62. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BAZTAN

Udal ordenantza, arautzen duena ibilgailuak kargatzeko puntuetako hornidura elektrikoa. Behin betiko onespena

Baztango Udalak, 2022ko abenduaren 22an egindako ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Udalaren ordenantza bat, arautzen duena ibilgailuak kargatzeko puntuetako hornidura elektrikoa.

Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2023ko 11. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 17an, eta Udalaren iragarki-taulan, eta legezko epea igarota inork ez duenez alegaziorik jarri, behin betiko onetsitzat jo da eta haren testu osoa argitaratzen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Baztanen, 2023ko martxoaren 14an.–Alkatea, Joseba Otondo Bikondoa.

Udal ordenantza, arautzen duena ibilgailuak kargatzeko puntuetako hornidura elektrikoa

1. artikulua. Oinarria eta araubidea.

Udal honek arautzen du ibilgailu elektrikoak kargatzeko zerbitzua, Baztanerako, baita erabiltzaileek hargatik ordaindu beharreko prezio publikoak ere. Hori dena, erabiliz martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 11.-15. eta 28.-35. artikuluek emandako eskudantziak (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

2. artikulua. Zerbitzu ematea.

Ibilgailuak kargatzeko zerbitzua emanen da, ibilgailuak kargatzeko prestatu den instalazioaren bidez, Elizondon, Santiago karrikan, Foru plazaren parean.

Baztango Udalak etorkizunean beste instalazio batzuk ezartzen ahal ditu Baztanen, toki berean edo beste espazio publiko batzuetan.

3. artikulua. Ordaindu beharraren sorrera.

Baldin pertsona fisiko eta/edo juridikoek erabiltzen badute ibilgailu elektrikoak kargatzeko zerbitzua, dagokion prezio publikoa ordaindu beharko diote Baztango Udalari.

Prezio publikoa ordaintzeko beharra sortzen da zerbitzuaren prestazioa edo jarduera hasten denean; Baztango Udalak, baina, eska dezake aldez aurretik ordaintzea haren zenbateko osoa edo zati bat, jarraikiz martxoaren 20ko 2/1995 Foru Legearen 34. artikuluko 1. apartatuari (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

4. artikulua. Ordaintzera behartuta daudenak.

Ibilgailu elektrikoak kargatzeko zerbitzua emateagatik, prezio publikoa ordaintzera behartuak daude pertsona fisiko eta/edo juridikoak baldin eta zerbitzuaren onura jasotzen badute edo hura erabiltzen badute ezartzen diren moduetako edozeinetan.

5. artikulua. Zenbatekoa.

Prezio publikoagatik jaso beharreko eskubideen zenbatekoa izanen da ordenantza honen tarifen eranskinean ezarritakoa.

Baztango Udalak eranskin hori eguneratzen ahal du, gainerako prezio publiko eta tasekin batera edo modu partikularrean, horretarako legezko prozedura betez.

Ordenantza honetan araututako prezio publikoen zenbatekoek kargatua dute aplikatu beharreko BEZa.

6. artikulua. Kobrantza.

Prezio publikoa ordaindu beharra sortzen da jarduera edo zerbitzua ematen hastean.

Zerbitzua edo jarduera ematen edo egiten ez bada, prezio publikoa ordaintzera behartuta dagoen pertsona fisiko eta/edo juridikoari leporatu ezin zaizkion arrazoiak direla eta, ordaindutako zenbatekoa itzuli eginen da.

Prezio publikoa dela-eta zorrik baldin bada, eskatuko da premiamendu-prozeduraren bidez.

7. artikulua. Kobratzeko prozedura.

Udalak kobratzeko sistema bat ezartzen ahal du, berariazko aplikazio informatiko baten edo batzuen bidez, eraginkortzat jotzen baditu; aplikazioak izaten ahalko dira Udalarenak berarenak edo hirugarren agenteek emandakoak.

Sistema horien erabilerak kostu gehigarria izan dezake erabiltzaileentzat; kostu hori izanen litzateke kargaren zenbatekoaren %5, gehienez ere.

Azken xedapena

Ordenantza honen indarraldia hasiko da behin betiko onetsitakoan eta testu osoa argitaratutakoan Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta indarrean jarraituko du harik eta Baztango Udalak erabaki arte indargabetzea edo berariaz aldatzea.

Tarifen eranskina

Ibilgailu elektrikoen karga lasterraren zerbitzuaren zenbatekoa ezartzen da oinarri harturik kargatze puntutik zerbitzua jasotzen duen ibilgailu elektrikora benetan igarotako energia elektrikoaren unitateko prezioa.

Unitateko prezioa (BEZa barne), ibilgailu elektrikoen bide publikoko karga "erdilasterraren" zerbitzurako: potentzia ≤ 22k W: 0,35 euro/kWh.

Iragarkiaren kodea: L2304292