55. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ITZAGAKO ADMINISTRAZIO ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Estatutuen aldaketa. Behin betiko onespena

Itzagako Administrazio Zerbitzuen Mankomunitateko Batzarrak, 2022ko maiatzaren 12an eta abuztuaren 11n egindako bilkuretan, hasiera batez eta behin betiko onetsi zuen, hurrenez hurren, Mankomunitatearen estatutuetan egindako aldaketa.

Hasierako onespena hilabetez egon zen jendaurrean Mankomunitateko udalen idazkaritzetan, eta epe horretan inork ez zuen alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu.

Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuari eskatutako txostena bildurik, estatutuen proiektuaren aldaketa Mankomunitateko Batzarrera eraman zen, eta hura osatzen duten toki erakunde guztien aldeko botoa jaso zuen. Beraz, behin betikoz onetsitako testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 50. artikuluan xedatua bete beharrez.

Urrotz-Hirian, 2023ko otsailaren 20an.–Mankomunitateko burua, Elsa Plano Urdaci.

ZIOEN AZALPENA

Itzagako Administrazio Zerbitzuen Mankomunitatearen estatutuak hura osatzen duten udalek onetsi zituzten, beraiek egindako bilkuretan, 2002ko azaroan.

Estatutuen testua 2002ko 149. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 11n. Estatutuen azken aldaketa, berriz, 2011ko 253. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 27an, eta orduz geroztik ez da aldaketarik egin estatutuetan.

Aldaketa honek arrazoi bat du, alegia, udalek uste dute beharrezkoa dela Mankomunitatearen xedea, eskumenak eta ahalmenak handitzea, Mankomunitateak eginkizun berriak bere gain hartzeko eta zerbitzu berriak kudeatzeko, hura osatzen duten udalek haren esku utzi ondoan. Hori guztia jasota dago, hain zuzen, 4. artikuluko 2. eta 3. paragrafoetan.

I. TITULUA

Eraketa, izena eta helbidea

1. artikulua.

Eloko, Untzitiko, Ibargoitiko, Itzagaondoko, Lizoain-Arriasgoitiko eta Urrotz-Hiriko udalerriek Itzagako Administrazio Zerbitzuen Mankomunitatea (aurrerantzean Mankomunitatea) eratu dute, Estatutu hauen II. kapituluan agertzen diren beren eskumeneko zerbitzuak elkarrekin antolatu eta emateko.

Mankomunitate honen antolakuntza eta funtzionamendua Estatutu hauek xedatzen dutenari lotuko zaizkio, eta horien ordez, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeari eta Nafarroako Toki Entitateei aplikatzen ahal zaizkien gainerako arauei.

2. artikulua.

Nortasun juridikoa eta lurralde eremua. Mankomunitate honek badu nortasun juridiko berezkoa, hura osatzen duten udalerrien nortasunaz bertzelakoa. Beraz, gaitasun juridiko osoa du egintza juridikoetarako, bere xede berariazkoak bete daitezen.

Mankomunitatearen jardun esparruak hura osatzen duten toki erakundeen mugapeak hartuko ditu.

3. artikulua.

Mankomunitateak Urrotz-Hiriko udalerriko Udaletxean izanen du egoitza, eta Mankomunitateko organo kide anitzen bilkurak ere hantxe eginen dira, deusetan ukatu gabe Mankomunitatea osatzen duten udalerrien zerbitzu tekniko eta administratiboen gunea haietako edozein udaletxetan izaten ahal den.

Nolanahi ere, behar bezala justifikaturiko kasuetan, hura osatzen duten udalerrietan egiten ahalko dira. Halakoetan, udalek Mankomunitateari beren egoitzak erabiltzeko baimena eman beharko diote bere organo kolegiatuen bilkurak egin ahal izateko.

II. TITULUA

Mankomunitatearen xedea, eskumenak eta ahalmenak

4. artikulua.

1.–Mankomunitatearen xedea da hura osatzen duten udalerrien zerbitzu administratiboak batera ematea eta haiei eustea. Horiek idazkaritza, kontu hartzailetza eta diruzaintza arlokoak dira, baita beroriei sostengu emateko langilearenak eta aholkularitza teknikoa eman beharrez Mankomunitateko kideek berariaz erabakitzen dituzten gainerako zerbitzuak ere.

Horretarako, udalerri bakoitzeko idazkaritza, kontu hartzailetza eta diruzaintza lanetako funtzio publiko eta beharrezkoak Mankomunitatearen plantilla organikoan horretarako agertzen diren lanpostuak betetzen dituztenei esleituko zaizkie.

Orobat, Mankomunitateak udalerri elkartuei idazkaritza, kontu hartzailetza eta diruzaintza lanetako funtzio publikoetatik heldu diren zerbitzu administratiboak eta langile komunak mantentzeagatik heldu direnak emateaz gain, puntualki eta berrikusteko moduan, bere egoitzetako langile administratiboak eta zerbitzuetakoak atxikiko ditu, udalerri bakoitzak elkarketa proiektuagatik galdatu duen maneran eta denboran, edo zerbitzuak hobeki eman beharrez etorkizunean erabakitzen den gisan.

Mankomunitateak konpromisoa hartzen du bere udal kontzejudunetako kontzejuen eskura uzteko Mankomunitatearen administrazio eta antolaketa egitura berriaren ondoriozko kudeaketa, aholkularitza eta laguntza gaitasuna, baldin eta hala eskatzen badute. Laguntza hori onartzen duen udalerri bakoitzeko Udalaren gain geldituko da kontzejuen aldetik etortzen ahal den eskaeraren kostu berariazkoa, mankomunitate proiektuan ezarritako baldintzetan.

2.–Halaber, toki erakundeen eskumenekoak izanik, udalek haren esku uzten dituzten zerbitzuak kudeatuko ditu Mankomunitateak, baldin eta onartzen baditu, bereziki, honako hauek:

a) Mankomunitateko udal batek baino gehiagok erabil ditzakeen langile, bitarteko eta zerbitzuak kontratatzea.

b) Kirol, gazteria eta gizarte eta kultur arloko jarduerak (prestakuntza eta liburutegi arlokoak barne) planifikatzea, sustatzea, egitea, garatzea eta koordinatzea, Mankomunitateko udalerrietan, zuzenean nahiz udal bakoitzarekiko lankidetzan.

c) Argiteria publikoaren mantentze-lanak.

d) Hilerriak eta ehorzketa zerbitzuak.

e) Bideak garbitzea.

f) Hirigintza arloko antolaketa, kudeaketa, betearazpena eta diziplina, eta bereziki etxebizitzen zaharberritzeari dagokion guztia.

g) Ur hornidura, saneamendua, hondakin uren arazketa eta, oro har, uraren ziklo osoaren kudeaketa.

h) Mankomunitatearen esparruko garapena sustatzea, toki garapenerako estrategiak abiaraziz.

i) Udalerrian sustatzea herritarren parte-hartzea informazioaren eta komunikazioen teknologien erabilera eraginkor eta jasangarrian. Horretarako, esaterako, komunikazio elektronikoen sare publikoak instalatu eta ustiatuko dira eta administrazio publikoek komunikazio elektronikoen zerbitzuak emanen dituzte hirugarrenendako prestazio arubidean.

Udalen eskumeneko bertze edozein zerbitzu Mankomunitatearen esku uzteko eta honek onartzeko, hitzarmena egin beharko da, udal bakoitzeko organo eskudunak eta Mankomunitateak onetsiko dutena. Hartan zerbitzu egiteko manera eta haren finantzaketa ezarriko dira.

3.–Zerbitzuak ahalik eta ongien kudeatzeko eta bere eskumenak erabiltzeko, Mankomunitateak zilegi izanen du:

a) Berariazko atalak sortzea 2. puntuan aipatutako gaietako batzuetarako edo guztietarako. Haiei atxikiko zaizkie erakunde mankomunatuak.

b) Zerbitzu horiek emateko behar diren obra eta instalazio guztiak egitea.

c) Aipatu helburuetarako zuzenean edo zeharka balio duten jarduera guztiak egitea. Legeriak toki entitateen esku uzten dituen eskubide eta ahalmen guztiak izanen ditu.

5. artikulua.

Mankomunitateari dagozkio, betiere bere eskumenen barnean, toki araubideari buruzko legeriak udalerrien esku uzten dituen ahalmen hauek:

a) Arauak eta barne antolaketa egitea.

b) Bere eskumenei dagozkien finantza eta zerga arloko jardueraren ondoriozkoa.

c) Bere egintzen legezkotasuna eta betearazteko indarra.

d) Nahitaez betearaztea eta zehatzeko ahalmena.

e) Bere egintzak ofizioz berrikustea.

III. TITULUA

Indarraldia

6. artikulua.

Mankomunitatearen indarraldia mugagabea da eta haren estatutuak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan hasiko da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatutakoaren arabera.

IV. TITULUA

Gobernu organoen antolaketa

I. KAPITULUA

Xedapen orokorra

7. artikulua.

Organo hauei dagozkie Mankomunitatearen gobernua eta administrazioa:

a) Batzar Nagusia.

b) Lehendakaria.

c) Lehendakariordea.

II. KAPITULUA

Batzar Orokorra

8. artikulua.

Batzar Nagusiak Mankomunitateko udalak ordezkatzen ditu eta udaletako osoko bilkuretan izendatutako hautetsiek osaturik dago.

Aldian behin eratuko da Batzar Nagusia, jendaurreko bilkuran, udal hauteskundeak egin ondoko hiru hilabeteko epean.

Batzar Nagusiari, bere eratze berrian, Mankomunitateko idazkariak emanen dio laguntza.

9. artikulua.

Mankomunitatea zenbat udalerrik osatzen duten, hainbertze izanen da batzarkide kopurua. Bakoitzak boto ponderatua izanen du bere biztanleriaren arabera. Hura Estatistikaren Institutu Nazionalak onesten dituen azken datu ofizialei dagokiena izanen da beti.

Hala ere, udalerri bakoitzak ordezkari titular bat izendatzen ahalko du eta bertze bat haren ordezko. Biek dagokien ordezkaritza izanen dute beren gain, boto bakar baten bidez baizik ez.

10. artikulua.

Batzarreko kideek, oro har, kasu hauetan utziko dute kargua:

a) Beren udalbatzako kide izateagatik zuten agintaldia betetzean. Horrela izanez gero, Batzarreko kide diren aldetik lanean jarraituko dute beren ondorengoak karguaz jabetu arte. Dena dela, bakarrik administrazio arruntaz arduratuko dira eta bitarteko epe horretan ez da erabakirik hartzen ahalko gehiengo kualifikatua behar bada horretarako.

b) Epai judizial irmoagatik, heriotzagatik, ezgaitasunagatik, Udaleko zinegotzi edo Mankomunitatearen Batzarreko kide izateko karguari uko egiteagatik. Kasu horretan, udal horretako osoko bilkurak bertze kide bat izendatu beharko du.

11. artikulua.

Eskudantzia hauek dagozkio Batzarrari:

a) Lehendakaria hautatu eta kargutik kentzea.

b) Lehendakariaren jarduera kontrolatu eta fiskalizatzea.

c) Erregelamendu Organikoa onestea, baita Mankomunitatearen eskumeneko gainontzeko xedapen orokorrak ere.

d) Zerga arloko baliabideak zehaztea, aurrekontuak onetsi eta aldatzea, bere eskumeneko gaietako gastuak xedatzea eta kontuak onestea.

e) Plantilla organikoa, lanpostuen zerrenda eta enplegu eskaintza onestea, baita funtzionarioak zerbitzutik kentzea eta lan-kontratudunen kaleratzea berrestea ere.

f) Kreditu edo bermeko eragiketak erabakitzea eta kitak zein itxaroteak ematea, Mankomunitateko lehendakariari dagokionean izan ezik.

g) Ondasunak eskuratu eta besterentzea, Mankomunitateko lehendakariari dagokionean izan ezik.

h) Obra, zerbitzu eta hornidurak kontratatzea, Mankomunitateko lehendkariari dagokionean izan ezik.

i) Zerbitzuak kudeatzeko modua onestea.

j) Ekintza judizial eta administratiboak gauzatzea.

k) Bertze administrazio publikoekin koordinatu edo lan egiteko hitzarmenak onestea.

l) Legeek espresuki bere esku uzten dituzten gainerakoak.

12. artikulua.

Batzarrak bere eskumenetako edozein uzten ahal du, osorik edo hein batean, Mankomunitateko lehendakariaren esku, toki araubideko legeriaren arabera inoren esku utzi ezin direnak izan ezik.

13. artikulua.

Nafarroako toki entitateek erabakiak hartzeko duten araubideari jarraituz hartuko dira erabakiak. Arau orokor gisa, eta zein den boto ponderazioa ikusita, bildutako udal ordezkarien gehiengo soilaz hartuko dira erabakiak. Gehiengo kualifikatuaren adostasun botoa beharko da, Legeak hala agintzen duenean.

Azaroaren 26ko 30/92 Legearen 23. artikuluan xedatuari jarraikiz, Mankomunitateko lehendakariari dagokio bere botoarekin berdinketak haustea Batzarraren eskumeneko erabakiak hartzen direnean.

Batzarrak aldian behineko bilkura arruntak egiten ditu, aitzinetik ezarrita, baita bereziak ere; gainera, presakoak izan daitezke. Gutienez ere, bilkura arrunt bat eginen da hiru hilean behin.

Mankomunitateko lehendakariari dagozkio Batzar Nagusirako deia egitea eta eguneko gaien zerrenda finkatzea. Deia garaiz eginen da, ordezkari guztiek denbora aski izan dezaten landuko diren gaiak aztertzeko.

Gutienez ere, berrogeita zortzi ordu lehenago jakinarazi beharko da deia, behar adina arrazoituta dauden presakoetan izan ezik.

Deialditik aurrera, kide guztiek eskura izanen dituzte espedienteak eta landu beharreko gaiak, horretarako prestatutako tokian.

Deietan, bilkura zein egun, ordu eta tokitan eginen den adieraziko da.

III. KAPITULUA

Lehendakaria

14. artikulua.

Udaletako ordezkari guztiak izanen dira, txandaka eta bi urtetik behin, Batzarreko lehendakari. Hartara, Eloko udalerriko ordezkaria hasiko da eta epe hori iraganda bere agintaldia bukatzen duenean, horren ondotik alfabetoz heldu den udalerrikoak hartuko du karguaren jabetza eta bi urteko aldi berdinerako, eta horrela segiturik, ordezkapen bakoitza zer legegintzalditan egiten den kontuan hartu gabe.

Udal guztietako ordezkariak Mankomunitateko lehendakaritzan lehen aldiz aritzeko gurpila bururatzen delarik, berriz ere hasiko da lehendakaritzaren txandakatzea, lehen udaletik hasi eta alfabetozko segidan, azkeneraino eta segi.

Nolanahi ere, lehendakaritza egokitzen zaion udal elkartu bakoitzak, bere ordezkariaren bitartez, uko egiten ahalko dio karguari. Halakoetan, alfabetoaren arabera ondotik heldu den udal ordezkariak hartuko du lehendakaritza, eta horrela hurrenez hurren.

Batzarreko gainerako ordezkariek ere, baita lehenago lehendakari ibilitakoek ere, uko egiten badiote lehendakaritzari, nahitaez hartu beharko du bere gain lehendakaritza azkenekoz izan duenaren ondoko udalerriko ordezkariak, alfabetozko segidari jarraikiz.

15. artikulua.

Mankomunitateko lehendakaria eskudantzia hauen jabe da:

a) Mankomunitateko gobernua eta administrazioa zuzentzea.

b) Mankomunitatearen ordezkari izatea.

c) Batzar Nagusirako deiak egin eta bilkuretan buru aritzea.

d) Obra, zerbitzu eta hornidurak kontratatzea, zenbatekoak aurrekontuaren baliabide arrunten %5etik goiti edo zuzeneko kontrataziorako ezarrita dagoen muga orokorraren %50etik goiti egiten ez duen bitartean, eta, nahiz eta zenbateko hori gainditu, urtebetetik goitiko iraunaldia ez izan eta urteko aurrekontuan kontsignatutakoa baino kreditu handiagorik behar ez duten bitartean.

e) Ekintza judizial eta administratiboak erabiltzea presako kasuetan.

f) Aurrekontuen proiektuak prestatzea, gastuak xedatzea bere eskumeneko mugen barrenean eta ordaintzeko agintzea, diru-sarrerak egitera behartzen duten dokumentuak baimentzea eta kontuak ematea. Garapena eta kudeaketa ekonomikoa, onetsitako aurrekontuaren arabera.

g) Bere kabuz eta erantzukizunpean hartzea beharrezko neurri egokiak Mankomunitatearen interesak arrisku larrian daudenean, eta haien berri ematea berehala Batzarrari.

h) Ondasunak kostu bidez eskuratzea, zenbatekoak aurrekontuaren baliabide arrunten %5etik goiti eta zuzeneko kontratazioari aplikatzen zaion %50eko muga orokorretik goiti egiten ez badu.

i) Ondasunak doan eskuratzea, kostu bidezko baldintza edo modalitateren bat dagoenean izan ezik, orduan eskumena Batzarrarena baita.

j) Ondasunak, higigarriak nahiz higiezinak, besterentzea, zenbatekoak baliabide arrunten %5etik goiti eta zuzeneko kontratazioari aplikatzen zaion %50eko muga orokorretik goiti egiten ez badu.

k) Legeak espresuki egotzitako gainerakoak.

l) Legeriak zerbitzu administratiboen arloan udalei aitortzen dizkien eskumenak, organo bati berariaz egotzita ez badaude.

16. artikulua.

Mankomunitateko lehendakariak eskuordetzak egiten ahal ditu, bai orokorrak bai berariazkoak, Batzarreko edozein kiderentzat, legearen arabera inoren esku utzi ezin diren eskumenak direnean izan ezik.

IV. KAPITULUA

Lehendakariordea

17. artikulua.

Mankomunitateko lehendakaria ordeztea zein udal ordezkaritzari dagokion, haren kide titularra izanen da lehendakariordea, estatutu hauen 14. artikuluan aurreikusi bezala eta bertan aipatu ondorioekin.

Lehendakariordeari dagokio Mankomunitateko lehendakariaren ordez aritzea haren zeregin guztietan, hura kanpoan, eri edo eskudantziak erabiltzea galarazten dion ezintasunen bat duenean; orobat, lehendakariaren eginkizunak beteko ditu kargu hori hutsik dagoenean, lehendakari berria izendatu arte.

V. KAPITULUA

Idazkaritza

18. artikulua.

Idazkariak bilkura bakoitzeko aktak eginen ditu, eta funtzio publiko hori egiteko izendatu edo kontratatu den pertsonak eginen ditu eginkizun horiek, hura izaten ahal dena aldi baterako gaitzeko legezko ahalbidea ukatu gabe.

V. TITULUA

Ondasun eta zerbitzuak

I. KAPITULUA

Ondasunak

19. artikulua.

Jabari publikoko edo ondareko ondasunek eta dagozkion eskubide eta akzioek osatzen dute Mankomunitatearen ondarea.

20. artikulua.

Erabilera edo zerbitzu publikorako higiezinak dira Mankomunitatearen jabari publikoko ondasunak, baita legez izaera hori dutenak ere.

21. artikulua.

Udalek, Mankomunitatean sartzean, doan utziko dituzte haren esku Mankomunitateak bere titularpean hartzen dituen zerbitzuetako bakoitzari lotutako aktibo material zein immaterialak, eta udal kargetan subrogatuko da.

22. artikulua.

Mankomunitateak, bere ondasunei dagokienez, legeriak udalerriendako onartzen dituen eskubide guztiak ditu, bai ondasun horiek babesteko bai berreskuratzeko.

II. KAPITULUA

Zerbitzuak

23. artikulua.

Bere xedeko zerbitzuak egiteko, legez ezarrita diren kudeaketa moduetako edozein erabiltzen ahal du Mankomunitateak.

VI. TITULUA

Ogasuna

24. artikulua.

Mankomunitatearen ogasuna baliabide hauez hornituko da:

a) Bere diru-sarrerak edo eskubide pribatukoak.

b) Isunak.

c) Mankomunitatean elkartutako udalerrien ekarpenak.

d) Dirulaguntzak eta zuzenbide publikoko beste diru-sarrera batzuk.

e) Kredituko eragiketen ondoriozkoak.

f) Bere eskumeneko zerbitzu edo jarduerak egiteagatik kobratzen dituen tasak.

Honela eginen dituzte ekarpenak elkartutako udalerriek:

1. Udalerri bakoitzeko biztanle kopuruaren arabera (urte bakoitzeko urtarrilaren lehenari dagokionez), Mankomunitatea ezartzeko gastuak nahiz behar diren funtzio publikoak egiteko langileenak finantzatu beharrez.

2. Oso-osorik eta bakoitzari berea, udalerri elkartu bakoitzerako eskatzen diren gainerako zerbitzuetan erabiltzen diren baliabideen kostuen arabera.

Mankomunitateko udalek Mankomunitateari egin behar dizkioten ekarpenak kalkulatzeko, udalek adierazi behar dute kudeaketa mankomunatuko zein zerbitzuri atxikiko zaizkien; horrez gainera, bidezkoa denean, gastu orokorrak finantzatzeko beharrezkoak izan daitezkeen ekarpenak ere egin beharko dituzte, zerbitzu bakoitzak sorrarazten dituen gastuen araberako proportzioan.

25. artikulua.

Zein zerbitzu edo jarduera finantzatzeko ezarri zen diru-bilketa, haien ondoriozko eginbeharrak betetzeko izanen dira Mankomunitatearen diru-sarrerak.

26. artikulua.

Mankomunitateak ahalmena du Nafarroako Gobernuari eskatzeko hura osatzen duten udalerriek berarekin dituzten zorrak ordaintzeko, udalerri zordunari Transferentzia Arrunten Fondoan duen partaidetzatik behar diren zenbatekoak kenduz.

VII. TITULUA

Langileak

27. artikulua.

Funtzionarioek, lan-kontratudun finkoek zein aldi baterakoek eta behin-behineko langileek osatuko dute Mankomunitatearen zerbitzuko langileria, legerian eta plantilla organikoan xedatutakoaren arabera.

Entitate berrian eta honek dirauen bitartean sartzen diren udalerrietako administrazioko funtzionarioen kasuak aparte utzirik, idazkaritza, kontu hartzailetza eta diruzaintzako funtzio publikoak egiteko ezartzen diren langileak baizik ez dira izanen funtzionario, eta horrela agertuko da Mankomunitatearen plantillan. Hala ere, lehenagotik horrelakorik ez bada, eta lanpostu horiek funtzionarioekin behin betikoz betetzen ez diren bitartean, administrazio kontratuak eginen zaizkie.

Behin-behinekoak ez diren gainerakoak, bai administrazioko langileak bai laguntzako teknikariak, lan-kontratudunak izanen dira.

VIII. TITULUA

Aldaketa eta desegitea

28. artikulua.

Estatutuak eta, beraz, Mankomunitatea aldatzeko arrazoiak izanen dira bere lurralde esparrua aldatzeagatik (udalerri batzuk sartuz eta/edo ateraz) eta/edo eskumen gehiago bereganatzeagatik.

Kasu batean nahiz bertzean, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 50.3 artikuluan ezarritakoa bete beharko du prozedurak.

29. artikulua.

Udal bat edo gehiago Mankomunitatean sartzeko, prozedura honi jarraituko zaio:

a) Udal interesdunaren eskaera.

b) Batzar Orokorraren aldeko txostena, Udala sartzearen aldeko gehiengo osoaren aldeko botoarekin.

c) Jendaurreko informazioa, hilabetez.

d) Epe hori inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, atxikipena behin betikotzat hartuko da. Bertzenaz, Batzarrak aurkezten diren erreklamazio edo iradokizunak ebatziko ditu eta behin betiko erabakia hartuko du; horretarako ere, gehiengo osoaren aldeko botoa beharko da.

e) Udalerri sartu berriak, zenbat biztanle dituen, horren araberako ekarpena egin beharko du Mankomunitatearen aktiboan, sartzeko unean egiten den balorazioaren arabera. Nolanahi ere, kide berriak ekarpen hori saihesten ahal du, Nafarroako Gobernuak udal mapa arrazionalizatzeko eta haren administrazioa berrantolatzeko ezartzen dituen sustapen neurrien bidez ordaina hartuta, edo bertzenaz, barkatzen ahal zaio haren atxikipena onestean, hura antolaketa sisteman desorekarik gabe sartzea bermatzeko bezainbateko dotazioen ekarpena egin delako.

30. artikulua.

1) Mankomunitateko kideren bat handik aterako da, baldin eta egiaztatzen bada lege estaldura eta kaudimen ekonomikoa Mankomunitatearen xede den zerbitzua berak bakarrik emateko ahalmena duela, eta lau urte iragan badira Mankomunitatea eratu denetik, eta honako arrazoiak direla bide ematen ahal da:

a) Udalaren borondatezko eskaera.

b) Udalak Mankomunitatearekin dituen eginbeharrak behin eta berriz ez betetzeagatik. Mankomunitateak erabakiko du arrazoi horregatik bereizi behar den edo ez, aurreko artikuluko b), c) eta d) apartatuetan ezarritako prozedurari jarraituz.

2) Nolanahi den ere, Mankomunitateak eta delako udalerriak elkarrekin dituzten obligazio eta eskubideen likidazioa nola egin erabakiko dute.

3) Udalerri batek edo batzuek Mankomunitatea utzi dutelako zenbait lanpostu beharrezkoak suertatzen ez badira, bi aukera hauek egonen dira: Udalak bere plantilla organikoan sar ditzake langile horiek edo, bertzenaz, Mankomunitateak kontratu horiek iraungitzeatik sortutako ondorio ekonomikoak bere kontura har ditzake.

4) Mankomunitatea eratu baino lehen legez eraturiko idazkarien batasun batekoa baldin bada, Mankomunitatetik lekutu nahi duen udalerriak hasiera batean elkarturik zegoen gainerako udalerriekin batera egin beharko du. Gainera, horretan eskumena duen erakundearen baimena beharko du horretarako.

31. artikulua.

Batasuna desegiteko, toki araubideko legerian Mankomunitateak aldatzeko ezarritako tramite berberak egin beharko dira.

Mankomunitatea desegindakoan, Udalak izanen dira hark hartutako betebeharren erantzule, haien gastuak finantzatzeko ezarritako irizpideei jarraikiz.

Era berean, irizpide horixe bera erabiliko da udal bakoitzak Mankomunitatearen ondasun eta eskubideetan duen partaidetza zehazteko.

Mankomunitateko kide diren udalerriek aukera izanen dute toki entitate horren langileetan funtzionario ez direnak Udal batek berak bakarrik hartzeko edo, bertzenaz, lan kontratuak iraungitzeagatik heldu diren ondorio ekonomikoen erantzukizuna hartzeko, bakoitzaren atxikipen denboraren arabera. Hala ere, funtzionario ez diren langileak Mankomunitatean sartu badira Mankomunitateko udalerriren batekin lehenagotik kontratua izateagatik, jatorrizko administraziora itzuliko dira, eta horrek nahi bezala hautatuko du aipatu diren bi aukera horien artean.

Mankomunitateko funtzionarioek, hura desegitean, bere egoera administratiboaren arabera aukera hauek izanen dituzte:

–Hasierako administraziora itzultzea, Mankomunitateko langile egin baziren abuztuaren 30eko 251/93 Legegintzako Foru Dekretuaren 12. xedapen gehigarrian xedatuari jarraikiz.

–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen VII. tituluko II. kapituluko 1., 2. eta 3. ataletan aurreikusten diren merezimendu lehiaketetan parte hartzea.

Mankomunitatea desegitetik funtzionarioek bere lanpostu berrien jabetza hartzen duten arte, Mankomunitateko kideek haien lansariak ordaindu beharko dituzte, bakoitzak bere heinean.

ARAUBIDE IRAGANKORRA

Lehena.–Mankomunitateak bere gain hartuko ditu Mankomunitateko udalek dituzten eskubide eta obligazio guztiak administrazio zerbitzuak emateko hemendik aitzina Mankomunitatea osatuko duten udalerrietan, salbu eta elkarte berrian bertzerik gabe sartzen ahal ez diren langileekin kontratuak izateagatik zituzten konpromisoetatik etorritako obligazioak.

Mankomunitateko udalerrietako funtzionarioak, estatutu hauek indarra hartzen duten unean haren zerbitzu eta eginkizunetan ari zirenak, sortutako entitate berriaren funtzio publikoaren antolaketan sartuko dira, abuztuaren 30eko 251/93 Legegintzako Foru Dekretuaren hamabigarren xedapen gehigarrian xedatuari jarraikiz.

Orobat, Mankomunitateko udalerrien funtzionario ez diren langileei dagokienez, aukera izanen da elkarte berrian beren borondatez sartzeko jatorrizko administrazioan zuten kontratuaren eduki bera izanik, edo bertzenaz, bakoitzak bere udalerriarekin zuen kontratua deseginik.

Bigarrena.–Estatutu hauek indarra hartzen dutenetik hamabortz eguneko epean, Mankomunitateko udalerri guztien ordezkariei dei eginen zaie Batzar Orokorra eratzeko bilkurara etor daitezen. 8. artikuluko azken paragrafoak aurreikusitakoari jarraikiz idazkaritza lanak nori dagozkion, harexek eginen du delako bilkuraren deialdia, eta hartan Mankomunitateko lehendakaria hautatuko da.

Orobat, Batzarraren iritziz presakoak diren bertze gai batzuk jorratzen ahal dira.

Hirugarrena.–Mankomunitateak indarra hartzetik plantilla organikoan sarturiko lanpostu bakoitza kontratatu eta/edo izendatzeko hautapen prozedurak prest egon arte geroratuko da Mankomunitatearen xede diren zerbitzu administratiboak emate zentralizatua.

Bitarte horretan, kontrakoa erabaki ezik, indarra izanen dute beti Mankomunitateko udalerriek lehenagotik itxuratutako lanpostuen jabetza zuten langileekin funtzionario izan ala lan-kontratudun izan zeuzkaten ardurek, administrazio zerbitzu horiek emateko. Epe hori amaitzen denean iraungi eta/edo deseginen dira denak batera.

Orobat, Mankomunitateak behar dituen funtzio publikoak Eloko udalerriko idazkariak beteko ditu bitarte horretan, hura baita Mankomunitatearen egoitza. Hala ere, ez da ukatzen horretarako baldintzak betetzen dituenak lehenagoko arrazoiengatik egin ahal izatea.

Iragarkiaren kodea: L2303072