60. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

22/2023 FORU DEKRETUA, martxoaren 8koa, zeinaren bidez José Antonio Eslava Urra jaunari ematen baitzaio Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea.

José Antonio Eslava Urra jauna Iruñean jaio zen 1936an. Haurra zela etengabe marrazten zuen eta prestakuntza jasotzen hasi zen Crispín Martínezekin eta Javier Cigarekin. Iruñeko Arte eta Lanbide Eskolan ikasketak amaitu ondoren, Madrilgo San Fernando Arte Ederretako Goi Eskolan zabaldu zuen bere prestakuntza. Prestakuntza osatzeko, hainbat bidaia egin zituen Europan eta, bereziki, Italian zehar, Florentzian eta Erroman, orduko Nafarroako Foru Diputazioak horretarako pentsioa emanda. Italiako Kanpo Arazoetako Ministerioak ere pentsioa eman zion Florentzian ikasketak egin zitzan, 1963an. Oposizio bidez pentsiodun plaza lortu zuen Erromako Arte Ederren Espainiako Akademian, 1965ean.

Pintura-tekniketan, horma-grabatuan, grabatu kalkografikoan, eskulturan eta artista-liburuetan egiten du lan.

Bere lanari buruzko idazki ugari daude. Aipatzekoak dira Jorge Oteizak, Tomás Yerrok, Pedro Lozanok, Salvador Martín Cruzek, Edorta Kortadik... hari buruz esandakoak.

Bere pintore-lanetan honako sari hauek jaso ditu:

–Arte Ederren Errege Akademiako Carmen del Río Saria, 1960an.

–Santanderreko Menéndez Pelayo Unibertsitatea Saria, 1961ean.

–Santanderreko Menéndez Pelayo Unibertsitatea Saria, 1961ean.

–Pinturako zilarrezko bigarren domina nazioarteko lehiaketan, Florentzian, 1962an.

Bere margolanak Nafarroako Gobernuan, Iruñeko udaletxean, Nafarroako museoan, Leireko monasterioan, Iruñeko Erruki Etxean, Elena Infanta egoitzako kaperako beiratean eta zenbait bilduma partikularretan daude.

Grabatzaile gisa, zenbait domina jaso ditu, besteak beste Grabatuko Sari Nazionala, lehenengoa, 1968an, bigarrena, 1966an, eta hirugarrena 1962an, Grabatuko Biurteko Nazionaletan, 1962an, eta Menéndez Pelayo Saria, Santanderren.

Bere grabatu lanak Nafarroako Gobernuan, Nafarroako museoan, Iruñeko Erruki Etxean, Madrilgo Liburutegi Nazionalean, Huescako Serralbo Museoan, Gonzaga galerian (Bing Crosby) Amerikako Estatu Batuetan, eta bilduma partikularretan daude.

Eskultura-lan garrantzitsuak ditu hainbat herritan:

–"Teobaldo II, rey de Navarra" (Teobaldo II.a, Nafarroako errege). NUPeko liburutegian (burdina forjatua).

–"Europa". Takonerako lorategiak, Iruña (burdina forjatua).

–"Pompeyo". Juan XXIII.a plaza, Iruña (burdina forjatua).

–"Maternidad" (Amatasuna). Gorrien plaza, Barañain (burdina forjatua).

–"Jasón". Sarriguren (burdina forjatua).

–"Monolito" (Monolitoa). Foruen plaza, Barañain (porlan grabatua).

–"San Virila". Nafarroako museoa (burdina forjatua).

–"La hortelana" (Emakume laboraria). Tutera (brontzea).

–"A Javier" (Xabierrera). Zangozako bidegurutzea (brontzea).

–"Alonso López de Corella". Corella (brontzezko xafla).

–"Talla en madera en N.ª S.ª del Huerto" (Zurezko tailla El Huertoko Andre Mariaren elizan). Iruña.

–"Escultura en piedra" (Harrizko eskultura). Bilduma partikular batean, Bordelen (Frantzia).

–"Relieve en plata de san Francisco Javier" (Zilarrezko erliebea, San Frantzisko Xabierkoarena), Nafarroako patroia. Nafarroako Gobernuarena.

–"Medalla del Ateneo de Navarra" (Nafar Ateneoaren domina), brontzezkoa.

Maketan proposatutako eskultura proiektuak ere bai, zirriborroak: "San Fermín", "Príncipe de Viana" (Vianako printzea), "Carlos III El Noble" (Karlos III.a Noblea).

Bere artista-liburuetako batzuk dira:

–"Sueños de un peregrino. Camino de Santiago" (Erromes baten ametsak. Donejakue bidea). Nafarroa Orreagatik, Europako atea. Iruñeko Udala, 2021.

–"Navarros en América" (Nafarrak Ameriketan). Nafarroako Gobernuak eskatuta. Sevilla 1992.

–"Mar Océana" (Itsas zabala). Amerikaren aurkikuntzaren oroimenez (1992).

–"Un navarro en la Divina Comedia" (Nafar bat Jainkotiar Komedian). Dantek inspiratua (egilearen grabatu eta marrazkien bilduma).

–"Encierro de los toros en Pamplona" (Zezenen entzierroa Iruñean).

–"De hombres y toros" (Gizonak eta zezenak). Iruñeko Udalaren enkarguz egina (2019).

José Antonio Eslava Urra jauna estanpazioaren maisutzat hartzen da, eta marrazkigintza menderatzea, jakin-min artistikoa eta kultura humanista sakona izan dira bere ezaugarriak arlo horretan. Beste diziplina artistiko batzuetan ere nabarmendu da, hala nola eskulturan eta pinturan, bai eta bere tailerrean egin duen irakaskuntza-lanagatik ere; izan ere, bere emazte Isabel Cabanellas artistarekin batera gazte belaunaldi ugari trebatu ditu.

José Antonio Eslava Urra artista nafarrak estanpazio-tailerra eman dio Nafarroako Museoari, eta erakunde horrek Uharte Zentroan utzi du, komunitate artistikoaren esku egonen den grabatu-laborategi bat sortzeko. Tailerra estanpazio kalkografikoko prozesuetarako da. Prozesu horiek grabaketa jasangarriko teknikekin egiten dira, eta teknika tradizionalek artistaren osasunerako duten arrisku toxikoa minimizatzen dute, hain kutsagarriak ez diren produktuak erabiliz. Prozesu horietarako, Uharte Zentroak kalkografia-prentsa (torkulu) bat eta inprimategiko prentsa eskuzko bat ditu, artistak dohaintzan emandakoak.

Bere ibilbide artistiko eta humanistiko nabarmenagatik, Nafarroako Foru Komunitatearekin izan duen eskuzabaltasunagatik eta artista plastikoen belaunaldiak trebatzen egin duen lanagatik, Nafarroako Gobernuak bidezkotzat jotzen du José Antonio Eslava Urra jauna saritzea Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, horretarako sortu zen kondekorazio hau apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaren bidez: Foru Komunitatea garatzen, ezagutarazten eta hari ospea ematen –nor bere jardueraren esparruan– nabarmendu diren pertsonek eta entitateek egindako lana eskertzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita hiruko martxoaren zortzian egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. José Antonio Eslava Urra jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2023ko martxoaren 8an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2304078