61. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

74E/2023 EBAZPENA, otsailaren 25ekoa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona 13,2 kV-eko aireko linea elektrikorako proiektuari Murieta, Abaigar eta Oko udal mugarteetan, Murieta eta Oko lotzeko, Abaigarrerako deribazioaz. Electra Jose Antonio Martinez, SL da proiektuaren sustatzailea.

2021-04-13an Biodibertsitatearen Zerbitzuak goian aipatutako espedienteko ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera jaso zuen. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko "I" epigrafean sartzen direnetakoa da. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta haren ondorioak izanen dira uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritakoak.

Proiektatutako jarduketa da 13,2 kV-ko 3.405 metro aireko linea desmuntatzea eta 20 kV-ko aireko linea berria instalatzea, egungoarekiko paraleloki, abiatuko dena Murieta inguruan dagoen euskarri batetik eta amaituko dena Oko udalerriaren sarreran, Abaigar herrian amaituko den deribazio batekin. Proiektua hiru fasetan gauzatuko da, bakoitza urte batean.

Linea berriak abiapuntua dauka NA-132-A errepidearen hegoaldean, Murietatik 340 metrora gutxi gorabehera, mendebaldera. Puntu horretatik hegoalderantz jarraitu eta Ega ibaia zeharkatzen du. Tarte hori, linea berriaren 1. eta 4. euskarrien artekoa, bat dator aurreko linearen trazatuarekin. Aurreikusi da ezkerraldeko euskarriaren 17 metroko atzeraematea (3. euskarria), ibilgutik urruntzeko. Ondoren, 5. euskarrian, lerroa bitan banatuko da. Puntu horretatik aurrera, linea hegoalderantz zuzentzen da, Okorantz, egungo linearekiko paraleloki; eta Abaigarrerako deribazioa, berriz, ekialderantz, egungo linearekiko paraleloki ere bai, eta aprobetxatuz lehen zatiko bide bat.

Trazatuaren zatirik handiena eremu lauetatik edo malda txikiko eremuetatik igarotzen da, soro landuetatik, Ega ibaia zeharkatzen duenean izan ezik (3. eta 4. euskarrien artean). Puntu horretan, makal-sail batetik igarotzen da, eta, ibaiertzeko landaredi naturalaren zerrenda estu bat zeharkatzen du. Azken hori ES2200024 Kontserbazio Bereziko Eremuan sartuta dago (Ega-Urederra ibaiak). Horretan, aurreikusten da egungo linearen trazatu berbera baliatzea, beste inguru batzuk ez kaltetzeko. Beraz, afekzioa mugatuko da dagoen sastrakara makinak eta ekipoak igaro beharko direlako kableak jartzeko. Bestalde, gurutzatuko ditu Allarta erreka (5.4 eta 5.5 euskarrien artean) eta Entremontes amildegia (14. eta 15. euskarrien artean), baina ibilguei zuzenean eragin gabe, euskarriak zortasun-eremutik kanpo kokatuko direnez (5 m).

Eraikuntza fasean, 10 m zabal den zerrenda bat hartuko da aldi baterako, linearen trazatuaren ardatzaren arabera. Obrara sartzeko dauden bideak eta trazatua bera erabiliko dira. Euskarrien zimenduak hondeatuko dira, eta zoruan ahokatuko dira hormigoi edo hormigoi armatuzko blokeetan.

Proposamenak aplikatu beharreko neurriak ditu abifauna babesteko, abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuan ezarritakoa betez (dekretu horren bidez, hegaztiak goi-tentsioko airetiko lineak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezarri ziren). Zehazki, saihestuko da tentsiodun elementuekin zeharkatzea euskarrien gurutzetak edo erdigurutzetak, isolatuko dira tentsiodun elementuen arteko lotura-zubiak, isolatuko da 1 m ganga erako gurutzeten erdiko eroalea kakoaren gunearen alde bakoitzean (grapa barne), eta lotzeko euskarrietan eroalearen eta gurutzetaren arteko distantzia 1 m-etik gorakoa izanen da. U70YB30P AL isolagailuak erabiliko dira, PECA-1000-A inguratzaileekin.

Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena eman du, zenbait baldintzarekin.

Espedientean Abaigarreko, Murietako eta Okoko udalen aldeko txostena jaso da. 2022ko azaroaren 22an Lurraldearen Antolamenduaren Atalak aldeko txostena egin du, zenbait baldintzarekin, bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea 13,2 kV-eko aireko linea elektrikorako proiektuari Murieta, Abaigar eta Oko udal mugarteetan, Murieta eta Oko lotzeko, Abaigarrerako deribazioaz. Electra Jose Antonio Martinez, SL da proiektuaren sustatzailea.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Hirigintza eta lurralde arlokoak:

–Baimen honek lurzoru urbanizaezinetik igarotzen diren linea elektrikoen tarteak baino ez ditu barne hartzen.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoaren kanpoko bazterretik neurtuta.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak leheneratu eginen dira.

–Baimen honek ez du babesten linea elektriko honi lotzerik lurzoru urbanizaezinaren gainean kokatutako jarduera zehatzik edo horren gainean paratu gogo denik.

–Eginen den jarduketak ukitzen ahal dituen edo jardueraren trabagarri izaten ahal diren azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetan. Zehazki:

  • Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena, Ega ibaia eta Entremontes eta Montecicos amildegiak gurutzatzeari dagokionez.
  • Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren baimena, 2021eko uztailaren 22ko txostenean ezarritako baldintzetan. Erantsita doa txosten hori.

–Erantsitako Herri-lurren Atalaren 2021eko maiatzaren 19ko txostenari jarraikiz, aireko linea elektriko berria herri jabetzako lurrak zeharkatuz egin nahi da. Hori dela eta, obrarako lizentzia eman aurretik, Murietako, Okoko eta Abaigarreko Udalek Nafarroako Gobernuaren baimena lortu beharko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Herri-lurren Atalaren bidez, herri-lur horien erabilpena lagatzeko eta/edo bide zor elektrikoa eta karga eratzeko, aginduzko tramiteen 4 ziurtagiriak aurkeztuz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan eta Nafarroako Toki Entitateetako Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duen 280/1990 Foru Dekretuaren 143. artikuluan ezarririkoari jarraikiz.

Era berean, ordezkatu eginen den ibilbide zaharrerako zor elektrikoa eratzea ekarri zuten xedeak desagertu eginen direnez, lehenik eta behin herri-lurrei dagokien zor hori deuseztatu beharko da. Lur horiek toki entitateen ondasunekoak izatera itzuliko dira, kargarik gabeko herri-ondasun gisa.

Herri-lur horiek jatorrizko egoerara lehengoratu beharko dira. Horretarako, lehengo lineako elementu guztiak (kableak, euskarriak, zimenduak, etab.) kendu eginen dira, ez da material edo hondakinik utziko eta landareak jarriko dira berriro.

–Klima Aldaketaren Atalak 2021eko abenduaren 2an emandako txostenaren arabera:

  • Bermatu beharko da 2., 3. eta 4. zutoinen egiturak erresistenteak direla balizko uholdeekiko (baldin te lehentasunezko eremutik kanpo eta Ega ibaiaren uholde-arriskuko eremuaren barruan badaude).
  • Sustatzaileak, jarduera hasi baino hilabete bat lehenago gutxienez, Ebroko Konfederazio Hidrografikora bidali beharko du uholde arriskua duten eremuetako jarduketetarako erantzukizunpeko adierazpena, 14bis.3 artikulua aplikatuz. Helbide honetan dago adierazpen horren eredua: https://www.chebro.es/documents/20121/315781/modelodeclaracionresponsableinundaciones.pdf

–Bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iraganda, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.

–Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, Udalak sustatzaileari eskatuko dio adierazpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

Ingurumen arlokoak:

– Sarrera guztiak lehendik dauden azpiegiturak erabiliz edo laborantza-lurretan zehar eginen dira, landaredi naturala duten eremuei eragin gabe.

–Materialak pilatzeko eta obrako makinen joan-etorrietarako eremuak ahalik eta azalera txikiena hartuko du, eta argi zedarrituko da tokian bertan, obrei ekin aurretik.

–Hondeaketa lanetan, gutxienez 30 cm-ko sakonerako landare-lur geruza kenduko da; lur hori hondeatutako gainerako lurretatik bereizita pilatu beharko da. Beharrezkoak diren obrak bukatuta, ukitutako eremu guztiak leheneratuko dira, landare-lurra zabaldu eta ondoren ongi orraztuta, inguruko lurren fisiografiarekin ongi egokitzen den arte.

–Lanek aldatutako eremu guztiak, euskarrietarako bide berrien ertzak eta lanak bukatu ondoren utziko ez diren aztarnak barne, behar bezala lehengoratuko dira lanen aurretik zuten erabilera eta egoera berreskura ditzaten. Lehengoratze lanak egitean, makinak igarotzean zanpatutako laborantza lurrak harrotu beharko dira.

–Abifauna elektrokutatzeko arriskua minimizatzeko, ingurumen ukipenen azterketan proposatutako neurri guztiak beteko dira trazatu osoan. Lotzeko euskarrietan gutxienez 1 m-eko distantzia gorde beharko da euskarriaren gurutzetaren eta eroaleen artean; orobat, eroaleen artean 1,5 m egonen dira. Ganga erako euskarrietan ganga erako gurutzetetako erdiko eroalea isolatuko da 1 m lkrokadura-puntuaren alde bakoitzean, grapa barne. Babes edo maniobra elementuak alderantziz paratuko dira, behar adinako tartea utzita euskarrietako burualdetik. Nolanahi ere, tentsiodun elementuen arteko lotura zubiak isolatu eginen dira, baita ebakigailuak, autobalbulak eta konexio botilak ere, halakorik bada. Isolatzeko erabilitako materialak egokia izan beharko du goi-tentsioko lanetarako eta abifauna babesteko. Silikonazko zinta edo antzekoen erabilera debekatua dago, eta elementu bakoitzerako aurrez formatutako pieza espezifikoak erabiliko dira.

–Zerbitzutik kanpo geratzen diren azpiegitura guztiak kendu beharko dira, euskarri zaharrak barne.

–Ega ibaia gurutzatzeko egungo linearen trazatu bera erabiliko da, azalera berriei eragin gabe. Ibaia zeharkatzen duen tartea txoriak babesteko balizekin seinaleztatuko da hiru eroaleetan, gutxienez 1. eta 5. euskarrien artean. Balizen arteko tartea 15 metrokoa izanen da asko jota fase bereko bi baliza elkarren segidakoren artean, halako moduan non seinaleen arteko ikusizko distantzia 5 metrokoa edo txikiagoa izanen baita.

–Zortasun-eremua mantentzeko lanek ez dute sastrakak soiltzea ekarri behar, eta linea elektrikoari benetan eragiten dion zuhaiztia bakarrik inausiko da.

–Lanek ibaiertzeko landaredia errespetatu beharko dute ahal den heinean, eta, eragin zehatzen bat egin behar izanez gero, lursaila lehen zegoen moduan utzi beharko da lanak bukatutakoan, arreta berezia jarriz zuhaitzei.

–Erga ibaiaren inguruan egin beharreko lur mugimenduak euri garaitik kanpo eginen dira, solidoak ibaira herrestan joan ez daitezen.

–Lanak egin bitartean beharrezkoa bada makineria astuna ibilguan sartzea, ekainetik azarora bitartean eginen dira, biak barne, salmonidoen ugaltze aldia ez oztopatzeko.

–Ibilguan makineria astunarekin lanak egin behar izanez gero edo lanek ibaiertzeko landaredia ukituz gero, horiek irailetik martxora bitartean eginen dira, biak barne, bisoi europarraren ugaltze aldia ez oztopatzeko.

–Espresuki debekatuta dago ibai ibilguan edonolako isuriak egitea, eta arreta berezia jarriko da substantzia kutsagarriak erabiltzean, hala nola gasolioa, olioak eta hormigoia.

–Obrak hasi baino gutxienez 48 ordu lehenago, Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldea abisatuko da, bai Lizarra iparraldeko demarkaziokoa (gmaestellanorte@navarra.es), bai Lizarra hegoaldekoa (gmaestellasur@navarra.es) obrak ikuska ditzan, eta, hala badagokio, zuhaitzak markatu eta arrainak kendu.

–Obra amaituta dagoenean, Ingurumen Jarraipenerako Bulegoa abisatu beharko da (seguimiento.ambiental@navarra.es), espediente kodea aipatuz eta geo-erreferentziadun artxibo bat erantsiz, linearen azken trazatu eta euskarriak adierazita.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen Legegintzako Foru Dekretuaren (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua) 117. artikuluko ondorioak izanen ditu, bertan ezartzen baita lurzoru urbanizaezineko jarduketak baimentzeko prozedura.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Azpiegitura Energetikoen Atalera, Murietako, Okoko eta Abaigarreko udaletara, Basozainak/Ingurumena Zaintzeko Atalera (Lizarra iparraldeko eta Lizarra hegoaldeko koordinazio unitateak) eta interesdunari.

Iruñean, 2023ko otsailaren 25ean.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2303599