57. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TEBASKO KONTZEJUA

Aldaketa gimnasioko barne-araudian. Behin betiko onespena

Tebasko Kontzejuko Batzarrak, 2022ko abenduaren 5ean egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea Tebasko Kontzejuaren gimnasioko barne-araudian; zehazki, 2., 6., 9., 11., 14., 15., 18. eta 19. artikuluetan.

Espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egun baliodunean, dagokion iragarkia argitaratuta 2022ko 259. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 27koan, eta Kontzejuko iragarki-taulan eta web-orrian, bizilagunek eta interes legitimoa dutenek espedientea aztertu eta erreklamazio, kexa edo oharrak egin zitzaten; hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin eta horrekin bat heldu direnen edukiekin. Epe horretan ez zaio alegaziorik egin espedienteari, eta, beraz, hasierako onespenaren erabakia behin betiko bihurtzen da. Horregatik guztiagatik, eta aipatutako araudiarekin bat etorriz, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen da aldatu diren artikuluen testua.

Tebasen, 2023ko otsailaren 20an.–Kontzejuko burua, Leire Martínez Carneiro.

ALDAKETA

2. artikulua.–Instalazio horiek erabiltzen ahalko dituzte, aurreko artikuluan aipatu diren jarduerak praktikatzeko, Tebasko Kontzejuak zehazten dituen baldintzak betetzen dituzten herritarrek.

6. artikulua.–Urteko eta seihilekoko abonamendua eskuratzen dutenek onartzen eta beren gain hartzen dute barne-araudi hau, eta, hala behar denean, Tebasko Kontzejuko Batzarrak urte horretarako onesten dituen aldaketak.

9. artikulua.–Abonatuak dira Tebasko Kontzejuak urtero onesten dituen prezio publikoak eguneraturik dituzten pertsona guztiak. Horretarako, dagokion ordainketaren frogagiria aurkeztu beharko dute.

Abonatuek sarbide librea izanen dute instalazioetara, eta hala badagokie, deskontua izanen dute han antolatzen diren jardueretan.

Sartzeko, bazkide egin ondoren emanen zaien sarrera-txartela erabiltzen ahalko dute, edo, bestela, alta eman beharko dute Kontzejuak horretarako kontratatzen duen web aplikazioan.

11. artikulua.–Abonamenduen prezioa berbera izanen da urte osoan, ordainketa urteko edozein egunetan eginik ere. Abonatu izan nahi dutenek egoki den zenbatekoa ordaindu beharko dute, aipatutako prezio publikoen koadroaren arabera, behar den zenbatekoa ordainduz Kontzejuaren kontuetan.

Izen-deiturak agertu behar dira; eta kontzeptuan, "Gimnasioko abonamendua".

14. artikulua.–Sartzeko eskubidea norberarena da eta ezin dakioke bertze inori eman. Okerreko erabilera egiteak zehapena ekarriko du.

15. artikulua.–Honako eskubide hauek dituzte abonatuek:

15.1. Abonatu den aldetik, instalazioetan noiznahi sartzeko eskubidea, gimnasioa irekita dagoen bitartean.

15.2. Instalazioak erabiltzeko eskubidea, Tebasko Kontzejuak onesten duen araudiari jarraituz.

15.3. Tebasko Kontzejuak kasu bakoitzean onesten dituen deskontuez baliatzeko eskubidea.

15.5. Instalazioen funtzionamenduari buruz egoki iruditzen zaizkien erreklamazioak eta iradokizunak egiteko eskubidea.

18. artikulua.–Makinen gela eta aldagela.

18.1. Erabiltzaileek lagunduko dute instalazioak eta makinak garbi egon daitezen, horretarako dauden zaborrontziak eta papera erabiliz.

18.2. Ezin izanen da erre.

18.3. Erabiltzaileek altzari guztiak errespetatu eta zaindu beharko dituzte.

18.4. Erabiltzaileek errespetatuko dituzte instalazioko funtzionamendu orduak.

18.5. Erabiltzaileek behar diren jokabidea eta egokitasuna agertu beharko dute, gainerako erabiltzaileak errespetatu behar baitituzte, hala jendetasunean nola kiroltasunean.

18.6. Higienea dela eta, txankletak erabili beharko dira aldageletan eta dutxen aldean.

18.7. Instalazio hauek erabili nahi dituzten guztiek behar den abonamendua izanen dute.

18.8. Kirol eremu horretara sartzeko, nahitaezkoa izanen da kirolerako arropa eta oinetako egokiak janztea. Arau hau betetzen ez duten erabiltzaileei kirol eremu horretara sartzea ukatzen ahalko zaie.

18.9. Gimnasiora sartzen diren guztiek behar diren neurriak hartuko dituzte behar bezala erabiltzeko makinak, bizikleta estatikoak, etab., eta Kontzejuari adieraziko diote baldin zerbait hondatua badago edo gaizki badabil, konpontzeko egoki diren neurriak hartzeko.

18.10. Instalazioek ongi funtziona dezatela zainduko dute Tebasko Kontzejuak horretarako kontratatutako edo izendatutako langileek, baita erregelamendu honetako arauak bete daitezela ere, eta egoki jotzen dituzten gorabehera guztien berri emanen diote Kontzejuari. Haien jarraibideak nahitaez bete beharrekoak izanen dira.

19. artikulua.–Falta arinak, astunak edo oso astunak egiten badira, zehapena ezarriko da.

19.1.–Honako hauek dira falta arinak:

–Instalazioko erabiltzaileei eragozpenak sortzea.

–Gimnasioaren barnean erretzea.

–Gimnasioaren barnean jatea.

Falta arinek Kontzejuko langileen ohartarazpena ekarriko dute. Falta errepikatuz gero, Kontzejuak erabaki beharreko zehapena ezarriko da.

19.2. Hauek falta astuntzat joko dira:

–Bi falta arin edo gehiago behin eta berriz egitea.

–Gimnasioko altzariak hondatzea edo haustea.

–Gimnasiora sartzea 18 urte izan gabe, gurasoen edo arduradunaren baimenik gabe, 16 urtetik (16 barne) 18 urterako adingabeen kasuan, edo 16 urtetik beherakoak, arduradunak lagundu gabe.

–Gimnasioaren ardura duten langileen jarraibideei kasurik ez egitea behin eta berriz.

–Titularra ez den pertsona bati gimnasiorako sarbidea erraztea, edozein bitartekoren bidez.

Falta horrek ez du zehapenik ekarriko titularrak salatzen edo jakinarazten duenean txartela galdu duela edo lapurtu diotela.

Falta larriak zehatzeko, abonamendua kenduko zaio erabiltzaileari, Kontzejuak egoki jotzen duen aldirako, eta urtebetez gehienez.

19.3. Hauek falta oso astuntzat joko dira:

–Bi falta astun edo gehiago behin eta berriz egitea.

–Altzariak hondatzea edo haustea eta konpontzeko edo ordezteko zenbatekoa ez ordaintzea.

–Instalazioetan, aldageletan, makinetan, etab., zerbait lapurtzeko edo zerbaitez jabetzeko saiakera egitea.

Falta oso larriak zehatzeko, abonatua gimnasiotik kanporatuko da behin betiko, eta sarrera debekatuko zaio.

Tebasko Kontzejuak sarrera debekatzen ahalko die arau hauek hausten dituztenei behin eta berriz, eta, halakoetan, arau-hausleak ez du eskubiderik izanen ordaindutakoa itzul dakion.

Iragarkiaren kodea: L2303841