62. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

226E/2023 EBAZPENA, martxoaren 6koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Bioenergía Mendi SLk Mendigorriako udalerrian sustatutako biometanizazio instalazioaren proiektuaren aldaketaren ingurumen eraginaren txostena ematekoa. Aldaketa horren bidez, hondakinak kudeatzeko ahalmena urtean 80.000 tonaraino handituko da.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 17ko 2321/2009 Ebazpenak ingurumen baimen integratua eman eta ingurumen eraginaren adierazpena formulatu zuen biometanizazio instalazio horretarako.

Izapidetzen ari den proiektuaren aldaketaren ezaugarriengatik eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 c) artikuluaren arabera, proposatutako aldaketak ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatua behar du.

Ingurumen eraginaren txosten horren I. eranskinean proiektuaren oinarrizko datuak laburtzen dira.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak jendaurrean jarri zuen proiektuaren dokumentazioa, 30 egunez, iragarkia argitaratu ondoren 2022ko ekainaren 17ko 120. Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

2022ko azaroaren 2an, Biodibertsitate Zerbitzuak dokumentazioa hobetzeko errekerimendu bat egin zuen, ingurumen-azterketak barne har zezan digestatoa aplikatzeko lurralde-planari buruzko informazioa eta ebalua zitzan horren aprobetxamenduaren eraginak nekazaritzan, alegia, nitratoekin kutsatzeko arriskua duten eremuetan, baita plan horrekin lotutako Estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko intereseko eremuetan ere.

2022ko abenduaren 30ean, sustatzaileak dokumentazio berria aurkeztu zuen, besteak beste, digestioa banatzeko planaren proposamen berri bat erantsi zuen. Proposamen horretan, nitratoek kutsatzeko arriskua duten eremuetan dauden lurzati guztiak kendu ziren.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak jendaurrean jarri zuen berriz espedientea, 30 egunez, iragarkia argitaratu ondoren 2023ko urtarrilaren 5eko 4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Proiektuaren ingurumen ebaluazioa.

Arga ibaiaren ezkerraldeko ibai-terraza baten gainean dago instalazioa, Mendigorria herriaren hegoaldean, 3.300 metrora, gutxi gorabehera. Nafarroako Kanalaren lur ureztatura aldatutako eremuaren II.2 sektorearen (Artaxoa) barruan dago, eta lur ureztatuen lanetako legarren erauzketak eragindako azalera baten burualdea hartzen du.

Instalazio berririk ez dagoenez, jarduera aldatzeari lotutako ingurumen-eraginak, ingurune naturalarekiko eraginei dagokienez, digestatoaren kudeaketaren ondorioetan zentratzen dira. Azalera efektiboak, zeinaren gainean aurreikusi baita aplikatzea digestatoa nekazaritzako ongarri gisa, banaketa-azalera efektiboaren 1.389 ha inguru hartzen ditu. Nabarmendu da lurralde planak ez duela barne hartzen kutsa daitezkeen inguruetako lurzatirik, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren irailaren 15eko 147E/2020 Foru Aginduaren arabera (haren bidez berrikusten dira nekazaritzako nitratoez ura kutsatua izan dezaketen eremuak).

Halaber, adierazi da aurreikusitako banaketa eremuaren 153,5 ha daudela, batetik, Estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko intereseko eremuan, hain zuzen Baigorriren hegoaldean eta Baigorriren iparraldean (kategoria altukoak biak) eta, bestetik, Vergalada azpieremuan, Erriberriko merindadeko zereal estepen abifauna Nafarroan kontserbatzeko intereseko eremuaren barruan.

Ingurumen eraginaren azterketaren eta ebaluazio horretatik ondorioztatu da faunaren gaineko eragina (batez ere abifaunarena) eta estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko intereseko eremuari lotutako agrosistemaren babesa direla kontuan hartu beharreko alderdi nagusiak, ingurumenean inpaktuak sortzeko duten potentzialtasunagatik. Baliabideen kontsumoari eta airearen, lurzoruaren eta uren kalitatearen kontrolari lotutako gainerako ondorioak ingurumen-baimen integratuan zehaztuko dira.

Katalogatutako espezieen babesa indartzeko, ingurumen eraginaren txostenaren baldintzetan txertatu dira neurri espezifiko batzuk, ingurumen balioko eremuetan abereen gorozkiak banatzeko sisteman eragina dutenak. Neurri horien xedea da bermatzea jarduerak ez duela eragin nabarmenik izanen estepako abifauna katalogatuaren hazkuntza eta ugalketa garaian.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektuak ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta bete beharrari buruz edo ingurumen eraginari buruzko txostena emateari buruz, txosten horretan ezarritako baldintzetan.

Aurkeztutako dokumentazioa ikusirik eta 21/2013 Legearen III. eranskinean jasotzen diren irizpideetan oinarriturik, Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du behar bezala egin dela ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren prozedura, eta zehaztu du proiektuak ez duela izanen eragin nabarmenik ingurumenean, baldin eta horretan jasotako neurri zuzentzaileak betetzen badira, baita ingurumen eraginaren txosten honetan jasotako zehaztapenak ere.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Biometanizazio instalazioa aldatzeko proiektuak, hondakinen kudeaketa ahalmena urtean 80.000 tonaraino handituta, zeina Bioenergía Mendi SLk sustatzen baitu Mendigorriako udal-mugartean, ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen inpaktuaren txosten honetan adierazten den baldintzetan, eta, ez da hari buruzko ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntik egin behar, 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluko 1. atalean aurreikusi bezala.

2. Proiektu horren aldeko ingurumen eraginaren txostena egitea, ingurumenean ondorio esanguratsurik ez duela iritzita, jarraian ezartzen diren baldintzetan:

–Proiektuaren ingurumen-integraziorako baldintzak:

  • Instalazioren ingurumen baimen integratuak aplikatu beharreko baldintzei eutsiko die, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 17ko 2321/2009 Ebazpenaren II. eranskineko 10. puntuan ezarritakoak. Ebazpen horren bidez, ingurumen baimen integratua eman zen eta ingurumen eraginaren adierazpena egin zen txerrikumeak ekoizteko instalazio baterako eta hondakin organikoak biometanizatzeko instalazio baterako.
  • Banaketa-planaren etorkizuneko aldaketetarako, baldin eta nekazaritza-iturrietatik datozen nitratoekin ura kutsatzeko arriskua duten eremuei eragiten badiete, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren aldeko txostena izan beharko da.
  • Nekazaritzako ongarri gisa aplikatzeagatik digestatoko materiala balorizatzeko eragiketak, nekazaritzako jardunbide egokien kodean eta sektoreko araudian jasotako baldintzez gain, aintzat hartuko ditu eremu kaltebera horretarako jarduketa-programa eta indarrean dagoen Ebroko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoan ezarritako neurriak.
  • Babestutako espezie eta naturguneen kontserbazioa errazteko, digestatoa aplikatzen zaienean Natura 2000 Sareko lurzatiei, Nafarroako Naturguneen Sareko lurzatiei edota estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko intereseko eremuei txosten honen II. eranskineko protokoloa bete beharko da.
  • Bereziki, ez da ez digestatorik ez simaurrik aplikatuko, martxoaren 1etik abuztuaren 31ra arte, lehorreko zereal laboreetan, ugaltze-garaia bermatzearren. Lugorrietan ez da mindarik aplikatuko, ezta deribaturik ere.
  • Horretarako, biometanizazioko instalazioaren titularrak egiaztagiri bat izanen du (simaurrak kudeatzeko erregistroaren liburuaren gisakoa) eta hor islatuko da digestatoa balorizatzearen azken eragiketa; bereziki zehaztuko dira lurzatiak, noiz aplikatu den eta maiztasuna (lugorriaren araubidea egiaztatzeko, aplikatzekoa den lekuan).

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak ukatu gabe, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak ukatu gabe.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzura, Lizarra iparraldeko Basozaintzara eta interesdunari.

Iruñean, 2023ko martxoaren 6an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Proiektuaren laburpena

Proiektuaren bidez, instalazioaren tratamendu-ahalmena handitu nahi da, urtean 33.100 tonatik 80.000 tonara, Mendigorriko El Saso inguruko 7. poligonoko 428. lurzatian dauden instalazioen kanpo aldea aldatu gabe.

Jardueraren ardatza da hondakin organiko ez-arriskutsu biodegradagarrien kudeaketa (substratuak), mikroorganismoen bidezko hartzidura anaerobikoaren prozesu baten bidez (biometanizazioa). Instalazioan baliatzen dituzte hainbat jatorritako hondakin organikoak eta alboko haztegiko txerri-minda. Prozesua horretan eragiten dira, batetik, metanoa eta karbono dioxidoa (biogasa), tarteko produktu gisa, baliatzen dena sare elektrikora isurtzen den elektrizitatea sortzeko; eta, bestetik, beroa, baliatzen dena prozesuan bertan eta txerrikumeen haztegiaren berokuntzan.

Prozesutik zenbait material ateratzen dira, substratuei laguntzen dietenak (ontziak eta bilgarriak) eta hartzidura-prozesuan desegokiak diren beste material batzuk. Azken horiek kudeatzaileari ematen zaizkio (horietako batzuk, balorizatzeko modukoak, beste instalazio batzuetara bideratzen dira), baita digestatoa ere, fase likidoan soilik. Hartziduraren ondoriozko materia nagusia da, eta hondakin moduan kudeatzen da, nekazaritzarako ongarri-material gisa balorizatuta.

Gainera, prozesuari lotuta, metanizazioaren aurreko degradazio biologikoan, emisio ez-fokalizatuak eragiten dira, baita generazio-motorren eta galdaren zarata eta errekuntza-gasak ere. Ez da isuririk aurreikusten. Instalazioak euri-urak eta gune zikinak (industrialak) bereizten dituen sare bat du, eta horiek prozesuan sartzen dira.

Ingurumen baimen integratuan aldaketa nabarmena egiteko, ondoko erreferentzia-balio hauek hartu dira kontuan:

–Urtean 80.000 tona hondakin kudeatzeko ahalmena; horietatik, 17.000 tona txerri-mindak dira.

–Urtean 4.000 MW elektrizitate ekoizteko ahalmena.

–Urtean 8.322 MW termikoki ekoizteko ahalmena.

–Urtean 8.000 m³ ur kontsumitzea, batez ere, garbiketan.

–Urtean 275 MW elektrizitate kontsumitzea.

–Urtean 5.000 litro gasolio kontsumitzea, batez ere, ibilgailuak mugitzeko.

–Urtean 72.000 tona digestato ekoiztea prozesuko hondakin nagusi gisa, nekazaritzako balorizatuko dena.

Prozesu horren barruan, garrantzi handia hartuko du hartzidurarako desegokiak diren materialen bilketak, nahasketak eta aurretiazko bereizketak eta nahasketen aurretratamenduak, biogasa hartzitzen eta biltzen den digestoreetan behar bezala prozesatzeko (primarioa eta sekundarioa).

Materialak ibilgailuetan iristen dira instalaziora, minda izan ezik, hodi baten bidez ekartzen baita zuzenean. Instalaziorako sarbideak lurzati berrantolamenduko pistetan daude, hain zuzen, NA-601 (Arrizabalaga-Lerin) eta NA-6030 (Mendigorria-Tafalla) errepideetako 26,5 eta 3,8 kilometro-puntuetan, hurrenez hurren.

–Instalazioak honako elementu hauek dauzka:

  • Nabe nagusian kogenerazioko motorrak, tailerra, aldagela eta bulegoak daude.
  • Zabalgune zolatuak, ibilgailuak desinfektatzeko eremuak.
  • Produktuak jasotzeko eta prozesamenduko hondakinak biltegiratzeko siloak; biltegiratzeko, higienizatzeko, nahasteko eta aurrez tratatzeko deposituak.
  • Biogasa biltegiratzeko digestore primarioa (1.500 m³) eta sekundarioa (2.100 m³). Lehenaren estalkia zurruna da eta bestearena, malgua.
  • Digestatoaren zati likidoa biltegiratzeko putzua.
  • Instalazioan batetik bestera ibiltzeko ibilgailuak, garraio-upelak eta minda banatzeko ekipo mugikorrak.

Dokumentazioaren arabera, biometanizazio prozesua fluxu sistema jarraitu baten bidez egiten da, non digestoreak komunikatuta baitaude. Digestore primarioa erregimen mesofilikoan eta digestore sekundarioa erregimen termofilikoan. Estimatu da egunero 210 tona hondakin inguru sartuko direla (mindak, nekazaritzako elikagaien hondarrak). Horien gutxi gorabeherako atxikipen denbora 17 egunekoa da ekoizpen osoan. Hala, bermatuta dago hondakinen biometanizazio egokia eta azken digestatoaren kalitate ona, ikuspegi mikrobiologikotik.

Digestatoa balorizatuko da nekazaritzako ongarri moduan baliatuta. Horretarako, simaurra kudeatzeko 1670070428/4/2 plana aurreikusi du jarduerak, non zehaztu baita 1.389 ha-ko banaketa-azalera. Xede horretarako aurreikusitako tresnaren bidez izapidetzen da.

II. ERANSKINA

Abeltzaintzako ustiategietako minden, digestatoaren edo/eta simaurren kudeaketa egokirako ezarritako protokoloa

Abeltzaintzako ustiategi bateko minden, digestatoaren edo/eta simaurren kudeaketa planak ukitzen badu estepako hegazti katalogatuak edo bestelako espezie mehatxatuak daudela egiaztatua dagoen lurzatiren bat (esaterako, ibaien ibilguak edo Natura 2000 sarean edo estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko garrantzizko eremuetan sartutako guneak), bermatu beharko da faunaren kontserbazioari mesede egiten dion nekazaritza jarduera mantentzen dela eta lehorreko laboreen txandaketa egiten dela, eta ingurumen baldintza hauek bete beharko dira:

–Oro har, intereseko flora eta faunaren habitat eta espezieak ukitzen dituzten erabilerek eta jarduketek haien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak bete beharko dituzte.

– Debeku da urak kutsatzeko edo intereseko habitatak narriatzeko arriskua ekartzen ahal duten hondakin solidoak, mindak, digestatoa eta/edo simaurrak, obra hondakinak edo substantziak bertan uztea.

–Ez da mindarik aplikatuko, ezta deribaturik ere, lehorreko zereal alorretan martxoaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean, ugaltze garaian estepako hegaztien babesa bermatzearren.

– Lugorrietan ez da mindarik aplikatuko, ezta deribaturik ere. Gainera, estepako hegaztien bizi zikloa osatzeko lugorriek duten garrantzia ikusirik, saihestu behar da simaurren planaren ondorioz laborantza areagotzea eta lehendik zegoen lugorri sistema eraldatzea.

–Minda banatzeari dagokionez, leku horietan banaketa lokalizatua soilik baimentzen da, eta hodi esekiak dituzten tangen bidez egin behar da, lehen aipatutako oharrak kontuan hartuta: dosifikazioak errespetatu beharko du estepako hegaztien babes egutegia eta bermatu beharko du ez dela sortuko intereseko habitatak kaltetzen ahal dituen putzurik edo jariatzerik.

–Eremu alfer iraunkorretan ez da simaur, minda edo haien deribaturik banatzen ahalko (ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuaren 8.5 artikulua aplikatuz; haren bidez ezartzen dira Nafarroako Foru Komunitateko abeltegien ingurumen baldintza teknikoak). Otalur edo alfer lur horiek, bereziki intereseko habitatak badira –KBEan zein hortik kanpo egon–, ez dute zeharkako kalterik izan behar, mindak edo horien deribatuak aplikatzen diren laborantzatik sor daitezkeen jariatzeen edo putzuen ondorioz.

–Ez da baimenduko mindak, digestatoa eta/edo simaur likidoa erabiltzea ur masa iraunkorretatik 50 metroko distantziatik behera, izan ibilgu nagusiak edo bigarren mailako sarea. Ur masak babesteko ezartzen diren banaketa baldintzetan kontuan hartuko dira estatuko araudi sektorial espezifikoan ezarritako betebeharrak (Batzordearen 2017ko otsailaren 15eko 2017/302 EB Betearazpen Erabakian adierazitako TEOak-Abeltzaintza Sektorea).

–Ur ibilguen eta hezeguneen gaineko kutsadura saihestuko da, urte sasoi bateko ibilguak izan edo etengabeak. Erreka-zuloak eta haien adarrak ur-ibilgutzat hartuko dira, batez ere inguruan habitat naturalak dituztenak (gatzagak, larreak, landare higrofiloak edo mehatxatutako flora taxoiak), habitat horiek KBEaren barnean sartuak egon edo ez. Nolanahi ere, ez da hustubide edo drainatzeetara bideratutako azaleko ur jariatzerik egiten ahalko.

–Gatz hezegune eta sakanetako arro hidrografikoan, Nafarroako Foru Komunitatearen Nekazaritzako Jardunbide Egokietarako Kodean lurzoruen erabilerari eta ongarritzeari buruz jasotako gomendioak beteko dira. Kode hori Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren 1997ko otsailaren 17ko Foru Aginduaren bidez onetsi zen.

Iragarkiaren kodea: F2303898