6. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

283/2022 EBAZPENA, abenduaren 5ekoa, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez 2023ko deialdia egiten baita profesionaltasun ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako 2. mailako funtsezko konpetentzien probak egiteko eta konpetentzia horiek egiaztatzeko Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan.

Profesionaltasun ziurtagiriak urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuak arautzen ditu, eta 20. artikuluan ezarrita daude profesionaltasun ziurtagirien prestakuntza jaso ahal izateko baldintzak. Betebehar gisa eskatzen diren titulazioak edo akreditazioak ez dituzten pertsonek aukera izanen dute profesionaltasun ziurtagirien ikastaroak egiteko, baldin eta frogatzen badute matematikako eta gaztelaniako funtsezko konpetentziak dituztela, eta profesionaltasun ziurtagiri jakin batzuetan, atzerriko hizkuntzan komunikatzekoak, aipatutako errege dekretuaren IV. eranskinean jasotakoaren arabera.

Bi bide daude egiaztatzeko norbaitek funtsezko konpetentzia horiek dituela: Administrazioak deitzen dituen proba libreak gainditzea edo funtsezko konpetentziei dagozkien prestakuntza ekintzak gainditzea.

Apirilaren 28ko 498/2020 Errege Dekretuan eta apirilaren 28ko 499/2020 Errege Dekretuan, hurrenez hurren, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioari eta Lanaren eta Ekonomia Sozialaren Ministerioari esleitutako eginkizun berrien ondorioz, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuak eta Hezkuntza Departamentuak honako arlo hauen gaineko eskumenen banaketa berri bat ezarri dute: erreferentzia nazionaleko zentroak, enplegurako lanbide prestakuntza egiaztagarria eta lanbide konpetentziaren egiaztapena. Hori guztia gauzatu da Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuan eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuan. 2. eta 3. mailako profesionaltasun ziurtagirien ikastaroetan sartzeko betebehar gisa ezarri diren funtsezko konpetentziak egiaztatzeko ebaluazio prozesuak kudeatzeko eta hedatzeko eginkizunak, gaur egun, Hezkuntza Departamentuaren eskumenen esparruan daude.

Horregatik guztiagatik, eta eskatutako titulazioa ez izateagatik 2. mailako profesionaltasun ziurtagirien prestakuntza probetxuz egiteko behar diren funtsezko konpetentziak behar dituzten pertsonei erraztasunak emateko, beharrezkoa da konpetentzia horiek gainditzeko proba libreen deialdia egitea.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat, prozesuaren zatiren batean parte hartzen duten pertsona guztiek inprimakien bidez ematen dituzten datuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Hezkuntza Departamentuko fitxategietan sartuko dira, estatistika aldetik lantzeko eta prozedura horren ondorioz sor daitezkeen egiaztagiriak kudeatzeko. Datuetan sartzeko, zuzentzeko, aurka egiteko eta ezerezteko eskubideak erabili ahal izanen dira Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura joz. Zerbitzu hori San Domingo kaleko 8. zenbakian dago, Iruñean. Berariaz horrela adierazten duten pertsonak beren datuen tratamenduaren aurka ager daitezke, arrazoi sendorik eta bidezkorik badago.

Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du ebazpen bat eman dadin 2. mailako funtsezko konpetentzien proben 2023ko deialdia egiteko eta konpetentzia horiek egiaztatzeko Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2023. urtean 2. mailako funtsezko konpetentzien probak egiteko eta konpetentzia horiek egiaztatzeko deialdia egitea, ebazpen honi atxikitako eranskinetan jasotako oinarrien arabera.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak honako hauei igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten: Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura; Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzura eta Lan Aktibaziorako eta Lurralde Koordinaziorako Zerbitzura, biak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzukoak; Ikasketak Antolatzeko Atalera, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera; Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Lurralde Antolaketarako eta Agentzien Koordinaziorako Atalera; Eskolatze Bulegora, Etengabeko Prestakuntzaren Bulegora eta Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora; eta Iruñeko, Tuterako, Tafallako, Lizarrako, Altsasuko, Lodosako, Doneztebeko eta Agoizko enplegu bulegoetara.

4. Ebazpen honen eta eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko abenduaren 5ean.–Lanbide Heziketaren zuzendari nagusia, Tomás Rodríguez Garraza.

1. ERANSKINA

2. mailako funtsezko konpetentzien probetarako deialdia. Oinarri orokorrak

Xedea eta aplikazio eremua.

1. Ebazpen honen xedea da 2. mailako funtsezko konpetentzien probetarako 2023ko deialdia egitea Nafarroako Foru Komunitatearen kudeaketa eremuan.

Deialdi honetan sartzen diren 2. mailako funtsezko konpetentziak.

2. 2023. urteko deialdian, funtsezko konpetentzia hauek gainditzeko probak eginen dira:

–Matematikako 2. mailako funtsezko konpetentziak.

–Gaztelaniazko komunikazioko 2. mailako funtsezko konpetentziak.

2. mailako funtsezko konpetentzien proben helburua eta ondorioak.

3. Ebazpen honen bidez deitutako proben helburua da baloratzea ea bertan inskribatzen diren pertsonek eskuratu eta garatu dituzten 2. mailako profesionaltasun ziurtagiriei dagokien prestakuntza probetxuz egiteko beharrezkoak diren 2. mailako funtsezko konpetentziak, urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren IV. eranskinean jasotakoaren arabera.

4. Matematikako eta gaztelaniazko komunikazioko 2. mailako funtsezko konpetentzien probak gainditzeak aukera emanen du atzerriko hizkuntzako komunikazioko 2. mailako funtsezko konpetentzia eskatzen ez duten 2. mailako profesionaltasun ziurtagiriak eskuratzeko.

Inskribatzeko bete beharreko baldintzak.

5. 2. mailako funtsezko konpetentzien probetan inskribatzeko eta aurkezteko, baldintza hauek bete beharko dira aldi berean:

–18 urte edo gehiago izatea edo proba egiten den urtean adin hori betetzea. Behar den nortasun agiriaren bidez egiaztatuko da hori.

–2. mailako profesionaltasun ziurtagirien prestakuntzan sartzeko aukera ematen duten betebehar eta baldintza akademikoetatik bat ere ez izatea: DBHko graduatu-titulua, BBBko 2. maila (gehienez 2 irakasgai gainditu gabe), teknikari laguntzaile titulua (LH I), erdi mailako edo goi mailako zikloetara sartzeko proba, eta 25 urtetik gorakoak edo 45 urtetik gorakoak unibertsitatera sartzeko proba. Inskripzio-orriari atxikitako zinpeko deklarazioaren bidez egiaztatuko da hori.

–2. mailako profesionaltasun ziurtagirien prestakuntzan sartzeko aukera ematen duten beste baldintzetatik bat ere ez betetzea: 2. mailako profesionaltasun ziurtagiria, 1. mailako profesionaltasun ziurtagiria (lanbide arlo bereko 2. mailako profesionaltasun ziurtagiri baten prestakuntza egin nahi baldin bada). Inskripzio-orriari atxikitako zinpeko deklarazioaren bidez egiaztatuko da hori.

6. 2. mailako funtsezko konpetentzien probetan inskribatzeko baldintzak inskripzioa egiten den unean egiaztatuko dira.

7. Bateraezintasunak: gaztelaniazko komunikazioko 2. mailako funtsezko konpetentzien ikastaroan matrikulatutako pertsonek, funtsezko konpetentzia horren probaren dagokion deialdian inskribatu nahi badute, uko egin beharko diote ikastaro horretako matrikulari, proban inskribatu aurretik. Era berean, matematikako 2. mailako funtsezko konpetentzien ikastaroan matrikulatutako pertsonek, funtsezko konpetentzia horren probaren dagokion deialdian inskribatu nahi badute, uko egin beharko diote ikastaro horretako matrikulari, proban inskribatu aurretik.

8. Hezkuntza Departamentuak, bere eskumenen esparruan, eskura dituen datuak egiaztatu ondoren, inskribatzeko baldintzak betetzen ez dituzten izangaiak proba egitetik baztertzen ahalko ditu, edo haien probaren emaitzak baliogabetzen ahalko ditu, edonoiz.

Egutegia.

9. 2023. urtean, funtsezko konpetentzien probak bi deialditan eginen dira:

–Lehenengo deialdia: 2023ko urtarrilaren 24an.

–Bigarren deialdia: 2023ko ekainaren 7an.

10. Proben lehenengo deialdiaren prozesurako aurreikusitako jarduketen egutegia ebazpen honen 3. eranskinean ezarritakoa izanen da.

11. Proben bigarren deialdiaren prozesurako aurreikusitako jarduketen egutegia ebazpen honen 3. eranskinean ezarritakoa izanen da.

Probetan inskribatzea.

12. 2. mailako funtsezko konpetentzien probetan inskribatzeko (lehenengo deialdian eta bigarren deialdian), Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko "2. mailako funtsezko konpetentzien probak" fitxan jakinarazten denari jarraikiko zaio. Fitxa horretara iristeko, Hezkuntza Departamentuaren webgune honetatik abiatu behar da:

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/fp-empleo/acceso-fp-empleo/pruebas-competencias-clave

13. Inskripzioa aurrez aurre egiten ahalko da ikastetxe hauetako batean, probak egiteko aukeratzen den lekuaren arabera:

–José María Iribarren HOHIPa, proba Iruñean egin nahi bada.

–Sakana LH IBPa, proba Altsasun egin nahi bada.

–Tafalla IBPa, proba Tafallan egin nahi bada.

–Lizarrako Politeknikoa IBa, proba Lizarran egin nahi bada.

–Tuterako ETI IBPa, proba Tuteran egin nahi bada.

Inskripzioa egiteko ikastetxe horiek goian adierazitako Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko "2. mailako funtsezko konpetentzien probak" izeneko tramiteen fitxan daude zehaztuta.

14. Inskripzioa telematika bidez ere egiten ahalko da, online, Educa Atariaren bidez, goian adierazitako "2. mailako funtsezko konpetentzien probak" tramiteen fitxaren estekatik abiatuta. Eskatzaileak bere izenean aurkez dezake eskabidea, eta zilegi da, orobat, beste pertsona edo erakunde batek aurkeztea eskatzailearen izenean.

15. Izangai bakoitzak inskripzio-orri bakarra bete beharko du. Inskripzio-orri hori Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko "2. mailako funtsezko konpetentzien probak" tramiteen fitxan agertzen diren ereduen araberakoa izanen da, eta zehaztu beharko da zein funtsezko konpetentzien azterketa(k) egin nahi d(ir)en.

16. Inskripzioak jasotzen dituzten ikastetxeek eskatzaileari inskripzio-orriaren fotokopia bat emanen diote, noiz sartu den adierazita eta zigilua jarrita.

Proba egiteko egokitzapenak.

17. Desgaitasunen bat egiaztatzen duten eta probak egiteko egokitzapenen bat (denbora eta bitartekoak) behar duten pertsonek inskripzio-orrian eskatu beharko dute.

18. Inskripzioak jasotzen dituzten ikastetxeek proben koordinazio epaimahaiari bidaliko dizkiote probak egokitzeko eskaerak (desgaitasunen bat duten izangaientzat), behar diren egiaztagiriekin batera.

19. Egokitzapen eskaeren ebazpena jasotzen duen behin-behineko zerrenda argitara emanen da inskribatutako izangaien behin-behineko zerrenda argitaratzen den egun berean, Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko "2. mailako funtsezko konpetentzien probak" tramiteen fitxan. Erreklamazioak Hezkuntza Departamentuaren Erregistroan aurkezten ahalko dira (San Domingo kalea 8, Iruña), 2. mailako funtsezko konpetentzien proben koordinazio epaimahaiari zuzenduak.

20. Erreklamazioen ebazpena jasotzen duen behin betiko zerrenda argitara emanen da inskribatutako izangaien behin betiko zerrenda argitaratzen den egun berean, Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko "2. mailako funtsezko konpetentzien probak" tramiteen fitxan.

Probetan inskribatzeko orriarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

21. Izangaiek dokumentazio hau erantsi beharko diote inskripzio-orriari:

–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, pasaportearena, nortasuna frogatzen duen bidaia agiri batena, bisarena edo atzerritarren identifikazio txartelarena.

–Kasua bada, desgaitasuna egiaztatzen duen dokumentazioaren fotokopia.

Ikasleak onartzeko prozesua.

22. Inskripzio zentroetako idazkaritzek berrikusi eginen dituzte jasotako eskaerak. Behar bezala betetako inskripzio-orri guztiak, nortasun agirien kopiarekin batera aurkezten badira, matrikulatu eginen dira; ikastetxeek EDUCA kudeaketa-sisteman matrikulatuko dituzte, "zuzeneko matrikula" prozeduraren bidez, probak egiten diren ikastetxeari dagozkion taldean eta kurtsoan.

23. Osorik beteak ez dauden eskaerak proben koordinazio epaimahaiari jakinaraziko zaizkio, behin-behineko zerrendan "onartu gabe" moduan ager daitezen, eta onartu ez izanaren arrazoia ere adieraziko da.

Onartutako izangaien zerrendak.

24. Onartutako pertsonen behin-behineko zerrendak Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko "2. mailako funtsezko konpetentzien probak" tramiteen fitxan jakinarazten den egunean argitaratuko dira.

Egun horretan argitaratuko da, halaber, egokitzapen eskaeren gaineko behin-behineko ebazpena. Eta probak zein ikastetxetan eginen diren ere jakinaraziko da.

Erreklamazioak aurkezten ahalko dira, inskripzioa egin den ikastetxean. Erreklamazioak aurkezteko idazkia Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko "2. mailako funtsezko konpetentzien probak" tramiteen fitxan agertzen den ereduaren araberakoa izanen da.

25. Erreklamazioak ebatzi ondoren, onartutako pertsonen behin betiko zerrendak Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko "2. mailako funtsezko konpetentzien probak" tramiteen fitxan jakinarazten den egunean argitaratuko dira.

Zerrenda horietan, proba egokitzeko eskaeren gaineko behin betiko ebazpena adieraziko da. Eta probak zein ikastetxetan eginen diren ere jakinaraziko da.

2. mailako funtsezko konpetentzien proben egitura eta edukia.

26. 2. mailako funtsezko konpetentzien probek 2. mailako profesionaltasun ziurtagiriak eskuratzeko probetan neurtu behar den konpetentziaren alderdiekin lotutako gaiak eta ariketak jasoko dituzte, urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuan ageri direnak.

KONPETENTZIA

NEURTU BEHARREKO ALDERDIAK (ARAUEN ERREFERENTZIA)

Gaztelaniazko komunikazioa

Urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren "IV.2. eranskina, 2. maila"

Matematikako konpetentzia

Urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren "IV.3. eranskina, 2. maila"

Probaren kalifikazioa eta balorazioa.

27. Deialdi honetan iragarritako 2. mailako funtsezko konpetentzia bakoitzaren probak 1etik 10era bitarte kalifikatuko dira, dezimalik gabe.

5 puntu edo gehiago eskuratuz gero, funtsezko konpetentzia gainditutzat joko da. Kalifikazioa 5 puntukoa edo hortik gorakoa bada, azken ebaluazioaren aktetan "GAI" jarriko da; kalifikazioa 5 puntutik beherakoa bada, azken ebaluazioaren aktetan "EZ GAI" jarriko da.

28. Izangairen bat aurkezten ez bada inskribatu den funtsezko konpetentzia baten probak egitera, aktan "EA" jarriko da (ez aurkeztua).

Proba egiteko egutegia.

29. Egun hauetan eginen dira 2. mailako funtsezko konpetentzien probak:

–Lehendabiziko deialdia: 2023ko urtarrilaren 24an.

–Bigarren deialdia: 2023ko ekainaren 7an.

Probak ikastetxe hauetan eginen dira, izangai bakoitza inskribatu den ikastetxearen arabera:

–José M.ª Iribarren HOHIPa, Iruña (inskripzioa José M.ª Iribarren HOHIPan egin duten pertsonentzat).

–Altsasuko HOHIa, Altsasu (inskripzioa Sakana LH IBPan egin duten pertsonentzat).

–Tafallako HOHIa, Tafalla (inskripzioa Tafalla IBPan egin duten pertsonentzat).

–Lizarrako HOHIa, Lizarra (inskripzioa Lizarrako Politeknikoa IBan egin duten pertsonentzat).

–Tuterako HOHIPa, Tutera (inskripzioa ETI IBPan egin duten pertsonentzat).

Inskribatzen diren pertsonen kopuruaren arabera, beste ikastetxe batzuk gaitzen ahalko dira probak egiteko; matrikulatutako pertsonen behin-behineko eta behin betiko zerrendekin batera iragarriko da hori.

Hezkuntza Departamentuak probak egiteko erraztasunak emanen dizkie inskribatzen diren preso eta soldaduei, probak egin behar diren ikastetxera joateko zailtasun handiak badituzte. Halako kasuetan, proben koordinazio epaimahaiak izendatutako pertsona bat joanen da espetxera edo Aitzoaingo kuartelera ariketak eramatera, ezarritako egun eta orduetan, eta ariketak behar bezala egiten direla zainduko du. Probak bukatu ondoren, gutun-azal batean sartuko ditu eta Iruñeko José M.ª Iribarren'' HOHIPko ebaluazio batzordeari emanen dizkio.

30. Funtsezko konpetentzien proben ariketak (gaztelaniazko komunikazioko konpetentzia eta matematikako konpetentzia) arratsaldez eginen dira: 15:30etik 19:00etara.

Izangaien deia eta dokumentazioaren egiaztapena 15:30ean eginen da. Probak 16:00etan hasiko dira. Gaztelaniaz komunikatzeko konpetentziaren probak ordubete eta 30 minutu iraunen du, eta matematikako konpetentziaren probak ordubete eta 30 minutu.

Proba egiteko, aldean izan behar da nortasun agiri nazionala, pasaportea, nortasuna egiaztatzen duen bidaia agiri bat, bisa edo atzerritarren nortasun txartela, eta, horretaz gain, ariketak egiteko behar den materiala. Nortasuna egiaztatzeko behar den agiriren bat ekartzen ez bada, ezin izanen da proba egin. Halaber, probara joan beharko da osasun agintaritzak egun horretarako ezarritako neurriak hartuta.

Probak egiteko jarraibideak funtsezko konpetentzien probak koordinatzeko epaimahaiak zehaztuko ditu, kontuan hartuz osasun agintaritzak egun horretarako ezartzen dituen neurriak, eta lehen aipatutako Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko "2. mailako funtsezko konpetentzien probak" tramiteen fitxan argitaratuko dira, behin-behineko eta behin betiko zerrendak argitaratzen diren egunetan.

31. Izangaiak zein konpetentziatan inskribatzen diren, horiei dagozkien ariketak egin beharko dituzte, eta ez besterik.

Proben emaitzak eta erreklamazioak.

32. Emaitzak Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko "2. mailako funtsezko konpetentzien probak" tramiteen fitxan argitaratuko dira, egun hauetan:

–Lehendabiziko deialdia:

Behin-behineko emaitzak

2023ko urtarrilaren 27an

Erreklamazioak

2023ko urtarrilaren 27tik 30era (14:00ak arte), biak barne

Behin betiko emaitzak

2023ko urtarrilaren 31n

–Bigarren deialdia:

Behin-behineko emaitzak

2023ko ekainaren 14an

Erreklamazioak

2023ko ekainaren 14tik 15era (14:00ak arte), biak barne

Behin betiko emaitzak

2023ko ekainaren 16an

33. Erreklamazioak idatziz aurkeztuko dira, proba egin den ikastetxeko ebaluazio batzordeari zuzenduak.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukatuta, dagokion ebaluazio batzordea bilduko da haiek aztertu eta ebazteko.

34. Emaitzen behin betiko aktak jendaurrean jarriz jakitera emanen da zer ebatzi duten funtsezko konpetentzien proben ebaluazio batzordeek aurkezten diren erreklamazioen gainean. Aktaren eranskin bat ere argitaratuko da, non adieraziko baita, modu arrazoituan, ea kontuan hartu diren izandako erreklamazioak.

Egiaztagiriak.

35. Gaztelaniazko komunikazioko 2. mailako funtsezko konpetentziaren proba gainditzen duenak konpetentzia hori gainditu duela egiaztatzen duen ziurtagiri bat jasotzeko eskubidea izanen du.

36. Matematikako 2. mailako funtsezko konpetentziaren proba gainditzen duenak konpetentzia hori gainditu duela egiaztatzen duen ziurtagiri bat jasotzeko eskubidea izanen du.

37. Interesdunek probarako inskripzioa egin zuten ikastetxean eskuratu beharko dituzte 2. mailako funtsezko konpetentzien probak gainditu izanaren ziurtagiriak.

Inskripzioa modu telematikoan egiten duten izangaiek Hezkuntza Departamentuan (Ikasketak Antolatzeko Atalean) jasotzen ahalko dute ziurtagiri hori.

Bi kasuetan, ziurtagiriak eskuragarri egonen dira 2023ko otsailaren 6tik aurrera (lehenbiziko deialdikoak) eta 2023ko ekainaren 22tik aurrera (bigarren deialdikoak).

2. ERANSKINA

Proben koordinazio epaimahaia. Ebaluazio batzordeak

Funtsezko konpetentzien proben koordinazio epaimahaia.

1. Koordinazio epaimahai bat eratuko da, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez izendatua, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendariak proposaturik, kide hauek izanen dituena: epaimahaiburu bat, idazkari bat eta bi epaimahaikide.

Epaimahaiburua Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko langile bat izanen da. Idazkaria Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuko langile bat izanen da; eta epaimahaikideak probak eginen diren ikastetxeetako irakasleak izanen dira.

Gainera, koordinazio epaimahaiak, arrazoiak emanda, eskatzen ahalko du koordinazio epaimahaiaren aholkulari batzuk izenda daitezela. Horiek ere Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak izendatuko ditu.

Zikloetan sartzeko proben koordinazio epaimahaiko kideak izendatzeko ebazpenean, jaso daitezke proben kudeaketarekin eta funtzioekin lotutako jarraibide osagarriak, bai koordinazio epaimahaiari dagokionez, bai ebaluazio batzordeei dagokienez.

2. Koordinazio epaimahaiaren eginkizunak:

a) 2. mailako funtsezko konpetentzien proben antolaketa, garapena, egiteko modua eta ebaluazioa koordinatzea.

b) Funtsezko konpetentzien probak erreferentziazko araudira egokitzen direla begiratzea.

c) Hurrengo oinarrian deskribatzen diren lanak egiteko behar diren ebaluazio batzordeen eta aholkularien kopurua zehaztea, eta batzorde horietan arituko diren pertsonen izendapena proposatzea Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendariari.

d) Probak prestatzeaz eta probak ebaluatu eta kalifikatzeko irizpideak ezartzeaz arduratuko diren pertsonak izendatzea.

e) Dagokion tramiteen fitxan deialdi honi buruzko informazio guztia argitaratzea, baita onartuen eta ez onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak ere, eta horiei aurkeztutako erreklamazioak ebaztea.

f) Probetan onartuak izateko epez kanpo aurkezten diren eskaerak ebaztea.

g) Probaren egokitzapenak zehaztea desgaitasunen bat dutenentzat.

h) Desgaitasunagatiko egokitzapenen eskaerei buruzko erreklamazioak ebaztea.

i) Proben behin-behineko eta behin betiko kalifikazioak behar den tramiteen fitxan argitaratzea.

j) Egiten diren gainerako erreklamazioei buruz ebaztea, proben kalifikazioari buruzkoak izan ezik, horiek ebaluazio batzordeen eskumenekoak baitira.

k) Deialdi bakoitzeko funtsezko konpetentzien proben deialdiaren memoria egitea.

l) Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak zehazten duen beste edozein eginkizun.

2. mailako funtsezko konpetentzien proben ebaluazio batzordeak.

3. Probak egiten diren ikastetxe bakoitzean ebaluazio batzorde bat eratuko da, honako kide hauek osatua, oro har:

–Batzordekide bat, gaztelaniazko komunikazioko konpetentziaren arloan irakasten duena edo arlo horren irakaskuntza esleitua duena.

–Batzordekide bat, matematikako konpetentziaren arloan irakasten duena edo arlo horren irakaskuntza esleitua duena.

Ebaluazio batzorde guztientzako xedapen komunak.

4. Ebaluazio batzordeetako kide gisa arituko diren pertsonak Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendariak izendatuko ditu, proben koordinazio epaimahaiak proposaturik.

Ebaluazio batzordeek barne-koherentzia izan dezaten 2. mailako funtsezko konpetentzien ikastaroekin, batzordekideak hautatuko dira, ahal dela, Hezkuntza Departamentuak antolatutako 2. mailako funtsezko konpetentzien ikastaroetan edo Helduentzako Hezkuntzan irakasten duten pertsonen artean.

5. Ebaluazio batzorde guztietan aholkulariek parte hartzen ahalko dute, batzordeak berak proposatuta, antolamendu beharren arabera. Aholkulari horiek Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendariak izendatuko ditu.

6. Ebaluazio batzordeen eginkizunak:

a) Funtsezko konpetentzien probak antolatzea eta garatzea kasuan kasuko ikastetxean.

b) 2. mailako funtsezko konpetentzien probak prestatzeko lanetan parte hartzea, proben koordinazio epaimahaiaren jarraibideen arabera.

c) Funtsezko konpetentzien probak ongi garatzeko ezartzen diren epeak eta ordutegiak betetzea.

d) Zein ebaluazio batzordetan jarduteko izendatzen den, haren eraketa bilerara joatea.

e) Ebaluazio batzorde bateko kide gisa dagozkion eginkizunak betetzean behar den konfidentzialtasuna betetzea.

f) Proben antolaketa eta garapena bermatzeko ezartzen diren neurri egokiak hartzea, ikastetxearen baliabideen arabera.

g) Probetara joatea eta haiek modu egokian gauzatzen direla zaintzea.

h) Izangaien nortasuna egiaztatzea.

i) Probak zuzendu eta kalifikatzea proben koordinazio epaimahaiak adierazten dituen epeetan, ariketak zuzentzeko ezartzen diren irizpideak aplikatuz.

j) Proben behin-behineko eta behin betiko emaitzen aktak betetzea eta probak egin diren ikastetxean argitaratzea adierazitako epeetan.

k) Proben kalifikazioen aurka aurkezten diren erreklamazioak ebaztea adierazitako epeetan.

l) Bere ebaluazio batzordeari dagozkion funtsezko konpetentzien proben deialdiaren memoria egitea.

m) Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak edo Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendariak zehazten duen beste edozein eginkizun.

n) Helburuak egoki betetzeko, proben koordinazio epaimahaiak bere jarduketa eremuaren barruan agintzen dien beste edozein eginkizun.

Aholkulariak.

7. Antolaketarako aholkulariek eginkizun hauek izanen dituzte:

–Probak egiteko prozesua zaintzea eta kontrolatzea, bai eta probak egitean gerta litezkeen beharrei erantzutea ere.

–Proben kudeaketa prozesuan laguntzea, hala probak egin aurreko kudeaketa lanetan, nola probak egin bitarte eta probak egin ondoren behar direnetan.

–Ebaluazio batzorde baten aholkulari gisa dagozkion eginkizunak betetzean behar den konfidentzialtasuna gordetzea.

–Aurrekoekin lotutako beste edozein eginkizun, proben koordinazio epaimahaiak zehazten dituenak.

Nahitaezkotasuna.

8. Izendatzen diren koordinazio epaimahaiko kideek, ebaluazio batzordeetako kideek eta aholkulariek nahitaez parte hartu beharko dute organo horietan.

Konpentsazioa.

9. Koordinazio epaimahaiko eta ebaluazio batzordeetako kideek eta aholkulariek egiten dituzten lanak Unibertsitateaz Kanpoko Irakaskuntza Hobetzeko Neurriei buruzko uztailaren 2ko 26/2002 Foru Legearen 12.2 artikuluan ezarritakoekin parekatuko dira.

10. Horretarako, pertsona horiek diru konpentsazioak jasoko dituzte, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren martxoaren 22ko 84/2016 Ebazpenean ezarritakoaren arabera (ebazpen horren bidez ezartzen da zer konpentsazio jasoko duten Nafarroan Lanbide Heziketako tituluak lortzeko proba libreetako eta hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako irakaskuntzetan eta Arte Plastikoetako lanbide irakaskuntzetan sartzeko probetako epaimahaietako kideek, bai eta araubide bereziko Kirol Irakaskuntzen probetakoek ere); eta ebazpen horretako kontzeptu batzuk garatu eta zehazten dituzten jarraibide hauen arabera:

a) 2. mailako funtsezko konpetentzien proba libreetarako koordinazio epaimahaiko kideei aplikagarriak zaizkie martxoaren 22ko 84/2016 Ebazpenaren 1. eranskineko ‘Hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako zikloetan, Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide irakaskuntzetan eta araubide bereziko Kirol Irakaskuntzetan sartzeko baldintza akademikoen ordezko sarbide probak’ apartatuko 1.1.a) jarraibidean koordinazio epaimahaiko epaimahaiburu, idazkari eta epaimahaikideen eginkizunetarako ezartzen diren gehieneko dedikazio-orduak.

Dedikazio-orduen justifikazioa batzordeetako kideek egindako bileraren edo bileren aktaren kopiaren bidez egiaztatuko da. Aktan adieraziko da bilera non eta noiz egin den, hasiera eta bukaera ordua, eta landutako gaien eta hartutako erabakien laburpena. Akten kopia horiek martxoaren 22ko 84/2016 Ebazpenaren 2. eranskinean aipatutako dokumentazioari erantsiko zaizkio.

b) 2. mailako funtsezko konpetentzien proba libreetarako ebaluazio batzordeetako kideei aplikagarriak zaizkie martxoaren 22ko 84/2016 Ebazpenaren 1. eranskineko ‘Teknikari edo goi mailako teknikari titulua eskuratzeko probak’ apartatuko 1.1.b) jarraibidean ebaluazio epaimahaiko kide bakoitzaren jardueretarako ezartzen diren kontzeptuak eta gehieneko dedikazio-orduak, betiere deialdi bakoitzerako eta hurrengo jarraibide hauen arabera:

b1) Proben antolaketa eta garapena:

–3 ordu funtsezko konpetentzien azterketa egun bakoitzeko, 10 izangai edo gutxiago badira.

–4 ordu funtsezko konpetentzien azterketa egun bakoitzeko, 10 izangai baino gehiago eta 20 edo gutxiago badira.

–6 ordu funtsezko konpetentzien azterketa egun bakoitzeko, 20 izangai baino gehiago eta 40 edo gutxiago badira.

–8 ordu funtsezko konpetentzien azterketa egun bakoitzeko, 40 izangai baino gehiago badira.

b2) Funtsezko konpetentzia bakoitzaren azterketarako proposamenak kide guztien artean prestatzea: 7 ordu parte hartzen duen ebaluazio batzordeko kide bakoitzarentzat.

5 ordu funtsezko konpetentzia bakoitzaren azterketako koordinazio lanetarako, koordinazio epaimahaiak izendatzen duen kidearentzat.

b3) Funtsezko konpetentzien azterketak zuzentzea: 0,25 ordu zuzentzen den funtsezko konpetentzien azterketa bakoitzeko.

b4) 2. mailako funtsezko konpetentzien probetan matrikulatutako ikasleen amaierako ebaluazioan parte hartzea:

  • 2 ordu deialdi bakoitzeko, 20 izangai edo gutxiago badira.
  • 4 ordu deialdi bakoitzeko, 20 izangai baino gehiago badira.

Aipatutako dedikazio-orduak egiaztatzeko, proba edo probaren zatiak antolatzeko eta egiteko saioen aktaren kopia aurkeztu beharko da; akta horretan, probaren edo probaren zatiak antolatzeko eta egiteko saioen tokia, eguna, hasiera-ordua eta amaiera-ordua jaso beharko dira, bai eta probara zenbat pertsona aurkeztu diren ere. Amaierako ebaluazio saioko bileraren aktaren kopia ere aurkeztu beharko da, non saioaren tokia, eguna, hasiera-ordua eta amaiera-ordua jasoko diren. Akten kopia horiek martxoaren 22ko 84/2016 Ebazpenaren 2. eranskinean aipatutako dokumentazioari erantsiko zaizkio.

c) Martxoaren 22ko 84/2016 Ebazpenaren 2. eranskinean ezarritako prozedurari dagokionez, Lanbide Heziketaren Plangintza, Antolamendu eta Garapenerako Atalak jasotako dokumentazioa egiaztatu eta balioztatuko du, ordainketa-espedientea tramitatzeko. Beharrezkoa bada, informazio gehigarria eskatzen ahalko die ebaluazio batzordeetako buruei.

Errekurtsoak.

11. Ebaluazio batzordeek eta koordinazio epaimahaiak ematen dituzten egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, emaitzen behin betiko aktak argitaratu eta biharamunetik.

12. Deialdi honen, bere oinarrien eta horiek aplikatzeko egintzen kontra, ebaluazio batzordeek edo koordinazio epaimahaiak hartutakoak izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin eta jarraikiz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei.

3. ERANSKINA

2. mailako funtsezko konpetentzien probak egiteko lehenbiziko deialdiaren egutegia

JARDUKETA

EGUNAK

Inskribatzeko epea

2023ko urtarrilaren 13tik 18ra

Onartuen behin-behineko zerrenda argitaratzea

2023ko urtarrilaren 19an

Onartuen behin-behineko zerrendari buruzko erreklamazioetarako epea

2023ko urtarrilaren 19tik 20ra

Onartuen behin betiko zerrenda argitaratzea

2023ko urtarrilaren 23an

2. mailako funtsezko konpetentzien probak: ariketak egitea

2023ko urtarrilaren 24an

Ordutegia:

–16:00 Matematika

–18:00 Gaztelaniazko komunikazioa

2. mailako funtsezko konpetentzien proben behin-behineko emaitzak argitara ematea

2023ko urtarrilaren 27an

Proben behin-behineko emaitzak erreklamatzeko epea

2023ko urtarrilaren 27tik 30era (14:00ak arte)

2. mailako funtsezko konpetentzien proben behin betiko emaitzak argitara ematea

2023ko urtarrilaren 31n

Proba gainditu izanaren ziurtagiriak (inskripzioa egiten den ikastetxean jaso behar dira)

2023ko otsailaren 6tik aurrera

2. mailako funtsezko konpetentzien probak egiteko bigarren deialdiaren egutegia

JARDUKETA

EGUNAK

Inskribatzeko epea

2023ko maiatzaren 24tik 29ra

Onartuen behin-behineko zerrenda argitaratzea

2023ko maiatzaren 31n

Onartuen behin-behineko zerrendari buruzko erreklamazioetarako epea

2023ko maiatzaren 31tik ekainaren 1era

Onartuen behin betiko zerrenda argitaratzea

2023ko ekainaren 2an

2. mailako funtsezko konpetentzien probak: ariketak egitea

2023ko ekainaren 7an

Ordutegia:

–16:00etan: Matematika

–18:00etan: Gaztelaniazko komunikazioa

2. mailako funtsezko konpetentzien proben behin-behineko emaitzak argitara ematea

2023ko ekainaren 14an

Proben behin-behineko emaitzak erreklamatzeko epea

2023ko ekainaren 14tik 15era (14:00ak arte)

2. mailako funtsezko konpetentzien proben behin betiko emaitzak argitara ematea

2023ko ekainaren 16an

Proba gainditu izanaren ziurtagiriak (inskripzioa egiten den ikastetxean jaso behar dira)

2023ko ekainaren 22tik aurrera

Iragarkiaren kodea: F2216757