56. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

194E/2023 EBAZPENA, otsailaren 28koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen eraginaren txostena egiten baitzaio Biocarburantes de Navarra SLU enpresak sustatzen duen "biomasaren balorizazio energetikoa bioerregai bihurtzeko" jardueraren proiektuari.

2022ko abuztuaren 25ean, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri zuen Biodibertsitatearen Zerbitzura. Espediente hori sartuta dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9. multzoan, e) apartatuan.

21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen eraginaren txostena eman aurretik, Biodibertsitatearen Zerbitzuak kontsulta egin die eragindako administrazio publikoei, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzaten. Izapide honetan Cadreitako Udalari, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (Vianako Printzea Erakundea), Hondakinen Atalari, Baso Kudeaketaren Atalari eta Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari egin zaie kontsulta.

Izapide horri erantzuteko, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak proposamenaren aldeko txostena eman du, eta adierazi du kokapenean ez dagoela katalogatuta arkeologia aztarnategirik.

Hondakinen Atalak jakinarazi du jarduera bat datorrela Nafarroako 2017-2027 aldirako Hondakinen Planarekin, eta laguntzen ahal duela plan horretan eta hondakin fluxu honi buruzko araudi sektorialean ezarritako helburuak betetzen.

Halaber, jakinarazi du jarduera hondakinen kudeaketatzat hartu ahal izatea instalazioak jasotzen dituen materialen araberakoa izanen dela; izan ere, horietako batzuk kanpo geratzen ahal dira, ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean ezarritakoaren arabera. Azkenik, etorkizuneko jardueran erabiltzen ahal diren materialen zerrenda bat ere jasotzen du, hondakintzat hartzen diren eta, hala badagokio, indarrean dagoen legediaren arabera zein hondakin mota diren adieraziz; gainera, lortutako birrintzearen azken erabilera posiblea ere adierazten du.

Cadreitako Udalak kontsulten izapidean erantzun ez zuen arren, espedienteak udal arkitektoaren aldeko txostena du, 2022ko abuztuaren 24an emana.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektuak ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta bete beharrari buruz edo ingurumen eraginari buruzko txostena emateari buruz, txosten horretan ezarritako baldintzetan.

Proiektuaren deskribapena:

Proiektu honetan biomasaren balorazio energetikorako prestaketa eta tratamendu jarduera bat instalatu nahi da Cadreitako 3. poligonoko 142. lurzatian, Cadreitako "Las Navas" industrialdeko iparraldeko mugaren ondoan.

Jarduera horretan, baso-biomasa eta basolanetatik datozen hondakinak, inausketa hondakinak eta industriako zur hondakin garbiak (zurezko ontziak, zurezko bilgarriak eta abar) zatikatzen eta/edo aurrez birrintzen dira, baliabide mekanikoak erabiliz, material hori bioerregaiak egiten dituen beste jarduera bati saltzeko.

Urtean 19.300 tona material inguru eraldatuko dira. Horietatik, urtean 9.600 tona inguru zurezko ontziak izanen dira (EHZ 150103 kodea), urtean 1.200 tona inguru basogintzako hondakinak izanen dira (EHZ 020107 kodea); eta urtean 7.500 tona inguru, berriz, baso-biomasa (makala eta pinua).

Jarduera bost ekoizpen fase edo prozesutan gauzatzen da: harrera, biltegiratzea, material desegokiak bereiztea, birrintzea eta igortzea.

Instalazioa dagoen lurzatiak 27.000 m²-ko azalera eta nahiko erliebe laua ditu. Horren barruan, erdigunean, zabalgune bat definituko da, 12.500 m² ingurukoa, produktuak biltegiratu, birrindu eta igortzeko. Zabalgunearen hego-ekialdean, sarbidetik gertu, 15 m²-ko etxola bat jarriko da (bulegoa, harrera eta igortzea, sarreren kontrola, pisaketak eta abar), baita sartzen eta irteten diren materialen kantitatea zenbatesteko balantza jartzeko espazioa ere. Ipar-ekialdean 200 m²-ko nabe bat jarriko da birrintzeko makineria mugikorra, ordezko piezak eta abar gordetzeko. Nabe horren ondoan 150 m²-ko barruti bat jarriko da, lantegian onartzen diren materialetatik kendutako material desegokiak (papera eta kartoia, zur kutsatua, plastikoak eta metalak) biltegiratzeko guneak eta edukiontziak egonen direna.

Tratatu beharreko hondakin eta materialak kamioietan iritsiko dira instalaziora. Harrera eremuan kamioiak ikuskatuko dira, ikusteko ea zehaztapenak betetzen diren; ez bada hala, atzera botako dira. Ondoren, jasotzen diren material egokiak baskulan pisatuko dira, eta, beren izaeraren arabera, dagokien solairuko biltegiratze eremuan deskargatuko dira.

Jasotako materialak erdiko zabalgunean biltegiratuko dira, eta 4 biltegiratze eremu ezarriko dira: bat makal enbor eta motzondoetarako (4.390 m²); beste bat pinu enbor eta motzondoetarako (2.229 m²); beste bat industria jatorriko zur hondakin garbietarako (3.753 m²); eta, azkena, inausketa hondakinetarako (2.135 m²).

Nekazaritzatik, basolanetatik, basogintzatik edo lorategietako mantentze-lanetatik datozen materialen (zuhaitz enborrak, adaburuak eta abar) kasuan, lehortze naturaleko prozesua eginen zaie birrindu aurretik.

Behin materiala egokia denean, lan horretarako berariazkoa den prozesatzeko makina mugikor batekin birrinduko da, eta produktua biltegiratutako materien ondoko piletan utziko da, instalazioaren bezeroei igorri arte.

Aurkeztutako dokumentazioak adierazten du instalazioak langileentzako saneamendua izanen duela, hobi propioarekin, hornidurarekin, gasolio andelekin eta elektrizitatearekin, baina ez du hornidura horien deskribapen argirik ematen. Euri urak areka perimetralen bidez bilduko dira eta industrialdeko sarearekin lotuko dira hegoaldera.

Instalaziorako sarbidea jarduera kokatzen den lurzatiaren hego-ekialdean izanen da, etorkizuneko instalazioak ekialdetik inguratzen dituen "La Boquera" bide asfaltatutik. Bide horrek iparralderantz luzatzen du industrialdeko Esne Bidea kalea, beraz, materialak entregatzeko eta produktuak eramateko instalazioetara sartzen diren kamioiak industrialde horretatik sartuko dira.

5.700 m² inguruko lorategi eremua zehaztu da, lurzatiaren mendebaldeko, hegoaldeko eta ekialdeko mugen ondoan, baina ez da zehaztu hor eginen den landare tratamendua. Eremu horretan, 2 m-ko zabalerako zerrenda bat egonen da ekialdeko mugaren ondoan, 6 m-ko zabalerako beste zerrenda bat egonen da hegoaldeko mugaren ondoan eta 45 m-ko zabalerako beste bat, proiektuaren lurzatiaren mendebaldeko mugaren ondoan.

Ingurumen agiriaren balorazioa:

Aurkeztutako ingurumen agiria partez egokitzen da Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten denera. Agiri horretan jasota daude proposamenaren justifikazioa, alternatiben analisia, instalazioa kokatuko den Cadreita eremuko ingurune naturalaren deskribapen orokorra, izaten ahal diren eraginen balorazioa eta zuzenketa neurri nagusiak.

Azterketa horretan ondorioztatzen da jarduerak ez dituela okupatuko ingurumen balio nabarmeneko lurzati edo elementuak. Halaber, ondorioztatzen du, proposatzen den jarduera mota dela-eta, ez dela eraginik espero airea edo lurzorua kutsatzeagatik, eta isuriengatiko eragin posibleak gasolio andeletan edo jardueraren saneamendu sistemari loturiko andeletan bakarrik sortzen ahal direla.

Makinen eta instalazioen mantentze-lanetan hondakin arriskutsu gutxiago sortuko da, hala nola olio iragazkiak, trapu kutsatuak eta abar. Horiek edozein jardueratan egin ohi den bezala kudeatuko dira, eta baimendutako kudeatzaileari emanen zaizkio.

Hiri hondakinen pareko hondakinak kasuan kasuko mankomunitateari emanen zaizkio. Era berean, biomasa eta tratatu beharreko hondakinak aztertzean ateratako material desegokiak tailerraren ondoko 150 m²-ko barrutian biltegiratuko dira, hondakinen kudeatzaile baimenduari entregatu edo saldu arte.

Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.

Proiektuaren lurzatia Cadreitako "Las Navas" industrialdearen eta nekazaritza ustiategi intentsibo baten (La Boquera eta Florette) ondoan dago, udalerriaren inguruneko eremu eraldatu batean.

Instalazioa egonen den Cadreitako eremua ez dago Natura 2000 Sarean jasota eta ingurunean ez dago ibilgu natural edo artifizialik, ez eta nabarmentzeko moduko ingurumen balioak dituzten elementu edo lurzatirik ere. 230 m-ra daude La Pariderako eskortari lotutako larreak (Cadreitako 3. poligonoko 33., 112., 113., 114. eta 20. lurzatiak). Hortik, gainera, abelbide bat igarotzen da (adarra).

Proiektuaren lurzatia bera bertan behera geratutako alor bat da, zeinari zati batean eragin baitzion 2006an Cadreitako "Las Navas" industrialdearen urbanizazioak. Gaur egun, proiektuaren xede den azalera larre natural batek estaltzen du. Horrek, azken urteotan, ingurumen balio berezirik ez duen habitat izan arte eboluzionatu du modu natural batean.

Instalazioaren funtzionamenduak izaten ahal dituen ingurumen eraginei dagokienez (zarata, atmosferaren kutsadura, isuriak, hondakinak eta abar), aurkeztutako dokumentazioak aukera ematen du baloratzeko ez dagoela halakorik, edo sustatzaileak proposatutako neurriekin eta proposameneko ingurumen baimen bateratuan zehaztutako neurriekin kontrolatuko direla. Baina ez da jasotzen lantegian jasotako material desegokiak (zur kutsatuak, paperak eta kartoiak, plastikoak eta metalak) kentzetik datozen hondakinak biltegiratzea aurreikusten den parke edo espazioak estalita egonen direnik, eta, beraz, gertatzen ahal da material lurrunkorrak instalazioaren inguruan sakabanatzea haizea dagoenean eta/edo lurzorua edo euri uren sareak bildutako urak kutsatzea.

Proposamena industrialdearen iparraldean kokatuko denez, ez da espero ikusizko eraginik gertatzea Cadreitako udalerritik bertatik edo gertuko azpiegituretatik. Gainera, sustatzaileak, modu orokorrean, proiektuaren lurzatiaren perimetroa lorategiz hornitzea proposatzen du.

Kontsulten emaitzak kontuan izanik, eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, Biodibertsitatearen Zerbitzuak, Ingurumen Eraginaren Atalaren bidez, jakinarazi du ez dela espero proiektuak eragin kaltegarri esanguratsurik izatea ingurumenean. Horregatik, ez da beharrezkoa proiektuari ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta egitea. Dena den, horrek ez du kentzen indarreko legeriaren arabera behar diren gainerako baimenak lortzeko betebeharra.

Ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta dauzkadan eskudantziak erabiliz (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua; Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren 22/2019 Foru Dekretua, abuztuaren 6koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duena; eta 258/2019 Foru Dekretua, urriaren 23koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duena), honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Biocarburantes de Navarra SLU enpresak sustatzen duen "biomasaren balorizazio energetikoa bioerregai bihurtzeko" jardueraren proiektuak ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen eraginari buruzko txosten honetan ezarritako moduan, eta, beraz, ez da beharrezkoa 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluko 1. apartatuan aurreikusitako ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta egitea.

Aurrekoa gorabehera, baimentzeak berekin ekarriko du baldintza hauek betetzea:

–Material desegokiak biltegiratzeko eremuetan, neurri egokiak hartuko dira material desegokiak biltegiratzeko guneetatik haizeak ez ditzan sakabanatu plastikoak, kartoiak, paperak eta abar, bai eta beste neurri batzuk ere, euri urek eremu horietatik lurzoru naturalera edo euri uren sarera elementu kutsatzaileak eraman ditzaten saihesteko.

–Ingurumen eraginaren txosten honek jardueraren hornidura, elektrizitate eta komunikazio bideratzeak babesten ditu, betiere ez badituzte zeharkatzen instalazioa dagoen lurzatiaz bestelako lur urbanizaezinak. Instalazioaz kanpoko lurrak zeharkatzen baditu, aipatu zuzkidurak gauzatu aurretik, sustatzaileak zehaztu beharko du Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 2. eranskinean jasota dauden. Kasu horretan, dagokion ingurumen eraginaren ebaluazioa izapidetu beharko du.

–Instalazioak paisaian behar bezala integratzeko, proposatutako lorategi eremuan belardi bat sortuko da. Horretan, zuhaitz autoktonoak eta inguruneko berezko fruta-arbolak landatuko dira, lerrokatzeak eta zuhaiztiak sortuz. Bestela, eta instalazioaren ondoko lurren erabilera eta paisaia ingurunea kontuan hartuta, egokitzat jotzen da lorategietara bideratutako espazioan olibondoak landatzea, inguruneko lurzatietan daudenen modukoak.

2. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak ukatu gabe, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak ukatu gabe.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Cadreitako Udalari, Basozaintzari (11. barrutia, "Tutera") eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko otsailaren 28an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2303621