62. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

22E/2023 EBAZPENA, otsailaren 23koa, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez behin betiko onesten baita Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea, AR-1 banaketa-areako D-10 Unitate Morfologikoko D-10.1 eta D-10.2 lurzatiei eragiten diena, Iribarrengoa SLk sustaturik.

Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak azaroaren 16an eman 141E/2022 Ebazpenaren bidez hasiera batean onetsi zen Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketa, AR-1 banaketa-areako D-10 Unitate Morfologikoko D-10.1 eta D-10.2 lurzatiei eragiten diena, Iribarrengoa SLk sustaturik.

Ebazpen hori Nafarroan argitaratutako egunkarietan argitaratu zen, 2022ko azaroaren 24an, bai eta 2022ko 257. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 22koan ere, eta batera egin ziren espedientea jendaurrean jartzeko tramitea eta ukitutako udalari entzunaldia ematekoa. Ezarritako epean, ez da haren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Hirigintza-antolamenduko tresna bat da, D-10.1 eta D-10.2 lurzatiak edo unitate funtzionalak ukitzen dituena (AR-1 eremuko D-10 unitate morfologikoa), bizitegi eremuaren iparraldean. Burlatako udal-mugarteko 2. poligonoko 998. eta 999. katastro-lurzatiak dira, UGPSaren iparraldeko muturrean kokatzen direnak.

Espedienteak aldatu gogo ditu aipatutako unitate funtzionalen eremu osoaren hirigintza-antolamendu xehatuko determinazioetako batzuk, bertan etxebizitza kolektiboko hiru bloke eraiki ahal izateko, gehienez 16,50 metroko altuerakoak (B+4), beheko solairuan etxebizitzak daudela eta sotoan aparkalekua.

Espedientean honako hauek emandako aldeko txostenak daude: Babes Zibileko Zerbitzua, Iruñerriko Mankomunitatea eta Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusia.

Ofizioz aldatu da dokumentua, Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiaren txostenetan adierazitako moduan, antolamendu planoetara erantsi baita Iruñeko aireportuko zortasun aeronautikoen planoa, bai eta altuera-mugei buruzko araudiko testua ere.

Ingurumen izapideari dagokionez, Ingurumen Eraginaren Atalak, 2022ko irailaren 30eko txostenean, ondorioztatzen du ezen, UGPSaren aldaketaren ezaugarriak ikusita, irizten zaiola [...] ez dagoela Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6. artikuluan jasotako kasuen artean.

Sustatzaileak 2023ko urtarrilaren 30ean aurkeztutako dokumentuak erantzuna ematen die Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren azaroaren 16ko 141E/2022 Ebazpenean jasotako kontsiderazioei; hortaz, aldaketa hasiera batean onetsi zen.

Ikusirik Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2022ko otsailaren 14ko txostena, eta bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen Testu Bateginarekin (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia), eta erabiliz Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten ahalmenak,

EBAZTEN DUT:

1. Behin betiko onestea Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea, AR-1 banaketa-areako D-10 Unitate Morfologikoko D-10.1 eta D-10.2 lurzatiei eragiten diena, Iribarrengoa SLk sustaturik.

2. Sustatzaileak espedientea tramitatzean emandako txosten sektorialetan xedatutakoa bete beharko du.

3. Obren eragina jasan dezaketen beste azpiegitura eta zortasun batzuei dagokienez edo obrak egitea baldintzatzen ahal duten azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak behar diren baimen guztiak lortuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

4. Ebazpen hau, araudia eta onetsitako planoak, eranskinean jasotakoak, argitara ematea Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Dokumentu hori Nafarroako hirigintzari buruzko informazioko sistemaren (SIUN) webgunean ere eskuragarri egonen da.

5. Ebazpen hau jakinaraztea Burlatako Udalari, Ingurumen Eraginaren Atalari, Babes Zibileko Zerbitzuari, Iruñerriko Mankomunitateari, Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiari eta espedientearen sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Adieraztea ebazpen honek administrazio bidea amaitzen duela, eta haren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. eta 46. artikuluetan xedatutakoarekin, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.3 artikuluari dagokionez.

Dena dela, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2023ko otsailaren 23an.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, Izaskun Abril Olaetxea.

Onetsitako araudia (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2303283