56. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

49/2022 FORU AGINDUA, uztailaren 28koa, Lurralde Kohesiorako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita 2022ko ekainaren 15a eta 23a bitartean Nafarroako Foru Komunitatean gertatutako suteek kaltetutako udalerrien zerrenda, eta zehazten baitira fenomeno horiek kaltetutako pertsona fisiko eta juridikoek izaten ahal dituzten zerga-salbuespenak eta horiek aplikatu dituzten udalerriei eman beharreko konpentsazioak.

Ministroen Kontseiluak, 2022ko ekainaren 27an egindako bilkuran, erabaki zuen Andaluzia, Aragoi, Gaztela eta Leon, Katalunia, Nafarroako Foru Komunitatea, Valentzia eta Murtziako autonomia erkidegoak babes zibileko larrialdiek larriki kaltetutako eremutzat jotzea, 2022ko ekainetik aurrera ia penintsula osoari eragin zioten tenperatura biziki altuek sortu zituzten baso-suteengatik.

Kasu guztietan, suteak oso larriak izan ziren, eragindako autonomia erkidegoek beren babes planak 1. edo 2. mailako egoera operatiboan aktibatu behar izateraino, Estatuko Larrialdietarako Plan Orokorrak ezartzen duen moduan.

Zehazki, Nafarroako Foru Komunitatean, babes zibileko larrialdiek larriki kaltetutako eremu deklarazioa honako hauetan izandako suteetarako onetsi da: Tafalla, Legarda, Arguedas eta San Martin Unx.

Nafarroako Gobernuaren Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuak jakinarazi duenez, ekainaren 15a eta 23a bitartean zenbait baso-sute izan ziren Nafarroako Foru Komunitatean, eta horiek baso-suteen arriskuari loturiko larrialdi gertaera handiena izan dira, estatistikak jasotzen direnetik. Ia 10.000 pertsona ebakuatu ziren, 1.000 agentek eta airetiko 17 baliabidek esku hartu zuten dispositiboan, eta 16.000 hektarea baino gehiagori eragin zitzaien, eta 39 udalerriri; horietatik, 18 hirigune hustu ziren, Rapid Mapping zerbitzuak eskainitako produktuen arabera.

Nafarroako Gobernuaren Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuaren 2022ko uztailaren 12ko txostenean xedatutakoaren arabera, honako hauek dira adierazitako aldian izan ziren suteek kaltetutako udalerriak: Arguedas, Arroitz, Artazu, Barbarin, Beraskoain, Berriozar, Bidaurreta, Cadreita, Zizur: (Undioko Kontzejua, Asteraingo Kontzejua), Etxauri, Etxarri, Eneritz, Eslaba, Galipentzu, Gesalatz: (Argiñaritz, Arzotz, Muzki, Estenotz), Girgillao: (Girgillaoko Kontzejua, Etxarren-Girgillaoko Kontzejua), Itza, Legarda, Leotz: (Uzkita, Leozko Kontzejua, Hiriberri, Iratxetako Kontzejua, Amunarrizketa, Artariain, Amatriain, Bezkitz, Benegorri, Santsomain, Oletako Kontzejua, Makirriain, Santsoain), Lerga, Ledea, Lodosa, Irunberri, Lukin, Elo, Murchante, Muruzabal, Obanos, Oloritz, Gares, Jaitz, San Martin Unx, Tafalla, Uxue, Uterga, Valtierra, Eguesibar, Villamayor de Monjardín, Esa, Zabaltza: (Ubaniko Kontzejua, Arraitzako Kontzejua, Zabaltzako Kontzejua).

Nafarroako Foru Komunitatean gertaturiko uholdeen, haizete indartsuen eta beste fenomeno natural batzuen ondoriozko hondamendiek kalteturiko pertsonei laguntza eta babesa emateari buruzko urriaren 30eko 11/2009 Foru Legeak uholdeek, haizete indartsuek eta beste fenomeno natural batzuek kaltetutako pertsona fisiko eta juridikoentzako laguntza eta onurak ezartzen ditu, eta, 2. artikuluan zehazten duenez, Nafarroako Gobernuan dagokion unean eskumena duen departamentuak foru agindu baten bidez prestatuko du udal eta herritar kaltetuen zerrenda, izaten ahal dituzten laguntzekin batera. Halaber, 3. artikuluan ezartzen du foru agindu horretan zehaztuko direla foru legean aurreikusitako laguntza edo/eta konpentsazio eskaerak aurkezteko epeak, betebeharrak eta baldintzak. Gobernu Kontseiluak berretsi beharko du aipatu foru agindua, egiten duen lehenbiziko bilkuran.

Gai honetan eskumena duen departamentua Lurralde Kohesiorako Departamentua da, kontuan hartuz Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuan ezarritakoa.

Nafarroako Foru Komunitatean gertaturiko uholdeen, haizete indartsuen eta beste fenomeno natural batzuen ondoriozko hondamendiek kalteturiko pertsonei laguntza eta babesa emateari buruzko urriaren 30eko 11/2009 Foru Legearen lehen xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, foru agindu honetan aurreikusitako laguntzak izanen dira beti, ordena honetan, izenpetuta dauden aseguru polizetako konpentsazioen osagarriak eta subsidiarioak, baita Estatuan edo Europar Batasunean antzeko egoeretarako izaten ahal diren beste laguntza batzuen osagarriak eta subsidiarioak ere.

Ondorio horretarako, urriaren 30eko 11/2009 Foru Legea garatzen duten foru aginduek osagarritasun eta subsidiariotasun hori izanen dute kontuan, eta, hortaz, onuradunek, pertsona fisikoak edo juridikoak izan, polizen titular diren aseguru-etxeetan tramitatu beharko dituzte konpentsazioak, eta, bidezkoa bada, Estatuko zein Europar Batasuneko administrazioei ere eskatu dagozkien laguntzak.

Ondorioz, bidezko da 2022ko ekainaren 15a eta 23a bitartean Nafarroako Foru Komunitatean izandako sute fenomenoek kaltetutako udalerrien zerrenda onestea, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzak aplika daitezen, aipatutako fenomenoek egun horietan eragindako kalteen ondorioak arintzearren.

Nafarroako Foru Komunitatean gertaturiko uholdeen, haizete indartsuen eta beste fenomeno natural batzuen ondoriozko hondamendiek kalteturiko pertsonei laguntza eta babesa emateari buruzko urriaren 30eko 11/2009 Foru Legea aplikatuz, bidezko da ezartzea zer zerga-salbuespen eta konpentsazio izanen dituzten Nafarroako Foru Komunitatean 2022ko ekainaren 15a eta 23a bitartean izandako suteek kaltetutako pertsona fisiko eta juridikoek.

11/2009 Foru Legearen 4. eta 5. artikuluetan aurreikusitako udal zergen hobariak indarreko araudiarekin bat emanen direnez, hobari horien konpentsazioa, behin eta berriz aipatutako foru legearen 6. artikuluan ezarritako moduan, 2022ko eta hurrengo aurrekontu ekitaldietan gauzatuko da, bat etorriz Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 17. artikuluan ezarritakoarekin.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitatean gertaturiko uholdeen, haizete indartsuen eta beste fenomeno natural batzuen ondoriozko hondamendiek kalteturiko pertsonei laguntza eta babesa emateari buruzko urriaren 30eko 11/2009 Foru Legeak ematen dizkidan eskudantziak aplikatuz, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuari dagokionez,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean 2022ko ekainaren 15a eta 23a bitartean izandako baso-suteek kaltetutako udalerrien zerrenda onestea:

Arguedas, Arroitz, Artazu, Barbarin, Beraskoain, Berriozar, Bidaurreta, Cadreita, Zizur: (Undioko Kontzejua, Asteraingo Kontzejua), Etxauri, Etxarri, Eneritz, Eslaba, Galipentzu, Gesalatz: (Argiñaritz, Arzotz, Muzki, Estenotz), Girgillao: (Girgillaoko Kontzejua, Etxarren-Girgillaoko Kontzejua), Itza, Legarda, Leotz: (Uzkita, Leozko Kontzejua, Hiriberri, Iratxetako Kontzejua, Amunarrizketa, Artariain, Amatriain, Bezkitz, Benegorri, Santsomain, Oletako Kontzejua, Makirriain, Santsoain), Lerga, Ledea, Lodosa, Irunberri, Lukin, Elo, Murchante, Muruzabal, Obanos, Oloritz, Gares, Jaitz, San Martin Unx, Tafalla, Uxue, Uterga, Valtierra, Eguesibar, Villamayor de Monjardín, Esa, Zabaltza: (Ubaniko Kontzejua, Arraitzako Kontzejua, Zabaltzako Kontzejua).

2. Ezinbesteko kasuak eta salbuespenezko egoerak aintzat hartzeko ondorioetarako, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuan ezarritako araudiaren eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren martxoaren 11ko 32/2022 Foru Aginduaren arabera jokatuko da, foru agindu honetan aipatzen diren udalerrietan kaltetutako eremuak atenditzeko. Errege dekretu horrek nekazaritzari eta abeltzaintzari 2015etik aurrera egiten zaizkien ordainketa zuzenak eta laguntzeko beste araubide batzuk erregulatzen ditu, baita ordainketa zuzenen eta landa garapenerako ordainketen kudeaketa eta kontrola ere.

3. Hiri-lurreko ondasunen gaineko kontribuzioa eta Landa-lurreko ondasunen gaineko kontribuzioa ordaintzetik salbuetsita geratuko dira zuzenean suteen ondorioz kaltetu diren eta foru agindu honen 1. apartatuan jasota dauden udalerrietan dauden ondasun higiezinen titularrak. Salbuespen horretarako eskubidea duten subjektu pasiboek, baldin eta hondamendia gertatu zen ekitaldiko ordainagiriren bat ordainduta badute, zilegi izanen dute ordaindutako zenbatekoak itzultzeko eskatzea.

4. Foru agindu honen 1. apartatuan aipatutako udalerrietan jarduerak egiten dituzten pertsona fisikoak edo juridikoak, hartan adierazitako gertaeren ondorioz kalteak jaso badituzte, jarduera ekonomikoen gaineko zerga ordaintzetik salbuetsita egonen dira, gertaera horiek izan diren ekitaldian eta kaltetutako jarduerari dagokionez, eta kontzeptu horregatik ordaindutakoa itzultzeko eskatzen ahalko dute.

5. Foru agindu honen 1. apartatuan adierazitako herrietan kokatuta dauden jarduerak eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga ordaintzetik salbuesten ahalko dira, hondamendiak zergaren xede den instalazio, eraikuntza eta obrari eragin dien ehunekoan, foru agindu honek ezartzen dituen baldintzetan. Salbuetsitako jardueretan, kaltetutakoa berrezartzea edo berreraikitzea sartuko da, eta, hala, kontzeptu horrengatik ordaindutako zenbatekoak itzultzeko eskatzen ahalko da.

6. Foru agindu honen 3., 4. eta 5. apartatuetan aurreikusitakoaren arabera zerga-salbuespenak aplikatzearen eta dirua itzultzearen ondorioz toki entitateek jasotzen ez dituzten tributu arloko diru sarrerak Nafarroako Gobernuak konpentsatuko ditu, 2022ko gastuen aurrekontuko "Toki entitateentzako konpentsazioak toki tributuetako hobariengatik" izeneko 210001 21100 4609 942300 partidaren kargura, eta 2023ko, 2024ko, 2025eko eta 2026ko ekitaldietako aurrekontuetan horretarako gaitzen diren partida baliokideen kargura. Izan ere, partida horiek handituko dira aitortzen diren edo aitortu asmo diren obligazioen muga berdindu arte, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 47.1.e) artikuluan ezarritakoaren arabera.

7. Laguntza hauek izenpetuta dauden aseguru polizetako konpentsazioen osagarriak eta subsidiarioak dira, ordena horretan, baita Estatuaren edo Europar Batasunaren esparruan egoten ahal diren beste laguntza batzuenak ere.

Kontzeptu horiengatik jasotakoa ez da inoiz izanen eragindako kalteen guztirako zenbatekoa baino handiagoa.

8. Foru agindu honetan aurreikusitako zerga-salbuespenak baliatu nahi dituzten pertsona fisiko edo juridikoek eskaera bat aurkeztu beharko dute dagokien udalean, gehienez ere bi hilabeteko epean, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Horretarako, eta kaltea izan zen egunean kaltetutako ondasunak aseguratuta ez bazeuden, honako dokumentazio hau erantsi beharko zaio eskaerari:

–Kaltea izan zen egunean kaltetutako ondasuna aseguratu gabe zegoela dioen erantzukizunpeko adierazpena.

–Teknikari kualifikatu baten txostena, izandako kaltea identifikatu eta zenbatesten duena. Txosten horren ordez, kaltetutako ondasun higiezinetan eragindako gastuen fakturen kopia eta hori ordaindu izana frogatzen duen dokumentua aurkezten ahal da.

–Foru agindu honetan aipatutako gertaerak direla-eta izandako kalteen ondorioz jaso diren edo jaso asmo diren laguntza guztiei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

Kaltea izan zen egunean aseguratuta zeuden hiri ondasun higiezinak kaltetu badira, honako dokumentazio hau erantsi beharko zaio eskaerari:

–Baimen espresa, Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak dagokion udalari eman diezaion kalteen tasazioari eta dagokion kalte-ordainari buruzko informazioa.

–Baimen hori eransten ez bada, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

  • Kaltetutako ondasunentzat izenpetutako polizen kopia.
  • Perituaren tasazioa, aseguratutako ondasunetan izandako kalteei eta dagokion kalte-ordainari buruzkoa.

–Foru agindu honetan aipatutako gertaerak direla-eta izandako kalteen ondorioz jaso diren edo jaso asmo diren laguntza guztiei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

Kaltea izan zen egunean aseguratuta zeuden landa ondasun higiezinak kaltetu badira, honako dokumentazio hau erantsi beharko zaio eskaerari:

–Baimen espresa, Agrosegurok dagokion udalari eman diezaion kalteen tasazioari eta dagokion kalte-ordainari buruzko informazioa.

–Baimen hori eransten ez bada, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

  • Kaltetutako ondasunentzat izenpetutako polizen kopia.
  • Perituaren tasazioa, aseguratutako ondasunetan izandako kalteei eta dagokion kalte-ordainari buruzkoa.

–Foru agindu honetan aipatutako gertaerak direla-eta izandako kalteen ondorioz jaso diren edo jaso asmo diren laguntza guztiei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

9. Foru agindu honetan aurreikusitako zerga-onurak aplikatzen dituzten udalek Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusian aurkeztuko dute konpentsazio eskaera, azaroaren 9ko 325/1998 Foru Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako epean eta baldintzetan (dekretu horren bidez, toki tributuetan zerga-onurak onestearen ondorioz toki entitateek eskatzen dituzten konpentsazio ekonomikoen eskaerak tramitatzeko prozedura onetsi zen). Eskaeran honako hauek jasoko dira:

–Dagokion zerga-onura aplikatzeagatik tokiko tributuen diru bilketan murriztutako zenbatekoa ordaintzeko eskatzea.

–Organo eskudunaren erabakiaren ziurtagiria, zerga-onura onesten duena, honako hauek adierazita: onespenaren data, onura jasotzen duen tributua, dagokion aldia eta subjektu pasibo onuraduna. Horrez gain, tributuari dagokion kuota osoa adieraziko da ziurtagirian, baita emandako zerga-onurak aplikatzegatik sortzen den zenbatekoa ere.

–Foru agindu honetan aipatutako gorabehera meteorologikoen eta eragindako kalteen arteko zerrendari buruzko txostena edo erantzukizunpeko adierazpena.

–Ziurtagiriak, honako hauek frogatzen dituztenak: eskaerak foru agindu honetan ezarritako epe barnean aurkeztu direla, eta egin beharreko zerga-salbuespena eta jasotako laguntzak eta kalte-ordainak ez direla kalteen balioa baino handiagoak.

10. Foru agindu hau Nafarroako Gobernuak egiten duen lehenengo bilkuran aurkeztuko da, berretsia izan dadin.

11. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea Administrazio Publikoek haren aurka administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahal dutela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Iruñean, 2022ko uztailaren 28an.–Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Bernardo Ciriza Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2303332