60. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

16/2023 EBAZPENA, otsailaren 16koa, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez osasun larrialdietako teknikari tituluak lortzeko probetarako berariazko deialdi bat egiten baita 2022-2023 ikasturterako, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, 69.4 artikuluan, eskumena ematen die hezkuntza administrazioei Lanbide Heziketako tituluak lortzeko probak antolatzeko aldian behin, betiere 40. artikuluan ezarritako helburuak betetzen direla frogatuz gero.

Hezkuntza sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuak 35. artikuluan ezartzen du Lanbide Heziketako tituluak lortzen ahal direla horiek zuzenean lortzeko antolatutako probak gaindituz, eta 36. artikuluan xedatzen du hezkuntza administrazioei dagokiela proba horiek aldian behin antolatzea, eta, beren eskumenen esparruan, haietarako deia egitea gutxienez urtean behin, eta, orobat, zehaztea zein diren proba horien xedeko heziketa zikloetako lanbide moduluak, noiz den matrikulazio epea, zein egunetan eta zein ikastetxetan eginen diren eta zein izanen diren proben edukiei dagozkien curriculumak. Era berean, 37. artikuluak zehazten du zein diren probetan parte hartzeko baldintzak eta adinari buruzko betebeharrak.

Hezkuntzako kontseilariak ekainaren 27an emandako 76/2016 Foru Aginduak Lanbide Heziketako titulu ofizialak lortzeko proben deialdiak egiteko baldintza orokorrak ezarri zituen. Arau-esparru berri horrek aurreikusten du deialdi orokorrak ezartzeko aukera, eta baita berariazko deialdiak ere, zenbait eremu edo kolektibo profesionali zuzenduak, zeinek, Nafarroako Foru Komunitatearentzat duten interes bereziagatik edo kasuan kasuko lanbide jarduera arautzen duten inguruabar bereziengatik, besteak beste, deialdi hauen bidez arreta berezia behar baitute.

Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiari dagokio proben deialdia egitea, eta zehaztea horren xedeko lanbide moduluak eta heziketa zikloak, izena emateari eta matrikulari buruzko alderdiak, eta probak zein egunetan eta zein ikastetxe publikotan eginen diren.

Ikusirik Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuak aldeko txostena eman duela Lanbide Heziketako teknikari tituluak lortzeko proba libreen berariazko deialdi bat egiteari buruz, baita horiek 2022-2023 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitatean egiteko arauak zehazteari buruz ere, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Osasun larrialdietako teknikari tituluak lortzeko probetarako berariazko deialdi bat egitea, 2022-2023 ikasturterako, ebazpen honen eranskinean jasotako oinarriekin bat.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura, Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzura, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora eta ukitutako ikastetxera; Barne Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolara, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzura eta aipatu zerbitzuko Prestakuntza Atalera (Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuan).

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2023ko otsailaren 16an.–Lanbide Heziketaren zuzendari nagusia, Tomás Rodríguez Garraza.

ERANSKINA

Lanbide Heziketako tituluak lortzeko proba libreetarako berariazko deialdia, 2022-2023 ikasturterako. Oinarriak

Xedea.

1. Ebazpen honen xedea da Nafarroan Lanbide Heziketako tituluak lortzeko probetarako berariazko deialdi bat egitea, ekainaren 27ko 76/2016 Foru Aginduaren 1. eranskinaren 2. oinarrian ezarritakoa garatzeko.

Berariazko deialdi hau zuzendua dago Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko suhiltzaileen berrogeita bost lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdiari lotutako suhiltzaileen oinarrizko prestakuntzaren ikastaroan onartutako izangaiei (deialdi hori Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak martxoaren 7an emandako 589/2022 Ebazpenaren bidez onetsi zen), baldin eta eranskin honetako 5. oinarrian izena emateko ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

2. Lanbide Heziketako tituluak lortzeko proba libreetarako berariazko deialdia, ebazpen honetan arautua, ziklo osoko proba libreen deialdi bat da. Ez da proba libreen deialdi modular bat.

Aurrekoa oinarri hartuta, inskribatu ondoren onartuak diren pertsonek ziklo osoko proba libreetan inskripzioa eta matrikula egiten dituzte, hau da, hori osatzen duten modulu guztienak; ez dute inskripzio eta matrikula modularrik egiten, hots, zikloko zenbait lanbide moduluri lotutakorik.

Ez da aplikagarria izanen, beraz, 17 tarifa (‘Lanbide Heziketako teknikariaren edo goi mailako teknikariaren titulua lortzeko proba libre modularretako inskripzioa‘), Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Tasa eta Prezio Publikoei buruzko otsailaren 11ko 2/2021 Foru Legearen 36.4 artikuluan ezarri zena.

3. Berariazko deialdi hau titulu honetarako egiten da:

–Titulua: osasun larrialdietako teknikaria (lanbide arloa: osasuna - maila: erdia)

Nafarroako curriculuma: 43/2009 Foru Dekretua, maiatzaren 4koa (2009ko abuztuaren 21eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala); azken aldaketa: 27/2018 Foru Dekretua, apirilaren 25ekoa (2018ko ekainaren 28ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

–Zentro aztertzailea (inskribatzeko eta probak egiteko zentroa): Nafarroako Lanbide Eskola Tekniko Sanitarioa IB -ESTNA (Irunlarrea 3. Nafarroako Ospitalearen esparrua. 31008 Iruña. Tel. 848 431060).

http://escuelasanitaria.educacion.navarra.es/web/

escuela.sanitaria@educacion.navarra.es

Berariazko deialdia. Inskripziorako baldintzak.

4. Osasun Larrialdietako teknikari tituluak lortzeko proben berariazko deialdian (ebazpen honen bidez arautua) izena emateko, berariazko bi baldintza orokor hauek bete beharko dira aldi berean:

a) Baldintza orokorrak: proba libreetarako deialdi orokorretan ezarritakoak.

b) Berariazko baldintzak: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko suhiltzaileen berrogeita bost lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdiari lotutako suhiltzaileen oinarrizko prestakuntzaren ikastaroa egiten ari izatea; deialdi hori Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak martxoaren 7an emandako 589/2022 Ebazpenaren bidez onetsi zen.

Deialdiaren garapena, jarraibideak.

5. Izena emateko eskaera "Osasun Larrialdiak" zikloko lanbide modulu guztietarako egin beharko da.

Honela ematen ahalko da izena:

a) Aurrez aurre: Nafarroako Lanbide Eskola Tekniko Sanitarioa -ESTNA ikastetxe bateratuko idazkaritzan (Irunlarrea kalea 3, 31008 Iruña).

b) Educa-Atariaren bidezko erregistro telematikoaren bitartez, zentro aztertzaileari zuzendua, "Osasun Larrialdietako tituluak lortzeko proba libreak. Berariazko deialdia" izeneko fitxaren bidez, esteka honetatik abiatuta:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Osasun-Larrialdietako-titulua-lortzeko-proba-libreak-berariazko-deialdia

6. Inskripziorako, behin-behineko eta behin betiko zerrendak argitaratzeko, matrikulaziorako eta probak egiteko egutegia Nafarroako Lanbide Eskola Tekniko Sanitarioa ikastetxe bateratuko zuzendaritzak finkatuko du. Horretarako, kontuan hartuko du moduluei dagokien lehenbiziko proba 2023ko martxoaren 27tik aurrera egin beharko dela.

7. Izangai bakoitzak izena emateko eskaera bakar bat aurkeztuko du, Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoko "Osasun Larrialdietako tituluak lortzeko proba libreak. Berariazko deialdia" izeneko tramiteen fitxa horretako ereduei egokitua.

Pertsona batek eskaera bat baino gehiago aurkezten baditu, horietako bakar bat ere ez da kontuan hartuko, eta deialdi honetan araututako onarpen prozeduratik kanpo geldituko da.

8. Eranskin honen 4. oinarrian aipatzen diren izena emateko baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira.

9. Izena emateko eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Indarrean dagoen Nortasun Agiri Nazionalaren edo pasaportearen fotokopia.

b) Erdi mailako zikloan sartzeko titulua, prestakuntza akademikoa edo sarbide proba egiaztatzen duen ziurtagiriaren fotokopia.

c) Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emandako ziurtagiria, eskatzailea eranskin honen 1. oinarrian aipatutako suhiltzaileen oinarrizko prestakuntzaren ikastaroa egiten ari dela egiaztatzen duena.

10. Hezkuntza Departamentuak egiaztatzen ahalko du inskribatutakoek aurkeztutako datuak edo/eta dokumentuak benetakoak diren edo ez. Haietan faltsutasunik badela egiaztatuz gero, deialditik kanpo geldituko da eta, hartan kalifikaziorik lortu bada, deuseztatuko da.

11. Matrikula egiteak ebaluazio deialdi bakar baterako eskubidea emanen du lanbide modulu bakoitzeko.

12. Bateraezinak dira proba hauetako matrikula eta beste prozedura batzuk, ekainaren 27ko 76/2016 Foru Aginduaren 1. eranskinaren 4. oinarrian arautzen den moduan. Ez bada betetzen, deialdi honetako matrikula eta bertan lortzen diren emaitza akademikoak deuseztatuko dira.

13. Ezin da baliozkotzerik eskatu titulua zuzenean lortzeko probetarako (proba libreak) deialdietan, hala jasota baitago Espainiako hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketako tituluetako lanbide moduluen baliozkotzeak eta baliozkotzeak aplikatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 9ko 1085/2020 Errege Dekretuan. Orobat, errege dekretu horren bidez aldatu zen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretua, hezkuntza sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duena.

14. Ebazpen honen bidez deitutako proba libreetarako berariazko deialdian matrikulaturik daudenek lanbide moduluak egiaztatzeko eskatzen ahalko dute, indarreko araudian ezarritakoaren arabera.

Ebaluazio batzordea.

15. Ekainaren 27ko 76/2016 Foru Aginduaren eranskinaren 8. oinarrian ezartzen den bezala, ebaluazio batzorde bat eratuko da heziketa ziklo eta ikastetxe bakoitzerako. Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendariak izendatuko ditu, irizpide orokor honekin: deialdi honen xedeko lanbide modulu bakoitza irakasle arduradun bakar bati esleitzea.

Ebaluazio batzordeak, hala behar dela iruditzen bazaio, aholkularien laguntza eskatzen ahalko du probak garatzeko. Horretarako, eskaera arrazoitua egin beharko dio Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendariari, eta hark erabakiko du onartzen den ala ez. Pertsona horiek irakasle espezialista gisa izendatuko edo kontratatuko dira, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak profesional espezialistak kontratatu eta izendatzeko araubideari buruzko abuztuaren 2ko 260/1999 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat.

16. Ebaluazio batzordean parte hartzea nahitaezkoa da. Ebaluazio batzordeko kideek egin beharreko eginkizunak Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzak hobetzeko neurriei buruzko uztailaren 2ko 26/2002 Foru Legearen 12.2 artikuluan ezarritako lanen parekotzat hartuko dira, eta, beraz, eginkizun horietan aritzen direnek ezarritako diru konpentsazioak jaso beharko dituzte.

Horretarako, pertsona horiek diru konpentsazioak jasoko dituzte, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren martxoaren 22ko 84/2016 Ebazpenean ezarritakoaren arabera. Ebazpen horren bidez ezartzen dira proba libreetako eta hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako ikasketetan eta arte plastikoetako lanbide ikasketetan sartzeko probetako ebaluazio batzordeetako eta koordinazio batzordeko kideek jaso beharreko konpentsazioak, bai eta araubide bereziko kirol ikasketen probetakoak ere, Nafarroan.

17. Izendatzen den ebaluazio batzordeak prestatuko ditu berariazko deialdi honen xedeko lanbide modulu bakoitzerako probak; teoriko-praktikoak izan beharko dute.

Lanbide modulu bakoitzeko ariketak eta probak prestatzeari eta horiek zuzendu eta kalifikatzeari dagokionez, kontuan hartu beharko da printzipio orokor hau: ebaluazio batzordeko irakasle bakar batek prestatu, zuzendu eta kalifikatu behar ditu ariketak eta probak, betiere, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendariak egindako izendapenean bakoitzari esleitu zaizkion lanbide moduluen arabera.

18. Probak Nafarroako Foru Komunitatean indarra duen Osasun Larrialdietako heziketa zikloko curriculumari eta haren lanbide gaitasunei buruzkoak izanen dira. Probek eduki teorikoak eta praktikoak izanen dituzte, halakoak non kasuan kasuko ebaluazio irizpideen bidez agerian geldituko baita ikasleek behar diren ikaskuntza emaitzak lortu dituztela, eta, hala dagokionean, lanbide moduluari lotutako gaitasunak.

19. Beren ezaugarriengatik eta bereizgarritasunarengatik beharrezkotzat jotzen den lanbide moduluetan, ebaluazio batzordeak bi zatitan antolatzen ahalko du proba, eta zehaztu, hala erabakiz gero, aurreko zatia gainditu beharko dela hurrengoa egiteko.

20. Ebaluazio batzordeak azterketaren xedeko lanbide moduluen probak egiteko egutegia prestatuko du. Egutegia halako eran prestatuko da non ebaluazio batzordeko irakasle arduradunei esleitutako lanbide moduluetako ariketak ez baitira eginen irakasle horien irakastorduetan. Orobat, ahaleginak eginen dira, jarduera horiek direla-eta, ikastetxeko gainerako ikasleei trabarik ez egiteko.

21. Probetan matrikula egin dutenek Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo legez onartua den beste edozein dokumentu, identitatea behar adina frogatzen duena, eraman beharko dute probak egiterakoan.

Iragarkiaren kodea: F2302986