59. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

37E/2023 EBAZPENA, martxoaren 10ekoa, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, hasiera batez onesten duena Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren 4. faseari dagokion birpartzelazio proiektua. Proiektuak Noain Elortzibarko udal-mugarteari eragiten dio eta Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SAk sustatu du.

Nafarroako Gobernuak 2022ko abenduaren 21ean hartutako Erabakiaren bidez, behin betiko onetsi zen Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea, zortasun aeronautikoei eta 4. fasearen berrantolamenduari dagokienez, Noain Elortzibarko udal-mugartean. Sustatzailea Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA sozietate publikoa da.

Espediente honen xedea da onurak eta kargak zuzen banatzea, finken konfigurazioa erregularizatzea eta Administrazioari nahitaez egin beharreko lagapenak gauzatzea; hori guztia Iruñeko Garraioaren Hiriaren 4. fasearen eremurako lehen aipatu den aldaketa espedientean aurreikusitako hirigintzako jarduketaren ondorio da.

Proiektu berri hori ez dator bat bere garaian izapidetu eta inskribatu zen birpartzelazio proiektuarekin; izan ere, aurreko antolamendua baliogabetu ondoren, oraingo proiektua egokitzen da Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren 421/2021 eta 426/2021 epaien bidez onetsitako hirigintza antolamendu berrira, zeinak eragin baitu aurretik onetsitako birpartzelazio eta urbanizazio proiektuen ondoz ondoko deuseztasun efektua delakoa, baliogabetutako antolamenduaren arabera onetsi zirelako. Zehazki, aldaketa hauek ekarri ditu:

−Katastroaren eta erregistroaren arteko koordinazioa. Eremuaren katastroko aldaketa berriki egin ondoren, ukitutako higiezinen deskribapenean sartu da katastroaren arabera dagokien edukiera, bai eta horien katastroko erreferentziak ere, eta eraikigarritasuna eta aprobetxamendua horren arabera birkalkulatu dira.

−4.1 lurzatiaren erabilera aldatzea, "Logistikoa eta erabilera anitzekoa" erabileratik "Ekipamendua eta azpiegiturak" erabilerara.

−Hirigintzako zortasunak egokitzea indarrean dagoen planeamenduak haientzat emandako idazketa berrira.

−Urbanizazio kargak murriztea, behin-behineko likidazioaren kontu birkalkulatuan oinarrituta, deuseztatutako planeamenduaren arabera dagoeneko lizitatuta eta gauzatuta zeuden urbanizazio obren adjudikazio zenbatekoa kontuan hartuta.

−Lurzati pribatuetan Iruñeko aireportuko zortasun aeronautiko berriak sartzea; zortasun horiek apirilaren 5eko 248/2019 Errege Dekretuaren bidez aldatu ziren.

Bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren hamabigarren xedapen gehigarriarekin (1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina), proiektuak III. eranskinean jasotzen du Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzuak 2023ko otsailaren 20an emandako aldeko txostena.

Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuari dagozkio birpartzelazio proiektuaren tramitazioa eta onespena, harena baita eskumena lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko gaietan, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 43.1 d) artikuluarekin bat, udalez gaindiko plan sektorial bat gauzatzeko tresna delako.

Ikusirik Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2023ko martxoaren 8ko txostena, eta bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginarekin (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia), eta erabiliz Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten ahalmenak,

EBAZTEN DUT:

1. Hasiera batez onestea Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren 4. faseari dagokion birpartzelazio proiektua. Proiektuak Noain Elortzibarko udal-mugarteari eragiten dio eta Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SAk sustatu du.

2. Espedientea jendaurrean jartzea eta ukitutako udalari entzunaldia ematea ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroan argitaratzen diren egunkarietan argitaratuz. Bi tramite horiek aldi berean eginen dira, eta hogei egun iraunen dute.

Hori helburu, proiektua Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren webguneko "Jendaurreko epea eta parte-hartze publikoa" izeneko atalean kontsultatzen ahalko da: www.ExposicionPublicaOT.navarra.es. Ezarritako epe horretan, nahi beste alegazio aurkezten ahalko dira, idatziz.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Noain Elortzibarko Udalari, 1. eta 2. faseetako jabeen erkidegoari, Agoizko Jabetza Erregistroari eta espedientearen sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko martxoaren 10ean.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, Izaskun Abril Olaetxea.

Iragarkiaren kodea: F2304230