62. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

26/2023 EBAZPENA, martxoaren 6koa, Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ezesten baitira Murchanteko udal-mugartean energia elektrikoa ekoizteko "Parque Eólico Murchante" izeneko instalazioaren aurretiazko administrazio baimena, eraikitzeko administrazio baimena eta zehazki haren onura publikoaren deklarazioa.

1.–2020ko abenduaren 21ean egindako eskaera.

2020ko abenduaren 21ean, Eólica La Torre, SLUk, Nafarroako parke eolikoen baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuan ezarritakoa aplikatuz, eskabide bat aurkeztu zion Industria Antolamendu, Energia Azpiegitura eta Meategien Zerbitzuari, eskatzeko aurretiazko administrazio baimena, eraikitzeko baimen administratiboa eta onura publikoaren deklarazioa Murchanteko udal-mugarteko Murchante parke eolikorako.

2021eko abuztuaren 27an, Eólica La Torre, SLUk 2020ko abenduaren 21eko eskaera osatzeko dokumentazioa aurkeztu zuen.

Aurkeztutako dokumentazio teknikoaren arabera, Murchante parke eolikoa AW163 modeloko 5 aerosorgailuk osatuko dute, 5,7 MW-ko potentzia unitariokoak, eta 5,2 MW-ra mugatuko dira, guztira 26 MW-ko potentzia lortzeko. Ebakuazio-azpiegiturak ere aurreikusi dira.

2.–Ingurumen inpaktuaren azterketaren eta proiektuaren jendaurreko informazioa.

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako haize-parkeetarako baimenak arautzen dira. Dekretu horren 7. artikuluarekin bat etorriz, Eólica Navarra SL enpresak egindako eskaera jendaurrean jarri zuen 30 egunez Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak. Horretarako, iragarkia argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean (276. zenbakian, 2021eko abenduaren 9an) eta Diario de Navarra egunkarian (2021eko abenduaren 10ean), bai eta Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekia webgunean ere.

Era berean, iragarkia bidali zitzaion Murchanteko Udalari, iragarki-oholean jendaurrean jartzeko. Jasota dago hori egiaztatzen duen eginbidea.

3.–Ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei eginiko kontsultak.

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 8. artikulua aplikatuz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak kontsulta egin zien ukitutako erakundeei, eta hurrengo txostenak jaso zituen:

ERAKUNDEA

Ingurumen Inpaktuaren Atala

Lurraldearen Antolamenduaren Atala

Ondare Historikoaren Zerbitzua

Murchanteko Udala

Ebroko Konfederazio Hidrografikoa

Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuko Herri-lurren Atala

Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuko Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atala

Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia

Aurreko txostenen edukia espedientean dago.

4.–Jasotako alegazioak.

Jendaurreko informazio tramitearen esparruan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak alegazio hauek jaso zituen:

ALEGAZIOA

1.–Molinos de la Rioja

2.–Sustraia Erakuntza Fundazioa

3.–Gurelur

4.–Ongaiz-Zangozako Ekologistak Martxan

5.–Landazuría elkartea

6.–Saguzarrak Kontserbatzeko eta Ikertzeko Espainiako Elkartea (SECEMU)

7.–Energía Inagotable de Tara, S.L.

Aurreko alegazioen edukia espedientean dago.

5.–Jendaurreko informazioaren eta kontsulten emaitza sustatzaileari igortzea.

Nafarroako parke eolikoetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 9. artikuluari jarraikiz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak Eólica La Torre SLUri igorri zizkion aurreko txostenak eta alegazioak.

6.–Ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eta lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimena eskuratzeko eskaera.

2022ko maiatzaren 23an Eólica La Torre SLUk eskatu zuen ingurumen ebaluazioa hasteko, batetik, eta lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimena emateko, bestetik. Dokumentazioan jendaurreko informazioaren tramiteek iraun zuten bitartean jasotako alegazioei emandako erantzuna gehitu zuen.

Eskaera hori aztertuta, 2022ko ekainaren 3an, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko Azpiegitura Energetikoen Atalak errekerimendua bidali zion Eólica La Torre, SLUri, eta ekainaren 27an erantzun zitzaion.

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 10. artikuluaren arabera, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak dokumentazio guztia igorri zien Ingurumen Eraginaren Atalari eta Lurraldearen Antolamenduaren Atalari.

7.–Ingurumen-eraginaren adierazpena.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 23ko 52E/2023 Ebazpenaren bitartez, kontrako ingurumen inpaktuaren adierazpena eman zen Eólica La Torre SLUk Murchanteko udalerrian sustatutako "Murchante" haize-parkearen proiekturako.

Azterketa teknikoaren arabera, Murchanteko haize-parkea, aztertutako alternatiba guztietan, Natura 2000 Sareko Pulguerko urmaela (ES2200041) naturagune babestuaren mugen ondoan proiektatu da. Hautatutako alternatiban haize-sorgailuetako baten hegalak biraka kontserbazio bereziko eremu bereziaren mugaraino iristen dira, eta garabiak muntatzeko aldi baterako plataformak eta bide eta plataformetako lur-erauzketak KBE izendatutako eremuan sartzen dira. Proiektatutako gainerako haize-sorgailuen hegalak Natura 2000 Sareko eremuaren mugatik 180 metro eta 1 km eskas bitarteko distantziara iristen dira. Haietako bat, Pulguerko Urmaelaren eta Cardeteko idoiaren artean. Ingurumen organoak uste du haize-parkea instalatzeak ondorio kaltegarri nabarmenak izanen dituela katalogatutako edo babes bereziko espezie batzuengan, bai zuzeneko hilkortasunagatik eta bai hesi-efektuaren eta huts-efektuaren ondoriozko habitat galeragatik ere.

Ondorio kaltegarri nabarmenak izanen ditu Pulguerko urmaela KBEaren izendapena eragin zuten espezieen kontserbazio egoeran (espezie horiei Basa hegaztien kontserbazioari buruzko 2009/147/EE Zuzentarauaren 4. artikulua aplikatu behar zaie), eta, horrenbestez, ondorio negatiboak haren kudeaketa planean zehaztutako kontserbazio helburuak lortzeari dagokionez; plan hori azaroaren 23ko 108/2016 Foru Dekretuak onetsi zuen.

8.–Aurretiazko administrazio baimena, eraikitzeko administrazio baimena eta onura publikoko deklarazio zehatza ukatzeko proposamena.

Espedientearen azterketa teknikoa egin ondoren, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko Azpiegitura Energetikoen Atalak ondorioztatzen du prozedura behar bezala gauzatu dela, eta, kontrako ingurumen eraginaren adierazpena aintzat hartuz, proposatzen du ukatzea Eólica La Torre, SLUK eskatutako aurretiazko administrazio baimena, eraikuntzako administrazio baimena eta onura publikoa duela zehazki deklaratzea.

Era berean, abenduaren 29ko 1183/2020 Errege Dekretuaren arabera, bidezkoa da sarbide- eta konexio-baimenari lotutako abala itzultzea.

Adierazitakoarekin eta espedientean jasotako agiriekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ukatzea Eólica La Torre, SLUK eskatutako aurretiazko administrazio baimena, eraikuntzako administrazio baimena eta onura publikoa duela zehazki deklaratzea Murchanteko udalerriko Murchante parke eolikorako.

2. Agindua ematea Diruzaintza Atalari itzul diezaion Eólica La Torre, SLUri 2020ko azaroaren 24an jarri zuen sarbide eta konexio prozedurari lotutako 1.040.000 euroko bermea –erregistro zenbakia: 5020000364 CFNA 2020 (Av-NAV-0265)–.

3. Ebazpen hau igortzea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Ingurumen Inpaktuaren Atalera, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Ondare Historikoaren Zerbitzura, Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalera, Herri-lurren Atalera, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiko Zainketa Zerbitzura eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ekonomia eta Finantza Zerbitzuko Diruzaintza Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

5. Ebazpen hau jakinaraztea Eólica La Torre SLUri eta Red Eléctrica de España SAUren Izapideen Departamentuari eta Sarerako Sarbidearen Departamentuari eta ohartaraztea ezen ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita. Errekurtsoan espediente zenbakia adierazi beharko da.

6. Ebazpen hau jakinaraztea Murchanteko Udalari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, eta ohartaraztea haren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2023ko martxoaren 6an.–Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

Iragarkiaren kodea: F2303863