57. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ERRONKARIKO IBAXAREN BATZORDEA

2023ko lan-egutegia

Erronkariko Ibaxaren Batzordeburuaren ebazpena, zeinaren bidez onesten baitira 2023. urterako lan egutegia eta jarraibide batzuk, lan-ordutegia malgutzeko neurriak ezartzeko, udal bulegoetan zerbitzuak ematen dituzten Erronkariko Ibaxaren Batzordeko langileentzat.

Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren ekainaren 323/2022 Ebazpenaren bidez, ezartzen da Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2023ko jaiegunen egutegi ofiziala (2022ko 126. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 27koa).

Abenduaren 26ko 26/2012 Foru Legearen bidez, aldatzen da ekainaren 21eko 13/2012 Foru Legea, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen arloan presako zenbait neurri hartzeari buruzkoa, eta ezartzen da urteko lanaldia Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren aplikazio eremuan sartzen direnentzat (Nafarroako administrazio publikoetako enplegatuen artetik).

Ebazpenaren edukia behar bezala negoziatu da sindikatuekin, bat etorriz xedatutakoarekin Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren 83.6. artikuluan (testu bategin hori onetsi zen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez).

Neure eskumenak baliatuz, hain zuzen ere, eman dizkidatenak Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak, azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuak (horren bidez onetsi zen Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua) eta aplikatu daitezkeen gainerako arauek,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–2023ko lan egutegia onestea, Erronkariko Ibaxaren Batzordeko bulegoetan zerbitzuak ematen dituzten langileentzat; beraz, larunbatetan eta igandeetan ez ezik, hurrengo egun hauetan ere udal bulegoak itxita egonen dira:

a) Nafarroako Gobernuak izendatutako jaiegunak, baita herriko jaiegun ofizialak ere:

–Urtarrilaren 6a: Errege eguna.

–Apirilaren 6a: Ostegun Santua.

–Apirilaren 7a: Ostiral Santua.

–Apirilaren 10a: Pazko astelehena.

–Maiatzaren 1a: Langileen eguna.

–Uztailaren 25a: Santiago apostolua.

–Abuztuaren 15a: Andre Mariaren Jasokundea.

–Urriaren 12a: Espainiako jai nazionala.

–Azaroaren 1a: Santu Guztien Eguna.

–Abenduaren 4a: San Frantzisko Xabierkoaren ondoko astelehena.

–Abenduaren 6a: Konstituzioaren eguna.

–Abenduaren 8a: Andre Maria Sortzez Garbia.

–Abenduaren 25a: Eguberri eguna.

–Abenduaren 26a. Done Eztebe.

b) Erronkariko Ibaxaren Batzordea itxita egonen da lan egiteko ez diren egun hauetan:

–Abuztuaren 10, 11, 14 eta 16a: Erronkariko festak.

Bigarrena.–Ebazpen hau Erronkariko Ibaxaren Batzordeko alor guztiei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Hirugarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Batzordearen iragarki-taulan argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Erronkarin, 2023ko martxoaren 6an.–Batzordeko burua, Eneko Egiguren Ruiz.

ERANSKINA

1.–Oporrak:

1.1. Urteko oporrak.

Langileak aukeratutako aldian hartuko dira oporrak, betiere zerbitzuaren beharrek ahalbidetzen badute eta unitate/zerbitzuko arduradunaren aldez aurreko baimenarekin. Urte bakoitzaren hasieran, martxoaren 31 baino lehen, oro har, eta betiere langilea ordezkatzea aurreikusita badago, urteko opor-plana aurkeztuko zaio unitateko/zerbitzuko arduradunari.

Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik 20 eguneko epean gehienez, baimena ematea edo ukatzea ebatziko da, eta ezin izanen da inolako baimenik sinatu epe hori amaitu eta biharamuna baino lehen. Opor-planaren ondoriozko koadroa zerbitzu bakoitzari atxikitako langile guztiei emanen zaie.

Oporrak aurkeztu ondoren, zerbitzuko arduradun bakoitzak zehaztuko du gutxieneko zein plantilla behar den zerbitzuaren funtzionamendu normala bermatzeko urte osoan zehar, udako oporrak kontuan hartuta.

1.2. Iraupena.

Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek, Erronkariko Ibaxaren Batzordeko gainerako langileen bezala, hogeita zazpi laneguneko opor ordainduak izanen dituzte, jardunean dauden urte oso bakoitzeko; bestela, lan egindako denbora gutxiago bada, proportzioan dagokiena emanen zaie oporretan.

–Funtzionario eta lan kontratudun berriek lan egindako denboraren proportzioan dagozkien opor-egunak izanen dituzte, lanpostuaz jabetzen direnetik urte naturala bukatu bitartean.

–Gainerako langileek 2,25 opor-egun izanen dituzte lanean emandako hilabete oso bakoitzeko. Nolanahi ere, gutxienez hilabete bat lan egin beharko da 2,25 opor-egun hartzeko eskubidea izateko.

Haur Eskolaren kasuan, oporrak hartzeko aldiak instalazioak ixteko denbora-tartearekin bat etorriko dira, urtaroen araberako jarduerarik eza dela eta. Batzordeak ezarriko du egutegia, ikasturte bakoitzean, jaiegunekin eta lanegunak jasoz.

1.3. Izapidetzea.

Interesdunak horretarako ezarritako ereduaren arabera beteko du opor-eskaera, eta zerbitzu/unitate bakoitzetik bidaliko da.

Eskaerak aurkezteko eta ebazteko epeak. Opor-egunak honako aldi hauetan hartzea dakarten opor-eskaerak:

a) Aste Santua. Aste Santua igandetik igandera bitartean hartua, eta hurrengoa astea.

b) Uda: ekainaren 15etik irailaren 15era.

c) Eguberriak: abenduaren 1etik 31ra (aukera dago hurrengo urteko urtarrilaren 31ra bitartean hartzeko).

Ordezkapena aurreikusita ez duten langileen kasuan, atal honetako a), b) eta c) letretan definitutako aldiaren hasiera-data baino gutxienez hilabete lehenago aurkeztu beharko dira, eta zerbitzu/unitateko arduradunak, hala badagokio, eskatutako oporrak baimendu edo ukatu beharko ditu eskaerak aurkezteko epea amaitzen denetik 15 eguneko epean gehienez, eta ezin izanen da inolako baimenik sinatu epe hori amaitu eta hurrengo eguna baino lehen. Baimendu ondoren, kopia sinatua bidaliko zaie eskatzaileari eta zerbitzuari, kontrolatu eta artxiba dezaten. Unitate bakoitzean, oporrak eskatzeko aldia amaitutakoan, taula bat egingo da, eta bertan unitatean lan egiten duten langile guztien oporren plangintza jasoko da.

Oporrak beste data batzuetan hartu behar badira, eta ondoz ondoko bost lanegunetik gorako aldietarako, eskatu beharko dira hartu baino hamabost egun lehenago gutxienez, eta ebatziko dira eskaera egiten denetik zazpi eguneko epean gehienez.

Ondoz ondoko bost laneguneko edo hortik beherako aldiak edo jaiegunei lotutako egun solteak eskatu beharko dira hartzen den lehenengo eguna baino hamar egun lehenago, eta eskaera egiten denetik gehienez ere bost eguneko epean ebatziko dira.

Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren eskaerak horretarako berariaz onetsitako araudiaren arabera izapidetuko dira.

Baimenak.

Baimendu ondoren, kopia sinatua bidaliko zaie eskatzaileari eta zerbitzuari, kontrolatu eta artxiba dezaten.

Ukatzea.

Zerbitzuaren beharrengatik eskatutako oporrak ukatuz gero, idazki arrazoitu baten bidez jakinarazi beharko zaio interesdunari, eta, ondorio horietarako, nahikoa izanen da jakinaraztea ez dagoela eskatutako aldirako oporrak emateko aukerarik 1.1 apartatuan aipatzen den koadroaren arabera, bai eta gogoraraztea ere badagoela data horietarako jada aurreikusitako lan-plan espezifiko bat, opor eskaera aurkeztu aurretik jakinarazia.

Zerbitzu bati atxikitako langile batek baino gehiagok aldi berean hartu behar badituzte oporrak, arazoa adosten saiatuko da, eta zozketara joko da azken buruan. Hurrengo urteetan arazo bera gertatzen bada, zozketatik baztertuko da zozketagatik edo zerbitzuen beharrengatik oporrak aldatu beharrean gertatu den langilea. Etxeko Laguntza Zerbitzuan, udako eta Eguberrietako oporrak hartzeko, urtero plantillaren erdiak izanen du lehentasuna datak aukeratzeko.

1.4. Oporrak hartzeko aldiak.

Oro har, langile guztiek eskubidea izanen dute erregelamenduz zor zaizkien oporren erdiak udan hartzeko, ekainaren 15etik irailaren 15era. Gainerakoa urtean zehar hartuko dute, zerbitzuko beharren arabera eta langileen laneko bizitza eta familiakoa bateragarriak izatearen arloan indarra duen araudia kontuan hartuta.

Urtero onesten den lan-egutegian, antolaketa-arrazoiak direla-eta, aldi jakin bat ezartzen ahalko da, opor gisa zenbatuko dena ondorio guztietarako.

Zerbitzu-arrazoiengatik, enplegatuaren adostasunarekin, edo enplegatuak eskatuta, dagokion zerbitzu/unitateko arduradunaren oniritziarekin, oporren erdia udako oporraldian hartzeko betebeharretik salbuesten ahalko da, eta kasu horretan justifikazio-txostena egin beharko da ondoriozko oporren plangintza berriarekin batera.

Oporrak urte naturalaren barruan hartuko dira, eta hurrengo urteko urtarrilaren 31ra arte, zerbitzuaren antolaketa hobeak hala justifikatzen duenean.

Batzordeak urteko sasoi jakin batean ematen duen zerbitzu bati arreta eta laguntza emateko kontratatutako langileek dagozkien oporrak hartuko dituzte kontratuaren indarraldiaren amaieran, baita zerbitzua udako oporraldiarekin bat datozen hilabeteetan ematen bada ere, hiru hilabetetik gorako kontratuen kasuan izan ezik, betiere beste aldi batean baliatzeak ez badu eragozten kontratatu zireneko zerbitzua ematea.

2.–Herriko festak:

Erronkariko jaiak direla-eta, lau lanegun hartuko dira zaindariaren jaiengatik. Antolaketa-premiak direla-eta egun horietan lan egiten duten langileek konpentsazioa izanen dute, hots, egun bat lan egindako egun bakoitzeko.

2.1. Patroiaren eguna edo tokiko jaieguna.

Lanegun bat hartuko da tokiko jaiegunagatik, abenduaren 26an, Done Eztebe egunean. Batzordeak ez du lan jarduerarik izanen egun horretan. Nolanahi ere, data hori edo udalak adierazten duena igandea edo jaieguna bada, hurrengo lanegunera aldatuko da.

3.–Norberaren aferak.

3.1. Iraupena.

Batzordeko langileek ordaindutako hiru baimen-egun hartzen ahalko dituzte gehienez, norberaren aferetarako, urte natural bakoitzeko, zerbitzuko/unitateko arduradunari aldez aurretik eskatuta eta zerbitzuaren beharren arabera.

Norberaren aferetarako egunak hartzeko, lan egindako denboraren edo langileak Batzordearekin duen harreman juridikoa amaitu arte geratzen den lan-denboraren araberakoa izanen da, dagokion urte naturala erreferentziatzat hartuta, hau da, baimen-egun bat zerbitzuko lau hilabete oso bakoitzeko. Lau hilabetetik beherako denborak ez du norberaren aferetarako eskubiderik sortzen.

Zerbitzuaren beharrekin bateragarria baldin bada, baimena orduka hartzen ahalko da.

Norberaren aferetarako egunak ezin izanen zaizkie opor-egunei gehitu.

3.2. Izapidetzea.

Interesdunak, oro har, 5 egun lehenago eskatuko du baimena, horretarako inprimakia beteta, eta dagokion zerbitzuan/unitatean aurkeztuko du.

3.3. Baimena hartzea.

Zerbitzuaren arrazoiak direla-eta urtean zehar ezin izan bada baimen hori hartu, hurrengo urteko urtarrilaren 31ra arte hartzen ahalko da. Irizpide hori bera erabiliko da lanaldia lan-kargaren arabera urte-sasoi jakin batzuetan aldatzen duten langileentzat. Langileek 10 ordura arteko saldo positiboa izaten ahalko dute lanaldi arruntari dagokionez, eta urte osoan zehar konpentsatzen ahalko dute.

Iragarkiaren kodea: L2303803