61. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

63E/2023 EBAZPENA, otsailaren 24koa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ofizioz aldatzen baita Tafallako udal-mugartean burdina urtu eta motorrak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratua. Titularra Fagor Ederlan Tafalla S.COOP da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 2250/2007 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urriaren 9ko 462E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua, eta Ekonomia Zirkularraren eta Uraren zuzendariaren urriaren 24ko 372E/2022 Ebazpenaren bidez aldatua.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 13ko 356E/2021 Ebazpenaren bidez, instalazio horren ingurumen baimen integratua aldatu zen, hondakindegiko lixibiatua araztegi fisiko-kimikoan tratatzeko proiektua gauzatzeko.

Ebazpen horren bigarren puntuan aipatzen da ezen aldaketa funtzionamenduan hasi baino lehen, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko duela Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoarekin.

2023ko urtarrilaren 11n, titularrak proiektu hori funtzionamenduan jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu du.

Adierazpenarekin batera aurkeztutako dokumentazioa aztertu da, eta azken batean gauzatutako instalazioan aldaketa bat izan dela antzeman da: hondakindegitik datozen lixibiatuen plantako biltegiratzea hormigoizko depositu ireki batean egiten da; haren edukiera, baina, 223 m³-koa da, eta ez aurreikusitako 2.700 m³-koa.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak aldaketa aztertu eta onargarria dela ondorioztatu du; izan ere, bidea ematen du instalazioak modu egokian funtzionatzeko, ingurumenari dagokionez, eta teknika erabilgarri onenak aplikatzeko.

Nolanahi ere, aldaketa horrek halabeharrez dakar instalazioa aldatzeko baimena eman zuen ebazpenean ezarritako funtzionamendu baldintza batzuk aldatzea, horiek ingurumen baimen integratuan sartu behar baitira.

Kasu honetan, iritzi da gertatzen direla Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluaren d) letran aurreikusitako inguruabarrak, eta, horrenbestez, egoki da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Ofizioz aldatzea, ebazpen honen eranskinean zehaztutako aldaketen arabera Tafallako udal-mugartean burdina urtu eta motorrak fabrikatzen dituen instalazio baterako ingurumen baimen integratua. Instalazioaren titularra Fagor Ederlan Tafalla S.COOP da.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategin hori), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau igortzea Fagor Ederlan Tafalla S.COOPera, Tafallako Udalera eta Ebroko Konfederazio Hidrografikora, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko otsailaren 24an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones

Iragarkiaren kodea: F2303357