56. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

91E/2023 FORU AGINDUA, otsailaren 24koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdi bat onesten duena, gara ditzaten jubiloteka programak eta adinekoei eta mendekotasuna duten pertsonei laguntza psikologikoa eta emozionala emateko programak, zahartze aktiboa sustatzen dutenak, 2023an. DDBN identifikazioa: 678328.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 2. artikuluan ezartzen denez, botere publikoen jarduketek, gizarte zerbitzuen arloan, funtsezko helburu hauek izanen dituzte, besteak beste: pertsona guztien bizi-kalitatea hobetzea eta haien normalizazioa, parte-hartzea eta integrazioa sustatzea gizartean, politikan, ekonomian, lanean, kulturan eta hezkuntzan; autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena sustatzea; kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea; pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartu eta haietaz arduratzea; eta mendekotasunak eta oinarrizko baliabide ezak eragindako premiei erantzutea. Orobat, xedatzen du gizarte zerbitzuen sistema publikoaren prestazioak ezarriko dituen tresna Gizarte Zerbitzuen Zorroa izanen dela.

Agindu hori Nafarroako Foru Komunitateak gizarte laguntzaren arloan duen eskumen esklusiboaren arabera eman zen, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.17 artikuluan xedatutakoarekin bat. Agindua Espainiako Konstituzioaren 49. artikuluan xedatutakoarekin lotu behar da; izan ere, horren arabera, urritu fisikoak, zentzumenezkoak eta psikikoak tratatzeko, bizkortzeko, integratzeko eta haien arazoei aurrea hartzeko politika eginen dute agintari publikoek.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei aplikatzen ahal zaien araubide juridiko orokorra ezartzen du, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako. Arau horren 17. artikuluak emate prozedurak ezartzen ditu, eta bertan adierazten da prozedura arrunta norgehiagoka bidezkoa izanen dela. Salbuespenez, foru legeak aurreikusten du ezen, oinarri arautzaileetan hala aurreikusiz gero, dirulaguntzetarako bideratu den gehieneko zenbateko osoa dirulaguntzaren onuradunen artean hainbanatzea proposatuko dela. Horixe da deialdi honetan gertatzen den kasua; izan ere, nahi dena da toki entitate onuradunen kopurua ahalik eta handiena izatea.

Osasunaren Mundu Erakundeak zahartze aktibotzat jotzen du bizitza osasungarria izateko itxaropena handitzeko prozesua. Zahartze prozesu horrek osasun, segurtasun eta parte-hartze aukerak optimizatzea dakar, pertsonak zahartu ahala bizi kalitatea hobetzeko ikuspegi integral batetik, hartara beren garapen biologiko, psikologiko eta sozialari eusteko aukerak eta ahalbideak izan ditzaten.

Prozesu horri esker, adinekoek beren ongizate fisikoa, soziala eta mentala indartzen ahalko dute beren bizi-ziklo osoan, eta gizartean parte hartuko dute beren behar, nahi eta gaitasunen arabera, zainketak direla medio, betiere laguntza behar dutenean babesa, segurtasuna eta zainketa egokiak emanen baitzaizkie.

Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, herrialdeek zahartzeari aurre egiten ahalko diote baldin eta gobernuek, nazioarteko erakundeek eta gizarte zibilak «zahartze aktiboko» politikak eta programak aldarrikatzen badituzte, herritar zaharrenen osasuna, parte-hartzea eta segurtasuna hobetzeko.

Nafarroari dagokionez, Zahartzaro aktibo eta osasungarrirako 2017-2022 aldiko Estrategiaren barruan, zahartze aktiboa lantzen ari da arlo estrategiko eta jarduketa-ildo guztietan, laguntza-zerbitzu komunitario, hurbil, malgu eta eskuragarrien eskaintza bat garatzeko. Zerbitzu horiek bidea ematen dute pertsonak nahi duten tokian segurtasunez zahartzeko eta deserrotzea saihesteko. Jubilotekak tarteko baliabide ez-finalistak dira. Haien bitartez adinekoak beren ingurunean atxiki nahi dira, eta horretarako sustatzen da komunitatean txerta daitezen, modu aktiboan parte har dezaten eta baloratzen dituzten gauzak egiten jarrai dezaten, baita gaitasuna galtzen hasten direnean ere. Zaharrei ikusgaitasuna eta protagonismoa emanez aurrea hartzen zaie adinarengatiko bereizkeria edo adinkeriari, abusuari eta tratu txarrei, eta tratu onean oinarritutako jardunbideak sustatzen dira.

Zahartzaro Osasungarrirako 2020-2030 Hamarkadarako Planak dioenez, familia ereduaren aldaketek zainketen krisia ekarri dute, adinekoei eman behar zaien arretaren desoreka eragin baitute. Epe luzeko zainketei buruzko egungo ikuspegiek egituratu gabeko laguntza dute oinarri hein handian, hau da, gehienbat familiek eta bereziki emakumeek emandako laguntza. Zaintzaileek presio handia jasan behar izaten dute, eta batzuetan ez daukate zaintzarako behar den prestakuntzarik, ezta laguntza neurririk ere.

Ildo beretik, Nafarroako Gobernuak laguntza eman nahi die ahalmen ekonomiko txikiagoa duten entitateei, zahartuak eta geografikoki sakabanatuak eta zerbitzu komunitarioetatik urrun dauden herrietako biztanleen beharrei erantzuten dietenei, beren proiektuak finantzatzen lagunduz.

Horregatik guztiagatik, Eskubide Sozialetako Departamentuak beharrezkotzat jotzen du politika horiek hobetzeko lan egitea, erantzun egokia emateko, autonomia pertsonala, prebentzioa eta mendekotasuna dutenen arreta sustatuz.

Espedienteari lotutako txosten teknikoa eta juridikoa ikusita, argi dago deialdi hau onestea egokia eta interes publikokoa dela eta deialdia eta oinarri arautzaileak legezkoak direla.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 92/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdi baten oinarriak onestea, gara ditzaten jubiloteka programak eta adinekoei eta mendekotasuna duten pertsonei laguntza psikologikoa eta emozionala emateko programak, zahartze aktiboa sustatzen dutenak, 2023an. Oinarriok eranskinetan jaso dira.

2. Horretarako gastua baimentzea 2023ko gastuen aurrekontuko partida hauen kargura edo helburu bererako gaitzen diren antzeko partiden kargura:

AURREKONTUKO PARTIDAK

EKITALDIA

ZENBATEKOA

920005 93100 4609 231B02 Toki erakundeentzako dirulaguntzak, autonomia sustatu eta mendekotasunari aurrea hartzeko programetarako

2023

160.000,00

920005 93100 4609 231B11 Toki erakundeentzako dirulaguntzak, adinekoei eta mendekotasuna dutenei laguntza psikologikoa eta emozionala emateko

2023

50.000,00

Partida bakoitzerako baimendutako zenbatekoa programa bakoitza ebazteko erabiliko da. Bi programa horietako baterako dirulaguntzekin agortzen ez bada modalitate horretarako erreserbatutako zenbateko osoa, soberakina beste programarako dagoen zenbatekoari gehituko zaio.

3. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Programen eta Dirulaguntzen Kudeaketaren Atalera, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Ataleko Kontabilitate Zentrora, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera.

Iruñean, 2023ko otsailaren 24an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, toki entitateei 2023an jubiloteka programak finantzatzeko dirulaguntzak emateko, ahultasuna edo desgaitasuna duten adinekoen autonomiaren sustapenerako eta mendekotasunaren prebentziorako

Lehena.–Xedea, jarduketa eremua eta helburua.

Deialdi honen xedea da arauak ezartzea toki entitateei dirulaguntzak emateko, Nafarroako Foru Komunitatean 2023ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean jubiloteka programak gara ditzaten adinekoen autonomia sustatzeko eta mendekotasunari aurrea hartzeko.

Bigarrena.–Toki entitateek bete beharrekoak.

Dirulaguntza hauen onuradunak Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateak eta gizarte zerbitzuen mankomunitateak izanen dira, 2023. urtean adinekoen autonomia sustatzeko eta mendekotasunari aurrea hartzeko eginen diren jubiloteka programak aurkezten dituztenak.

Ez dira onuradun izaten ahalko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13 artikuluan aurreikusitako debeku-egoeraren batean dauden toki entitateak eta gizarte zerbitzuen mankomunitateak.

Entitate bakoitzak jubiloteka programa bakarra aurkezten ahalko du. Programaren bat beste toki entitate batzuekin batera aurkezten duten entitateek ez dute bakarka beste programarik aurkezten ahalko.

Hirugarrena.–Jubiloteka programek bete beharreko baldintzak.

a) Jubilotekek gutxienez hamar hilabetean garatuko dituzte beren programak 2023an.

b) Programako saioen gutxieneko iraupena: egunean hiru ordu, astean hiru egunetan, gutxienez.

c) Jubiloteka programan arlo hauek guztiak landuko dira:

c.1) Jarduera fisikoa eta gaikuntza funtzionala. Programen helburua izanen da autonomia fisikoa sustatzea edo mantentzea, eta horretarako jarduera fisikoak diseinatu eta eginen dira: giltzadurak mugitzea, muskuluak luzatu eta indartzea, koordinazio orokorra, oreka, gorputz jarrera zuzendu eta doitzea. Azken batean, tonu muskularrari eutsi eta giltzaduren mugimendua zabaldu edo mantentzea izanen da xedea, bai eta osasunaren hobekuntza eta erorikoen prebentzioa sustatzea ere.

c.2) Kognitiboa. Programetan goi mailako gaitasun kognitiboak estimulatu eta birgaituko dira, hala nola arrazoimena, adimenaren mantentzea eta buru-zalutasuna, kontzentrazioa, hizkuntza edota oroimenaren entrenamendua. Horrela lortu nahi da narriadura kognitiboa atzeratzea, pertsonek lehendik dituzten gaitasunak garatuz, eguneroko jarduerak egin eta erabakiak hartu ahal ditzaten ahalik eta autonomia handienarekin.

c.3) Emozional-afektiboa eta soziala. Programen helburua adinekoen erresilientzia eta ongizate emozionala eta mentala sustatzea izanen da, behar diren tresnak eskainiz ongizate emozional handiagoa izan dezaten laguntzeko.

Era berean, adineko eta/edo mendeko pertsonen zaintzaile ez-profesionalei aholkularitza, prestakuntza eta informazioa emateko programak diseinatzen ahalko dira. Programa hauek diseinatzean, informazioa eta aholkularitza sustatzea bilatuko da, bai eta taldekako esku-hartze psikoedukatiboak ere familia zaintzaileentzat. Tratu onean oinarritutako jardunbideak sustatuko dira.

Jubiloteka programetan kontratatu behar dira, batetik, terapeuta okupazionalaren edota psikologoaren profila duten langileak, programa diseinatzeko, eta bestetik, programa gauzatuko duten profesionalak, erabiltzaileak zuzenean artatuko dituztenak; azken horiek profil sozio-sanitarioa eta psikologikoa izanen dute.

Laugarrena.–Jubiloteka programen hartzaileek bete beharrekoak.

Programa hauen hartzaileak izanen dira mendekotasunik ez baina ahultasun zantzuak badituzten 65 urtetik gorako pertsonak eta desgaitasuna duten 60 urtetik gorako pertsonak.

Salbuespen gisa, eguneko zentrorik ez duten herri txikietan, mendekotasuna duten pertsonentzako proiektuetarako dirulaguntza ematen ahalko da. Programa hauek beste edozein proiektutatik bereiz gauzatu behar dira. Proiektu propioa aurkeztuko da, kasuan kasuko BAPean ezarritako arretarekin bat eginda eta koordinatuta. Ez dira diruz lagunduko erabiltzaileen etxeetan gauzatzen diren programak.

Bosgarrena.–Gastu diruz lagungarriak.

Jubiloteka programak gauzatzeko gastu diruz lagungarriak hauek izanen dira: entitate onuradunak 2023ko urtarriletik urrira bitartean kontratatutako langileen gastuen %50. Langile horiek zuzenean jardunen dute adinekoekin, eta profil soziosanitarioa edo psikologikoa izanen dute.

Ez dira gastu diruz lagungarriak izanen modu presentzialean garatzen ez diren jubiloteka proiektuak, zuzeneko arretarako langilerik ez dutenak edota jubilotekaren lokaletan garatzen ez direnak.

Ez da inola ere diruz lagunduko aurrekoaz bestelako kontzepturik.

Jubilotekako zuzeneko arretarako langileen gastuetarako, toki entitate bakoitzak 15.000,00 euroko dirulaguntza jasoko du gehienez ere.

Seigarrena.–Eskaerak aurkeztea.

Eskaerak eta dokumentazio orokorra aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak telematika bidez aurkeztu behar dira, nahitaez, Nafarroako Gobernuaren erregistro orokor elektronikoaren bitartez, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari zuzenduko zaizkio. Dokumentazioa eskaneatuta aurkeztuko da, dokumentu bereizietan, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

Dirulaguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

Zazpigarrena.–Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Eskaera webgunean dagoen ereduaren arabera aurkeztu behar da.

2. Eskatutako dirulaguntzaren xede den proiektu teknikoa, honako hauek zehaztuta: helburu orokorrak eta espezifikoak, erabilitako metodologia, jardueren deskribapena, proiektuaren onuradunen azalpen argia, parte hartuko duten pertsonen kopurua, proiektuaren plangintza eta egutegia, aurrekontua eta abar, bai eta ebaluazio-adierazleen deskribapena ere. Proiektua prestatu eta gauzatzean genero ikuspegia txertatuko da, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearekin bat.

3. Diruz lagundu beharreko programa bakoitzeko oinarrizko deskribapen fitxa bat, 4. eranskinean jasotako ereduaren araberakoa.

4. Erantzukizunpeko adierazpena, 5. eranskineko ereduaren araberakoa, adierazteko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen menpe dagoela eta 13. artikuluan ezartzen diren baldintzak betetzen dituela.

5. Entitate eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz hartu behar dituenean edo haiek kobratzeko kontua aldatu nahi duenean, transferentzia bidez kobratzeko eskabidea aurkeztu beharko du, behar bezala betea eta sinatua, 6. eranskineko ereduaren araberakoa.

6. Dirulaguntzaren xede izanen diren adineko pertsonentzako programetan zuzenean esku hartzen duten profesionalen titulazioaren kopia.

Dokumenturen bat jadanik Foru Komunitateko Administrazioaren esku badago, entitate interesdunak hala azaldu beharko du eskaeran, adieraziz zer dokumentu den eta dokumentua dagoen administrazio espedientearen zenbakia, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren arabera edo Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermerako abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren arabera datu babesturik bada, baimena emanen zaio Eskubide Sozialetako Departamentuari haietan sartzeko.

Zortzigarrena.–Antolatu, instruitu eta ebazteko prozedura.

1. Deialdi honen ondorioetarako, dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak Programen eta Dirulaguntzen Kudeaketaren Atalari esleitu zaizkio.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak du eskumena dirulaguntzak emateari buruzko prozedura ebazteko.

2. Deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak norgehiagokako araubidearen bidez emanen dira, aurkezten diren eskaerak erkatuz, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

3. Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 2023ko urtarriletik urrira bitartean kontratatutako langileen gastuaren %50 izanen da, baldin eta aurrekontuan behar adina diru badago. Langile horiek zuzenean artatuko dituzte adinekoak edo mendekotasuna duten pertsonak, aurkeztutako proiektua gauzatuko dute eta profil soziosanitario edo psikologikoa izanen dute.

4. Ezein entitatek jaso dezakeen dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa ez da inoiz 15.000,00 eurotik gorakoa izanen.

5. Balorazio ekonomikoaren ondoriozko diru zenbatekoa, guztira, aurrekontuetan dagoen dirua baino handiagoa bada, kasuan kasuko baremoaren aplikazioaren ondoriozko zenbatekoak hainbanatuko dira.

6. Bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Foru Legearen 68.1 artikuluan ezarritakoarekin, toki entitate interesdunari errekerituko zaio hamar egun balioduneko epean hutsegiteak zuzendu edo nahitaezko agiriak aurkez ditzala, eta ohartaraziko zaio, hori egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela, espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan aurreikusita dagoenari jarraikiz.

Orobat, instrukzio organoak deialdia ebazteko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa edo informazio osagarria eskatzen ahalko du edonoiz, baita oinarri hauetan eskatzen diren baldintzak goitik behera betetzen direla frogatzekoa ere.

Bederatzigarrena.–Balorazioa eta prozeduraren ebazpena, jakinarazpena, publizitatea eta errekurtsoak.

Eskaera guztiak ebaluatu eta gero, egiaztatu eginen da proiektuak arreta-arlo guztiak garatu dituela eta artatu beharreko pertsonen ezaugarriak deialdiaren oinarrietan ezarritakoarekin bat datozela.

Deialdi honen 3. eta 4. oinarriekin bat datorren proiektua aurkezten duten entitateek dirulaguntza jasoko dute. Oinarri horiekin bat ez datorren proiektua aurkezten dutenei ez zaie dirulaguntzarik emanen.

Eman beharreko zenbatekoa ezarriko da entitate bakoitzak aurkezten duen langileria gastuaren arabera, eta aurrekontu-kontsignazioa eta eskaera kopurua ikusita aplikatzen den hainbanaketaren arabera.

Instrukzio organoak egindako ebazpen proposamenak ikusita, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak dirulaguntzak esleitzeko ebazpena emanen du.

Ebazpenak entitate interesdunei jakinaraziko zaizkie, adierazita ebazpena emateko aintzat hartutako oinarriak, dirulaguntza hartzen duten eskatzaileen zerrenda eta, halakorik bada, beste eskaerak ezesteko arrazoiak. Dirulaguntza emanez gero, helburua, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta dirulaguntza justifikatzeko modua eta epea zehaztuko dira.

Aurrekoa deusetan galarazi gabe, dirulaguntzak emateko ebazpenak Nafarroako Gobernuko webgunean argitaratuko dira. Argitalpen horretan honako hauek adieraziko dira: deialdia, dirulaguntzak aurrekontuko zer kredituri egozten zaizkion, entitate onuradunak, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren helburua.

Toki entitateek, bestalde, deialdi honen 13. oinarrian publizitateari buruz eskatzen dena bete dela jakinaraziko dute egokitzat jotzen dituzten bitartekoen bidez.

Ebazpenak eman eta jakinaraziko dira Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.4 artikuluan legez ezarritako gehieneko epean. Epe hori bukatuta, entitate interesdunek eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Berariazko edo presuntziozko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.

Hamargarrena.–Bateragarritasuna.

Oinarri arautzaile hauetan aurreikusitako dirulaguntzak ematea bateragarria da jarduera bera egiteko jasotzen diren beste batzuekin.

Hala ere, dirulaguntzaren zenbatekoak ez du inola ere gainditzen ahalko entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua, ez bakarrik, ez beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo norberaren baliabide batzuekin batuta.

Hamaikagarrena.–Dirulaguntza ordaintzea.

Oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoari jarraikiz ordainduko da dirulaguntza, jarduera egin dela frogatu ondoren, eranskin honen 13. oinarrian xedatutakoarekin bat etorriz.

Hamabigarrena.–Dirulaguntzaren justifikazioa.

1. Dirulaguntzaren justifikazio partziala.

Gastuak justifikatzeko, entitateek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, beranduenik kasuan kasuko urteko azaroaren 10ean:

a) Dirulaguntzari aplikatzen zaizkion langile gastuen zerrenda.

Proiektua entitateko langileekin egiten bada, zerrenda horrekin batera honako hauek aurkeztu beharko dira: nominak eta horiek ordaindu izanaren ordainagiriak; langileen zerrenda izenduna (RNT), diruz lagundutako programak garatzen dituzten profesionalak jasotzen dituena; kotizazioen likidazio agiriak (RLC), eta entitateak agiri horiek ordaindu izanaren ordainagiriak. Justifikatutako aldiei dagozkien PFEZaren hiru hileko ordainketa-gutunak ere aurkeztuko dira (715 eredua), zerga horren konturako diru-sarrerei dagozkienak.

Gastuen zerrenda hori telematika bidez igorriko dute entitateek, entitatearen legezko ordezkariaren sinadura digitala duela, eta adierazirik gastuok dirulaguntza honetara baizik ez direla aurkeztu.

Proiektua aholkularitza tekniko baten kontratazioaren bidez gauzatzen bada, zerbitzuaren fakturak eta ordainagiriak aurkeztuko dira.

Organo kudeatzaileak posta elektronikoz bidaliko die entitateei onartutako gastuen zerrenda, gastuen aldaketak barne (halakorik baldin badago), eta onartutako dokumentazioa Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentzian aurkeztu izana ziurtatuko du, jasotako dirulaguntza justifikatzeari begira.

Gainera, jasotako dirulaguntzaren erabilera justifikatzeko, entitateek memoria tekniko bat eta gastua diruz lagundutako jarduerari egoki aplikatu zaiola adierazten duen ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, azken hori udaleko idazkariak sinatua eta kontu-hartzaileak ikus-onetsia, horrelakorik baldin bada; eta horri guztiari programarekin loturiko fakturen zerrenda gehituko zaie.

b) Diruz lagundutako programak gauzatzeari buruzko memoria teknikoa. Gehienez ere hamar folio izanen ditu programa bakoitzeko, behar bezala zenbakituak, horietatik kenduta azala eta aurkibidea. Orriaren neurria DIN A4 izanen da, bi aldetara inprimatuta. Letra mota Arial edo antzekoa izanen da, gutxienez ere 11 puntuko neurrikoa, eta lerroartea bakuna izanen da. Grafikoek gutxienez ere 10 puntuko letra izanen dute, eta ez dute orrialde osoa hartzen ahalko. Aipatu orrialde kopurua gainditzen bada, organo kudeatzaileak gehieneko orrialde kopuruan sartzen dena baloratuko du bakarrik.

Memorian, egindako programaren ezaugarri guztiak azaltzeaz gain, programaren erabiltzaileen banakako jarraipena jaso beharko da, eta, gainera, adierazi beharko da nola aplikatu den genero ikuspegia programa gauzatzean, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Legearekin bat.

Gainera, toki entitateak adieraziko du zer publizitate egin duen programa Nafarroako Gobernuak finantzatu duela esanez, Nafarroako Gobernuaren ikur ofizial eta guzti.

c) Diruz lagundutako programa bakoitzaren erabiltzaileen zerrenda, generoaren arabera bereizia, euskarri informatikoan.

d) Diruz lagundutako programen emaitzen kontua (diru-sarrerak eta gastuak). Diru-sarreren kapituluan, entitateak diruz lagundu den jarduera finantzatzeko jaso dituen diru-sarrerak azalduko ditu, funts horien zenbatekoa eta jatorria zehaztuta, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak emandakoarekin bateragarriak diren dirulaguntzak barne. Diru-sarrerak guztira ezin dira izan diruz lagundu den jarduera egiteko kostuak baino handiagoak.

Gastuen atalean gastu guztiak zehaztuko dira, bi kontzeptutan banatuta: langileak eta jarduerak.

2. Dirulaguntzaren azken justifikazioa.

2024ko otsailean, entitate onuradunak entitatearen memoria tekniko bat aurkeztuko du jarduera egin izana justifikatzeko dokumentazio gisa, non deialdi honetan diruz lagundutako programak agertuko diren. Memoria horretan azalduko da nola aplikatu den jardueran genero ikuspegia, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearekin bat.

Memoria horrek gehienez ere hogeita bost folio (50 orrialde) izanen ditu, behar bezala zenbakituak, horietatik kenduta azala eta aurkibidea. Orriaren neurria DIN A4 izanen da, bi aldetara inprimatuta. Letra mota Arial edo antzekoa izanen da, gutxienez ere 11 puntuko neurrikoa, eta lerroartea bakuna izanen da. Grafikoek gutxienez ere 10 puntuko letra izanen dute, eta ez dute orrialde osoa hartzen ahalko. Aipatu orrialde kopurua gainditzen bada, organo kudeatzaileak gehieneko orrialde kopuruan sartzen dena baloratuko du bakarrik.

Ez da beharrezkoa izanen memoria hau aurkeztea justifikazio partzialean aurkeztu bada.

Hamahirugarrena.–Entitate onuradunen betebeharrak.

a) Proiektua gauzatzea entitateak eskaeran eta dirulaguntza emateko baldintzetan zehaztu bezala.

b) Eranskin honen 12. oinarrian aipatzen diren frogagiriak, tartekoak eta azkenekoak, aurkeztea.

c) Laguntza ematen duen organoak egin beharreko egiaztatze lanak onartzea, indarra duen antolamendu juridikoaren arabera bidezkoak badira.

d) Dirulaguntza jasotzen duen jardueraren frogagiriak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izan daitezkeen bitartean.

e) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako beste laguntzen, diru-sarreren edo baliabideen berri ematea laguntza ematen duen organoari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren frogatu baino lehen.

f) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

g) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legerian ezarritako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.

h) Diru-laguntzei buruzko Foru Legeak entitate onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

i) Oro har, diruz lagundutako jarduerari buruzko informazio, zabalkunde eta publizitate jarduketa guztietan, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala erakutsi beharko da deialdi honen kargura egiten diren ekintzetan, bat etorriz Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua partez aldatu zuen otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuan eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariaren uztailaren 2ko 212/2010 Foru Aginduan xedatutakoarekin.

Hamalaugarrena.–Hornitzaileen kontratazioa eta azpikontratazioa.

Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, bidezkoa da azpikontratazioa egitea, alegia, hirugarrenekin hitzartzea haiek gauzatu dezatela, hein batean, dirulaguntzaren xede den jarduera. Entitate onuradunak berak egiten badu diruz lagundutako jarduera, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu honetatik kanpo geldituko da.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, zerbitzuak aholkularitza edo laguntza enpresek ematen badituzte eta gastu diruz lagungarrien zenbatekoa 12.000 eurokoa baino handiagoa bada, onuradunak frogatu beharko du, dirulaguntza ematen duen organoaren aurrean, hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela.

Kasu horietan, entitate onuradunak helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin edo gehiagorekin kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak, eta eskaintzarik onena egiten duenarekin sinatuko du. Entitate onuradunak kontsulta-tramite horren gaineko dokumentazioa eta dagozkion eskaintzak gorde beharko ditu, eta kontu horiek guztiak agiri bidez frogatu dirulaguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratuak indarra hartu bezain laster. Agiri horiekin batera, egindako hautapena arrazoitzeko txosten labur bat aurkeztuko da.

Ez da beharrezkoa izanen enpresa bati baino gehiagori kontsulta egitea, diruz lagungarriak diren gastuen ezaugarrien berezitasunagatik merkatuan hornidura edo zerbitzu hori ematen duten enpresak behar adina ez direnean, edo gastua egin denean dirulaguntza eskatu baino lehenago.

Hamabosgarrena.–Baldintzen aldaketa.

Entitate onuradunek, jasotzen dituzten bestelako dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrerez gain, dirulaguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan hartutako inguruabarretan gertatzen diren aldaketa guztiak ere jakinarazi beharko dizkiote Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziari.

Diruz lagundutako entitateek, salbuespen gisa, diruz lagundutako oinarrizko jarduketen edo programen edukia edota haiek gauzatzeko modua eta epeak aldatzeko eskatzen ahalko dute baldin eta ezusteko inguruabarrek oinarrizko jarduketen edo programaren garapena aldarazten edo zailtzen badute, edo, baliabideak efizientziaz erabilita, diruz lagundutako jarduerari aplikatu gabeko soberakinak lortu badira eta soberakin horiek erabili nahi badira diruz lagundutako proiektuko jarduerak handitzeko.

Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira, eta inguruabar horiek gertatu eta berehala adierazi beharko dira, betiere, diruz lagundutako oinarrizko jarduketak edo programak egiteko epea bukatu baino lehen.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan egiten den edozein aldaketak dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea ekar dezake, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak onartuta egonda ere, edo kasuan kasuko zenbatekoa itzultzeko eskatzen ahalko da, hala badagokio.

Hamaseigarrena.–Itzulketak eta ez-betetzeak.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, programa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.

Dena dela, entitateak modu boluntarioan eskatzen ahalko du justifikatu gabeko dirulaguntzaren zenbatekoaren itzulketa. Horretarako, frogagiri bat aurkeztu beharko du, erakusteko diru sarrera bat egin dela Eskubide Sozialetako Departamentuaren alde, aldez aurretik ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldearen adinakoa. Kasu horretan, ez da berandutze-interesik aplikatuko, eta ulertuko da entitateak espresuki uko egiten diola itzultzen duen zenbatekoari.

Orobat, entitate onuradunak ia osorik betetzen baditu dagozkion betebeharrak eta frogatzen badu bere eginbeharrak betetzeko jarrera garbia duela, proportzionaltasun-printzipioari jarraituz zehaztuko da itzuli edo ordaindu beharreko zenbatekoa, ikusita dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren. Ez-betetzeak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.1.p) artikuluan ezarritakoaren arabera neurtuko dira.

Dagokion dokumentazioa ez bada aurkezten justifikazioa egiteko epeetan, partzialetan zein amaierakoan, baina bai aurkezten bada horien ondorengo 5 egunetan, honako hau izanen da atzerapenaren penalizazioa: emandako dirulaguntzaren zenbatekoa %5 murriztuko da. Atzeratzen den seigarren egunetik aurrera, %1 gehituko da egun bakoitzeko, epe hori bukatu eta, gehienez, hurrengo 15 egun naturalez.

Hamazazpigarrena.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradun diren entitateak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen menpe egonen dira, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Dirulaguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

Hemezortzigarrena.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezko diren administrazio errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.

Hemeretzigarrena.–Aplikatu beharreko arauak.

Oinarri arautzaile hauetan ezarritakoaz gain, ondoren aipatzen diren arauetan agertzen diren xedapenak aplikatzekoak dira: 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa; 15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa; 69/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duena; 39/2006 Legea, abenduaren 14koa, autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoa; 1051/2013 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, mendekotasuna dutenen autonomiarako eta arretarako sistemaren prestazioak arautzen dituena; 11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa; eta 39/2015 Foru Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

2. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, toki entitateei dirulaguntzak emateko, 2023an adinekoei eta mendekotasuna duten pertsonei laguntza psikologikoa eta emozionala emateko programen garapenaren finantzaketarako

Lehena.–Xedea, jarduketa eremua eta helburua.

Deialdi honen xedea da arauak ezartzea toki entitateei dirulaguntzak emateko, Nafarroako Foru Komunitatean 2023ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean adinekoei eta mendekotasuna duten pertsonei laguntza psikologikoa eta emozionala emateko programak gara ditzaten.

Bigarrena.–Toki entitateek bete beharrekoak.

Dirulaguntza hauen onuradunak Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateak eta gizarte zerbitzuen mankomunitateak izanen dira, 2023. urtean adinekoei eta mendekotasuna duten pertsonei laguntza psikologikoa eta emozionala emateko gauzatu beharreko programak aurkezten badituzte.

Ez dira onuradun izaten ahalko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13  artikuluan aurreikusitako debeku-egoeraren batean dauden toki entitateak eta gizarte zerbitzuen mankomunitateak.

Entitate bakoitzak programa bakarra aurkezten ahalko du. Programaren bat beste toki entitate batzuekin batera aurkezten duten entitateek ez dute bakarka beste programarik aurkezten ahalko.

Hirugarrena.–Programetan bete beharrekoak.

a) Adinekoei eta mendekotasuna duten pertsonei laguntza psikologikoa eta emozionala emateko programak 2023an gauzatuko dira, sei hilabetez, gutxienez ere.

b) Programa horiek berariaz taxuturik egonen dira dirulaguntzaren xede diren pertsonentzat.

c) Astean hamar orduz emanen dute arreta, gutxienez ere.

d) Programa horiek gauzatzeko kontratatzen diren langileek profil psikologikoa izanen dute, eta zuzenean artatuko dituzte erabiltzaileak.

e) Programen helburua izanen da arazo psikologiko eta emozionalei aurrea hartzea ahal den heinean, estresa, depresioa, antsietatea eta antzeko egoerak kudeatzen lagunduz.

Laugarrena.–Adinekoei eta mendekotasuna duten pertsonei laguntza psikologikoa eta emozionala emateko programen hartzaileek bete beharrekoak.

Programa hauen hartzaileak 65 urtetik gorako pertsonak eta mendekotasuna duten 60 urtetik gorako pertsonak dira.

Bosgarrena.–Gastu diruz lagungarriak.

Laguntza psikologikoa eta emozionala emateko programak gauzatzeko gastu diruz lagungarriak hauek izanen dira: entitate onuradunak 2023ko urtarriletik urrira bitartean kontratatutako langileen gastuen %50. Langile horiek zuzenean jardunen dute adinekoekin edota mendekotasuna duten pertsonekin, eta profil psikologikoa izanen dute.

Ez da inola ere diruz lagunduko aurrekoez bestelako kontzepturik.

Programa hauetako zuzeneko arretarako langileen gastuetarako, toki entitate bakoitzak 5.000,00 euroko dirulaguntza jasoko du gehienez ere.

Seigarrena.–Eskaerak aurkeztea.

Eskaerak eta dokumentazio orokorra aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Telematika bidez aurkeztu behar dira, nahitaez, Nafarroako Gobernuaren erregistro orokor elektronikoaren bitartez, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari zuzenduko zaizkio.

Dokumentazioa eskaneatuta aurkeztuko da, dokumentu bereizietan, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

Dirulaguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

Zazpigarrena.–Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Eskaera webgunean dagoen ereduaren arabera aurkeztu behar da (3. eranskina).

2. Eskatutako dirulaguntzaren xede den proiektu teknikoan honako hauek zehaztuko dira: helburu orokorrak eta espezifikoak, erabilitako metodologia, jardueren deskribapena, proiektuaren onuradunen azalpen argia, parte hartuko duten pertsonen kopurua, proiektuaren plangintza eta egutegia, aurrekontua eta abar, bai eta ebaluazio-adierazleen deskribapena ere.

Finantzatu beharreko programa guztiak diseinatu eta gauzatzean genero ikuspegia txertatuko da, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearekin bat.

3. Diruz lagundu beharreko programa bakoitzeko oinarrizko deskribapen fitxa bat, 4. eranskinean jasotako ereduaren araberakoa.

4. Erantzukizunpeko adierazpena, 5. eranskineko ereduaren araberakoa, adierazteko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen menpe dagoela eta 13. artikuluan ezartzen diren baldintzak betetzen dituela.

5. Entitate eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz hartu behar dituenean edo haiek kobratzeko kontua aldatu nahi duenean, transferentzia bidez kobratzeko eskabidea aurkeztu beharko du, behar bezala betea eta sinatua, 6. eranskineko ereduaren araberakoa.

6. Dirulaguntzaren xede izanen diren adineko pertsonentzako programetan zuzenean esku hartzen duten profesionalen titulazioaren kopia.

Dokumenturen bat jadanik Foru Komunitateko Administrazioaren esku badago, entitate interesdunak hala azaldu beharko du eskaeran, adieraziz zer dokumentu den eta dokumentua dagoen administrazio espedientearen zenbakia, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren arabera edo Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermerako abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren arabera datu babesturik bada, baimena emanen zaio Eskubide Sozialetako Departamentuari haietan sartzeko.

Zortzigarrena.–Antolatu, instruitu eta ebazteko prozedura.

1. Deialdi honen ondorioetarako, dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak Programen eta Dirulaguntzen Kudeaketaren Atalari esleitu zaizkio.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak du eskumena dirulaguntzak emateari buruzko prozedura ebazteko.

2. Deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak norgehiagokako araubidearen bidez emanen dira, aurkezten diren eskaerak erkatuz, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

3. Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 2023ko urtarriletik urrira bitartean kontratatutako langileen gastuaren %50 izanen da, baldin eta horretarako behar adinako aurrekontu esleipena bada. Langile horiek zuzenean artatuko dituzte adinekoak edo mendekotasuna duten pertsonak, aurkeztutako proiektua gauzatuko dute eta profil psikologikoa izanen dute.

4. Ezein entitatek jaso dezakeen dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa ez da inoiz 5.000,00 eurotik gorakoa izanen.

5. Aurreikusita dagoen gehieneko dirulaguntzaren eta eskatzen den dirulaguntzaren arabera esleituko da dirulaguntzaren zenbatekoa.

6. Balorazio ekonomikoaren ondoriozko diru zenbatekoa, guztira, aurrekontuetan dagoen dirua baino handiagoa bada, kasuan kasuko baremoaren aplikazioaren ondoriozko zenbatekoak hainbanatuko dira.

7. Bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Foru Legearen 68.1 artikuluan ezarritakoarekin, toki entitate interesdunari errekerituko zaio hamar egun balioduneko epean hutsegiteak zuzendu edo nahitaezko agiriak aurkez ditzala, eta ohartaraziko zaio, hori egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela, espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan aurreikusita dagoenari jarraikiz.

Orobat, instrukzio organoak deialdia ebazteko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa edo informazio osagarria eskatzen ahalko du edonoiz, baita oinarri hauetan eskatzen diren baldintzak goitik behera betetzen direla frogatzekoa ere.

Bederatzigarrena.–Prozeduraren ebazpena, jakinarazpena, publizitatea eta errekurtsoak.

Eskaera guztiak ebaluatu eta gero, behin betiko balorazioa eginen da. Balorazio positiboa jasotzen duten proiektuei dagokienez, dirulaguntzaren zenbatekoa ezarriko da entitate bakoitzak aurkezten duen langileria gastuaren arabera, eta aurrekontu-kontsignazioa eta eskaera-kopurua ikusita aplikatzen den hainbanaketaren arabera.

Balorazio negatiboa jasotzen duten eskaerek ez dute dirulaguntzarik jasoko.

Instrukzio organoak egindako ebazpen proposamenak ikusita, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak dirulaguntzak esleitzeko ebazpena emanen du.

Ebazpenak entitate interesdunei jakinaraziko zaizkie, adierazita ebazpena emateko aintzat hartutako oinarriak, dirulaguntza hartzen duten eskatzaileen zerrenda eta, halakorik bada, beste eskaerak ezesteko arrazoiak. Dirulaguntza emanez gero, helburua, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta dirulaguntza justifikatzeko modua eta epea zehaztuko dira.

Aurrekoa deusetan galarazi gabe, dirulaguntzak emateko ebazpenak Nafarroako Gobernuko webgunean argitaratuko dira. Argitalpen horretan honako hauek adieraziko dira: deialdia, dirulaguntzak aurrekontuko zer kredituri egozten zaizkion, entitate onuradunak, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren helburua.

Toki entitateek, bestalde, deialdi honen 13. oinarrian publizitateari buruz eskatzen dena bete dela jakinaraziko dute egokitzat jotzen dituzten bitartekoen bidez.

Ebazpenak eman eta jakinaraziko dira Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.4 artikuluan legez ezarritako gehieneko epean. Epe hori bukatuta, entitate interesdunek eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Berariazko edo presuntziozko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.

Hamargarrena.–Bateragarritasuna.

Oinarri arautzaile hauetan aurreikusitako dirulaguntzak ematea bateragarria da jarduera bera egiteko jasotzen diren beste batzuekin.

Hala ere, diru-zenbatekoak ez du inola ere gainditzen ahalko entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua, ez bakarrik, ez beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo norberaren baliabide batzuekin batuta.

Hamaikagarrena.–Dirulaguntza ordaintzea.

Oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoari jarraikiz ordainduko da dirulaguntza, jarduera egin dela frogatu ondoren, eranskin honen 12. oinarrian xedatutakoarekin bat etorriz.

Hamabigarrena.–Dirulaguntzaren justifikazioa.

1. Dirulaguntzaren justifikazio partziala.

Gastuak justifikatzeko, entitateek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, beranduenik kasuan kasuko urteko azaroaren 10ean:

a) Dirulaguntzari aplikatzen zaizkion langile gastuen zerrenda.

Proiektua entitateko langileekin egiten bada, zerrenda horrekin batera honako hauek aurkeztu beharko dira: nominak eta horiek ordaindu izanaren ordainagiriak; langileen zerrenda izenduna (RNT), diruz lagundutako programak garatzen dituzten profesionalak jasotzen dituena; kotizazioen likidazio agiriak (RLC), eta entitateak agiri horiek ordaindu izanaren ordainagiriak. Justifikatutako aldiei dagozkien PFEZaren hiru hileko ordainketa-gutunak ere aurkeztuko dira (715 eredua), zerga horren konturako diru-sarrerei dagozkienak.

Gastuen zerrenda hori telematika bidez igorriko dute entitateek, entitatearen legezko ordezkariaren sinadura digitala duela, eta adierazirik gastuok dirulaguntza honetara baizik ez direla aurkeztu.

Proiektua aholkularitza tekniko baten kontratazioaren bidez gauzatzen bada, zerbitzuaren fakturak eta ordainagiriak aurkeztuko dira.

Organo kudeatzaileak posta elektronikoz bidaliko die entitateei onartutako gastuen zerrenda, gastuen aldaketak barne (halakorik baldin badago), eta onartutako dokumentazioa Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentzian aurkeztu izana ziurtatuko du, jasotako dirulaguntza justifikatzeari begira.

Gainera, jasotako dirulaguntzaren erabilera justifikatzeko, entitateek memoria tekniko bat eta gastua diruz lagundutako jarduerari egoki aplikatu zaiola adierazten duen ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, azken hori udaleko idazkariak sinatua eta kontu-hartzaileak ikus-onetsia, horrelakorik baldin bada; eta horri guztiari programarekin loturiko fakturen zerrenda gehituko zaie.

b) Diruz lagundutako programak gauzatzeari buruzko memoria teknikoa. Gehienez ere hamar folio izanen ditu, zenbakituak, horietatik kenduta azala eta aurkibidea. Orriaren neurria DIN A4 izanen da, bi aldetara inprimatuta. Letra mota Arial edo antzekoa izanen da, gutxienez ere 11 puntuko neurrikoa, eta lerroartea bakuna izanen da. Grafikoek gutxienez ere 10 puntuko letra izanen dute, eta ez dute orrialde osoa hartzen ahalko. Aipatu orrialde kopurua gainditzen bada, organo kudeatzaileak gehieneko orrialde kopuruan sartzen dena baloratuko du bakarrik. Memorian, gauzatutako programaren ezaugarri guztien berri emateaz gain, programaren erabiltzaile bakoitzaren banakako jarraipena jaso beharko da.

Memorian, egindako programaren ezaugarri guztiak azaltzeaz gain, programaren erabiltzaileen banakako jarraipena jaso beharko da, eta, gainera, adierazi beharko da nola aplikatu den genero ikuspegia programa gauzatzean, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Legearekin bat.

Gainera, toki entitateak adieraziko du zer publizitate egin duen programa Nafarroako Gobernuak finantzatu duela esanez, Nafarroako Gobernuaren ikur ofizial eta guzti.

c) Diruz lagundutako programa bakoitzaren erabiltzaileen zerrenda, generoaren arabera bereizia, euskarri informatikoan.

d) Diruz lagundutako programen emaitzen kontua (diru-sarrerak eta gastuak).

Diru-sarreren kapituluan, entitateak diruz lagundu den jarduera finantzatzeko jaso dituen diru-sarrerak azalduko ditu, funts horien zenbatekoa eta jatorria zehaztuta, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak emandakoarekin bateragarriak diren dirulaguntzak barne. Diru-sarrerak guztira ezin dira izan diruz lagundu den jarduera egiteko kostuak baino handiagoak.

Gastuen atalean gastu guztiak zehaztuko dira, bi kontzeptutan banatuta: langileak eta jarduerak.

2. Dirulaguntzaren azken justifikazioa.

2024ko otsailean, entitate onuradunak entitatearen memoria tekniko bat aurkeztuko du jarduera egin izana justifikatzeko dokumentazio gisa, non deialdi honetan diruz lagundutako programak agertuko diren. Memoria horretan azalduko da nola aplikatu den jardueran genero ikuspegia, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearekin bat.

Memoria horrek gehienez ere hogeita bost folio (50 orrialde) izanen ditu, behar bezala zenbakituak, horietatik kenduta azala eta aurkibidea. Orriaren neurria DIN A4 izanen da, bi aldetara inprimatuta. Letra mota Arial edo antzekoa izanen da, gutxienez ere 11 puntuko neurrikoa, eta lerroartea bakuna izanen da. Grafikoek gutxienez ere 10 puntuko letra izanen dute, eta ez dute orrialde osoa hartzen ahalko. Aipatu orrialde kopurua gainditzen bada, organo kudeatzaileak gehieneko orrialde kopuruan sartzen dena baloratuko du bakarrik.

Ez da beharrezkoa izanen memoria hau aurkeztea justifikazio partzialean aurkeztu bada.

Hamahirugarrena.–Entitate onuradunen betebeharrak.

a) Proiektua gauzatzea entitateak eskaeran eta dirulaguntza emateko baldintzetan zehaztu bezala, edozein jarduketa-arlotan.

b) Eranskin honen 12. oinarrian aipatzen diren frogagiriak, tartekoak eta azkenekoak, aurkeztea.

c) Laguntza ematen duen organoak egin beharreko egiaztatze lanak onartzea, indarra duen antolamendu juridikoaren arabera bidezkoak badira.

d) Dirulaguntza jasotzen duen jardueraren frogagiriak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izan daitezkeen bitartean.

e) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako beste laguntzen, diru-sarreren edo baliabideen berri ematea laguntza ematen duen organoari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren frogatu baino lehen.

f) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

g) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legerian ezarritako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.

h) Diru-laguntzei buruzko Foru Legeak entitate onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

i) Oro har, diruz lagundutako jarduerari buruzko informazio, zabalkunde eta publizitate jarduketa guztietan, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala erakutsi beharko da deialdi honen kargura egiten diren ekintzetan, bat etorriz Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua partez aldatu zuen otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuan eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariaren uztailaren 2ko 212/2010 Foru Aginduan xedatutakoarekin.

Hamalaugarrena.–Hornitzaileen kontratazioa eta azpikontratazioa.

Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, bidezkoa da azpikontratazioa egitea, alegia, hirugarrenekin hitzartzea haiek gauzatu dezatela, hein batean, dirulaguntzaren xede den jarduera. Dirulaguntzaren xede den jarduera berez egin ahal izateko onuradunak egin behar dituen gastuen kontratazioa kontzeptu horretatik kanpo gelditzen da.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, zerbitzuak aholkularitza edo laguntza enpresek ematen badituzte eta gastu diruz lagungarrien zenbatekoa 12.000 eurokoa baino handiagoa bada, onuradunak frogatu beharko du, dirulaguntza ematen duen organoaren aurrean, hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela.

Kasu horietan, entitate onuradunak helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin edo gehiagorekin kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak, eta eskaintzarik onena egiten duenarekin sinatuko du. Entitate onuradunak kontsulta-tramite horren gaineko dokumentazioa eta dagozkion eskaintzak gorde beharko ditu, eta kontu horiek guztiak agiri bidez frogatu dirulaguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratuak indarra hartu bezain laster. Agiri horiekin batera, egindako hautapena arrazoitzeko txosten labur bat aurkeztuko da.

Ez da beharrezkoa izanen enpresa bati baino gehiagori kontsulta egitea, diruz lagungarriak diren gastuen ezaugarrien berezitasunagatik merkatuan hornidura edo zerbitzu hori ematen duten enpresak behar adina ez direnean, edo gastua egin denean dirulaguntza eskatu baino lehenago.

Hamabosgarrena.–Baldintzen aldaketa.

Entitate onuradunek, jasotzen dituzten bestelako dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrerez gain, dirulaguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan hartutako inguruabarretan gertatzen diren aldaketa guztiak ere jakinarazi beharko dizkiote Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziari.

Diruz lagundutako entitateek, salbuespen gisa, diruz lagundutako oinarrizko jarduketen edo programen edukia edota haiek gauzatzeko modua eta epeak aldatzeko eskatzen ahalko dute baldin eta ezusteko inguruabarrek oinarrizko jarduketen edo programaren garapena aldarazten edo zailtzen badute, edo, baliabideak efizientziaz erabilita, diruz lagundutako jarduerari aplikatu gabeko soberakinak lortu badira eta soberakin horiek erabili nahi badira diruz lagundutako proiektuko jarduerak handitzeko.

Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira, eta inguruabar horiek gertatu eta berehala adierazi beharko dira, betiere, diruz lagundutako oinarrizko jarduketak edo programak egiteko epea bukatu baino lehen.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan egiten den edozein aldaketak dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea ekar dezake, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak onartuta egonda ere, edo kasuan kasuko zenbatekoa itzultzeko eskatzen ahalko da, hala badagokio.

Hamaseigarrena.–Itzulketak eta ez-betetzeak.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, programa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.

Dena dela, entitateak modu boluntarioan eskatzen ahalko du justifikatu gabeko dirulaguntzaren zenbatekoaren itzulketa. Horretarako, frogagiri bat aurkeztu beharko du, erakusteko diru sarrera bat egin dela Eskubide Sozialetako Departamentuaren alde, aldez aurretik ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldearen adinakoa. Kasu horretan, ez da berandutze-interesik aplikatuko, eta ulertuko da entitateak espresuki uko egiten diola itzultzen duen zenbatekoari.

Orobat, entitate onuradunak ia osorik betetzen baditu dagozkion betebeharrak eta frogatzen badu bere eginbeharrak betetzeko jarrera garbia duela, proportzionaltasun-printzipioari jarraituz zehaztuko da itzuli edo ordaindu beharreko zenbatekoa, ikusita dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren. Ez-betetzeak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.1.p) artikuluan ezarritakoaren arabera neurtuko dira.

Dagokion dokumentazioa ez bada aurkezten justifikazioa egiteko epeetan, partzialetan zein amaierakoan, baina bai aurkezten bada horien ondorengo 5 egunetan, honako hau izanen da atzerapenaren penalizazioa: emandako dirulaguntzaren zenbatekoa %5 murriztuko da. Atzeratzen den seigarren egunetik aurrera, %1 gehituko da egun bakoitzeko, epe hori bukatu eta, gehienez, hurrengo 15 egun naturalez.

Hamazazpigarrena.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradun diren entitateak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen menpe egonen dira, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Dirulaguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

Hemezortzigarrena.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezko diren administrazio errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.

Hemeretzigarrena.–Aplikatu beharreko arauak.

Oinarri arautzaile hauetan ezarritakoaz gain, ondoren aipatzen diren arauetan agertzen diren xedapenak aplikatzekoak dira: 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa; 15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa; 69/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duena; 39/2006 Legea, abenduaren 14koa, autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoa; 1051/2013 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, mendekotasuna dutenen autonomiarako eta arretarako sistemaren prestazioak arautzen dituena; 11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa; eta 39/2015 Foru Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

Iragarkiaren kodea: F2303327