60. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

52/2023 EBAZPENA, martxoaren 2koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita udal poligono eta lokalak sustatzeko dirulaguntzen 2023ko deialdia, jarduera ekonomikoak garatzeko. DDBN identifikazioa: 679473.

Nafarroako Gobernuaren helburu estrategikoetako bat da Foru Komunitateko lurraldearen garapen orekatua, eta, horretarako, jarduera ekonomikoak garatzeko tokiak behar dira udalerrietan.

Toki entitateek eskatzen dituzten laguntzak jarduera ekonomikoen poligonoak sustatzeko edo beren hiri azpiegiturak hobetzeko izan ohi dira, bai eta higiezinak egokitzeko ere, bulego, lokal edo lantegi txiki gisa erabiltzeko, eta, hala, proiektu ekintzaileak gauzatzeko espazioak eduki ahal izateko.

2023ko deialdi honek kalkulatutako eskariari erantzuten dio. Asmoa da diruz laguntzea toki entitateek Nafarroan enpresak ezartzeko eskuratu behar duten azpiegitura eta zuzkidura oro, eta kokatuta dauden enpresak deslokalizatzea saihestea.

Adierazitakoarekin bat, eta martxoaren 11ko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea udal poligono eta lokalak sustatzeko dirulaguntzen 2023ko deialdia, jarduera ekonomikoak garatzeko. 2023ko eta 2024ko aurrekontu kredituei eragiten die.

2. Laguntza horiek emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean daude.

3. 1.100.000 euroko gastua baimentzea, partida hauen kargura:

–500.000 euro, indarrean dagoen aurrekontuko "Jarduera ekonomikoetako udal poligonoetarako laguntzak" izeneko 810001-81100-7609-458100 partidaren kargura.

–600.000 euro, 2024ko Aurrekontu Orokorretan xede horretarako gaitzen den partidaren kargura. Konpromiso hori beteko da kreditua baldin badago.

Aurkezten diren eskaera guztiei erantzuteko aski ez bada, zenbateko hori 300.000 euro arte handitzen ahalko da 2023ko gastuen aurrekontuan onetsitako partidaren kargura, eta 500.000 euro arte 2024ko aurrekontuan dagokion partidaren kargura, baldin eta aurrekontuan-diru erabilgarririk badago eta bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluan xedatutakoarekin.

Baimena handitzeko, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 40. artikulua bete beharko da, urte anitzeko gastu-konpromisoa 600.000 eurotik gorakoa bada.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2023ko martxoaren 2an.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Laguntzek helburu dute industrialde berriak egitea sustatzea, eraikuntzako edo industrialdeetako instalazioetako akatsak konpontzea eta bulegoak edo lantegiak dauden udal eraikinak egokitzea, gero bigarren edo hirugarren sektoreko enpresek erabil ditzaten.

2. oinarria.–Onuradunak.

Onuradun izanen dira 3. oinarrian adierazitako jarduketa diruz lagungarriak egiten dituzten entitate hauek:

a) Nafarroako toki entitateak.

b) Toki entitateen mendeko sozietate publikoak.

3. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak.

Diruz lagunduko diren jarduketek 2022ko urriaren 1etik 2023ko irailaren 30era bitartean hasitakoak izan behar dute, baldin eta egin beharreko inbertsioa 25.000 eurokoa bada gutxienez.

1. Industria edo zerbitzu poligono berriak sustatzea, honako baldintza hauek beteta:

a) Ukitutako lurren titulartasuna entitate sustatzailearena izan beharko da.

Toki entitateak sustapenean parte hartzen badu konpentsazio batzorde baten bidez, edo onesten bada birpartzelazio proiektu bat non toki entitatea zehazten baita portzentaje jakin baten jabe gisa, gertaera hori justifikatuko da, eta toki entitateari dagokion portzentaje hori izanen da diruz lagungarria.

Kanpoko azpiegituren eraikuntzak ukitutako lurren kasuan, ez da beharrezkoa izanen haien jabetza izatea, baina dagozkion afekzio baimenak, titularrek sinatuak, izan beharko dira.

b) Dirulaguntzaren eskaera aurkezten den unean, jarduketaren xedeko lurrek honako kalifikazioa izan behar dute indarra duen udal planeamenduan: industriarako, zerbitzuetarako edo jarduera ekonomikorako hiri-lurzorua.

c) Onuradunak konpromisoa hartuko du jarduketatik ateratzen diren lurzatiak saltzeko gutxienez merkatuko prezioan.

2. Egun dauden Industria edo zerbitzu poligonoak azpiegitura berriekin hornitzeko inbertsioak, bai jada egindakoak eskasak direlako edo zaharkituak gelditu direlako, bai azpiegiturarik ez dagoelako; edo bestela, ezohiko mantentze- eta konpontze-lanak egiteko inbertsioak.

Toki entitate eskatzaileak ukitutako poligonoaren jabe izan beharko du, urbanizazioa sustatu duelako edo bere garaian jaso duelako.

3. Eraikinak gaitzea gero bigarren edo hirugarren sektoreko enpresek edo profesionalek aloka ditzaten, baldin eta beharkizun hauek betetzen badira:

a) Udalaren jabetza publikokoa izan beharko du obrekin hartutako eraikinak.

b) Obren bidez, bulegoak, lantegiak, nabeak edo antzeko espazioak eginen dira, jarduera ekonomikoak garatzeko, ostalaritzakoak izan ezik. Salbuespen gisa, azpiegiturarik ez dagoelako industria jarduerak kokatzeko aukerarik ez dagoen udalerrietan, tokiko turismoa sustatzen duten jarduerak hartzeko gaitzen diren lokalak hartuko dira diruz laguntzeko modukotzat.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta laguntzen zenbatekoa.

1. Aipatu jarduketak gauzatzeko, gastu hauek izan daitezke dirulaguntzaren xede:

a) Poligonoa egiteko lurrak eta, zein den kasua, beharrezkoak diren zortasun eskubideak erostea. Kontzeptu horrengatik diruz lagungarria den aurrekontua onibarren balio katastralen batura izanen da.

Eraikinak erostea ez da dirulaguntzaren xede izanen.

b) Obrak egiteko proiektuen prestaketa eta obra horien zuzendaritza fakultatiboa.

c) Poligonoa urbanizatzeko, eraikina egokitzeko edo azpiegiturak egiteko obrak.

Kontuan harturik proiektuen tramiteek denbora luzea hartzen ahal dutela, diruz lagungarriak dira proiektuen kostuak eta lurrak erosteko kostuak, obra hasi aurretik egin badira eta 2022ko urtarrilaren 1aren ondoren ordaindu badira.

2. Laguntzen zenbatekoa honako hau izanen da:

a) Poligono berrien sustapena bada (3. oinarriaren 1. apartatua), inbertsio diruz lagungarriari salerosketengatik lortzea aurreikusten diren diru-sarrerak kenduta ateratzen den zenbatekoaren %30.

b) Aurrez dauden poligonoen azpiegitura berriak egiteko edo konponketak egiteko inbertsioak badira (3. oinarriaren 2. apartatua), gastu diruz lagungarrien %50.

c) Udal eraikinen moldaketak badira (3. oinarriaren 3. apartatua), gastu diruz lagungarrien %30.

Nolanahi ere, dirulaguntzaren zenbatekoa gehienez ere 250.000 euro izanen da.

Diruz lagungarria izanen da gerora lurzatien salmentan edo lokalen alokairuan jasanarazi ezin den BEZa.

3. Entitate eskatzaile batzuek %3ko laguntza intentsitate gehigarria lortzen ahalko dute. Horretarako, deialdian aurkeztutako proiektuaren eraginari buruzko azterketa aurkeztu beharko dute, genero ikuspegia txertatuta. Azterlanaren helburua da emakumeek eta gizonek enpleguari dagokionez zer egoera duten ezagutzea, beste faktore batzuk kontuan hartuta, hala nola adina edo gaikuntza, haien beharrak eta eskariak, bai eta proiektuak emakumeen gogobetetasunean eta talentuaren atxikipenean zer eragin duen ere.

Azterlanak kontuan hartu beharko ditu emakumeen eta gizonen abiapuntuko egoerak eta aurkeztutako proiektuak ekartzen ahal dituen eragin bereiziak, berdintasunaren aldeko jarduketak aurreikusteko ezagutza eta plangintza tresna baliotsua izan dadin, eta laguntzen fitxan eskuragarri dagoen ereduan adierazitako alderdi guztiak bilduko ditu.

4. Jarduera ekonomikoetako poligonoak herrietan sustatzeko laguntzei buruzko otsailaren 27ko 2/1997 Foru Legearen 4. c) artikuluan xedatuarekin bat, eskatzaileek %95eko hobaria eskuratzen ahalko dute Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergako kuotan; zerga horrek zergapetzen ditu poligonoak sortzeko helburuz toki entitateei egindako lurzoru eskualdaketak eta toki entitateek bertan kokatzen diren enpresei egiten dizkietenak.

5. Dirulaguntzak jasotzeko eskubidea duten aurkeztutako eskabideen zenbatekoen batura deialdiko zuzkidura ekonomikoa baino txikiagoa bada, proiektu bakoitzaren dirulaguntzaren portzentajeak handitzen ahalko dira, modu proportzionalean, partiden zuzkidura agortu arte. Kasu horretan, dirulaguntzaren gehieneko portzentajea %45ekoa izanen da 3. oinarriko 1. eta 3. apartatuetan deskribatutako obretarako, eta %75ekoa 3. oinarriko 2. apartatuan deskribatutako obretarako.

5. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita, eta bukatuko da hurrengo hilabetean argitalpen-egunaren zenbaki bera duen egunean.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak bide telematikoak erabiliz jaso nahi direla, eta, horretarako, gaitutako helbide elektronikoa (GHE) eduki beharko da, zeina 10. oinarrian ezarritako moduan lortzen ahal den.

3. Eskabide telematikoa honako agiri hauekin batera aurkeztuko da (dokumentuak bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira, zein bere izenarekin):

a) Erantzukizunpeko adierazpena, non adierazten den ez dela inolako administrazio-zehapen irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen ari sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez dagoela arrazoi horiek direla eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 18.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

b) Ziurtagiria, sustapenak ukitutako onibar guztien titulartasuna adierazten duena. Zortasuna baino ez duten lurren kasuan, jabetzaren afekziorako baimena frogatzeko ziurtagiria.

c) Jarduketaren xede den lursailaren edo eraikinaren hirigintza kalifikazioaren ziurtagiriak, baita egin nahi diren obrekin bat datorrela ziurtatzen duen agiria ere. Helburu horretarako onetsita dagoen hirigintza planik bada, horren aipamena erantsiko zaio ziurtagiriari.

d) Dirulaguntzaren xede diren obrak azaltzeko dokumentazioa, gehienez ere 20 orrialdekoa, honako atal hauek dituena:

–Jarduketa justifikatzeko memoria, egin behar diren obrak azaltzen dituena. Urbanizazio berriko obren kasuan, ondoriozko lurzatien edo lokalen zerrenda aurkeztu beharko da, haien azalerekin.

–Jarduketa definitzeko planoak, honako hauek barne hartuta: kokalekua eta zer onibarretan jarduten den; ondoriozko lurzati edo lokalekin aurreikusitako antolamendua, hala badagokio; eraiki beharreko instalazioen, zerbitzuen edo aldaketen garapena; edo ondoriozko lokalak, egokitutako eraikinen kasuan.

–Obren aurrekontua.

Helburu horrekin idatzitako proiektu tekniko bat aurkezteko aukera ez da izanen azalpen dokumentazioa adierazi moduan aurkeztetik salbuesteko arrazoia.

e) Jarduketaren kostuak guztira, kontuan hartuta lurren erosketa gastuak, kasua bada, eraikuntza proiektuen erredakzio gastuak, obren exekuzio gastuak eta zuzendaritza fakultatiboaren gastuak.

Ez da kudeaketa edo aholkularitza gastuei buruzko agiririk aurkeztu beharko, ez baitira dirulaguntzaren xede.

f) Obrak kontratatzeko eta egiteko aurreikusitako epeen egutegi eta plangintza xehatua.

g) Bideragarritasunari buruzko aldez aurreko azterlana, sustapen osoaren gastuak eta lurzatien edo lokalen salmenta edo alokairuengatik jasotzea aurreikusten diren diru-sarrerak jasotzen dituena, finantzabideak zehaztuta eta finantza kostuak adierazita.

Sozietate publikoek aurkeztutako eskaeren kasuan, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da, baita ere, egin nahi diren obrak finantzatzeko duten gaitasunari buruzkoa.

h) Eraginari buruzko azterketa, genero ikuspegia txertatuta; 4.3 oinarrian adierazitako edukia izan beharko du, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen ereduari egokituta, baldin eta laguntzaren %3ko intentsitate gehigarria lortu nahi bada.

i) Poligono berri bat egiten denean:

–Lurzatiak erosteko eskaeren zerrenda, halakorik bada, eta gordailuan utzitako fidantzen kopia, halakorik eskatu bada.

–Kasua bada, lurzatien salmenta kontratuaren kopia edo behar diren dokumentuena, lurzatia erosteko ezarri den prezioa adierazten duena.

–Toki entitatearen erabakia, non agertzen baita onartutako salmenta prezioa edo, bestela, ateratzen diren lurzatiak merkatuko prezioan saltzeko konpromisoa.

j) 3.2 oinarrian deskribatutako obrak egiten direnean, obren onuradun diren enpresen artean gastuak izanen direla egiaztatzen duen dokumentazioa, hala badagokio, bai kontribuzio bereziaren bidez bai beste edozein prozeduraren bidez.

k) Erantzukizunpeko adierazpena, ingurumen helburuei kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa betetzen dela adierazten duena (laguntzen fitxan eskuragarri dagoen ereduari jarraituko zaio).

4. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, organo kudeatzaileak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

6. oinarria.–Laguntzak emateko irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Balorazio handiena lortu duten jarduketei 4. oinarrian ezarritako laguntza portzentajeak aplikatuta aterako da eman beharreko dirulaguntza, deialdirako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

2. Hauek dira eskaerak baloratzeko irizpideak:

a) Poligono berrien sustapenetan, justifikatzen bada egun dauden jarduerak lekuz aldatu beharra, bai kokagune desegokian daudelako bai jarduera handitu behar delako, bai eta jarduera berriak instalatzeko dauden eskaerak ere, puntuazio hau emanen da: 0,1 puntu, fidantza gordailututa edo banku-abala edukita eskatu edo saldu den lurzati azaleraren portzentajezko puntu bakoitzeko: 10 puntu, gehienez ere.

b) Obrak egiten direnean hornidurei, saneamenduari edo urbanizazio baldintzei dagozkien azpiegitura zaharkituak hobetzeko: 10 puntu, gehienez ere.

c) Lokalak birgaitzen direnean, alokatzeko: 5 puntu, gehienez ere.

d) Gaitutako espazioen hirigintza kalifikazioa industriala denean: 5 puntu.

e) Justifikatzen bada lurzatien eskaera errealen ondorioz lanpostuak mantendu edo berriak sortu behar direla: 5 puntu, gehienez ere.

f) Proiektua hiri zerbitzuen edo eremuen beharrera egokitzeagatik, hau da, proiektuaren dimentsioak bat etortzea benetako eskaerekin eta kostuak minimizatzea: 5 puntu, gehienez ere.

g) Udal-mugartean ez egotea lurzati industrialen edo alokatzeko lokalen titulartasun publikoko eskaintza alternatiborik: 10 puntu, gehienez.

h) 3. oinarriaren 2. apartatuko obren kasuan, sustatzaileak inbertsioaren portzentaje bat eskatzen dienean jarduketari onura aterako dioten enpresei: jasanarazitako aurrekontuaren %10 bakoitzeko puntu bat; 4 puntu, gehienez ere.

i) 1.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietako jarduketak: 8 puntu; 1.001etik 5.000 biztanlera bitarteko udalerrietakoak: 6 puntu; 5.001etik 10.000 biztanlera bitarteko udalerrietakoak: 2 puntu; eta 10.000 biztanletik gorako udalerrietakoak: 0 puntu.

7. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Toki entitateek aurkeztutako eskaeren kasuan, laguntzen organo kudeatzaileak txostena eskatuko dio Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiari, jakiteko ea toki entitateek ahalmen ekonomiko nahikoa duten dirulaguntzaren xedeko sustapenaren ondorioz heldu diren betebeharrei aurre egiteko.

Txostenak ezezkoa ematen badio eskaerari edo txosten hori ezin bada hilabeteko epean egin, toki entitateak ez duelako aurkeztu 2022ko aurrekontuen likidazio espedientea, ez da eskatutako dirulaguntza ematen ahalko.

2. Txostena jaso eta eskaera guztiak baloratu ondoren, laguntzak kudeatzen dituen organoak ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari. Bertan adieraziko da entitate onuradunek dirulaguntza eskuratzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Emakida proposamena obrak gauzatzeko aurreikuspenetara eta ekitaldi bakoitzeko aurrekontu erabilgarritasunera egokitu beharko da.

3. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna.

Laguntzak emateko ebazpenean zehaztuko da zein gastu aurrekonturen kontura ematen diren, 8.2 oinarrian xedatutakoaren ondorioetarako.

Ebazpena eman eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Ezarritako epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, ulertzen ahalko da eskaerak administrazio isiltasunez ezetsi direla.

4. Baldin eta dirulaguntza esleitu ondoren deklaratzen bada laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela, edo onuradunen batek laguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da behar adina aurrekontu ez egoteagatik ezetsi ziren eskaerei erantzuteko. Kontzesio horiek noiz egiten diren kontuan hartuta, epe berriak finkatzen ahalko dira diruz lagundutako jarduketa justifikatzeko.

8. oinarria.–Justifikazioa eta dirulaguntzaren ordainketa.

1. Onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, egindako jarduketa justifikatzeko:

a) Obren hasiera akreditatzen duen dokumentuaren kopia.

b) Ziurtagiria, kontratu guztiak Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz adjudikatu direla frogatzeko.

c) Onuradunaren webgunean laguntzari emandako publizitatearen justifikazioa, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen ereduari jarraikiz.

d) Fakturak eta gastu guztien ordainagiriak, emandako zenbatekoa justifikatzen dutenak.

2. 2023ko gastu aurrekontuaren kontura diruz lagundutako entitateek 2023ko azaroaren 10a baino lehen aurkeztu beharko dituzte egiaztagiriak. Laguntza 2024ko gastu aurrekontuaren kontura jasotzen duten entitateek, ordea, urte horretako urriaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dituzte.

Egiaztagiriak epearen barruan aurkezten ez badira, eskubidea galduko da justifikatu gabe geratu diren gastuei dagokien dirulaguntza kobratzeko.

3. Aipatu frogagiriak azterturik, laguntzen organo kudeatzaileak ordainketa ebazteko proposamena igorriko dio Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiari, eta bertan adieraziko da onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.

4. Ordainketaren ebazpena bi hilabeteko epean emanen da, gehienez ere, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.

9. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntzen onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak izanen dituzte.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, emandako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, edo, kasua bada, hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

10. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen onuradunek aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta laguntza-eskaera modu telematikoan aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus/home_eu/) tramiteen katalogoko laguntzen fitxaren bidez.

2. Laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eta administrazio egintzen jakinarazpenak telematikoki eginen dira, entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke DEHa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da, eta Nafarroako Gobernuak gaitutako prozeduren harpidedun izan.

11. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste dirulaguntza batzuekin, izan Foru Komunitateko Administrazioak emanak, beste administrazio publiko batzuek emanak, beste erakunde publiko edo pribatuek emanak nahiz partikularrek emanak, Espainiakoek nahiz nazioartekoek.

Betiere, jarduketa bererako emandako dirulaguntzen guztizko zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunek egindako jarduketaren kostua.

12. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publikotasuna.

Organo kudeatzaileak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

13. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2303759