59. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

38E/2023 EBAZPENA, martxoaren 10ekoa, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, hasiera batez onesten duena Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren 4. faseari dagokion urbanizazio proiektua. Proiektuak Noain Elortzibarko udal-mugarteari eragiten dio eta Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SAk sustatu du.

Espediente honen xedea da zehaztea Iruñeko Garraioaren Hiriaren 4. faseko urbanizazio obrak, azpiegiturak eta zerbitzu komunak. Eremu horren antolamendua ezarria dago Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketan, zeina Nafarroako Gobernuaren 2022ko abenduaren 21eko Erabakiaren bidez onetsi baitzen. Lurzorua eta Etxebizitzak SAk sustatu du aldaketa hori.

Honako hauei beren eskumeneko gaiei buruzko txostena egiteko eskatu zaie: Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioari, Iberdrolari, Herri-lanen Zuzendaritza Nagusiari, Ingurumen Eraginaren Atalari, Klima Aldaketaren Atalari, Larrialdien Plangintza eta Koordinazio Atalari, Azpiegitura Teknologikoen Zerbitzuari eta Iruñerriko Mankomunitateari.

Era berean, 2020ko otsailaren 14an, eskaera egin zen AESAren egoitza elektronikoan zortasun aeronautikoen arloko baimena lortzeko.

Zuzendu eta/edo osatu beharreko alderdi hauek hauteman dira:

–Memorian dagoen 13. atala (Irisgarritasuna) VIV/561 Aginduari buruzkoa da, zeina TMA/851/2021 Aginduaren xedapen indargabetzaile bakarrak indargabetu baitzuen. Proiektua zuzendu beharko da, dokumentazio idatziari zein grafikoari dagokienez, irisgarritasunaren arloan indarrean dagoen araudia betetzen dela justifikatuta.

–Memorian eta "01. Kokapena" planoen seriean jasotako planoen aurkibideak orri kopuru okerra dauka serieren batean.

–Hala memoriak nola sustatzaileak 2023ko otsailaren 1ean aurkeztutako dokumentuak adierazten dute proiektuan jasotako espezieen multzoan sartu dela Euonymus europaeus zuhaixka espeziea. Hala ere, 12. eranskina ez da horren arabera aldatu.

–Ez da justifikatu ingurumen agiri estrategikotik eratorritako prebentzio eta zuzenketa neurriak betetzen direnik. Nolanahi ere, ingurumen organoak xedatutakoa bete beharko da (31.ter artikulua).

–Aurreikusitako drainatze jasangarriko hiri sistemaren funtzionamendu egokia bermatzeko, dokumentua sistema hori mantentzeko gida batekin edo irizpideekin osatu behar da.

Dokumentuaren edukia lehen adierazitakoaren arabera zuzendu behar bada ere, uste da hori ez dela eragozpena espedientea izapidetzen hasteko; izan ere, uste da dokumentuak obrak xehatzen eta programatzen dituela behar bezain zehatz proiektuaren egilea ez den beste teknikari batek egin ditzan, bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 134.1 artikuluarekin.

Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuari dagozkio urbanizazio proiektuaren tramitazioa eta onespena, harena baita eskumena lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko gaietan, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 43.1 d) artikuluarekin bat, udalez gaindiko plan sektorial bat gauzatzeko tresna delako.

Ikusirik Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2023ko martxoaren 8ko txostena, eta bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginarekin (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia), eta erabiliz Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten ahalmenak,

EBAZTEN DUT:

1. Hasiera batez onestea Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren 4. faseari dagokion urbanizazio proiektua. Proiektuak Noain Elortzibarko udal-mugarteari eragiten dio eta Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SAk sustatu du.

2. Sustatzaileak, espedientea ebatzi aurretik, ebazpen honen azalpen zatian jasotako oharrei kasu egin beharko die.

3. Eskatutako txosten sektorialetan eta udal txostenetan xedatutakoa bete beharko da (jaso bezain pronto bidaliko zaizkio).

4. Espedientea jendaurrean jartzea eta ukitutako udalari entzunaldia ematea ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroan argitaratzen diren egunkarietan argitaratuz. Bi tramite horiek aldi berean eginen dira, eta hogei egun iraunen dute.

Hori helburu, dokumentua Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren webguneko "Jendaurreko epea eta parte-hartze publikoa" izeneko atalean kontsultatzen ahalko da: www.ExposicionPublicaOT.navarra.es. Ezarritako epe horretan, nahi beste alegazio aurkezten ahalko dira, idatziz.

5. Ebazpen hau jakinaraztea Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioari, Iberdrolari, Herri-lanen Zuzendaritza Nagusiari, Ingurumen Eraginaren Atalari, Klima Aldaketaren Atalari, Larrialdien Plangintza eta Koordinazio Atalari, Azpiegitura Teknologikoen Zerbitzuari, Iruñerriko Mankomunitateari, Aire Segurtasuneko Estatu Agentziari, Noain Elortzibarko Udalari eta espedientearen sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko martxoaren 10ean.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, Izaskun Abril Olaetxea.

Iragarkiaren kodea: F2304229