6. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2603/2022 EBAZPENA, abenduaren 29koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak emana, izenburu hau duen ebazpenean atzemandako akatsak zuzentzen dituena: "2249/2022 Ebazpena, azaroaren 15ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak emana, Euskarako OLko teknikari izateko hiru lanpostu (A maila) sarrera-prozeduraren bidez betetzeko deialdiak onesten dituena. Lanpostuetako bat oposizio-lehiaketaren sistemaren bidez beteko da, eta bi lanpostu oposizioaren sistemaren bidez".

Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak 2022ko azaroaren 15ean emandako 2249/2022 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Euskarako OLko teknikari izateko hiru lanpostu huts (A maila) sarrera-prozeduraren bidez betetzeko deialdiak onetsi ziren. Lanpostuetako bat oposizio-lehiaketaren sistemaren bidez betetzekoa da, eta bi lanpostu oposizioaren sistemaren bidez. Aipatutako ebazpena 2022ko abenduaren 5eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.

Ikusirik argitaratutako gai-zerrendan diren gai batzuk ez direla unitate arduradunek proposatutakoak, eta ohartuta hautaprobak hasteko datan ere badela akats bat, haiek zuzenduko dira.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 109.2 artikuluak dioenez, "Administrazio Publikoek, beren kabuz edo interesdunek eskaturik, edozein unetan zuzendu ditzakete beren egintzetako akats material, egitezko edo aritmetikoak".

Ikusirik Langileria Kudeatzeko Ataleko buruak egin duen proposamen txostena, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak ontzat eman duena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko uztailaren 3an eman zuen 1420/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak 2022ko azaroaren 15ean emandako 2249/2022 Ebazpenean atzemandako akatsak zuzentzea (Euskarako OLko teknikari izateko A mailako hiru lanpostu sarrera-prozeduraren bidez betetzeko deialdiak onesten dituen ebazpena da. Lanpostuetako bat oposizio-lehiaketaren sistemaren bidez betetzekoa da, eta bi lanpostu oposizioaren sistemaren bidez).

a) Bi deialdiei dagozkien arau komunen C.1 oinarria:

Honela dioen tokian:

"C.1.–Oposizio-fasea 2023ko abendutik aurrera hasiko da."

Honela esan behar du:

"C.1.–Oposizio-fasea 2024ko urtarriletik aurrera hasiko da."

b) I. eranskina: Gai-zerrenda. Parte espezifikoa:

Gai-zerrendaren parte espezifikoa osorik argitaratzen da berriz, honela:

"Parte espezifikoa.

22. gaia.–Itzulpena: definizioa eta itzulpen-motak. Itzulpenaren printzipio, prozesu, teknika eta baliabideak.

23. gaia.–Itzulpenaren teoria: Vinay-Darbelnet.

24. gaia.–Itzulpenaren teoria: E. A. Nida.

25. gaia.–Itzulpenaren teoria: L. Venuti.

26. gaia.–Itzulpenaren teoria: I. Even-Zohar.

27. gaia.–Itzulpenaren teoria. Ikuspegi funtzionalistak: Skopos teoria. C. Nord.

28. gaia.–Itzulpenaren teoria. Ikuspegi komunikatiboak: B. Hatim eta I. Mason.

29. gaia.–Baliokidetasunaren arazoa itzulpengintzan. Baliokidetasun motak.

30. gaia.–Itzulpengintza egungo munduan (I): itzulpengintza eta ideologia; itzulpengintza eta feminismoa; itzulpengintza eta postkolonialismoa.

31. gaia.–Itzulpengintza egungo munduan (II): itzulpengintza eta teknologia berriak; ikus-entzunezko itzulpena; lokalizazioa; itzulpengintza kolaboratiboa, komunitate-itzulpengintza, crowdsourcinga edo CT3; itzulpengintza profesionala eta borondatezkoa.

32. gaia.–Itzulpengintza egungo munduan (III): itzulpengintza espezializatua; itzulpengintza zientifikoa eta teknikoa; itzulpengintza marketinean eta publizitatean.

33. gaia.–Itzulpengintza eta elebitasuna. Itzulpengintzaren eginkizuna gizarte eta administrazio elebidun edo eleaniztunetan. Itzulpengintza eta korredakzioa.

34. gaia.–Itzulpengintza eta hizkuntza minorizatuak: itzulpenaren beharra eta itzulpengintza normalizaziorako tresna gisa. Euskararen kasua: berariazko arazoak.

35. gaia.–Itzulpengintzaren rola Administrazioko euskararen normalizazioan. Administrazioko hizkeraren ezaugarriak euskaraz eta beste hizkuntza batzuetan. Hizkuntza estandarra eta Administrazioko hizkera: loturak eta diferentziak.

36. gaia.–Fideltasuna, argitasuna eta komunikagarritasuna testu administratibo eta juridikoen itzulpenetan. Euskararen eta gaztelaniaren kasua itzulpen administratibo eta juridikoetan: irizpideak eta estrategiak.

37. gaia.–Itzulpenaren arazo nagusiak euskara-gaztelania binomioan. Esaldiaren antolamendua gaztelaniatik euskarara egindako itzulpenetan.

38. gaia.–Hizkuntza arrunta eta espezialitateko hizkuntza. Erregistro linguistikoak.

39. gaia.–Estilo- eta hizkuntza-liburuak. Estilo-liburu nagusiak euskaraz.

40. gaia.–Itzulpenen kalitatea. Berrikuspena eta zuzenketa. Zuzenketa-lana. Irizpide nagusiak. Metodologia. Zuzenketaren garrantzia ordenagailuz lagundutako itzulpenetan.

41. gaia.–Ordenagailuz lagundutako itzulpena (OLI tresnak): itzulpen-memoriak eta terminologia kudeatzeko tresnak. Itzulpen automatikoa: ereduak. Itzulpen automatikoa euskararen kasuan.

42. gaia.–Itzultzaile automatikoak: haien erabilera, haiekin lan egiteko prozedurak, postedizioa, euskararako itzultzaile automatikoak.

43. gaia.–Itzulpengintzaren historiako gertakari nagusiak: ekarpen praktikoak eta teorikoak historian barna.

44. gaia.–Euskarazko itzulpengintzaren historia: bilakaera eta gertakari historiko nagusiak.

45. gaia.–Interpretazioa: kontzeptua, ezaugarriak eta historia; interpretazioaren berezitasunak itzulpenarekin alderatuta.

46. gaia.–Interpretazio-modalitateak eta -teknikak. Interpretaziorako behar diren trebetasunak.

47. gaia.–Sekretu profesionala, etika eta deontologia itzulpengintzan.

48. gaia.–Itzultzaileen ikusgarritasuna eta ikusezintasuna. Lan-estatusa eta elkargo profesionalak.

49. gaia.–Itzulpengintzarako baliabideak eta tresnak: hiztegiak, entziklopediak, terminologia-bankuak.

50. gaia.–Itzulpengintzarako baliabideak eta tresnak: corpusak, hizkuntza-kontsultarako zerbitzuak, zuzentzaile automatikoak eta bestelako tresna informatikoak, Internet.

51. gaia.–Terminologiaren oinarriak. Terminologia-bankuak.

52. gaia.–Terminologia eta itzulpengintza. Euskarazko eta gaztelaniazko terminologia juridiko-administratiboa.

53. gaia.–Terminologiaren problematika itzulpengintza administratiboan. Terminologia administratiboaren baterakuntza euskaraz.

54. gaia.–Hizkera inklusiboa eta ez-sexista euskaraz eta gaztelaniaz. Hizkera sexista ekiditeko baliabideak euskaraz.

55. gaia.–Hitzen ordena perpausaren barnean euskaraz: ordena markatua eta ordena markatu gabea; euskarazko tradizioak ordenari dagokionez; galdegaia, mintzagaia eta iruzkina; testu-antolatzaileen eginkizuna.

56. gaia.–Deklinabidea euskaraz: definizioa; formak eta kasuak; kasu-formen aldaerak hitzen ezaugarrien arabera.

57. gaia.–Deklinabide mugagabea; deklinabidearen inguruko problematikak itzulpenetan.

58. gaia.–Euskal lexikoa: hitzak sortzeko bideak; hitz elkartuak eta eratorriak.

59. gaia.–Hitz elkartu motak. Gaztelaniatik euskararako itzulpenetan izaten duten problematika.

60. gaia.–Hitz eratorriak. Gaztelaniatik euskararako itzulpenetan izaten duten problematika.

61. gaia.–Hizkuntza-maileguak eta neologismoak. Zabalkuntza semantikoa, berrezarpen lexikala eta berrikuntza fonologikoa.

62. gaia.–Euskal ortografia: arau nagusiak; puntuazio-markak.

63. gaia.–Ortotipografia euskaraz (I): aldaera tipografikoak, komatxoak, barrak, marrak eta bestelako zeinuak erabiltzeko irizpideak.

64. gaia.–Ortotipografia euskaraz (II): letra larriak erabiltzeko irizpideak eta maileguak eta hitz elkartu eta eratorriak idazteko erak.

65. gaia.–Laburdurak, siglak eta sinboloak euskaraz eta gaztelaniaz. Sinboloen adierazpena zientziaren eta teknikaren esparruan.

66. gaia.–Zientziarako eta teknikarako euskara arautzeko gomendioak.

67. gaia.–Ortografia eta ortotipografia gaztelaniaz: arau eta irizpide nagusiak; ortografiako eta ortotipografiako eskuliburuak gaztelaniaz.

68. gaia.–Euskarazko onomastikarako irizpide eta erabakiak.

69. gaia.–Estiloa euskaraz: problemak, irtenbideak, gomendioak eta irizpideak.

70. gaia.–Kalko okerrak. Euskaraz kalko okerrak saihesteko formulak.

71. gaia.–Euskarazko morfosintaxiaren inguruko problema eta zalantza nagusiak.

72. gaia.–Euskaltzaindia: hizkuntza-baliabideak; argitalpenak; Euskaltzaindiaren webgunea; Euskara Batuaren Eskuliburua eta haren edukiak.

73. gaia.–Euskalkiak eta euskalkien aldaerak. Literatura-euskalkiak. Hizkuntza estandarra eta euskalkiak: erabilera-esparruak.

74. gaia.–Nafarroako euskalkiak: bilakaera, ikerketak eta proposamenak. Nafarreren ezaugarri nagusiak eta haien tokia Nafarroako Unibertsitate Publikoaren itzulpen-produkzioan.

75. gaia.–Euskara Nafarroan: egoera juridikoa, demolinguistikoa eta soziala; Europako, Espainiako eta Nafarroako araudia.

76. gaia.–Soziolinguistikaren oinarrizko kontzeptuak: elebitasuna, diglosia, hizkuntza-gutxiengoak, hizkuntza gutxituak. Euskara hizkuntza gutxitua.

77. gaia.–Hizkuntza-normalizazioa: hizkuntza baten normatibizazioa eta estandarizazioa; estandarizazio ereduak; euskararen estandarizazioa.

78. gaia.–Toponimia: haren inguruko baliabideak; problematikak eta kontuan hartu beharrekoak itzulpen-lanean.

79. gaia.–Euskararen egoera Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Euskara Nafarroako Unibertsitate Publikoaren azken urteotako plan estrategikoetan.

80. gaia.–Euskara Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetan. Unibertsitatean Hizkuntza Plangintza Diseinatzeko Oinarriak.

81. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoan euskara erabiltzeko jarraibideak eta gidaliburua."

Bigarrena.–Eskaerak aurkezteko epe berri bat irekitzea, hamabost egun naturalekoa, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitara dadila agintzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, eta, haren kontra, zilegi da berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako epaitegietan, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2022ko abenduaren 29an.–Kudeatzailea, Joaquín Romero Roldán.

Iragarkiaren kodea: F2300233