57. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

6/2023 FORU LEGEA, martxoaren 9koa, Sagasetako Kontzejuaren herri-lurretako 54.002,93 metro koadroren onura publikoa deklaratu eta haien desafektazioa onesten duena.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, SAGASETAKO KONTZEJUAREN HERRI-LURRETAKO 54.002,93 METRO KOADROREN ONURA PUBLIKOA DEKLARATU ETA HAIEN DESAFEKTAZIOA ONESTEN DUENA.

HITZAURREA

Sagasetako Kontzejuak eskatu du herri-lurretako 54.002,93 metro koadroren onura publikoa deklaratzea eta haien desafektazioa egitea; Eguesibarko 9. poligonoko 209., 210. eta 226. lurzatiak dira, herri-lurretakoak.

Desafektazioaren eta ondorengo trukearen helburua da lursail partikularrak eskuratzea Izpikudi mendiko larreak bateratzeko eta aprobetxamendu hobea egiteko.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluko 5. apartatuan xedaturikoaren arabera, Sagasetako Kontzejuak eskatzen duen desafektazioa foru lege bidez onetsi behar da, eremuak lurzati txikiaren definizioaren mugak gainditzen dituelako.

1. artikulua. Onura publikoaren deklarazioa.

Sagasetako Kontzejuaren herri-lurretako 54.002,93 metro koadroren onura publikoa deklaratu eta haien desafektazioa onesten da, honela banatuta: 209. lurzatiko 6.739,51 metro koadro, 210. lurzatiko 7.426,99 metro koadro eta 266. lurzatiko 39.836,43 metro koadro, denak Eguesibarko katastroko 9. poligonoan, Sagasetan. Lur horiek herri-ondasuntzat joko dira foru lege honen 2. artikuluko baldintzetan trukea egin arte.

2. artikulua. Zuzenean trukatzeko baimena.

Sagasetako Kontzejuari baimena ematen zaio aurreko artikuluan deskribatutako lurrak Román Jesús Esain Equiza jaunaren eta Luis Miguel Esain Equiza jaunaren jabetzakoak diren eta Eguesibarko katastroko 9. poligonoko 214. lurzatian, Sagasetan, dauden 218.168,77 metro koadrorekin trukatzeko, larreak eta haien aprobetxamendua bateratzeko 9. poligonoko 212. herri-lurzatiarekin batera. Baimena baldintza hauekin ematen da:

a) Trukea egiteko itunetako klausula batek xedatu dezala lurrak herri ondarera itzuliko direla, baldin eta desafektatzera bultzatu zuten xedeak edo desafektazioaren baldintzak desagertu edo bete gabe uzten badira.

b) Itzultze klausula hori ager dadila kontratua formalizatzeko agiri publikoetan eta horiek Jabetza Erregistroan inskribatu daitezela.

c) Bete daitezela herri-lurretako 54.002,93 metro koadroren desafektaziorako Sagasetako Kontzejuak 2021eko otsailaren 25ean onetsitako baldintza-agirian jasotako estipulazioak. Lur horiek Eguesibarko 9. poligonoko 209., 210. eta 226. lurzatietakoak dira, Sagasetakoak.

d) 24.707,25 euroko zenbatekoa eman dakiela partikularrei, trukatu beharreko lurzatien alde ekonomikoa konpentsatzeko.

Azken xedapenetako lehena.–Aplikazio eta garapenerako xedapenak.

Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio behar adina xedapen eman ditzan foru lege hau aplikatu eta garatzeko.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta Estatuko Aldizkari Ofizialera igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2023ko martxoaren 9an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2304219