61. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

1057/2023 EBAZPENA, martxoaren 17koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez bukaera ematen baitzaio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuan aritzeko administrazioko teknikariaren lanpostu bat, gehienez ere, merezimendu-lehiaketaren salbuespenezko sistemaren bidez betetzeko sarrera-prozedurari. Lanpostu horretarako deialdia Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren uztailaren 26ko 1934/2022 Ebazpenaren bidez egin zen.

Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak uztailaren 26an eman 1934/2022 Ebazpenaren bidez (2022ko 169. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abuztuaren 25ekoan), sarrera-prozeduren deialdiak onetsi ziren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko A mailako lanpostu batzuetan, II. eranskinean zerrendatzen zirenetan, gehieneko plaza kopuru bat salbuespenez merezimendu-lehiaketa bidez betetzeko, hori guztia enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko egonkortze-prozesuen esparruan.

Beste lanpostu batzuen artean, administrazioko teknikariaren lanpostua sartu zen, gehienez ere plaza batekin.

Iruñeko Lan Arloko 2. Epaitegiak 223/2022 prozeduran 2022ko abenduaren 12an emandako epaiaren bidez, baietsi egin da Nafarroako Gobernuaren aurka aurkeztutako demanda, eta deklaratu da alderdi demandatzaileak eskubidea duela lan-kontratudun finkoa izateko, administrazioko teknikariaren A mailako lanpostuan.

Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren otsailaren 3ko 497/2023 Ebazpenaren bidez, aipatutako epaia bete da, eta, hari jarraituz, lan-kontratudun finkoaren izaera aitortu zaio, eta araubide juridikoa aldatu zaio administrazioko teknikariaren A mailako lanpostuari (plantilla organikoan 2854 zenbakiarekin identifikatua), funtzionario-araubidetik lan-araubidera igaro baita, eta alderdi demandatzaileari esleitu zaio lanpostu hori, atxikita dagoena Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Emakumeen Herritartasun, Ahalduntze eta Partaidetzarako Zuzendariordetzari.

Era berean, ebazpen horrek agintzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako 2022ko lan publikoaren eskaintza partzialetik kentzea administrazioko teknikariaren A mailako lanpostua (2854 zenbakia du lanpostu hutsak). Eskaintza hori maiatzaren 25eko 57/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen eta egonkortze-tasari dagokio, maiatzaren 23ko 2/2022 Foru Lege-dekretuari jarraikiz (foru lege-dekretu horren bidez, neurriak hartu dira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak egiteko, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz).

Bestalde, uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen 7. artikuluaren bigarren apartatuan aurreikusten denez (foru lege horren bidez neurriak hartu ziren Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze prozesuak gauzatzeko, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz), plantilla organikoan ez baldin badago lanpostu hutsik, egonkortze prozeduretan sartuta ez dagoenik, lan-kontratudun finkoei beren eskubideak errespetatuz esleitzen ahal zaienik, kasuan kasuko enplegu publikoaren eskaintzatik edo, horien ondorioz, lanpostuak sarrera-prozedura bidez betetzeko egiten diren deialdietatik kenduko dira antolamendu juridikoan lanpostuak betetzeko aurreikusitako edozein modu edo kausagatik langile finkoei esleitzen zizkien lanpostuak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan dagoen langile-kopuruan bikoiztasunik gerta ez dadin.

Aurrekoa oinarri hartuta, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 84.2 artikuluari jarraikiz, bidezkoa da prozedura amaitzea, ezin baita aurrera egin gerora sortutako arrazoiengatik; izan ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako 2022ko lan publikoaren eskaintza partzialetik kendu da administrazioko teknikariaren A mailako lanpostua (2854 zenbakia du lanpostu hutsak), lan-kontratudun finko bati esleitu baitzaio. Eskaintza hori maiatzaren 25eko 57/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen eta egonkortze-tasari dagokio, maiatzaren 23ko 2/2022 Foru Lege-dekretuari jarraikiz (foru lege-dekretu horren bidez, neurriak hartu dira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak egiteko, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz).

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Tasa eta Prezio Publikoei buruzko otsailaren 11ko 2/2021 Foru Legearen 20. artikuluarekin bat, bidezkoa da eskatutako tasak itzultzea, subjektu pasiboari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik zerga-egitatea gauzatzen ez denean.

Horrela, bada, ebazpen honen bidez bukaera ematen zaionez merezimendu-lehiaketaren salbuespenezko sistemaren bidez administrazioko teknikariaren lanpostu bat gehienez ere betetzeko sarrera-prozedurari, eta, beraz, ez denez gertatzen funtzio publikoan sartzeko eta bertara igotzeko hautapen-prozeduretan parte hartzeko eskubideengatik ordaindu beharreko tasa ekarri zuen zerga-egitatea, aipatu Foru Legearen 23. artikuluan jasoa, itzuli behar dira hautaketa-prozesu honetan izena eman duten pertsonek ordaindutako zenbatekoak.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez eskuordeturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Bukaera ematea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuan aritzeko administrazioko teknikariaren lanpostu bat, gehienez ere, merezimendu-lehiaketaren salbuespenezko sistemaren bidez betetzeko sarrera-prozedurari. Lanpostu horretarako deialdia Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren uztailaren 26ko 1934/2022 Ebazpenaren bidez egin zen.

2. Hautaketa-prozesu honetan parte hartzeko eskubide gisa eskatu ziren tasak itzultzea.

3. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Egituraren, Lanpostuen Antolaketaren eta Langileen Plantillaren Zerbitzura, Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzura eta Langileriaren Kudeaketako Zerbitzura, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea. Interesdunei aditzera ematen zaie ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin bat.

4. Agintzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko martxoaren 17an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

Iragarkiaren kodea: F2304653