61. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

65E/2023 EBAZPENA, otsailaren 27koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez baimena ematen baita aldaketa nabarmena egiteko hondakinak kudeatzeko instalazio batean, aerosoletako konposatuak erauzteko eta bereizteko instalazioaren proiektua gauzatu ahal izateko. Instalazio hori Fustiñanako udal-mugartean dago, eta haren titularra FCC Ámbito SA da. Horrenbestez, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean jasotako baldintzak bete beharko dituzte.

Egun martxan dagoen instalazio horrek badu lehendik ingurumen baimen bateratua, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuz emana; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 5.1 taldean.

2021/07/27an, titularrak jakinarazi zuen bere instalazioa aldatzeko proiektua, aerosoletako konposatuak erauzteko eta bereizteko lerro bat ezartzeko: aerosolak tratatzeko modulu bat, ahalbidetuko duena banatzea gas propultsatzailea, aerosoletako gainerako edukia eta horien ontzia.

2021/08/02an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak iritzi zuen aldaketa hori nabarmena zela, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritako irizpideen arabera.

Ondorioz, eta Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 26.5 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, aldaketa nabarmena ezin da gauzatu ingurumen baimen bateratua aldatzen ez den bitartean.

Instalazioa ez dago sartuta irailaren 21eko 840/2015 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan, zeinaren bidez istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi baitziren, substantzia arriskutsuak tarteko diren kasuetarako.

Baimen honek berekin dakar azaleko uretan zeharka isurtzeko baimena, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikuluan eskatzen dena.

Baimen honek barne hartzen du instalazioak hondakinen bilketa eta tratamenduaren arloko biltegi gisa duen baimena, Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen aipatutako legearen 33.1 artikulua aplikatuz eskatzen dena, lege horren beraren 33.8 artikuluan ezarritakoarekin bat.

Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin bat, baimen honek barne hartzen du atmosferara isuriak egiteko baimena, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13. artikulua aplikatuta eskatzen dena; izan ere, artikulu horretan ezartzen denez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoko A edo B taldeetako jardueraren bat egiten duten instalazioek autonomia erkidegoaren administrazio baimena izan beharko dute aurretik.

Espedientea Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legean xedatutakoarekin bat etorriz tramitatu da.

Bestalde, ez dago ingurumen-baimen bateratuaren dokumentu bat zeinetan biltzen baitira instalazio horrek bere jarduera aurrera eramateko bete behar dituen ingurumen baldintzak. Badaude zenbait ebazpen ingurumen baimen integratua emateko edo aldatzeko. Horien bidez joan dira ezartzen funtzionatzeko ingurumen-baldintzak, hurrenez hurren, denboran zehar. Horregatik, beharrezkotzat jo da ingurumen baimen bateratua gaurkotzea, emandako eta aldatutako ingurumen baimen integratuetan oinarritzen den dokumentu bategin baten bidez, instalazioaren funtzionamenduak bete behar dituen ingurumen-baldintzak zein diren errazago ikusi ahal izateko.

Instalazioaren titularrak, ebazpen honen zirriborroaren entzunaldi-izapidean, iruzkinak egin dizkio, idazketa hobetzeko balio izan dutenak, bai eta alegazioak ere. Aurkeztutako alegazioak eta horien balorazioa ebazpen honen eranskinean daude.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabilita,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Baimena ematea aldaketa nabarmena egiteko FCC Ámbito, SAren titulartasuneko hondakinak kudeatzeko instalazioan, Fustiñanako udal-mugartean kokatuta dagoenean, aerosoletako konposatuak erauzteko eta bereizteko instalazio proiektua gauzatze aldera. Horrenbestez, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean jasotako baldintzak bete beharko dituzte.

Bigarrena.–Instalazioak daukan Hondakin ez-Arriskutsuen Kudeatzailearen baimenari eustea, eta Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan inskribatzea, 15G04108012322019 erregistro zenbakiarekin, aurretiazko tratamendurako zentro gisa, eta 15G05108012322019 erregistro zenbakiarekin, biltegi gisa. Halaber, instalazioak daukan Hondakin Arriskutsuen Kudeatzailearen baimenari eustea, eta Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan inskribatzea, 15G01108012321994 erregistro zenbakiarekin, aurretiazko tratamendurako instalazio gisa, eta 15G02108012322019 erregistro zenbakiarekin, biltegi gisa.

Kudeatzen ahal dituen hondakinak eta hondakin horiek tratatzeko egiten ahal dituen eragiketak ebazpen honen III. eranskinean ageri dira. Halaber, titularrak hondakinen kudeaketan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko dio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari.

Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta automatikoki berrituko da beste horrenbeste urteko aldietarako, Ekonomia Zirkularra bultzatzeko eta Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 33.10 artikulua aplikatuta (Hondakinak bildu eta tratatzeko eragiketen baimenei buruzkoa).

Sozietatearen helbidea dagoen autonomia erkidegoan ingurumen arloan eskumena duen organoak III. eranskinean adierazitako tratamenduak egiteko baimendutako entitate batek ustiatu beharko du instalazioa, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 33.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.

Hirugarrena.–Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan zentroa hondakin arriskutsuen sortzaile izatetik kentzea, Ekonomia zirkular baterako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 35.4 artikuluan ezarritakoarekin bat.

Laugarrena.– Hondakin urak jabari publiko hidraulikora isurtzeko baimena mantentzea, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, Uren Legearen testu bateginak, uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsiak, hamargarren xedapen gehigarrian xedatutakoarekin bat. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du, eta, une oro eskatzen ahal diren kalitate arauak eta ingurumen helburuak betetzen diren bitartean, automatikoki berrituko da bost urtetik bost urtera.

Bosgarrena.–Atmosferara isuriak egiteko baimena ematea, zeina jasota baitago Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer isuri egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren isurietan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari.

Seigarrena.–Ebazpen hau ematen denetik bi urte igarotzen badira proiektua gauzatzen hasi gabe, edo lau urte igarotzen badira proiektua bukatu eta abian jarri gabe, aldaketa nabarmenerako baimena iraungitzat eta ondoriorik gabekotzat joko da, abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28,3. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Zazpigarrena.–Instalazioak ez dio jarduerari ekiten ahalko titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ez duen bitartean, hala xedatua baitago Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 23. artikuluan. Era berean, proiektua oso-osorik gauzatzen ez bada, jarduera hasten ahalko da, baldin eta neurri zuzentzaileak eta gainerako baldintzak, proiektuan gauzatutako zatiari dagozkionak, betetzen baditu. Horretarako, instalazioa partez abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da.

Zortzigarrena.–Abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

–Lurzorua eta lurpeko urak babesteko neurriei eusteko eta aldizka gainbegiratzeko jarduketa-programaren kopia, ebazpen honen II. eranskineko 4.2 puntuan ezarritakoa.

Bederatzigarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua abian jarri dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen bere ingurumen baimen bateratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Hamargarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak bete ezean, ingurumen arloko diziplina-neurriak hartuko dira, hain zuzen, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean biltzen direnak, deusetan galarazi gabe sektoreko legedian ezarritakoa, hori ere aplikatuko baita.

Hamaikagarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamabigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Hamahirugarrena.–Ebazpen hau FCC Ámbito SAra, Fustiñanako Udalera eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko otsailaren 27an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/

Iragarkiaren kodea: F2303813