6. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

874/2022 EBAZPENA, abenduaren 7koa, Etxebizitzako zuzendari nagusiak emana, etxebizitzetan energia-efizientzia hobetzeko jarduketak egiteko dirulaguntzen deialdia eta dirulaguntza horien oinarri arautzaileak onesten dituena ("SEM Etxebizitzak 2023"). DDBN identifikazioa: 663009.

Espainiako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 2. osagaiaren helburu nagusia da birgaitze-sektore bat aktibatzea Espainian, epe laburrean enplegua eta jarduera sortzea ahalbidetuko duena eta eraikitako parkearen berritze jasangarriaren erritmoa bermatuko duena epe ertain eta luzean, Europako Batzordeak 2020ko urriaren 14ko Komunikazioan ezarritako "Europarako berritze-bolada"ren ildotik. Helburu espezifiko gisa, Energiaren eta Klimaren Plan Nazional Integratuaren helburuak azkarrago betetzea ahalbidetuko duten birgaitze energetikoko tasak lortu nahi ditu; hori guztia, Espainiako eraikingintzaren sektoreak birgaitze energetikoari dagokionez epe luzerako duen estrategiaren barnean. Era berean, etxebizitza-parkea eta eraikinak berritzeak ikuspegi integralen aldeko apustua egiten du, energia-efizientzia hobetzearekin eta energia-iturri berriztagarriak integratzearekin batera eraikinen irisgarritasuna, kontserbazioa, erabilera-segurtasuna eta digitalizazioa hobetu daitezen.

Aurrekoarekin bat etorriz, Estatuko Administrazio Orokorrak urriaren 5eko 853/2021 Errege Dekretua onetsi du, eta zenbait laguntza-programa ezarri ditu etxebizitzen birgaitzearen arloan. Aipatutako programa horietako bat, 4. programa, "Etxebizitzetan energia-efizientzia hobetzeko jarduketetan laguntzeko programa", C02.I01 inbertsioaren 2. osagaiaren barruan dagoena, Errege Dekretuaren V. kapituluan dago araututa (40.etik 49.era bitarteko artikuluak), eta 45. artikuluak ezartzen du autonomia erkidegoek programa horretako laguntzen deialdiak egin behar dituztela. Agindu horri jarraiki, oinarri hauek onetsi dira.

Laguntzak lehendik dauden etxebizitzak, familia bakarrekoak edo familia ugariko eraikinetakoak, hobetzeko edo birgaitzeko jarduketak egiteko erabiliko dira. Horietan, gutxienez, berokuntzaren eta hoztearen urteko energia-eskari globala gutxienez %7 murriztea edo energia primario ez-berriztagarriaren kontsumoa, gutxienez, %30 murriztea lortu beharko da. Emanen den laguntzaren zenbatekoa jarduketaren kostuaren %40 izanen da, 3.000 euroko mugarekin.

Dirulaguntzak emateko prozedura 853/2021 Errege Dekretuan ezarritakoa izanen da, hots, banakako ebaluazioa, eskaerak aurkezteko ordenaren arabera. Dirulaguntzei buruzko Foru Legea betez, Nafarroako Gobernuak 2022ko urtarrilaren 19an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman da deialdi hau banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz tramitatzeko.

Azaldutakoarekin bat etorriz, Etxebizitzako zuzendari nagusiaren otsailaren 24ko 132/2022 Ebazpenaren bidez, programa horretarako 2022ko deialdia onetsi zen, eta orain bidezkoa da 2023ko deialdi berria onestea.

Ikusirik espedientean dauden txosten tekniko eta juridikoak, non agerian gelditzen baita, hurrenez hurren, bai deialdiaren egokiera eta interes soziala, bai oinarri arautzaileen legezkotasuna, eta urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak erabiliz, bertan ezartzen baita Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea etxebizitzetan energia-efizientzia hobetzeko jarduketak egiteko dirulaguntzaren deialdia ("SEM Etxebizitzak 2023"), 853/2021 Errege Dekretuaren arabera, baita dirulaguntza horren oinarri arautzaileak ere. Horien testua ebazpen honen eranskinean ageri da.

2. 1.000.000 euroko gastua baimentzea, 2023ko gastu-aurrekontuaren "SEM Birgaitze babesturako Europako funtsen dirulaguntzak" izeneko 320000-32100-7800-261405 aurrekontuko partidaren kargura (PEP E-21/000433-01 elementua).

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, bai eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-basean ere.

4. Ebazpen hau igortzea Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalera, Etxebizitza Zerbitzura eta departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatura, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio bideari, eta, haren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko abenduaren 7an.–Etxebizitzako zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

ETXEBIZITZETAN ENERGIA-EFIZIENTZIA HOBETZEKO JARDUKETAK EGITEN LAGUNTZEKO OINARRI ARAUTZAILEAK, 853/2021 ERREGE DEKRETUAN XEDATUTAKOARI JARRAIKIZ (VIVIENDAS 2023 PROGRAMA)

Europar Batasunak finantzatua - Next Generation EU

Lehena.–Xedea eta onura publikoko helburua.

Oinarri hauen xedea da bigarren oinarrian aurreikusitako azken hartzaileei banakako ebaluazioaren araubidean dirulaguntzak ematea, familia bakarreko edo familia ugariko eraikinetako etxebizitzetan energia-efizientzia modu egiaztagarrian hobetzeko, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan sartutako etxebizitzen birgaitzearen eta etxebizitza sozialen arloko laguntza-programak arautzen dituen urriaren 5eko 853/2021 Errege Dekretuan aurreikusitakoari jarraikiz (853/2021 Errege Dekretua, aurrerantzean). Zehazki, V. kapituluan jasotakoaren arabera jardunen da ("Etxebizitzetan energia-efizientzia hobetzeko jarduketetan laguntzeko programa").

Europako Kontseiluak, 2020ko uztailaren 21ean, irismen handiko neurri-sorta bat adostu zuen, Europar Batasunean konbergentzia, erresilientzia eta eraldaketa bultzatzeko. Neurri horiek bat egiten dute 2021-2027rako etorkizuneko urte anitzeko finantza-esparruarekin (MFP) eta 2018ko prezio konstanteetan 750.000 milioi euroko balioa duen Suspertzerako Europako Tresna bat («Next Generation EU») abian jartzearekin. 2021etik 2026rako aldian, Espainiak 140.000 milioi euro inguru jasoko ditu transferentzietan nahiz maileguetan Suspertzerako Europako Tresna horren bidez. Testuinguru horretan, Espainiako Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana (aurrerantzean SEEP) onetsi zen 2020ko urriaren 7an; Espainiako ekonomia modernizatzeko ibilbide-orria, alegia. Espainiako Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana geroago arautu zen –abenduaren 30eko 36/2020 Errege Dekretuaren bitartez– eta herrialde-proiektu bat da, eragile ekonomiko eta sozial guztien, gobernu-maila guztien eta administrazio publikoaren baliabide guztien inplikazioa eskatzen duena.

Espainiako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 2. osagaiaren helburu nagusia da birgaitze-sektore bat aktibatzea Espainian, epe laburrean enplegua eta jarduera sortzea ahalbidetuko duena eta eraikinen parkearen berritze jasangarriaren erritmoa bermatuko duena epe ertain eta luzean, Europako Batzordeak 2020ko urriaren 14ko Komunikazioan ezarritako "Europarako berritze-bolada"ren ildotik. Helburu espezifiko gisa, Energiaren eta Klimaren Plan Nazional Integratuaren helburuak azkarrago betetzea ahalbidetuko duten birgaitze energetikoko tasak lortu nahi ditu; hori guztia, Espainiako eraikingintzaren sektoreak birgaitze energetikoari dagokionez epe luzerako duen estrategiaren barnean. Era berean, etxebizitza-parkea eta eraikinak berritzeak ikuspegi integralen aldeko apustua egiten du, energia-efizientzia hobetzearekin eta energia-iturri berriztagarriak integratzearekin batera eraikinen irisgarritasuna, kontserbazioa, erabilera-segurtasuna eta digitalizazioa hobetu daitezen.

Lehendik dauden eraikinek azken energiaren %30 inguru kontsumitzen dute. Hortaz, eraikin-parke horren birgaitze energetikoa lehentasunezko neurri bat da Energiaren eta Klimaren 2021-2030 Plan Nazional Bateratuaren arabera. Horregatik, plan horretako helburuetako bat da, 2030erako, 1.200.000 etxebizitzaren birgaitze energetikoa egitea. Helburu bera jaso da Espainiako eraikingintzaren sektoreak, birgaitze energetikoari dagokionez, epe luzerako duen estrategian. Era berean, eraikinen birgaitze energetikoa Nafarroako 2018-2028 Etxebizitza Planaren ildo estrategikoetako bat da.

Bestalde, COVID-19ak eragin duen krisiaren inpaktu ekonomikoaren ondoren, beharrezkoa da enpresa-sektore batzuetan ekonomia suspertzea, gure herrialdeak behar duen trantsizio energetikorantz orientatzeko. Sektore horietako bat eraikingintza da. Ildo horretan, Nafarroa Suspertu 2020-2023 Planaren neurri espezifikoetako bat da etxebizitzak birgaitzeko jarduketak ugaldu beharra.

Aurrekoarekin bat etorriz, Estatuko Administrazio Orokorrak urriaren 5eko 853/2021 Errege Dekretua onetsi du, eta zenbait laguntza-programa ezarri ditu etxebizitzen birgaitzearen arloan. 2021ean, Estatuko 2021erako Aurrekontu Orokorrei buruzko Legearen 17.50.99.260A.750 aurrekontu-partidan, 1.151 milioi euro bideratu ziren errege dekretu horretan araututako 1etik 5era bitarteko laguntza-programetako dirulaguntzetara, eta Nafarroako Foru Komunitateak 15.883.800 euro jaso zituen. Aipatutako programa horietako bat, 4. programa edo "Etxebizitzetan energia-efizientzia hobetzeko jarduketetan laguntzeko programa" –"Bizileku inguruneen suspertze ekonomiko eta sozialerako birgaitze programa" C02.I01 inbertsioaren 2. osagaiaren barruan dagoena, 025bis esku-hartze eremua– Errege Dekretuaren V. kapituluan dago araututa (40.etik 49.era bitarteko artikuluak), eta 45. artikuluak ezartzen du autonomia erkidegoek programa horretako laguntzen deialdiak egin behar dituztela. Agindu horri jarraiki, oinarri hauek onetsi dira.

Azaldutakoarekin bat etorriz, Etxebizitzako zuzendari nagusiaren otsailaren 24ko 132/2022 Ebazpenaren bidez, programa horretarako 2022ko deialdia onetsi zen.

Bigarrena.–Onuradunak.

1. Honako hauek izanen dira laguntzen azken hartzaileak, egoitza fiskala Espainian baldin badute eta etxebizitzak Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan kokatuta badaude:

a) Etxebizitzen jabe, gozamendun edo errentari diren pertsona fisikoak.

b) Higiezinen jabe diren administrazio publikoak eta zuzenbide publikoko organismoak eta gainerako erakundeak.

Laguntzen azken hartzaileak pertsona fisikoak badira, Espainiako nazionalitatea izan beharko dute, edo Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko estatu kideren batekoa edo Suitzakoa. Europar Batasunetik kanpoko atzerritarren kasuan, Espainian izan beharko dute legezko bizilekua.

Azken onuradunek eta hartzaileek aplikatzekoa zaien Europako eta Espainiako araudia bete beharko dute –eta, bereziki, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren Erregelamendua–, baita Estatuko laguntzak erregulatzen dituen araudia eta aplika daitekeen Europako eta Espainiako gainerako araudia betetzearen ondoriozko betebeharrak ere, eta, gehienbat, iruzurra, ustelkeria, interes-gatazka edo finantzaketa bikoitza saihesteko neurriak hartu beharko dituzte; hori guztia, Batasunaren finantza-interesak babestearren.

2. Ezin dira laguntza hauen azken hartzaile izan dirulaguntzak itzultzeko betebeharra izan eta horien ordainketa egin gabe dutenak, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 21. artikuluan ezarritakoarekin (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako erregelamendua). Testuinguru horretan, azken hartzaileak, laguntza eskaerarekin batera, erantzukizunpeko adierazpen bat sinatu beharko du, non adieraziko baitu ez duela inolako dirulaguntza edo laguntza itzultzeko betebeharrik, edo, hala badagokio, horiek bete dituela, aipatutako 21. artikuluan ezarritakoarekin bat. Azken hartzaileak frogatu beharko du ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 22/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako ezein debekutan, salbu eta artikulu horietako e) letran ezarritako debekua ("indarra duten xedapenek ezartzen dituzten zerga betebeharrak edo Gizarte Segurantzakoak egunean ez izatea").

3. Azken hartzaileek diruz lagungarriak diren jarduketak ordaintzeko erabiliko dute jasotzen duten dirulaguntzaren zenbateko osoa, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan xedatutakoaren mende geratzeaz gainera, eskaera izapidetzen den bitartean ere, Etxebizitza Zerbitzuko Eraikuntza Atalari berehala jakinarazi beharko dizkiote aintzatespena eragiten ahal duten, edo eragin duten, eta laguntza jasotzeko eskubidea bat-batean galtzea ekartzen duten baldintza aldaketak. Aldaketa horiek ez jakinaraztea nahikoa arrazoi izanen da bidegabe kobratu diren zenbatekoak itzultzeko espedientea hasteko.

4. Birgaitu beharreko etxebizitzek beren jabeen, gozamendunen edo errentarien (pertsona fisikoak, betiere) ohiko bizileku iraunkorra izan behar dute laguntza eskatzen den unean, eta onargarria izanen da laguntza ematea errentarien ohiko bizileku iraunkorrerako errentamendu-kontratua dagoela egiaztatzen duen errentatzaileari. Egoera hori egiaztagiri bidez edo errolda ziurtagiriaren bidez ziurtatzen ahalko da, edo, kasua bada, errentamendu-kontratua aurkeztuta.

5. Hartzaileak pertsona fisikoak ez direnean, birgaitzeko etxebizitzak pertsona fisikoei alokatzera bideratuko dira, haien ohiko bizileku iraunkorra izan daitezen. Egoera hori egiaztatzeko, izenpetutako errentamendu-kontratuaren kopia aurkezten ahalko da.

Hirugarrena.–Jarduketa eta kostu diruz lagungarriak.

1. Laguntzak lehendik dauden etxebizitzak, familia bakarrekoak edo familia ugariko eraikinetakoak, hobetzeko edo birgaitzeko jarduketak egiteko erabiliko dira. Horietan, gutxienez, berokuntzaren eta hoztearen urteko energia-eskari globala gutxienez %7 murriztea edo energia primario ez-berriztagarriaren kontsumoa, gutxienez, %30 murriztea lortu beharko da.

2. Halaber, diruz lagungarritzat joko dira, aurreko baldintzaren bat betetzen bada, inguratzaile termikoaren eraikuntza elementuak aldatzeko edo ordezteko jarduketak, haien ezaugarriak transmisio termikoaren eta airearekiko iragazkortasunaren muga balioetara egokitzeko, hala dagokionean, Eraikuntzaren Kode Teknikoko Energia Aurrezteari buruzko DB HE Oinarrizko Dokumentuaren 3.1.1.a-HE1 eta 3.1.3.a-HE1 tauletan ezarri bezala.

3. Aurreikusitako jarduketek honako printzipio hau errespetatuko dute: «ingurumenari kalte nabarmenik ez eragitea» (do no significant harm-DNSH printzipioa) eta printzipio hori aplikatzeko araudia, eta honako hauek bereziki: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamendua, 2021eko otsailaren 12koa, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duena; 2020/852 (EB) Erregelamendua, Inbertsio jasangarriak errazteko esparru bat ezartzeari buruzkoa (Taxonomia Erregelamendua), eta Europako Batzordearen Gida Teknikoa (2021/C 58/01), printzipio horren aplikazioari buruzkoa.

4. Laguntza hauek pizgarri gisa erabili nahi direnez, soilik onartuko dira azken hartzaileek 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera abiarazitako jarduketak. Hortaz, ez da hautagarri izanen data hori baino lehenago fakturatutako ezein exekuzio-kostu.

5. Laguntzak emateko, gainera, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Jarduketaren gutxieneko kostua 1.000 euro edo gehiago izanen da etxebizitza bakoitzeko.

b) Ez dira diruz lagungarriak izanen jatorri fosileko erregaia erabiltzen duten sorgailu termikoetan egindako inbertsio jarduketak.

6. Oinarri hauen bitartez araututako dirulaguntzak eskuratzeko baldintzak bete beharko dira eskabidea aurkezten den egunean. Halaber, laguntzaren xede diren jarduketek, eskaera aurkezten den unean, bete egin behar dute aplikatzekoa zaien indarreko araudia; era berean, nahitaezko administrazio lizentziak eta baimenak izan behar dituzte, behar izanez gero. Egiaztatu beharko da Eraikinaren Ebaluazio Txostena edo, bestela, Lehendik dagoen Eraikinaren Liburua baduela, hala eska daitekeenean.

7. Kostu diruz lagungarritzat hartuko dira deialdi honetako energia-helburuak lortzeko beharrezkoak direnak, bai eta honako kostu orokor hauek ere:

a) Teknikari eskudunari ordaindu beharreko ordainsari profesionalak, egin dezan uztailaren 1eko 390/2021 Errege Dekretuan aurreikusitako energia-efizientziari buruzko ziurtagiria.

b) Laguntza-eskaeraren kudeaketaren kostuak.

c) Laguntzaren xede den jarduketari lotutako proiektu teknikoak idazteko kostuak.

d) Jarduketen zuzendaritza fakultatiboaren kostuak.

e) Obrak eta/edo instalazioak exekutatzeko kostuak.

f) Ekipoetan eta materialetan egindako inbertsioa.

g) Laguntza hauek eskatzeko eta justifikatzeko beharrezkoak diren txostenak eta gainerako dokumentazioa idazteko kostuak.

h) Jarduketak egin izanaren justifikazioaren kudeaketa gastuak.

i) Jarduketa mota bakoitzerako beharrezkoak diren beste partida espezifiko batzuk (lagungarriak izan ala ez).

Ez dira kostu diruz lagungarritzat hartuko lizentziei, tasei, zergei edo tributuei dagozkienak. Alabaina, BEZa eta zeharkako zerga baliokidea diruz hautagarritzat hartzen ahalko dira, baldin eta ezin badira erabat edo partez berreskuratu edo konpentsatu.

Kostu diruz lagungarriak obra edo lanak egiten dituzten pertsonei edo erakundeei ordaintzeko, kreditu- edo zordunketa-txartelak, banku-transferentziak, txeke izendunak edo kreditu-erakundeetako kontuetan egindako diru-sarrerak erabili beharko dira. Ez dira inolaz ere justifikatutzat joko legezko eskudirutan ordaindutako kopuruak.

Laugarrena.–Laguntzen zenbatekoa.

1. Deialdira, hasiera batean, 1.000.000 euro bideratu dira. Diru hori 2023ko edo dagokion ekitaldiko gastu-aurrekontuaren "SEM Birgaitze babestuko Europako funtsen dirulaguntzak" deritzon 320000-32100-7800-261405 aurrekontuko partidaren kargura ordainduko da.

2. Eskaerei erantzuteko, aurkezpen ordenari jarraikiko zaio zorrotz, aurrekontua agortu arte. Aurrekontua agortutzat joko da aipatutako diru kopuru osoa (1.000.000 euro) bukatzen duen azken laguntza eskaera erregistratzen den unean. Esleitutako aurrekontua agortuz gero, eta baldin eta programaren indarraldia bukatu ez bada, eskaera gehiago erregistratzen ahalko dira behin-behineko erreserba-zerrendarako; eskaera horiek zein ordenatan aurkezten diren, horren arabera erantzunen dira beti, baldin eta lehenago aurkeztutako laguntza-eskaeraren bat atzera botatzeagatik edo ezespen bat gertatzeagatik aurrekontua askatzen bada, edo deialdirako aurrekontua handitzen bada. Eskaera behin-behineko erreserba-zerrendarako aurkezteak ez dio inolako eskubiderik sortuko eskatzaileari, harik eta eskaera ebatzi arte. 2022. urtean eskaera aurkeztu arren aurreko deialdiko aurrekontua agortzeagatik dirulaguntza lortzerik izan ez zuten eskaerak deialdi honetan aurkeztutzat joko dira, haien sarrera-ordenari zorrozki jarraituz.

3. Gehienez ere 4.000.000 euro bitarteko kreditu gehigarria aurreikusi da, Estatutik jasotako funtsen destino berria dela-eta kreditua sortzen bada. Kasu horretan, ez da beste deialdi bat egin beharko.

Kopuru osagarri hori eraginkorra izan dadin, aipatu inguruabarraren ondoriozko kreditu gehigarria baimendu beharko da.

Gastu gehigarria baimendu eta argitaratzeak ez dakar berez eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere. Nolanahi ere, kasu horretan berariaz baimentzen ahalko da eskaerak aurkezteko epea luzatzea.

4. Jarduketa mota honetarako programaren barruan emanen diren laguntzak kontraprestaziorik gabeko diruzko laguntzak izanen dira.

5. Emanen den laguntzaren zenbatekoa jarduketaren kostuaren %40 izanen da, 3.000 euroko mugarekin.

Bosgarrena.–Dirulaguntzak emateko prozedura.

1. Dirulaguntzak banakako ebaluazio sistemaren bidez emanen dira, eskaerak aurkezteko ordenari zorrotz jarraikiz, bat etorriz 853/2021 Errege Dekretuaren 45.1 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin, eta osoki ordainduko zaizkie baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiei, harik eta kreditu erabilgarria agortu arte.

2. Laguntzaren azken hartzailea jarduera ekonomiko edo komertzialak egiten dituen pertsona fisikoa bada, Estatuko laguntzen arloko honako araubide hau aplikatuko da:

a) Azken 3 zerga-urteetan emandako laguntzen eta deialdi honetan eskatutako laguntzaren zenbatekoaren batura 200.000 eurotik beherakoa bada, 2013ko abenduaren 18ko Europako Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoa aplikatuko da, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa baita.

b) Azken 3 zerga-urteetan emandako laguntzen eta deialdi honetan eskatutako laguntzaren zenbatekoaren batura 200.000 euro edo hortik gorakoa bada, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduan xedatutakoa aplikatuko da, energia-efizientziarako neurriak hartzeko inbertsioetarako laguntzetarako salbuespena aplikatuta (38. artikulua). Erregelamendu horren bidez, barne merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Europako Erkidegoa eratzeko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

Aurrekoaren ondorioetarako, laguntzen azken hartzaileek uneko ekitaldi fiskalean eta aurreko bi ekitaldi fiskaletan jasotako laguntza guztiei buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, ezarritako mugak betetzen direla zehaztuz. Era berean, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute adierazteko enpresa ez dagoela krisian, 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 18. apartatuan "krisian dagoen enpresa"rako ezarrita dagoen definizioaren arabera.

Seigarrena.–Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

1. Laguntza eskaerak eredu normalizatuan aurkeztuko dira (I. eranskinean dago), behar bezala beteak, eskatzaileak eta, hala badagokio, bere ordezkariak ere sinatuak. Laguntzaren azken hartzaileak egindako jarduketak justifikatzeko behar den dokumentazioa aurkeztu beharko du, bat etorriz 853/2021 Errege Dekretuaren 45.7 artikuluan eta oinarri hauen II. eranskinean ezarritakoarekin. Aurkezten diren agiriak behar bezala izendatuak eta ordenatuak egonen dira, II. eranskineko ataletako zein letrari dagozkion aipatuta.

2. Eskaerak aurkezteko epea 2023ko urtarrilaren 2ko 9:00etan hasiko da, edo oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo eguneko 9:00etan, baldin eta data hori baino geroago argitaratzen badira, eta 2023ko urriaren 31n bukatuko da.

3. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan ezarritakoaren arabera Administrazio publikoekin harremanak izateko bitarteko elektronikoak erabiltzera behartuta dauden herritarren eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, Etxebizitza Zerbitzuari zuzenduak. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.4 artikuluari jarraikiz, aipatu interesdunen batek eskaera aurrez aurre aurkezten badu, zuzenketa telematika bidez aurkezteko eskatuko zaio. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna dela zuzenketaren eguna.

4. Eskaerak aipatu diren betebeharrak betetzen ez baditu, eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun balioduneko gehieneko epean zuzendu dezala, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, ulertuko dela eskaeran atzera egin duela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritako moduan ebazpena eman ondotik. Nolanahi ere, laguntzak emateko orduan denbora lehentasuna finkatze aldera, eskaera behar bezala aurkeztu den eguna hartuko da aurkezpen-datatzat, behar bezala zuzendu delako eta oinarri arautzaile hauetan eskatutako dokumentu guztiak erantsi direlako.

5. Administrazio publikoekin harremanak izateko bitarteko elektronikoak erabiltzera behartuta dauden herritarrentzat, dirulaguntzen deialdi honi dagozkion komunikazioak entitate interesdunaren gaitutako helbide elektronikoaren (GEH) bitartez eginen dira. Interesdunak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikoen prozeduran harpidetua egon beharko du. Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa, eta jakinarazpen elektronikoen prozeduretako harpidetza ere bertan egin daiteke. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

6. Eskaerak instrukzio organoaren aurrean egin behar dira, jarduketak amaitu eta hiru hilabeteko gehieneko epean. Horiek eskaeraren aurreko hamabi hilabeteetan egin behar izan dira.

Zazpigarrena.–Antolamendua eta instrukzioa.

Etxebizitza Zerbitzuko Eraikuntza Atalari esleitzen zaizkio laguntzak emateko prozedura antolatzeko eta izapidetzeko eginkizunak. Eskaeren ebaluazioa ofizioz eginen du, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat.

Zortzigarrena.–Ebazpena eta laguntzaren ordainketa modua.

1. Laguntzaren azken hartzaileak jarduketa gauzatu duela eta aurreko apartatuetan eskatutako dokumentazio guztia ezarritako epean entregatu duela egiaztatutakoan, dirulaguntzak Etxebizitzako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez emanen dira, Etxebizitza Zerbitzuko zuzendariak proposaturik (azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 7. artikulua, honako hauei jarraikiz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren 4. artikulua). Ebazteko eta ebazpena jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izanen da, dagokion eskaeraren sarrera datatik zenbatzen hasita. Epe horretan berariazko ebazpenik eman ezean, eskaera ezetsita geldituko da. Berariazko edo isiltasun administratiboaren bidezko ezespenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari edo etxebizitzaren arloan eskumena duen kontseilariari zuzendua.

2. Ebazpen horretan bertan, dirulaguntza ordainketa bakar batean ordaintzeko aginduko da, funtsen jatorriari buruzko berariazko aipamena eginez, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioa (edo une bakoitzean etxebizitzaren arloan eskumena duen ministerioa) aipatuz, baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamenduak (2021eko otsailaren 12koa) eta Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planak (EB) ezarritako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa finantzatzea ere.

3. Egindako jarduketen eta lanen multzo ordezkagarri bat lekuan bertan egiaztatzeko prozedura bat gauzatuko da (guztira emandako dirulaguntzen %25, gutxienez), eta laguntzen azken hartzaileek aitortzen duten kostuaren ehuneko ehun aztertu eta baliozkotuko da administrazioaren aldetik.

4. Laguntza ukatu eginen da, baldin eta 853/2021 Errege Dekretuko 43. artikuluan ezarritakoa baino txikiagoa bada energia primario ez-berriztagarriaren kontsumoan edo berokuntzaren eta hoztearen eskari globalean aurreztutakoa, azkenean, jarduketaren aurretik eta ondoren eraikinaren energia-efizientziarako ziurtagirien arteko konparazioaren bidez lortutakoa, biak ziurtagiri programa onartu berarekin eginda, edo baldin eta errege dekretu horretan ezarritako beste edozein eskakizun betetzen ez bada.

Bederatzigarrena.–Bateragarritasuna beste dirulaguntza batzuekin.

1. Deialdi honen azken hartzaileek laguntza hauek bateragarri egin ditzakete bai auzoetako birgaitze jarduketen programarekin, bai eraikinen birgaitze integraleko programarekin (biak urriaren 5eko 853/2021 Errege Dekretuan jasoak), baldin eta egiaztatzen bada ez dela kostu bera diruz laguntzen. Laguntza eskaeran berariaz adieraziko da, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, ez dela jarduketa bererako laguntzarik eskatu lehen aipatutako programetan.

2. Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak izanen dira, diruz lagunduko den jarduketa babesgarria berbera denean, honako hauekin: Nafarroako etxebizitza arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuan aurreikusitako birgaitze babesturako dirulaguntzekin; Etxebizitzako zuzendari nagusiak urriaren 16an emandako 234/2020 Ebazpenean xedatutakoekin –ebazpen horren bidez, lehendik dauden eraikinetan birgaitze energetikorako jarduketetarako laguntzak emateko oinarri arautzaileak onartu ziren, abuztuaren 4ko 737/2020 Errege Dekretuan–; eta Etxebizitzako zuzendari nagusiak azaroaren 3an emandako 2723/2021 Ebazpenean xedatutakoekin –ebazpen horren bidez, 691/2021 Errege Dekretuari jarraikiz, demografia arazoak dituzten udalerrietako eraikinetan energia birgaitzeko jarduketetarako dirulaguntzen deialdia onetsi zen–.

3. Deialdi honetan parte hartzen duen etxebizitza bakoitzeko, laguntza bakarra ematen ahalko da, nahiz eta laguntzaren 3.000 euroko gehieneko zenbatekora ez iritsi.

Hamargarrena.–Itzulketa.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, bidezkoa izanen da eskatzea laguntzen azken hartzaileak edo onuradunak jasotako zenbatekoak itzul ditzala, baita berandutze-interesa ere, dirulaguntza ordaindu zen unetik aurrerakoa.

Hamaikagarrena.–Errekurtsoen araubidea.

Oinarri arautzaile hauen aurka eta dirulaguntza emateko eta ordaintzeko ebazpenaren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hura argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin.

Hamabigarrena.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

1. Edozein hedabidetan laguntzak jaso dituen jarduketari erreferentzia egiterakoan, programaren irudiari buruzko eskuliburuan ezarritako betekizunak bete beharko dira, zeina eskuragarri baitago Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioaren web orrian (http://www.mitma.es), bai eta erregelamendu honetan publizitateari buruz ezarrita dauden neurriak ere: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamendua, 2021eko otsailaren 12koa, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duena.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak urtero ematen diren dirulaguntzak argitaratuko ditu etxebizitza gaietarako informazio webgunean (www.vivienda.navarra.es), behar bezala identifikaturik onuradunak (IFZ eta izen-deiturak), etxebizitzen kokapena eta bakoitzak hartutako diru kopurua.

3. Oinarri hauen babesean ematen diren dirulaguntzei buruzko informazioa Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera igorriko da, nola eta, komunikazio betebehar hori gauzatzeko, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 20. artikuluan ezarrita dagoen bezala, kontuan hartuta, orobat, betebehar hori garatzeko bestelako arauetan ezarritakoa.

Hamahirugarrena.–Gardentasun betebeharrak.

Erakunde onuradunak behartuak daude gardentasun betebeharrak betetzera, hain zuzen ere, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarriak daudenak, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urte batean Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien ehuneko 20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

Horretarako, baldintza horiek betetzen dituzten erakunde onuradunek foru lege horren 12.4 artikuluan aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute beren eskaerarekin batera, entitatearen legezko ordezkariak sinatuta:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.

c) Erakundeak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

d) Erakunde onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Atal honetan ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean ordaindutako kopurua konputatuko da, ez guztizko batura.

Erakunde onuradunek gardentasun betebeharra bete behar ez badute, lehen deskribatutako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko dute eskaerarekin batera.

Hamalaugarrena.–Finantzaketa bikoitza eta informazioa eskuratzeko eta emateko betebeharrak.

1. Finantzaketa bikoitza debekatuta dago, eta onuradunak informazioa eman beharko du kostu diruz lagungarri berberak finantzatzen lagundu dioten beste edozein funts publiko edo pribaturi buruz.

2. Onuradunak, eskaera bat aurkezte hutsagatik, adierazten du ezagutzen duela aplikatu beharreko araudia, eta:

–Baimena ematen du Foru Komunitateko Administrazioak eta Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22. artikuluan adierazitako organoek Benetako Titulartasunen Erregistroan (JUS/319/2018 Aginduaren bidez sortua) jasotako informazioa eskuratzeko, edo benetako titularrei buruzko datu horiek eman ditzaketen Administrazioaren beste datu-base batzuetan sartzeko.

–Baimena ematen du informazioa trukatzeko sistema horien eta Europako Funtsen Sistemaren artean, aplikatu beharreko Europako eta Espainiako araudian jasotako aurreikuspenen arabera.

–Beharrezkoak diren eskubideak eta sarbideak ematen ditu, bermatu dadin Batzordeak, OLAFek, Europako Kontuen Auzitegiak, Europako Fiskaltzak eta agintari nazional eskudunek beren eskumenak baliatzen dituztela, bat etorriz Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren Erregelamenduaren 22. artikuluko 2. apartatuko e) letran eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 Finantza Erregelamenduaren (EB, Euratom) 129. artikuluan ezarritakoarekin. Hain zuzen, laguntza eman ahal izateko, ezinbestekoa izanen da baimen hori (I. eranskinean jasota dago).

3. Onuradunak eskatzen zaion eta laguntza emateko beharrezkoa den informazio guztia emanen du, bai eta hura emateko baldintzak eta Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoan xedatutakoa betetzen dituela frogatzeko beharrezkoa den informazioa ere. Laguntzen azken hartzaileari buruzko datuak eman beharko ditu, hartzailea bera ez bada, eta kontratistei eta azpikontratistei buruzkoak, azken hartzailea botere adjudikatzaile bat bada.

Hamabosgarrena.–Aplikatzekoa den araubide juridikoa.

Oinarri arautzaile hauetan berariaz ezarrita ez dagoen orotan, honako hauek aplikatuko dira: urriaren 5eko 853/2021 Errege Dekretua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea eta irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretua, Nafarroan etxebizitzaren arloan babestekoak diren jarduketak arautzen dituena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Hamaseigarrena.–Datuen babesa.

Eskaera aurkezteak berekin dakar haren bidez bildutako datu pertsonalak jasotzea eta tratatzea. Datu horiek Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak tratatuko ditu, prozedura hau izapidetzeko eta laguntza horien esleipena kudeatzeko. Halaber, jakinarazten dizugu zure datuen inguruko eskubideak esteka honen bitartez balia ditzakezula:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/datu-pertsonalak-babesteko-eskubideak-baliatzea?back=true

Argibide gehiago daude eskuragarri hemen:

https://gobiernoabierto.navarra.es/sites/default/files/19._dpto._ordenacion_del_territorio_viviendo_paisaje_y_proyectos_estrategicos.pdf

Hamazazpigarrena.–Iruzur arriskua arintzeko neurriak.

1. Iruzur arriskuari aurrea hartzeko asmoz, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak iruzurraren aurkako neurrien plana onartu du, eta esteka honetan kontsulta daiteke:

https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/gobernantza/planak-eta-programak-gobernu-eraginak/lurralde_antolamenduko-etxebizitzako-paisaiako-eta-proiektu-estrategikoetako-departamentuaren-iruzurraren-aurkako-neurrien-plana

Arrisku hori arintzeko neurriak berariaz zehaztu dira aipatutako planaren 6. atalean. Honako hauek dira:

• Nafarroako Gobernuaren iruzurraren aurkako adierazpen instituzionala zabaltzea.

• Iruzurraren aurkako neurrien plana zabaltzea.

• Unitate/zerbitzu/organo arduradunak identifikatzea.

• Salaketen kanala zabaltzea.

• Iruzurraren aurkako arloari buruzko prestakuntza.

• Departamentuko goi-kargudunen inplikazioa.

• SEEPen jarduketak gauzatzearen gaineko konpromiso adierazpena (deialdi honen oinarrietako I. eranskina).

• Kudeaketa, kontrol eta ordainketa prozesuetako eginkizunak banatzea.

• Lehen eta bigarren mailako barne kontroleko sistema.

• Iruzur arriskuaren hasierako ebaluazioa.

• Datu baseak erabiltzea.

• Alarma seinaleen katalogoa edo iruzur arriskuaren adierazleak.

• Jarduketak gauzatzean alarma seinaleak egiaztatzeko zerrenda.

• Alarma seinalea aktibatzea.

• Iruzur susmoen salaketen kanala.

• Iruzurraren aurkako Departamentuko Batzordea eratzea.

• Iruzurra zuzentzeko eta jazartzeko neurriak.

2. Nafarroako Foru Komunitateko jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako Bulegoa sortzeari buruzko maiatzaren 17ko 7/2018 Foru Legearen 12. artikuluan adierazitako kexa eta salaketetarako postontzia martxan ez dagoen bitartean, beste kanal bat egonen da erabilgarri. Horren bidez, edonork jakinarazten ahalko ditu deialdi honi dagokionez dituen iruzur susmoak eta detektatzen dituen ustezko irregulartasunak.

Hori horrela, Iruzurraren aurkako Koordinazio Zerbitzu Nazionalak (Infofraude) salaketak jartzeko kanal bat gaitu du Europako funtsei eragiten dieten iruzurrei edo irregulartasunei buruzko informazioa jakinarazteko, eta bertan Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoei buruzko atal espezifiko bat dago, kontuan hartuta apirilaren 6ko 1/2017 Komunikazioan xedatutakoa (1/2017 Komunikazioa, apirilaren 6koa, Europar Batasuneko funtsen kargura osorik edo zati batean finantzatzen diren proiektuekin edo eragiketekin lotutako iruzur edo irregulartasun posibleen berri duten pertsonek nola jokatu behar duten azaltzen duena).

Komunikazio horren arabera, errazagoa izan dadin agintari eskudunei bidaltzea Europar Batasunaren finantza-interesei erasaten ahal dien iruzurraren aurkako borrokan garrantzitsua den edozein informazio, eta Iruzurraren aurkako Koordinazio Zerbitzu Nazionalari eremu horretan dagozkion koordinazio eginkizunen esparruan, Europar Batasuneko funtsen kargura osorik edo zati batean finantzatzen diren proiektuekin edo eragiketekin lotutako iruzur edo irregulartasun posibleen berri duten pertsonek egitate horien berri ematen ahalko diote Iruzurraren aurkako Koordinazio Zerbitzu Nazionalari, baliabide elektronikoen bidez, zerbitzu horrek webgune honetan gaitutako kanala erabiliz:

https://www.igae.pap.hacienda.gob.es/sitios/igae/es-ES/paginas/denan.aspx

Halaber, eta salbuespenez, baldin eta aipatutako bitarteko elektronikoak erabili ezin badira, egitateen berri ematen ahalko zaio Iruzurraren aurkako Koordinazio Zerbitzu Nazionalari paperezko dokumentazioa bidaliz.

I. ERANSKINA

Eskabidea eta erantzukizunpeko adierazpena (Viviendas 2023 laguntzak)

Izen-deiturak:

IFZ:

Honako hau ordezkatuz

Izen-deiturak:

IFZ:

Edo pertsona juridikoa:

IFZ:

Adierazten dut ezagutzen dudala aplikatu beharreko araudia, eta ............................................... euroko dirulaguntza eskatzen dut "Etxebizitzetan energia-efizientzia hobetzeko jarduketetan laguntzeko programarako", ……………………...............………………… euroko zenbatekoan, ……………………………..………………….…………….. kaleko ………………………………… zenbakiko etxebizitzan (katastroko erreferentzia: …………………….) egindako obrengatik.

Beharrezkoak diren eskubideak eta sarbideak ematen ditut Batzordeak, OLAFek, Europako Kontuen Auzitegiak, Europako Fiskaltzak eta agintari nazional eskudunek beren eskumenak baliatzen dituztela bermatu dadin, bat etorriz Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren Erregelamenduaren 22. artikuluko 2. Apartatuko e) letran eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 Finantza Erregelamenduaren (EB, Euratom) 129. artikuluan ezarritakoarekin.

Harremanetarako datuak, jakinarazpenetarako:

BERE ERANTZUKIZUNPEAN ADIERAZTEN DU

(II. eranskineko f, j, l, m puntuen betetze-maila)

1. Europar Batasunak finantzatutako SEEP – Next Generation EU Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan aipatutako deialdiari dagozkion laguntzen xede diren obrak edo lanak sustatzen dituen pertsona fisikoa dela.

2. Ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aurreikusitako egoeretako batean ere; salbuespena da artikulu horietako e) letran aurreikusitako debekua, zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak egunean izateko betebeharrari buruzkoa. Orobat, berariaz aipatu beharko da ez dutela beste dirulaguntza edo laguntza batzuk itzultzeko betebeharrik, edo, izanez gero, zorrotz bete dituztela betebehar horiek, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamenduaren 21. artikuluan ezarritakoaren arabera (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori).

3. Aplikatu beharreko araudia ezagutzen duela, bereziki Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko (EB) 2021/241 Erregelamenduaren 22. artikuluaren apartatu hauek:

1. 2. apartatuaren d) letra: «Suspertze eta Erresilientzia Planaren esparruan, honako datu-kategoria bateratu hauek biltzea, bilaketak egitea ahalbidetuko duen formatu elektroniko batean eta datu-base bakar batean, erreformak eta inbertsio-proiektuak gauzatzeko neurriei dagokienez, funtsen erabileraren auditoretza eta kontrola egiteko:

i. Funtsen azken hartzailearen izena;

ii. Kontratistaren eta azpikontratistaren izenak, baldin eta funtsen azken hartzailea adjudikazio-botere bat bada, kontratazio publikoaren arloko Batasuneko edo Estatuko zuzenbidearen arabera;

iii. Funtsen jasotzailearen edo kontratistaren benetako titularren izen-abizenak eta jaiotza-datak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2015/849 (EB) Zuzentarauaren (26) 3. artikuluko 6. puntuan definitzen denaren arabera;

iv. Suspertze eta erresilientzia planaren esparruan eraberritze- eta inbertsio-proiektuak gauzatzeko neurrien zerrenda, neurri horien finantzaketa publikoaren guztizko zenbatekoarekin batera, eta Mekanismoaren eta Batasuneko beste funts batzuen esparruan ordaindutako funtsen zenbatekoa adierazita».

2. 3. apartatua: «Artikulu honetako 2. apartatuko d) letran aipatutako datu pertsonalak estatu kideek eta Batzordeak baino ez dituzte tratatuko, aurrekontu-kudeaketaren onespenari eta 15. artikuluko 2. apartatuan eta 23. artikuluko 1. apartatuan aipatutako akordioen aplikazioari lotutako funtsen erabilerari dagozkien kontrol-prozedurei buruzko auditoretzaren ondorioetarako eta auditoretza horrek iraun bitartean. Batzordearen kudeaketa onesteko prozeduraren esparruan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 319. artikuluarekin bat etorriz, Mekanismoak txostenak aurkeztu beharko ditu Finantza Erregelamenduaren 247. artikuluan aipatutako finantza-informazioaren eta kontu-ematearen esparruan, eta, zehazki, bereizita, kudeaketari eta errendimenduari buruzko urteko txostenean».

Azaldutako esparru juridikoarekin bat, datuak lagatzeko eta tratatzeko adostasuna adierazten dut, aipatutako artikuluetan berariaz zerrendatutako helburuetarako.

4. Programa honetako laguntzak eskatzeko aurkeztutako jarduketa gauzatzean, ekonomia zirkularraren printzipioa eta ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa errespetatzeko konpromisoa hartzen duela, eta programa horren barruan dakartzan jarduerek honako hau betetzen dutela (ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa betetzea, edo DNSH, ingelesezko "do not significant harm" siglengatik):

–Egiten diren jarduerek ez diete kalte nabarmenik eragiten ingurumen helburu hauei, ingurumenaren aldetik jasangarriak diren jarduera ekonomikoak sailkatzeko sistema (edo «taxonomia») ezarriz inbertsio jasangarriak errazteko esparru bat ezartzeari buruzko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluaren arabera:

  • Klima-aldaketa arintzea.
  • Klima-aldaketara moldatzea.
  • Ur eta itsas baliabideak modu jasangarrian erabiltzea eta babestea.
  • Ekonomia zirkularra, hondakinen prebentzioa eta birziklapena barne.
  • Atmosferako, uretako edo lurzoruko kutsaduraren prebentzioa eta kontrola.
  • Biodibertsitatea eta ekosistemak babestea eta lehengoratzea.

–Jarduketek 853/2021 Errege Dekretuan ezarritako baldintzak betetzen dituzte, eta 2. osagaian finkatutako ezaugarri eta baldintza espezifikoetara egokitzen dira, ingurumen-helburu bakoitzerako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean islatutakoetara.

–Erantzukizunpeko adierazpen honen xede diren jarduketek aplikatzekoa den DNSH printzipioaren helburuekin lotutako indarreko araudia beteko dute.

5. Eskatutako laguntzaren xede den jarduketa egiteari dagokionez, adierazten du ezagutzen duela aplikatu beharreko araudia, eta ez dagoela EBren interes ekonomiko eta finantzarioen aurka joan daitekeen balizko inolako interes-gatazka egoeratan, eta konpromisoa hartzen duela, arau juridikoak, etikoak eta moralak betetzeari dagokionez estandar zorrotzenak betetzeko, beharrezkoak diren neurriak hartuz iruzurra, ustelkeria eta interes-gatazkak prebenitzeari eta hautemateari begira, eta, hala badagokio, agintari eskudunei jakinarazteko ikusitako edo ezagutzen dituen ez-betetzeen berri. Ez duela eskatu edo jaso beste laguntza edo dirulaguntzarik jarduera edo helburu bererako, eta adierazten du ez duela finantzaketa bikoitzik eta, berak dakiela, ez duela bateraezintasun arriskurik Estatuko laguntzen araubidearekin. Bestela, eskatutako eta, hala badagokio, lortutako laguntzaren zenbatekoa zehaztuko da, baita hori zer administrazio, organismo edo erakunde publikok eman duen ere.

6. Eskatutako dirulaguntzari dagozkion zeharkako zergak ezin direla berreskuratu edo konpentsatu, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.8 artikuluan xedatutakoaren arabera. Bestela, berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergen xehetasunak emanen dira.

7. Jarduera ekonomikoak edo komertzialak egin arren, ezin dela krisialdian dagoen enpresatzat hartu (2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 18. apartatuaren arabera), eta ez duela jaso ez oraingo ekitaldi fiskalean, ezta aurreko bi ekitaldi fiskaletan ere, hauekin batera, 200.000 euroko edo gehiagoko laguntzarik. Bestela, uneko zerga ekitaldian eta aurreko bi ekitaldi fiskaletan emandako laguntza guztien xehetasunak emanen dira.

Adierazpen honetan ezarritako betekizunen bat betetzen ez bada, itzuli egin beharko dira jasotako laguntzak, bai eta dagozkien berandutze-interesak ordaindu ere.

GARRANTZITSUA: Sinadura (eskatzaile guztiena):

II. ERANSKINA

Dirulaguntza eskatzeko aurkeztu beharreko agiriak

Eskaera instrukzio organoaren aurrean (Etxebizitza Zerbitzuko Eraikuntza Atala) egin beharko da, eta haren aurrean ere justifikatu beharko dute azken hartzaileek laguntzaren xede diren jarduketak egin direla. Horretarako, laguntzen azken hartzaileak eskatutako dokumentazioa aurkeztu beharko du, eta bete beharko du Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoa ezartzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 34. artikuluan ezarritakoa, honako hau, alegia: "Europar Batasuneko funtsen hartzaileek finantzaketa horren jatorria aipatuko dute, eta begiratuko dute laguntzaren jatorriari ikusgarritasuna ematen zaiola, barne dela, hala dagokionean, Europar Batasunaren ikurra erabiltzea eta finantzaketaren deklarazio egoki bat erakustea, "Europar Batasunak finantzatua–Next Generation EU" testuaren bidez, batez ere ekintzak eta emaitzak sustatzen dituztenean, eta informazio koherentea, eraginkorra eta proportzionatua emanen da, hainbat hartzaileri zuzenduta, hedabideak eta publikoa barne".

Honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Eskatzailearen datuak, izen-abizenak edo sozietatearen izena adierazita, eta IFZren kopia. Ordezkaria egotekotan, haren datuak, abizenak eta izena adierazita, eta IFZren kopia, baita duen ordezkaritzaren egiaztagiria ere, aplikatzekoa den araudi espezifikoaren arabera.

b) Birgaitu beharreko etxebizitzaren jabetza, gozamena, alokairua edo antzeko eskubideak frogatzeko agiriak. Jabetza, gozamena eta eskubide errealak Jabetza Erregistroaren katastro-ziurtagiriaren edo informazio-ohar soilaren bidez egiaztatuko dira. Sustatzailea errentatzailea izanez gero, errentamendu-kontratua aurkeztu beharko du, eta errentaria bada, maiztertza frogatzen duen errentamendu-kontratuaz gain, jabeak birgaitze obrak egiteko emandako baimena ere aurkeztu beharko du.

c) Hala dagokionean, laguntzaren eskatzaile diren pertsona fisikoen errolda agiria, edo ohiko bizileku iraunkorrerako etxebizitzaren errentamendu-kontratuaren kopia.

d) Hobekuntza jarduketak egiten diren etxebizitzaren datuak: egoitza eta katastro erreferentzia. Eraikinen Ebaluazio Txostena edo Lehendik dagoen Eraikinaren Liburua badituela dioen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, horien erregistroko kodea zehaztuta, baldin eta birgaitu nahi den etxebizitzak horietako bat nahitaez eduki behar badu.

e) Dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak bete direla frogatzeko jarduketa memoria, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak azalduko dituena, laguntza emateko oinarri hauetan eskatutakoari jarraikiz. Memoria hori teknikari tituludun eskudun batek egin eta sinatuko du eta, halaber, jarduketen hasiera eta amaiera data adieraziko ditu. Bertan, nahitaez bete beharreko araudia bete dela adieraziko da, eta jarduketaren kostuaren zenbatekoa (diruz laguntzen ahal den kostutzat jotzen diren ordainsariak eta kudeaketa gastuak barne) eta eskatutako laguntza jasoko dira.

f) Erantzukizunpeko adierazpena, eskatzaileak edo haren ordezkariak halakorik sinatu badu, non zehatz-mehatz adieraziko baita jarduketaren eskatzaileak:

1. Ez daudela azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aurreikusitako egoeretako batean ere, artikulu horietako e) letran aurreikusitako debekua izan ezik, zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak egunean izateko betebeharrari buruzkoa. Orobat, berariaz aipatu beharko da ez dutela beste dirulaguntza edo laguntza batzuk itzultzeko betebeharrik, edo, izanez gero, zorrotz bete dituztela betebehar horiek, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamenduaren 21. artikuluan ezarritakoaren arabera (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori).

2. Ez dutela beste laguntzarik eskatu edo jaso jarduketa edo helburu bererako. Beste laguntzaren bat eskatu badute, eskatutako –edo, kasua bada, jasotako– laguntzaren zenbatekoa adierazi behar da, eta, hala badagokio, baita laguntza eman duen administrazio, organismo edo erakunde publikoa ere.

g) Lehendik dagoen etxebizitzaren efizientzia energetikoaren ziurtagiria hasierako egoeran, ekainaren 1eko 390/2021 Errege Dekretuan eskatutako edukiarekin, teknikari eskudunak sinatuta eta Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren (edo hura ordezkatzen duen organoaren) erregistroan erregistratuta. Halaber, diruz lagundutako jarduketak egin ondoren lortutako efizientzia energetikoaren ziurtagiria, esku-hartzeaz aurreko ziurtagirirako erabilitako egiaztapen programa onetsi berarekin egina, teknikari eskudun batek sinatua, laguntza lortzeko ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duena. Ziurtagiriak baliozkoak izateko, ezinbestekoa izanen da bi urte baino gehiago igaro ez izana ziurtagiriak ematen direnetik eskabidea aurkezten den arte.

h) Instalazio termikoaren ziurtagiria, hala badagokio, instalazioaren zuzendariak edo instalatzaile baimenduak sinatua, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren erregistroan (edo hura ordezten duen organoan) erregistratua.

i) Laguntzaren xede diren elementuen erreportaje fotografikoa, koloretan ahal dela, jarduketaren aurretik, baita egindako obrena ere.

j) Egokitasunaren aldeko ebaluazioa edo «ingurumenean kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa» betetzen dela dioen erantzukizunpeko adierazpena gehitu beharko da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 6) apartatuan ezarritakoaren ildoan (Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen du erregelamendu horrek).

k) Gauzatutako jarduketaren fakturen eta banku ordainagirien zerrenda eta kopia. Eskatutako laguntzaren zenbateko berria jasoko da, hura txikiagoa bada.

l) Eskatutako dirulaguntzari dagozkion zeharkako zergak berreskuratu edo konpentsatzen ahal ote diren adierazteko erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.8 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, baita diruz lagundu den jarduera finantzatu duten bestelako sarrera edo dirulaguntza batzuen xehetasunak ere, haien zenbatekoa eta jatorria adieraziz.

m) Azken hartzaileei emandako laguntzen kasuan, jarduera komertziala edo merkataritzakoa egiten duten pertsona fisikoak badira, bosgarren oinarriko 2. puntuan aipatutako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da.

n) Egindako obren udal lizentzia.

o) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaeraren jatorrizkoa, behar bezala beteta eta sustatzaileak sinatuta.

Aurreko guztia gorabehera, Etxebizitza Zerbitzuko Eraikuntza Atalak, instrukzio-organoa den aldetik, jarduketak egiaztatzeko eta justifikatzeko jarraibide osagarriak prestatzen ahalko ditu, baldin eta beharrezkoa bada jarduketa zailtasun handikoa izateagatik edo laguntzaren zenbatekoa oso handia izateagatik. Orobat, erantzukizunpeko adierazpen edo justifikazio txosten osagarriak aurkezteko ere eska dezake, unean-unean onesten diren jarraibide eta ereduei jarraikiz. Jarraibide eta eredu horiek eguneratuta argitaratuko dira Nafarroako etxebizitzaren arloko argibideak ematen dituen webgunean: http://www.navarra.es/home_eu/Temas/Vivienda/Ciudadanos/

Iragarkiaren kodea: F2216677