57. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 21a

4. PROZEDURA JUDIZIALAK

NAFARROAKO JUSTIZIA AUZITEGI NAGUSIA

141/2022 prozedura arrunta

Aditzera ematen dut: sala honetan bideratu den 141/2022 prozedura arrunteko administrazioarekiko auzi-errekurtsoan 345/2022 Epaia eman da 2022ko abenduaren 16an, eta irmo geratu da. Hona hemen haren idazpurua eta epaitza, hitzez hitz:

345/2022 Epaia.

Jaunak/andreak: Raquel Hermela Reyes Martínez andrea, presidentea.–Magistratuak.–Antonio Sánchez Ibáñez jauna.–José Manuel Izquierdo Salvatierra jauna.

Iruñean, 2022ko abenduaren hamaseian.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusi honetako Administrazioarekiko Auzien Salak, aipatutako magistratuek osatuak, 141/2022 errekurtsoaren autoak aztertu ditu. Errekurtso hori Corellako Udalaren energia elektrikoa eta gasa garraiatzeko herriko jabari publikoaren erabilera pribatiboagatik edo aprobetxamendu bereziagatik ordaindu beharreko tasak arautzen dituen 2022ko urtarrilaren 21eko Ordenantza Fiskalaren aurka jarri zen (ordenantza 2022ko 31. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 11koan). Auzi horretan parte hartu dute, errekurtsogile gisa, Red Eléctrica de España SAUk, epaitegietako prokuradore Enrique Castellano Vizcay jaunak ordezkatua eta Manuel De Vicente Tutor-Rodríguez abokatuak zuzendua, eta demandatu gisa, Corellako Udalak, epaitegietako prokuradore María Teresa Igea Larrayoz andreak ordezkatua eta Eduardo Lojo López abokatu jaunak defendatua. Horiek horrela, salak honako aurrekari eta zuzenbideko oinarri hauen arabera ebatzi du.

Epaitza:

1. Baiesten dugu Corellako Udalaren energia elektrikoa eta gasa garraiatzeko herriko jabari publikoaren erabilera pribatiboagatik edo aprobetxamendu bereziagatik ordaindu beharreko tasak arautzen dituen 2022ko urtarrilaren 21eko Ordenantza Fiskalaren aurkako administrazioarekiko auzi errekurtsoa, zeina epaitegietako prokuradore Enrique Castellano Vizcay jaunak jarri baitzuen, Manuel De Vicente Tutor Rodríguez abokatuak defendatu duen Red Eléctrica de España SAU ordezkatuz eta haren izenean. Ordenantza zuzenbide osoz deuseza dela deklaratzen dugu.

2. Kostuak alderdi demandatuari ezartzen zaizkio.

3. Behin epaia irmo bilakatuta, argitara bedi haren epaitza Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 72.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.

Jakinaraz bedi ebazpen judizial hau Botere Judizialari buruzko Lege Organikoaren 248. artikuluak xedatzen duenari jarraikiz, eta aditzera ematen da kasazio-errekurtsoa soilik jartzen ahal dela haren aurka, dagokion salari zuzendua, bakar-bakarrik kasazio-interes objektiboko kasuren bat badago tartean eta ezarritako legezko baldintzak betez, hori guztia Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko Legearen 86. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat (uztailaren 21eko 7/2015 Lege Organikoak emandako testuaren arabera).

Errekurtso hori Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko sala honi zuzenduta prestatu beharko da, epai hau jakinarazi eta hogeita hamar eguneko epean.

Alderdiei aditzera ematen zaie ezen, edozein kasutan, eta aurkezten diren kasazio-errekurtso guztietan, kasuan kasuko kasazio-errekurtsoari buruzko idazki guztiek bat etorri beharko dutela, aitzakiarik gabe, Auzitegi Goreneko Gobernu Salak 2016ko apirilaren 20an (2016ko Estatuko Aldizkari Ofiziala, uztailaren 6koa) eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusi honek 2016ko ekainaren 27an hartutako Erabakiaren bidez onetsi diren baldintza eta betebehar estrintsekoekin.

Erabaki horiek ikusgai daude Justizia Auzitegi Nagusi honen iragarki-taulan, eta argitaratuta, orobat, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren web-orrian (www.poderjudicial.es), jendaurrean egon daitezen eta orok jakin ditzan.

Beraz, epai honen bidez, hori erabaki, agindu eta sinatzen dugu.

Eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin, honako hau egin eta sinatzen dut, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legearen 72.2 artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Iruñean, 2023ko otsailaren 22an.–Justizia Administrazioaren letradua, Fabiola Llorente Llorente.

Iragarkiaren kodea: J2303074