrik. Hortaz, behin betiko onetsitzat jotzen da.

Ondotik testu osoa argitaratzen da, orok jakin dezan eta gainerako ondorioak izan ditzan, bete beharrez uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324., 325. eta 326. artikuluetan ezarritakoa (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Irurtzunen, 2023ko martxoaren 7an.–Alkatea, Aitor Larraza Carrera.

ERREGELAMENDUA, "BERROZ" UDAL-BARATZE EKOLOGIKOEN ERABILERA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUENA.

ZIOEN AZALPENA

–Aisialdia modu praktiko eta aberasgarrian erabiltzea.

–Nekazaritza bultzatzea.

–Nekazaritza tradizionalaren zenbait usadio eta ohitura berreskuratzea.

–Ingurumenarekiko ezagutza eta errespetua sustatzea.

–Harreman pertsonalak sustatzea, gizarte-sare bat sortuz.

1. artikulua. Xedea.

Berrozko udal-baratze ekologikoen erabilera eta gozamena arautzea da erregelamendu honen xedea.

2. artikulua. Deskribapena.

ITSASIA eremuko hiri-ingurune batean, 100 m² inguruko baratzeak sortu dira, itxituren eta zenbakien bidez bereizita. Era berean, konposterako gune bereiziak, landatutakoaren hondakinetarako guneak eta hazitegietarako gunea egonen dira. "etxola edo tresnetarako kaxoiak". Ur-hornidura izanen du.

3. artikulua. Jabetza eta kudeaketa.

1. Lursailak udalaren jabetzakoak izanen dira, eta bere eskumena izanen da horiek administratzea eta kudeatzea.

2. Baratzeen erabilera lagatzeak ez du esan nahi, inola ere, jabetza eskualdatzen denik, eta jabetza hori udalaren titulartasunekoa da beti.

4. artikulua. Baratzeen erabileraren emakida.

1. Baratzeak esleituko zaizkio honako baldintza hauek guztiak betetzen dituen pertsona fisiko bati:

a) Adin nagusikoa izatea.

b) Irurtzunen erroldatuta egotea.

c) Herrian bizitzea, egiaz eta jarraituki.

d) Zerga betebeharrak egunean izatea.

e) Udaletxean eskaera egin izana, horretarako ezarritako epean eta moduan.

2. Debekuak:

a) Baratze bakarra ematen ahalko da bizikidetza-unitate eta/edo bizileku bakoitzeko.

b) Lursail landagarriaren jabeak ez dira emakidadun izaten ahalko.

c) Ez dira lagapen-hartzaile izaten ahalko lursailaren erabileraz gabetutako pertsonak, haren erabilera okerra dela-eta.

d) Lagapen-hartzaileek ez dute inola ere eman zaien lursaila saltzen, eskualdatzen edo alokatzen ahalko.

3. Emakidaren data.

a) Baratzeen erabilera prekarioan emanen da betiere.

b) Udalak beretzat gordetzen du lurzati kopuru jakin bat edukitzeko ahalmena, hainbat jarduera garatzeko (prestakuntzakoak, hezkuntzakoak...).

c) Udalak karnet bana emanen die emakidadunei.

d) Emakidaduna ordezkatuko duen pertsona bat izendatzen ahalko da, behar bezala justifikatutako arrazoiak direla-eta absentzia gertatuko bada, hala nola, heriotza, lan-arrazoiengatik gehienez hiru urtez emigratzea edo antzekoak, edo Jarraipen Batzordearen iritziz.

e) Lagapen-hartzaileek batzorde bat eratu beharko dute, Udalarekin hitz egiteaz eta, oro har, esparrua garbitzeaz eta egoera onean egoteaz arduratuko dena.

5. artikulua. Eskabideak aurkeztea eta lursailak ematea.

Udalak epe bat irekiko du eskabideak aurkezteko, eta epe hori Udalaren Erregistro Orokorrean, Egoitza Elektronikoan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako edozeinetan aurkezten ahalko da.

Ezarritako epea amaituta, izena emateko erreserba irekiko da. Egintza horretarako eratutako esleipen-mahaiak lursailak esleituko ditu honako irizpide hauen arabera:

1. Lursail erabilgarrien % 80 zuzenean esleituko zaie eskabidea aurkeztu eta 4. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsonei. Esleitu beharreko lursailak baino pertsona interesdun gehiago egonez gero, zozketa bat eginen da, eta itxaron-zerrenda bat sortuko da.

2. Lursailen gainerako % 20a baremo honen arabera esleituko da:

a) Egokitasunari buruzko txosten soziala, Irurtzungo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak emandakoa eta haren irizpideari jarraiki (errenta, familia-egoera...). 4 puntu, gehienez.

b) Langabetuak, urtebetetik gorako eperako (karneta), eskabideak aurkezteko epea hasten denetik zenbatzen hasita. puntu 1 urte bakoitzeko, eta gehienez ere 4 puntu.

c) Genero ikuspegia. 2 puntu.

3. Aurreko 1. eta 2. epigrafeen arabera egindako esleipenen ondoren hutsik geratzen badira baratzeak, beste epe bat irekiko da eskaera berriak egiteko, eskabideak aurkezteko epe arrunterako ezarritako baldintza berberekin. Hori amaitutakoan, esleipena eginen da, artikulu honetako 1. epigrafean ezarritako moduan.

4. Hasierako emakida 2 urtera eginen da, esleipenaren ebazpenetik zenbatzen hasita. Gorabehera aipagarririk egon ez bada, erabilera eta gozamena gehienez beste 5 urtez luzatuko da. Luzapen horiek adostutzat joko dira, baldin eta hilabete lehenago aurkakoa jakinarazten ez bada.

5. Emakida-zikloa amaitu ondoren, eskabideak egiteko epea ireki eta itxi gabe geratzen bada, lagapenaren beste luzapen bat ematen ahalko da, harik eta Udalak uste duen arte eskaerak egiteko epea berriro irekitzeko baldintzak betetzen direla, eta, nolanahi ere, beste hiru urtez.

6. artikulua. Baratzeak erabiltzeko arauak.

1. Ez da zuhaitzik onartzen.

2. Ez da baimenik ematen animaliak etengabe hazteko eta edukitzeko.

3. Landatutako produktuak norberaren kontsumorako dira, eta debekatuta dago saltzea.

4. Debekatuta dago animaliak harrapatzeko tranpak edo antzeko mekanismoak erabiltzea.

5. Debekatuta dago lursailaren egitura aldatzea, ezta baimendu gabeko itxituren bidez mugatzea ere.

6. Debekatuta dago lursailekoak ez diren elementuak jartzea: Etxolak, negutegiak, bankuak, zoladurak, barbakoak...

7. Galarazita dago landare igokariak landatzea edo ondoko lurzatietan sartu edo bertan itzala egin dezaketen elementuak jartzea.

8. Ikusten den edozein anomalia funtzionalen berri eman behar zaie udal-arduradunei.

9. Kaltetutako elementuak konpondu edo birjarri behar dira.

10. Motokultiboak eta mandakoak erabil daitezke 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.

11. Udalak ura erabiltzeko proposatzen dituen arauak errespetatzea. Debekatuta daude putzuak eta ur-hartze mekanikoak, eta ur-kuotak onartu behar dira, halakorik balego.

12. Nekazaritza ekologikoa sustatuko da, eta hazi transgenikoen erabilera gutxienekora eramanen da esplizituki.

13. Guztiz debekatuta dago herbizidak, plagizidak eta indarrean dagoen legeriak baimentzen ez dituen ongarri kimikoak erabiltzea.

14. Sortutako hondakin organikoak birziklatzea eta berrerabiltzea, erabilera horretara bideratuko diren konpostontzien bidez.

15. Lagapen-aldia amaitzean, baratzea egoera onean uztea. 2 hilabeteko epea emanen da.

7. artikulua. Lagapen-hartzaileen eskubideak.

a) Proiektuan parte hartu izana egiaztatzen duen karneta jasotzea. Karnet horretan, titularraren datu pertsonalak eta esleitutako lursailaren zenbakia jasoko dira.

b) Esleitutako lursaila lantzea eta bertako produktuez gozatzea.

c) Udalak tresnak gordetzeko ezaugarri zehatz batzuekin instalatuko duen kaxoia erabiltzea.

d) Proiektuarekin lotuta programatzen diren jardueretan parte hartzeko eskubidea.

8. artikulua. Lagapenaren hartzaileen betebeharrak.

a) Baratzeak erabiltzeko erregelamendua errespetatzea.

b) Instalazio guztiak behar bezala erabiltzeko eskubidea, erregelamendu honen 6. artikuluan ezarritako arauen arabera.

9. artikulua. Udalaren betebeharrak.

a) Baratzeak ongi prestatzea:

–Lurzoru emankorra.

–Ureztatzeko uraren banakako irteera.

b) Aldizkako ikuskapenak egitea instalazioak behar bezala mantentzeko.

c) Baratze ekologikoen erabilera egokiari buruz aholkatzea:

–Haziak hautatzea.

–Lurra prestatzea.

–Ureztatzeko modu desberdinak.

–Hondakinak eta konpostajea kudeatzea.

d) Ordainketa-kanona ezartzea (halakorik balego) eta baratzeak esleitzeko eta behar bezala erabiltzeko arauak aplikatzea.

e) Inbertsio-partida baten sorrera baloratzea urtero, jasotako kanon beraren gainean.

f) Ez da ebasketen eta lapurreten erantzule izanen; salbuetsita egonen da erabiltzaileek jasan edo eragin ditzaketen kalteak ordaintzetik.

10. artikulua. Jarraipen batzordea.

1. Osaera:

a) Proiektuaren ardura duen udal-arloko zinegotzi arduradunak edo hark eskuordetzen duenak izanen du lehendakaritza.

b) Gaian interesa duen eta baratze komunitarioen prozesuan parte hartu nahi duen edozein udal teknikari edo politikari.

c) Baratze komunitarioetako lantalde bakoitzeko ordezkari bat:

Itzulera soziala; zereginak kudeatzea eta antolatzea, eta bizikidetzaren alde egitea.

d) Baratze komunitarioei laguntzeko kontratatutako langilea, halakorik badago.

e) Noizean behin, lehendakariaren baimenarekin, bere ezagutzak eta esperientziak eman ditzakeen aditu pertsonal batek parte hartzen ahalko du, hitzarekin baina botorik gabe.

f) Interesa duen eta bere ezagutzak eta esperientziak eman ditzakeen edozein kolektibo.

2. Jarraipen Batzordearen funtzionamendua.

1. Batzordea hiru hilean behin bilduko da (batzarraren ondoren), ohiko izaeraz,

eta ohiz kanpo, edozein egunetan, lehendakariaren ekimenez edo legezko kideen herenak hala eskatzen duenean.

2. Jarraipen Batzordearen eginkizuna izanen da Baratze Komunitarioetan parte hartzen duten pertsonen eta Udalaren arteko komunikazio-organo bat aktibatzea.

11. artikulua. Ikuskapena eta kontrola.

1. Ikuskapena eta kontrola Udalak berak izendatutako teknikariek eginen dute, eta Ordenantza honetan araututako gaiak zaindu, ikuskatu eta kontrolatzeko jarduerak eginen dituzte.

2. Baratzeak erabiltzen dituzten pertsonek edo erakundeek laguntza eman beharko diete aipatutako pertsonei baratzeetan sartzeko, bai eta eskatzen zaien informazioa emateko ere, egiten den kudeaketaren, erabileraren eta gozamenaren jarraipena egiteko.

12. artikulua. Arau-hausteak.

1. Arau-hauste arintzat joko da:

a) Edozein erabiltzaileri, teknikariri edo baratzeetan eginkizunak betetzen dituzten gainerako langileei tratu desegokia ematea.

b) Zuhurtziagabekeriaz edo zabarkeriaz jokatzeagatik 100 eurotik beherako kalteak eragitea instalazioan, edota haren materialetan edo ekipamenduan.

c) Baratze komunitarioa eta laborantza-eremua mantentzeko oinarrizko lanak bertan behera uztea.

d) Ordenantzan aurreikusitako modalitateren batean konpostajerik ez egitea.

e) Bizikidetzaren edo baratzeen funtzionamendua aldatzea eta beste pertsona batzuei eragozpenak eragitea.

f) Debekatuta dauden edo baratzeetan narriadurak eragiten dituzten espezieak landatzea.

g) Ez jakinaraztea baratzeak erabiltzeko baimena eskuratzeko ezarritako baldintzak betetzeari eragin diezaioketen aldaketak.

h) Hondakin organikoak plastiko eta metalen edukiontzira botatzea.

i) 6. artikuluan (Erabilera-arauak) xedatutakoa urratzea, betiere larritzat edo oso larritzat jotzen ez bada.

j) Erabiltzaileek ordenantza honetan ezarritako betebeharren bat ez betetzea, arau-hauste larri edo oso larri gisa aurreikusita ez badago.

2. Arau-hauste larritzat hartuko da:

a) Beste erabiltzaile batzuei edo baratzeen mendeko langileei tratu txarrak ematea, hitzez edo egintzaz.

b) Instalazioari, materialari edo ekipamenduari nahita edo zuhurtziagabekeriaz edo zabarkeriaz kalte egitea, kaltea 101 eta 300 euro bitartekoa denean.

c) Udalak aldez aurretik baimendu ez dituen obrak edo aldaketak egitea, ikasketa kolektiboari eta itzulera sozialari bide emateko adostutakoak izan ezik.

d) Laborantza-eremuan sua erabiltzea, edozein helburutarako.

e) Hutsegite larritzat hartuko da hiru urteko epean bi arau-hauste arin edo gehiago egitea.

3. Arau-hauste oso larritzat jotzen dira:

a) Lurzorua kutsatzea.

b) 400 eurotik gorako udal-ondasunak lapurtzea.

c) Instalazioari, materialari edo ekipamenduari nahita edo zuhurtziagabekeriaz edo zabarkeriaz kalte egitea, kaltea 301 eurotik gorakoa denean.

d) Debekatuta dauden landare toxikoak ekoiztea.

e) Baratzeetatik lortutako produktuak merkaturatzea.

f) Baratzeak erabiltzeko eskubidea duenari edo dutenei hartaz baliatzea galaraztea.

g) Galaraztea edo eragoztea baratzeen funtzionamendu normala.

h) Baratzeak erabiltzen ari diren pertsonen aurkako eraso fisikoa egitea.

i) Nortasunari, adinari edo erabiltzeko baimena lortzeko garrantzitsua den beste edozein gairi buruzko datuak faltsutzea, edo identitatea ordeztea.

j) Erabiltzeko baimena baliogabetzen bada, lursaila ez uztea Udalak ezarritako epean.

k) Baimena hirugarren pertsona edo erakundeei helaraztea edo lagatzea.

l) Lurzorua kutsatzea ongarri kimikoen edo pestiziden bidez.

12. artikulua. Zehapenak.

1. Zehapenen zenbatekoa:

a) Arau-hauste oso astunak: 1.501 eta 3.000 euro bitarte.

b) Arau-hauste astunak: 751 eta 1.500 euro bitarte.

c) Arau-hauste arinak: 750 euro arteko isuna.

2. Zehapenen maila eta zenbatekoa zehazteko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Arau-hauslearen erruduntasun-maila edo araua hausteko asmoa edukitzea.

b) Arau-hausteak behin eta berriro egitea.

c) Kalteak nolakoak diren.

d) Urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egitea, administrazio bideko ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

AZKEN XEDAPENA

Tasak eta tributuak

Zerga-ordenantza bidez arautuko dira zerga-egitatea, sortzapena eta proiektu honetatik sor daitezkeen zergekin lotutako gainerako gorabeherak.

Iragarkiaren kodea: L2304047