60. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

20/2023 FORU DEKRETUA, martxoaren 8koa, zeinaren bidez Judith Torrea Oiz andreari ematen baitzaio Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea.

Judith Torrea Oiz andrea (Ilarregi, 1973) kazetaria da, Mexikoren eta Ameriketako Estatu Batuen arteko mugaldeko narkotrafikoan, krimen antolatuan, heriotza-zigorrean, immigrazioan eta politikan espezializatua, eta errealitate horri buruz egin du lan azken 14 urteetan, tartean, 9 urtez, bi mugen artean bizi zela. Ezaguna da, batez ere, Ciudad Juárezen, bortizkeria handieneko munduko hirietako batean, bete duen kronika eta ikerketa lanagatik.

Hainbat hedabidetarako idatzi du: Estatu Batuetakoak (Univision Online, The Texas Observer, Al Día-The Dallas Morning News), Mexikokoak (Letras Libres eta Emeequis aldizkariak), Perukoak (Etiqueta Negra) eta Europakoak (DPA agentzia alemana, El País, EFE, Le Monde Diplomatique, Expresso).

Texasen (AEB) Kapitolioko erreportari gisa lan egin zuen, orduko gobernadore George W. Bushen politikaren berri ematen. 1998an Estatu Batuetako heriotza-zigorraren ekitaldian ikusle izandako emakumezko lehen kazetari espainiarra izan zen ("Muerte en directo" (Heriotza zuzenean), kronika. El Mundo).

Michael Bloomberg New Yorkeko alkatearen politikaren jarraipena egunero egiten zuen prentsa talde txikiko kide izan zen, eta kazetari latino bakarra City Hall-eko Room 9a delakoan. Torreak hitzaldiak eman ditu Estatu Batuetan, eta nazioarteko hedabide askoren kolaboratzailea da. Kazetaritzako hainbat sari irabazi ditu Estatu Batuetan, Alemanian eta Espainian, besteak beste 2010eko Ortega y Gasset Saria kazetaritza digitalaren modalitatean, "Ciudad Juárez, en la sombra del narcotráfico" (Ciudad Juárez, narkotrafikoaren itzalean) izeneko bere blogari esker.

Judith Torrea andrea, gainera, kanpoan dauden nafarren Next sarekoa da eta noranahi doala Nafarroaren "enbaxadorea" da.

Giza eskubideak defendatzen dituen kazetari gisa egin duen ibilbide nabarmenagatik eta Estatu Batuetako mugan talde biolentoek bereziki emakumeen kontra erabiltzen duten indarkeria salatzegatik, Nafarroako Gobernuak bidezkotzat jotzen du Judith Torrea Oiz andrea saritzea Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, horretarako sortu zen kondekorazio hau apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaren bidez: Foru Komunitatea garatzen, ezagutarazten eta hari ospea ematen –nor bere jardueraren esparruan– nabarmendu diren pertsonek eta entitateek egindako lana eskertzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita hiruko martxoaren zortzian egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. Judith Torrea Oiz andreari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2023ko martxoaren 8an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2304076