60. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

18/2023 FORU DEKRETUA, martxoaren 8koa, zeinaren bidez Alfredo Sanzol Sanz jaunari ematen baitzaio Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea.

Alfredo Sanzol Sanz jauna (Iruña, 1972) antzerkigilea eta antzerki zuzendaria da. Zentro Dramatiko Nazionaleko zuzendaria, 2020ko urtarrilaz geroztik. Eszenako Zuzendaritzan tituluduna da (1995-1999), Arte Dramatikoko Goi Mailako Errege Eskolan, eta Zuzenbidean lizentziaduna (1990-1995), Nafarroako Unibertsitatean.

Umorearen erabilera, bere biografia pertsonal eta sozialeko arazoak azaleratzeko berezko estilo formal baten bilaketa, eta egitura dramatiko berriak ikertzeko konpromisoa; horra haren obraren bereizgarriak. Berak idatzitako testu propioak ez ezik, moldatzen dituen klasikoak ere zuzentzen ditu. Izan ere, Sofokles, Oscar Wilde, Samuel Beckett, Valle-Inclán, Lope de Vega, Shakespeare, Steven Berkoff eta Juan Mayorga egileen obrak zuzendu ditu. Zentro Dramatiko Nazionalean eta La Abadía antzokian egin du, nagusiki, bere ibilbidea.

Estatuko antzerki sari gailenenak jaso ditu:

–Literatura Dramatikoko Sari Nazionala, "La respiración" lanagatik.

–Nafarroako Gobernuak haren ibilbide profesionalari egindako omenaldia.

–Madrilgo Erkidegoko Kultur Saria.

–Egile Garaikideen Espainiako Antzerkigintzaren Erakustaldian omenaldia egin zioten.

–Zuzendaritzako ADE saria, "La ternura" lanagatik.

–Antzerkigintzako Valle-Inclán saria, "La ternura" lanagatik.

–Méridako Jaialdiko Ceres saria antzerkigile onenari, "En la luna" lanagatik.

–Estruch saria antzerkigile onenari, "En la luna" lanagatik.

–Rojas antzokiko saria ikuskizun onenari, "La ternura" lanagatik.

–Ercilla saria antzerki sorkuntza onenari, "La ternura" lanagatik.

–Max saria antzerkigile onenari, "El bar que se tragó a todos los españoles" lanagatik.

–Max saria ikuskizun onenari, "El bar que se tragó a todos los españoles" lanagatik.

–Max saria ikuskizun onenari, "La ternura" lanagatik.

–Max saria antzerkigile onenari, "La respiración" lanagatik.

–Max saria ikuskizun onenari, "En la luna" lanagatik.

–Max saria antzerkigile onenari, "En la luna" lanagatik.

–Max saria antzerkigile onenari, "Días estupendos" lanagatik.

–Max saria antzerkigile onenari, "Delicadas" lanagatik.

1999an jardun zuen lehenbizikoz antzerki zuzendari, Arte Dramatikoko Goi Mailako Errege Eskolak ekoitzi zuen Steven Berkoff-en "Como los griegos" antzezlanean. Orduan hasi zuen ibilbidea, eta orain, "Fundamentalmente fantasías para la resistencia" lana estreinatu berri du; ordutik hona, 20 antzezlanetik gora idatzi eta zuzendu ditu estatuan garrantzi handiena duten ekoiztetxe eta konpainientzat, tartean Zentro Dramatiko Nazionala, Pavón antzokia, Komediaren antzokia, Zarzuela antzokia, La Abadía antzokia, Poliorama antzokia, Lliure antzokia eta beste.

Jarraian zehazten da haren ikuskizunen kronologia:

2023.–"Fundamentalmente fantasías para la resistencia" idatzi eta zuzendu du. Ekoizpena: Zentro Dramatiko Nazionala. Valle-Inclán antzokia.

2022.–Juan Mayorgaren "El golem" zuzendu zuen. Ekoizpena: Zentro Dramatiko Nazionala. María Guerrero antzokia.

2021.–"El bar que se tragó a todos los españoles" idatzi eta zuzendu zuen. Ekoizpena: Zentro Dramatiko Nazionala. Valle-Inclán antzokia.

2020.–Shakespeareren "Macbeth" zuzendu zuen, Gerardo Veraren proiektutik abiatuta. Ekoizpena: Zentro Dramatiko Nazionala. María Guerrero antzokia.

2019.–Larra eta Barbieriren "El barberillo de Lavapiés" moldatu eta zuzendu zuen. Ekoizpena: Zarzuela antzokia.

2019.–"La tendresa" zuzendu zuen, "La ternura" lanaren katalanezko bertsioa. Ekoizpena: Dagoll Dagom eta T de Teatre. Poliorama antzokia.

2018.–Valle-Inclánen "Luces de Bohemia" zuzendu zuen. Ekoizpena: Zentro Dramatiko Nazionala. María Guerrero antzokia.

2018.–"La valentía" idatzi eta zuzendu zuen. Ekoizpena: Lazona eta Pavón Kamikaze antzokia. Pavón Kamikaze antzokia.

2017.–Lope de Vegaren "La dama boba" moldatu eta zuzendu zuen. Ekoizpena: Antzerki Klasikoaren Konpainia Nazionala. Komediaren antzokia - Tirso aretoa.

2017.–"La ternura" idatzi eta zuzendu zuen. Ekoizpena: Teatro de la Ciudad izenekoa eta La Abadía antzokia. La Abadía antzokia.

2016.–"La respiración" idatzi eta zuzendu zuen. Ekoizpena: La Abadía antzokia eta Lazona. La Abadía antzokia.

2015.–Sofoklesen "Edipo rey" bertsionatu eta zuzendu zuen. Ekoizpena: Teatro de la Ciudad izenekoa eta La Abadía antzokia. La Abadía antzokia.

2015.– Teatro de la Ciudad izenekoa sortu zuen Miguel del Arco eta Andrés Limarekin batera.

2014.–"La calma mágica" idatzi eta zuzendu zuen. Ekoizpena: Tanttaka eta Zentro Dramatiko Nazionala. Valle-Inclán antzokia - Nieva aretoa.

2013.–Samuel Becketten "Esperando a Godot" zuzendu zuen. Ekoizpena: Zentro Dramatiko Nazionala, eta Valle-Inclán antzokia.

2012.–"Aventura!" idatzi eta zuzendu zuen. Ekoizpena: T de Teatre; Temporada Alta jaialdian estreinatu zen, eta Bartzelonako Lliure antzokian. Los Teatros del Canal delakoetan egin zuen denboraldia.

2012.–Oscar Wilden "La importancia de llamarse Ernesto" zuzendu zuen. Ekoizpena: Iruñeko Gaiarre antzokia. Fernando Fernán Gómez antzokian egin zuen denboraldia.

2011.–"En la luna" idatzi eta zuzendu zuen. Ekoizpena: La Abadía antzokia eta Lliure antzokia. La Abadía antzokia eta Lliure antzokia.

2010.–"Delicadas" idatzi eta zuzendu zuen. Ekoizpena: T de Teatre eta Bartzelonako Grec jaialdia. Poliorama antzokia eta Español antzokia.

2010.–"Días estupendos" idatzi eta zuzendu zuen. Ekoizpena: Lazona eta Zentro Dramatiko Nazionala. Valle-Inclán antzokiko Nieva aretoan estreinatu zen. Villarroel aretoan (Grec jaialdia) egin zuen denboraldia.

2009.–Valle-Inclánen "La cabeza del bautista" zuzendu zuen, "Avaricia, lujuria y muerte" ikuskizunaren barruan. Ekoizpena: Zentro Dramatiko Nazionala. Valle-Inclán antzokian estreinatu zen.

2008.–"Sí, pero no lo soy" idatzi eta zuzendu zuen. Ekoizpena: Zentro Dramatiko Nazionala. María Guerrero antzokiko Princesa aretoan estreinatu zen.

2006.–"Risas y destrucción" idatzi eta zuzendu zuen. Ekoizpena: Producciones del Callao. La Cuarta Pared antzerki aretoan estreinatu zen.

2002-2005.–València Escena Oberta jaialdirako kale-ikuskizunak idatzi eta zuzendu zituen, eta Living Lavapiés sitcom telesaila, Telemadrid katerako.

2001.–"Cous cous y churros" idatzi eta zuzendu zuen. Ekoizpena: Producciones del Callao. La Cuarta Pared antzerki aretoan estreinatu zen.

2000.–"Carrusel palace" idatzi zuen, beste batzuekin batera, eta hura zuzendu. Ekoizpena: Producciones del Callao. Triángulo aretoan estreinatu zen.

1999.–Steven Berkoffen "Como los griegos" zuzendu zuen. Ekoizpena: Arte Dramatikoko Goi Mailako Errege Eskola. Arte Dramatikoko Goi Mailako Errege Eskolako 4.11 gelan estreinatu zen. Alternativa jaialdia. Galileo aretoan egin zuen denboraldia.

Ikastaroak eta lantegiak eman ditu, toki hauetan: Madrilgo Karlos III.aren Unibertsitateko Antzerki Sorkuntzako Masterrean, Casa de América eta La Casa Encendida delakoetan, Bogotáko Antzoki Nazionalean, Madrilgo Mataderon, Beckett aretoan, Nafarroako Antzerki Eskolan, Egile eta Editoreen Elkartean (SGAE), Erriberriko antzerki klasikoko jaialdian, Madrilgo Erkidegoko Zinema Eskolan (ECAM), Zentro Dramatiko Nazionalean, Juneda inCursió delakoan eta La Abadía antzokia/Teatro de la Ciudad delakoan. SGAE Fundazioaren II. Antzerkigintza Laborategia zuzendu du.

Haren lan hauetako testuak argitaratu dira:

"El bar que se tragó a todos los españoles", Zentro Dramatiko Nazionalaren (2021) eta Ediciones Antígona argitaletxearen (2021) eskutik. Argitaletxe horrek beste hauek ere publikatu ditu: "La valentía" (2018), "La respiración" (2017), "Edipo rey" (2015) eta "La ternura". "Delicadas", Editorial Fundamentos argitaletxearen eskutik; "Delicades", Ediciones 62 argitaletxearen eskutik; "La calma mágica", Arte Eszenikoen eta Musikaren Institutu Nazionalaren (INAEM) eskutik (2014), eta "En la luna", "Risas y destrucción", "Sí, pero no lo soy", "Días estupendos", Artezblai argitaletxearen eskutik.

Alfredo Sanzol Sanz jauna estatuko antzerkigile gailenetako bat da. Berezko estilo berezia dauka, antzeman daitekeena, zeinean gaur egungo gizartea islatzen baitu, ahal dela, komediaz jantzita. Haren lanetan ohikoak dira familiako edo haurtzaroko oroitzapenekiko erreferentziak; baina sorterriko geografia, tokiko pertsonak eta izendapenak ere ageri dira, pertsonaiei halako bitxitasun bat emanez, lokala unibertsal bihurtuz. Nafarroa, bertako jendea, ohitura, paisaiak...ekintzarako euskarri gisa ageri dira maiz haren lanetan, aipamen gisa, horrela nabarmenduz honako ideia hau: tipikoena ere, bereizgarriena, humanoa da, unibertsala.

Nafarroako Gobernuak 2019an aintzatetsi zuen haren lanaren garrantzia, omenaldi bat eginez, eta, orain, Alfredo Sanzol Sanz jauna Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez saritzea proposatzen da, haren lanaren bidez Espainiako kulturari egin dion ekarpen handiagatik.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuak bidezkotzat jotzen du Alfredo Sanzol Sanz jauna saritzea Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, horretarako sortu zen kondekorazio hau apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaren bidez: Foru Komunitatea garatzen, ezagutarazten eta hari ospea ematen –nor bere jardueraren esparruan– nabarmendu diren pertsonek eta entitateek egindako lana eskertzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita hiruko martxoaren zortzian egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. Alfredo Sanzol Sanz antzerkigile eta zuzendari jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2023ko martxoaren 8an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2304079