61. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

17/2023 FORU AGINDUA, martxoaren 8koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, "Etxebizitzen erabilera turismorako lagatzearen urtean behingo aitorpen informatiboa" izeneko 179 eredua onesten duena.

Maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 62 ter artikuluak ezartzen duenez, etxebizitza turistikoen errentamenduari buruzko informazioa eman behar dute errentamendu eragiketa horietan lagatzaileen eta lagapen-hartzaileen artean bitartekari diren pertsonek eta entitateek, bereziki "elkarlanerako plataformek".

Azaroaren 24ko 125/2021 Foru Aginduak 179 eredua onetsi zuen, "Etxebizitzen erabilera turismorako lagatzearen hiru hilez behingo aitorpen informatiboa" izenekoa, informazio betebehar hori betetzeko. Eredu hori aurkezteko aurreikusitako epea hiruhileko natural bakoitza amaitu eta hurrengo hilabete naturala da.

Foru agindu hori onetsi ondoren, eta aitorpen horren edukia aztertu ondoren, komenigarritzat jotzen da hura aurkezteko epea aldatzea, urtean behin egin dadin. Hori dela eta, 179 eredu berri bat onetsi behar da, "Etxebizitzen erabilera turismorako lagatzearen urtean behingo aitorpen informatiboa" izenekoa.

Agindu honen bidez garatutako erregelamendu-ahalaren erabilera bat dator Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan aurreikusitako erregulazio onaren printzipioekin. Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritako printzipio hauek ere betetzen dira: premia eta eraginkortasuna, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna eta efizientzia.

Aurrekoarekin bat, eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 62 ter.5 artikuluan emandako gaikuntzaren arabera,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Onestea 179 eredua.

179 eredua onesten da, "Etxebizitzen erabilera turismorako lagatzearen urtean behingo aitorpen informatiboa" izenekoa, formatu elektronikokoa. Haren edukia I. eranskinean jaso da.

2. artikulua. 179 eredua aurkeztera behartuak daudenak.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 46.2 artikuluan ezarritakoaren arabera aitorpenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan aurkeztu behar dituztenen artean, honako pertsona edo entitate hauek daude behartuak 179 eredua aurkeztera: etxebizitzen erabilera turismorako lagatzeko eragiketetan lagatzaileen eta lagapen hartzaileen arteko bitartekari lana egiten duten pertsonak eta entitateak, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 62 ter artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezarri bezala, aitorpen informatiboak hartzen duen aldian etxebizitzen erabilera turismorako lagatzeko egiten den eragiketa bakoitzari dagokionez.

3. artikulua. 179 ereduaren edukia.

179 ereduan aitortu beharko da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 62 ter artikuluaren 4. apartatuan aipatzen den informazioa, aitorpen informatiboak hartzen duen aldian etxebizitzen erabilera turismorako lagatzeko egiten den eragiketa bakoitzari dagokionez.

4. artikulua. 179 eredua aurkezteko epea.

179 eredua urtean behin aurkeztuko da, urte bakoitzeko urtarrilaren 1etik 31ra bitarteko epean, aurreko urte naturalari dagozkion informazioaren eta eragiketen berri emateko.

5. artikulua. 179 eredua aurkezteko modua.

179 eredua soilik formatu elektronikoan izanen da eskuragarri eta modu elektronikoz aurkeztu beharko da, Internet bidez, 7. eta 8. artikuluetan azaltzen diren baldintza orokorren eta prozeduraren arabera.

Aurkezpena egiten dutenek kontuan hartu beharko dituzte aurkezpen telematiko hori egiteko behar diren arau teknikoak, Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuak daudenak, Nafarroako Foru Ogasunari dagokion atalean.

6. artikulua. 179 eredua aurkezteko gaikuntza.

Honako hauek aurkezten ahalko dute 179 eredua modu elektronikoz, Internet bidez:

1. Aurkezteko betebeharra dutenek edo, hala badagokio, haien ordezkariek.

2. Tributuen aplikazioan laguntzaile sozialen izaera duten pertsonek edo entitateek, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 90. artikuluan eta ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat, foru agindu horretan onesten baita kanpo lankidetzarako akordioa, hirugarren pertsonen izenean telematika bidez aurkezteko aitorpenak, jakinarazpenak eta zerga arloko beste agiri batzuk, eta telematika bidez tramitatzeko tributu-zorren ordainketa.

7. artikulua. 179 ereduaren aurkezpen elektronikoa egiteko baldintza orokorrak.

1. 179 ereduaren aurkezpen elektronikoa egiteko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ) eduki beharko du.

b) Eredua elektronikoki aurkezteko, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren uztailaren 3ko 132/2009 Foru Aginduaren 2. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dira, foru agindu horretan arautzen baitira zenbait tributu aitorpen baliabide telematikoen bidez edo ordenagailuak irakurtzen ahal duen euskarriaren bidez aurkeztera behartzen duten kasuak.

8. artikulua. 179 eredua modu elektronikoan aurkezteko prozedura.

179 ereduaren aurkezpen elektronikoa egiteko, web formularioa erabiliz, prozedura hau erabiliko da:

1. 179 eredua aurkezteko tramitera sartu, Nafarroako Gobernuaren web-orrian, Nafarroako Foru Ogasunaren atalean.

2. Web formularioko beharrezko datu guztiak bete.

3. Aitorpena bete ondoren, igortzeko aukera erabili.

Aitorpena zuzen egina bada, sistemak baliozkotuko du. Akatsik atzemanez gero, inprimakiaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu.

Aitorpena zuzen bete ondoren, sistemak adieraziko du zer zenbaki esleitu zaion aitorpenari, eta, orobat, inprimatzeko aukera eskainiko du, frogagiri gisa erabiltzeko.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Foru agindu honek indarra hartzen duenetik aurrera, indargabetuta gelditzen da Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren azaroaren 24ko 125/2021 Foru Agindua, zeinaren bidez onetsi baitzen "Etxebizitzen erabilera turismorako lagatzearen hiru hilez behingo aitorpen informatiboa" izeneko 179 eredua.

Azken xedapen bakarra.–Indarrean jartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta lehenbiziko aldiz aplikatzen ahalko da 2023. urteari dagozkion aitorpen informatiboetan, zeinak 2024ko urtarrilean aurkeztuko baitira.

Iruñean, 2023ko martxoaren 8an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Deskargatu 179 eredua (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2304114