62. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ATETZ

Aldaketa, Udalaren aretoen eta lokalen (Kultur Eskola) erabilera arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Atezko Udalak, 2022ko abenduaren 23an egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldatzea Udalaren aretoen eta lokalen (Kultur Eskola) erabilera arautzen duen ordenantza. Erabaki hori argitaratu zen 2023ko 6. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 10ean.

Jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, aldaketaren behin betiko testua argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori dena, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin.

Eritzegoitin, 2023ko martxoaren 10ean.–Alkatea, Paula Ibero Baraibar.

ALDAKETA, UDALAREN ARETOEN ETA LOKALEN (KULTUR ESKOLA) ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZAN

3. artikuluko 5. puntua aldatzen da, honela:

Beheko solairuaren (3. aretoa) erabilera gastronomikorako, eskaera egin beharko da, eta honela bideratuko da:

Eskatzaileak Atezko Udalean erroldatutakoa izan beharko du.

3. aretoa erabilera gastronomikorako erreserbatzeko, eskaera udaletxean bertan edo telefono bidez eginen da. Eskaera idatzi eginen da erreserba egiterakoan edo ondoren eta aretoa erabili aurretik. Eskaeran honako hauek zehaztuko dira: bertaratutakoen kopurua, une gastronomikoa (hamaiketakoa, bazkaria, askaria, afaria...), sukaldea erabiliko den edo ez, labea erabiliko den edo ez.

Eskaera idatziz egiterakoan, Udalak dagokion tasa ezarriko du I. eranskineko irizpideei jarraikiz.

Eskatzaileak jarduerak eta funtzionamendu arauak errespetatu behar ditu, bai eta instalazioak eta ekipoak zaindu ere. Lokaletik joaterakoan, beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu ziurtatzeko txorrotak, gasa, argiak, ateak eta abar behar bezala itxi direla, eta lokala ekitaldiaren hasieran zegoen egoera berean utziko du, eta Udalak ez du inolako erantzukizun subsidiariorik izanen higiezinaren edo espazioaren jabea izateagatik.

Arauak urratzeak edo ez betetzeak ekartzen ahal du jarduerak egiteko lortutako baimena kolpetik bertan behera gelditzea.

Eskatzailea izanen da edozein anomalia edo akatsen erantzulea.

Udalak funtzionamendu-araudi bat idatziko du, lokalaren erabilera gastronomikoa zehazteko.

Data eta ordutegi bera dituzten eskaeren kopurua erregelamenduan ezarritako gehieneko edukieraren araberakoa izanen da, eta aurretik aurkeztutakoa gailenduko da. Hala ere, Atezko Udalak erabakitzen ahalko du zer ekitaldik duen lehentasuna aldi bererako proposatu direnen artean.

Udalak fidantza gordailutzea eskatzen ahalko du, legez onarturiko edozein modutan. Fidantza hori erabilera-erregelamenduan finkatuko da, eta haren helburua izanen da beheko solairua behar bezala erabiltzea eta lokala lagapenaren aurretik zegoen bezala uzteko betebeharra betetzea. Erregelamenduan zehaztuko da fidantzaren zenbatekoa.

Honako hauen bermea izanen da fidantza: beheko solairuan eragindako kalte-galerengatik ordaindu beharreko kalte-ordainena eta ordenantza hau aplikatzearen ondoriozko zehapenena.

Behin erabili ondoren, giltza udal-bulegoetan entregatu beharko da, hurrengo egun balioduneko 24 orduko epean edo Udalak zehazten duen moduan.

Atezko Udalak aretoa erabiltzeko hitzarmenak egiten ahalko ditu, egoki deritzonean. Hitzarmen horiek bakarrik egiten ahalko dira Eritzegoitiko Kontzejuaren eta Atezko Udalaren artean itundutako eraikinaren lagapenean zehaztutako helburuak betetzen dituzten erakundeekin.

I. ERANSKINA

Tasak

1. 3. aretoaren erabilera gastronomikoa (beheko solairua).

–Beheko solairuaren erabilera gastronomikorako, sukaldea erabilita: 2 euro mahaikide bakoitzeko.

–Beheko solairuaren erabilera gastronomikorako, sukaldea erabili gabe: 10 euro ekitaldi bakoitzeko.

2. Erabilera ez-gastronomikoa 1. eta 2. aretoetan (lehen solairua) eta 3. aretoan (beheko solairua).

–Herritarrentzat interesgarriak diren irabazi asmoko erakunde edo pertsona pribatuek antolatutako edo garatutako kultura- edo kirol-jarduerak emateagatik, honako tasa hau ezartzen da:

  • Unean uneko jarduerak: 6 euro orduko.
  • Aldizkako jarduerak: 4 euro orduko.

Tasak ordaintzetik salbuetsita egonen dira irabazi asmorik gabeko kultura, kirol edo ongintzako elkarteak eta zeinahi pertsona fisiko, betiere arestian aipatu xedeetako bat badute.

Iragarkiaren kodea: L2304189