57. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IMOTZ

Ordenantza, hobariak arautzen dituena ibilgailu elektrikoen zirkulazioaren gaineko zergarako. Behin betiko onespena

Imozko Udalak, 2023ko martxoaren 2an egindako osoko bilkuran, behin betikoz onetsi zuen Ibilgailu elektrikoen zirkulazioaren gaineko zergarako hobariak arautzen dituen ordenantza.

Onespenaren erabakia 2022ko 153. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 2an. Jendaurreko epean inork ez duenez alegaziorik aurkeztu, ordenantza hori argitara ematen da, eta eranskinean agertzen den bezala geldituko da. Hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin, zeina aldatu baitzen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez.

Basaburuan, 2023ko martxoaren 7an.–Alkatea, Esther Lacasta Perez Ilzarbe.

ORDENANTZA, HOBARIAK ARAUTZEN DITUENA IBILGAILU ELEKTRIKOEN ZIRKULAZIOAREN GAINEKO ZERGARAKO.

1. artikulua. Izaera eta oinarriak.

Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga zuzeneko zerga bat da, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean derrigorrez ezarria. Zerga hori ordenantza fiskal honen bidez arautuko da, eta ordenantzaren arauak aipatu foru arauaren 159.etik 166.era bitarteko artikuluetan (biak barne) ezarritakoari atxikitzen zaizkio.

2. artikulua. 0 isurketako ibilgailuak.

Ordenantza fiskal honen ondorioetarako, 0 isurketako ibilgailutzat jotzen dira honako hauek: bateriako ibilgailu elektrikoak (BEV), autonomia hedatuko ibilgailu elektrikoak (REEV), 40 kilometroko gutxieneko autonomia duten ibilgailu elektriko hibrido entxufagarriak (PHEV) nahiz erregai-pilako ibilgailuak, edo Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak hala sailkatzen dituenak.

3. artikulua. Hobariak.

1. Zergaren kuotari dagokionez, honako hobari hauek aplikatuko zaizkie 0 isurketako ibilgailuei, martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 162.4 artikuluan ezarritakoarekin bat:

a) %25eko hobaria "EKO ibilgailuetarako".

b) %50eko hobaria "0 isurketako ibilgailuetarako".

2. Artikulu honetan ezarritako hobariak erregutuak izanen dira, eta interesdunek horiek ematea eskatu beharko dute, baldin eta aldez aurretik baldintzak betetzen badituzte eta Udalari egiaztatzen bazaio horiek emateko eskatutako baldintzak betetzen direla. Horretarako, eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Zirkulazio-baimenaren kopia.

–Ibilgailuaren ikuskapen teknikoaren txartelaren kopia. Txartelean, hala badagokio, ibilgailuaren erreforma eta haren data adieraziko dira.

3. Hobariek ondorioak izanen dituzte, halakorik bada, zein zergalditan eskatu diren, haren hurrengo zergaldian, hain zuzen. Hala ere, hobariek ondorioak izan ahalko dituzte uneko ekitaldian, honako kasu hauetan:

–Matrikulatu direlako eta zirkulatzeko baimena dutelako tributuan alta ematen zaien ibilgailuen kasuan, baldin eta dagokion autolikidazioa aurkeztu edo ordaintzen den unean aurkezten badira eskabidea eta justifikazio-dokumentazioa, alde batera utzi gabe Udal administrazioak dagokion egiaztapena egitea.

–Gainerako kasuetan, eskaera eta frogagiriak aurkezten badira zerga borondatez ordaintzeko epearen barnean.

Iragarkiaren kodea: L2303914