57. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

46E/2023 EBAZPENA, martxoaren 16koa, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez tramitatzen hasten baita "Nafarroako Proiektu Eolikoa" izeneko udalez gaindiko proiektu sektoriala aldatzeko espedientea, San Marcos II parke eolikoari buruzkoa. Sustatzailea "Agrowind Navarra 2013 SL" enpresa da.

2023ko otsailaren 22an, Severo Campíñez Romero jaunak, Agrowind Navarra 2013 SLUren ordezkari gisa, eskatu zuen onar zedila "Nafarroako Proiektu Eolikoa" izeneko udalez gaindiko proiektu sektorialaren aldaketa, horrek ahalbidetuko baitu "Linte (II. fasea)" izeneko parke eolikoaren proiekturako behar diren administrazio baimenak lortzea, bai eta onura publikokoa dela zehazki deklaratzea ere, abenduaren 1eko 1995/2000 Errege Dekretuan eta maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuan (irailaren 28ko 89/2022 Foru Dekretuak aldatua) ezarritakoari jarraikiz.

Aipatutako udalez gaindiko proiektu sektoriala Nafarroako Gobernuak onetsi zuen 2018ko urriaren 3an hartutako Erabakiaren bidez, eta lau parke eoliko edo kokapen ezartzea du helburu, honakoak alegia: San Marcos I, San Marcos II, Linte eta Jenáriz, guztiak Nafarroako Erdialdean, goi-tentsioko aireko linea batek elkar konektatuta, ebakuaziorako 66/220V-eko "Olite" azpiestazioraino. Azpiestazio hori Red Eléctrica de Españarena da (REE).

Espediente honen xedea da San Marcos II parke eolikoaren instalazioak aldatzea, "Nafarroako Proiektu Eolikoa" udalez gaindiko proiektu sektorialaren barruan dagoena, aurretiazko administrazio baimena lortzeko aurkeztu den Linte (II. fasea) parke eolikoaren proiektura egokitzeko. Zehazki, hau planteatzen da:

–SMII-03 haize-sorgailuaren kokapena aldatzea.

–SMII-01etik SMII-03ra bitarteko haize-sorgailuen potentzia eta lurgaina handitzea eta haien plataformak lekualdatzea eta/edo biratzea.

–Parkeko ebakuazio- eta sarbide-azpiegiturak aldatzea.

Aldaketa horiek guztiek Larragako udal-mugarteari eragiten diote.

Dokumentuan haize-sorgailuei dagokienez aurreikusitako aldaketak honela justifikatuta daude: "REEk San Marcos II parke eolikoari garraio-sarerako sarbiderako eman dion ahalmena mugatua denez, ezin dira instalatu UGPrS-an aurreikusitako posizioak, eta AGW2013k erabaki du horietako hiru (3) erabiltzea Linte (II. fasea) parke eolikoaren proiektua tramitatzeko, garraio-sarerako sarbiderako 9,9 MW-eko ahalmenarekin, horrek ahalbidetzen baitu REEk emandako 33 MW-ko sarbide-ahalmena osatzea".

Testuinguru horretan, sustatzaileak San Marcos II parke eolikoaren posizioei buruzko iritzia eman beharko du, ebakuaziorako aukerarik ez dutenen kasuan; izan ere, ezin bada justifikatu San Marcos II parke eolikoaren potentzia osoari dagokion sarerako sarbidea, udalez gaindiko proiektu sektorialetik kendu beharko dira dagozkion posizioak.

Sarbide berria justifikatuta dago Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalaren txosten batean, non bideraezintzat jotzen baita orain indarrean dagoen sarbidea, zehazki Milagro-Aezkoa errege altxonbidean oinarritzen den zatia, ezin baita trafiko astunerako eraldatu.

Bestalde, parkeko ebakuazio-kanalizazioaren trazadura berria egiteko justifikazioa sarbidearen aldaketa da, hura ezin baita oinarritu orain indarrean dagoen sarbidearen trazaduran.

Ingurumen Eraginaren Atalari eta Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari txostenak eskatu zaizkie, hurrenez hurren, ingurumen-legeriaren arabera dagokion prozedurari buruz eta NA-601 errepideko 36+900 kilometro puntutik gertu aurreikusi den sarbideko lotuneari buruz.

Aldaketa hau bateragarria da Ebroko Ardatzaren Lurralde Antolamenduko Planean (LAP5) identifikatutako Babes Bereziko Eremuetarako ezarritako babes araubideekin eta Larragako Udal Planeko lurzoru urbanizaezineko kategoriekin, proiektuak ukitzen dituenekin. Hala ere, ekipoak eta materialak pilatzeko zelaia onargarritzat har daiteke; izan ere, San Marcos II parke eolikoko obrak egin ondoren, ukitutako lurzoruak leheneratu beharko dira eta jatorrian zeuden bezala utzi.

Aurkeztutako dokumentuan jasota dago Linte (II. fasea) parke eolikoaren proiektuaren deskribapena. Nolanahi ere, espedientearen xedea denez "Nafarroako Proiektu Eolikoa" udalez gaindiko proiektu sektoriala aldatzea, deskribapen horren ordez, proposatzen den aldaketaren deskribapena jarri behar da.

Dokumentu horren arabera, haren xedea da Nafarroako Gobernuan lurralde antolamenduaren eta hirigintzaren arloko eskumena duen departamentuak 2023ko otsailaren 7an eginiko errekerimendua betetzea. Dokumentua zuzendu beharra dago, aipatutako ofizioa ez baita errekerimendu bat, baizik eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak egindako txosten bat, Nafarroan parke eolikoen baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 15. artikuluaren esparruan egina, non adierazten baita Linte (II. fasea) parke eolikoaren eta haren ebakuazio-azpiegituren proiektuak, aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena lortzeko eta onura publikoa duela zehazki deklaratzeko aurkeztu denak, ez dituela betetzen hirigintza-baimenaren tramiterako ebazpenak (kasu honetan, Nafarroako Gobernuaren 2018ko urriaren 3ko Erabakia, "Nafarroako Proiektu Eolikoa" udalez gaindiko proiektu sektoriala onesten duena), eta bertan jasotzen diren aldaketak aipatutako udalez gaindiko proiektu sektorialaren aldaketa gisa tramitatu beharko direla, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen Testu Bateginaren 45.5 artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz.

Bestetik, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen Testu Bateginaren 44.3 artikuluak exijitzen du berme oso bat aurkeztea ekimen partikularreko udalez gaindiko proiektu sektorialen kasuan, zerbitzuen ezarpenerako eta urbanizazio lanen exekuziorako kostuaren ehuneko 6koa, gutxienez, proiektu sektorialak berak egindako ebaluazio ekonomikoa oinarri hartuta. Testuinguru horretan, sustatzaileak zehaztu behar du zer aurrekontu-aldaketa dakarren aldaketak, onetsitako UGPrS-aren aldean, UGPrS-arekin batera aurkeztutako bermeaz gain berme osagarriak aurkeztu behar diren baloratu ahal izateko.

Halaber, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 22. artikuluari jarraikiz, sustatzaileak genero-eraginari buruzko txosten bat aurkeztu behar du, baloratzeko antolamendu berriak, onesten bada, zer neurritan eragin dezakeen gizonen eta emakumeen berdintasunean edo, hala badagokio, eraginik eza justifikatzeko.

Nafarroako Planeamenduaren Erregistroa eta Nafarroako hirigintza- eta lurralde-plangintzako tresnak aurkezteko formatua arautzen dituen urriaren 16ko 253/2019 Foru Dekretuaren arabera, dokumentua antolamendu-planoekin osatu behar da, eta idatzizko dokumentazioa, berriz, informazio- eta justifikazio-memorietan bereizi.

Azkenik, aldaketak ez die eragiten hirigintza antolamenduko determinazio egituratzaileei, eta, beraz, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen Testu Bateginaren 45.5 artikuluari jarraikiz, hura onestea lurralde antolamenduaren eta hirigintzaren arloko eskumena duen departamentuari dagokio, hilabetez jendaurrean jarrita egon eta ukitutako udalerriei entzunaldia eman ondoren.

Ikusirik Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2023ko martxoaren 16ko txostena, eta bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen Testu Bateginarekin (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia), eta erabiliz Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten ahalmenak,

EBAZTEN DUT:

1. Tramitatzen hastea "Nafarroako Proiektu Eolikoa" izeneko udalez gaindiko proiektu sektoriala aldatzeko espedientea, San Marcos II parke eolikoari buruzkoa. Sustatzailea "Agrowind Navarra 2013 SL" enpresa da.

2. Enpresa sustatzaileari adieraztea ezen, espedientea ebatzi dadin, aurretik ebazpen honetan adierazitakoaren arabera osatu beharko duela espedientea.

3. Halaber, sustatzaileak bete beharko du espedientea tramitatzean ematen diren txosten sektorialetan xedatutakoa.

4. Herri-lurretan edozein jarduketa egin aurretik, interesdunak bete beharko du udalez gaindiko proiektu sektorialaren araudian eta tresna horren tramitazioan Herri-lurren Atalak emandako txostenean ezarritakoa.

5. Obren exekuzioak eragina izan badezake beste azpiegitura eta zortasun batzuetan edo horiek baldintzatzen ahal badute exekuzioa, interesdunak behar diren baimen guztiak lortuko ditu kasuan kasuko gaiaren arloko eskumena duten organoetan. Besteak beste, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren eta Aire Segurtasuneko Estatu Agentziaren (AESA) baimenak.

6. Aldaketa espedientea jendaurrean jartzea hilabetez, eta, aldi berean, entzunaldia ematea Larragako Udalari, haren mugartea ukitzen baitute planteatutako aldaketek, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen Testu Bateginean ezarritako ondorioetarako.

Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da bi tramite horien epea.

Ondorio horietarako, dokumentua Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren web orrian kontsultatzen ahalko da, honako helbide honetan: https://www.navarra.es/eu/lurraldea-pasaia-eta-hirigintza/jendaurrean-jarrita-dauden-planak-proiektuak-eta-azterketak; epe horretan halaber, egokitzat jotzen diren alegazio-idazki guztiak aurkezten ahalko dira.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta jakinaraztea Ingurumen Eraginaren Atalari, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari, Herri-lurren Atalari, sustatzaileari eta Larragako Udalari, haren berri izan dezaten eta ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko martxoaren 16an. Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, Izaskun abril Olaetxea.

Iragarkiaren kodea: F2304599