55. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ITZA

Ordenantza fiskala, tokiko jabari publikoko lurzoruan, lurpean eta lurgainean hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresen aprobetxamendu berezien tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Itzako Udalak, 2022ko abenduaren 15ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen udal ordenantza fiskal bat, arautzen dituena tokiko jabari publikoko lurzoruan, lurgainean eta lurpean hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresen aprobetxamendu berezien tasak.

Hasierako onespenaren erabakia 2023ko 2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 3an, bai eta Itzako Udalaren ediktu-taulan eta egoitza elektronikoan ere, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Jendaurreko epean ez denez aurkeztu alegaziorik, kexarik edo oharrik, hasierako onespenaren erabakia behin betiko bihurtu da, eta, beraz, erabakiaren testu osoa argitaratzen da, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluarekin bat:

Argitara ematen da, eta ohartarazten, ezen erabaki honen aurka honako errekurtso hauek aurkez daitezkeela:

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Itzan, 2023ko otsailaren 21ean.–Alkatea, Floria Pistono Favero.

ORDENANTZA FISKALA, TOKIKO JABARI PUBLIKOKO LURZORUAN, LURPEAN ETA LURGAINEAN HORNIDURA ZERBITZUAK USTIATZEN DITUZTEN ENPRESEN APROBETXAMENDU BEREZIEN TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da bat etorriz martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatuarekin (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legea), eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraikiz.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Zerga-egitatea dira tokiko jabari publikoko lurzoru, lurgain eta lurpearen erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziak, hala nola hariak, hodiak eta galeriak, argi indarra, ura, gasa edo beste edozein fluido, telefonia finkoa eta komunikazio elektronikoko beste zerbitzu batzuk eramateko; lineetarako zutoinak; kableak, horma-besoak, lotura, banaketa edo erregistrorako kaxak, transformadoreak, burdin-barrak, baskulak, antenak, salmenta automatikorako makinak eta gisakoak, zerbitzuarekin zerikusia badute.

Ordenantza honetan arautzen den tasa ordainarazteak berariaz salbuesten ditu udalaren bide publikoetako lurzoruan, lurpean edo lurgainean eratutako erabilera pribatibotik edo aprobetxamendu berezitik eratorritako beste tasa batzuk, beste ordenantza batzuetan araututako hornidura-zerbitzuak emateko beharrezkoak direnak.

Nolanahi ere, tasa hau bateragarria izanen da toki erakundeen eskumeneko zerbitzuak edo jarduerak egiteagatik ezar daitezkeen tasekin. Aipatu enpresek izan beharko dute haien subjektu pasiboak.

Ordaindu beharra

3. artikulua. Tasa urtarrilaren 1ean sortuko da urtero, eta zergaldia urte naturala izanen da, salbu eta aprobetxamendua urte hartan hasi edo bukatu egin den kasuetan, orduan zergaldia horren arabera moldatuko baita eta kuota hainbanatuko.

Subjektu pasiboak

4. artikulua.

1) Tasa ordaintzera behartuta daude, zergadun gisa, tokiko jabari publikoko lurzorua, lurgaina edo lurpea modu pribatiboan edo modu berezian erabiltzen duten enpresa ustiatzaileak, ura, gasa, elektrizitatea, telekomunikazioak (telefonia finkoa eta komunikazioak) eta antzeko beste edozein zerbitzu hornitzeko zerbitzuak ustiatzeko, baldin eta interes orokorrekoak badira edo auzokide guztiei edo askori eragiten badiete.

2) Zehazki, subjektu pasiboak dira komunikazio-sareak zuntz optikoko sistemak, kable bidezko telebista edo tokiko jabari publikoko espazioan instalatutako sareak edo instalazioak erabiltzea eskatzen duen beste edozein teknika erabiliz ustiatzen dituzten enpresak, erakundeak edo administrazio publikoak.

3) Telefonia mugikorreko operadoreek ez dute tasa ordaindu beharko, zerbitzua emateko erabiltzen diren sareen titularrak ez badira, sare horiek erabiltzeko, sarbidea izateko edo haien artean lotzeko eskubideen titularrak badira ere.

Gainerako hornidura zerbitzuetan, subjektu pasiboak izanen dira erabiltzen diren sareen edo azpiegituren titularrak nahiz sare horiek erabiltzeko, sarbidea izateko edo haien artean lotzeko eskubideen titularrak.

4) Aurreko apartatuetan sartuta ez dauden sare fisikoen enpresa titularrek ordaindu beharko dituzte jabari publikoko lurzorua, lurpea eta lurgaina erabiltzeagatik dagozkien ordenantza fiskaletan araututako tasak.

Oinarriak, tasak eta tarifak

5. artikulua.

1) Kuota kalkulatzeko tasa zein oinarriren gainean aplikatuko den zehazteko, kontuan hartuko dira subjektu pasiboek udal-mugartean urtero lortzen duten fakturazioaren diru-sarrera gordinak.

Zerga-oinarria zehazteko irizpideak ez zaizkie aplikatuko telefonia mugikorreko operadoreei.

2) Fakturaziotik eratorritako diru-sarrera gordintzat hartzen dira, erakunde bakoitzari egoztekoak izanik, udal-mugarte horretan bere ohiko jarduera garatzeko emandako zerbitzuen kontraprestazio gisa erakunde horrek lortutakoak. Aparteko gertaerek edo jarduerek eragindako diru-sarrerak baizik ez dira baztertuko.

3) Aprobetxamendu bereziaz baliatzeko, subjektu pasiboak besteren sareak erabili baditu, tasaren zerga-oinarria izanen da udal-mugartean urtero lortutako diru-sarrera gordinen zenbatekoa, sarearen titularrari bere sarera sartzeagatik edo interkonexioagatik ordaindu beharreko zenbatekoak kenduta. Sare horien titulartasuna duten enpresek kontzeptu horregatik eskuratzen dituzten zenbatekoak sartu beharko dituzte beren diru-sarrera gordinetan.

4) Horren ondorioetarako, diru-sarrera gordinen artean ez dira sartuko egindako zerbitzuak kargatzen dituzten zeharkako zergak, ez eta hirugarrenen kontura kobratutako partida edo zenbatekoak ere, baldin ez badira tasa hau aplikatzen zaion subjektu pasiboaren diru-sarrera berekiak. Orobat, ez dira fakturazioaren diru-sarrera gordinen artean sartuko hornidura zerbitzuen zenbatekoak, baldin eta zerbitzu horiek erabiltzen badira Ekonomia Ministerioaren energia elektrikoa sortzeko instalazioen erregistro administratiboaren 1. eta 2. ataletan inskribatutako instalazioetan, beharrezko lehengai gisa araubide berezi honetan tributatu dezakeen energia sortzeko.

5) Ez dira jotzen fakturazioak eragindako diru-sarrera gordintzat honako hauek:

a) Enpresek jasotako dirulaguntzak, ustiapenekoak zein kapitalekoak.

b) Kalte eta galerengatik galdatutako kalte-ordainak, non ez diren konpentsazioa edo kontraprestazioa kobratu gabeko kopuruengatik, horiek 3. atalean zehaztutako diru-sarreren artean sartu behar baitira.

c) Finantza bidezko diru-sarrerak, hala nola korrituak, dibidenduak eta gisakoak.

d) Enpresek beren ibilgeturako egiten dituzten lanak.

e) Enpresen ondarearen parte diren ondasunak eta eskubideak besterentzetik datozen kopuruak.

6. artikulua. Tasaren zenbatekoa kalkulatzeko, %1,5 aplikatuko zaio aurreko artikuluan adierazitako zerga-oinarriari.

Kudeaketa arauak

7. artikulua. Hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresek, erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu bereziren bat egin behar badute, lehenago horren berri eman beharko dute, eta kasuan kasuko zerbitzua egiteko gaitzen duen tituluaren jabe izan behar dute

Erabilera edo aprobetxamendu hori egin ahal izateko obra egin behar denean, enpresek behar den obra lizentzia eskatu beharko dute.

8. artikulua. Erabilpen pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean toki erakundearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna, behar den tasaren ordainketa ukatu gabe, aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostu osoa ordaintzera beharturik dago, bai eta aurretik zenbateko hori gordailutako uztera ere.

Gordailu hori ukituta gerta daitezkeen ondasun eta instalazio guztien balioaren arabera finkatuko da, hura zenbakietara ekartzeko udal teknikariak txostena aitzinetik eginda.

Enpresek aprobetxamenduak nola edo halako jarraikortasun eta aldizkakotasun batez egiten badituzte, hiriko toki ezberdinetan bada ere, horren ondoriozko kudeaketa administratiboa erraztu ahal izateko, gordailu oso bat ezar dezaten itun daiteke, itunean ezartzen diren aldietan berrikusten ahalko dena. Gordailuaren zenbatekoa aterako da aipatu aldietan aprobetxamendu horietan ustez egin litezkeen kalteen arabera, eta eskudirutan ordaintzen ahalko da, edo kreditu entitate batek edo elkarren bermerako sozietate batek emandako abal zein fidantza solidario bidez.

Gordailua lotu daiteke indarreko araudia edo lizentziaren baldintzak ez betetzeagatik ezarritako zehapenekin. Fidantza berreskuratu ahal izateko, aldeko txostena beharko da, indarreko araudia eta lizentzia lortzeko baldintzak hertsiki bete direla eta zoladura behar bezala konpondu dela egiaztatuko duena.

9. artikulua.

1) Horniduren zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek, tasa ordaintzera beharturik badaude, hiruhileko guztietan aurkeztu beharko dute udalerrian erdietsi dituzten diru-sarrera gordinen aitorpena. Diru-sarrera horiek aurreko hiruhilekoari dagozkionak izanen dira.

2) Ordaintzera beharturik dauden enpresek aitorpena aurkeztearekin batera, aitorpenaren hiruhilekoaren ondoko hilabetean, behar den tasaren autolikidazioa egin beharko da, baita ordainketa egin ere Udal Diruzaintzan; hori entitate laguntzailearen bidez eginen da, edo bestela, Itzako Udala tasa kudeatzeko hitzarmenei atxikirik badago, haietan ezartzen diren moduan eta epeetan.

3) Enpresa horiekiko hitzarmenen bidez, aurkezteko epe laburragoak ezartzen ahalko dira, baita ordaintzeko bestelako bideak ere, Udalari egindako zerbitzu edo hornidurengatik eskatzen ahal diren zorren ordain.

4) Itzako Udala atxikitzen ahalko zaie Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak tasa honen subjektu pasibo diren enpresekin egiten dituen hitzarmenei, haien xedea delarik haren kudeaketa eta diru-bilketa.

10. artikulua. Aitorpen-likidazioa aurkezteko edo diru-sarrera epe barruan egiteko betebeharra ez betetzeak berekin ekarriko du errekarguak eskatzea epez kanpo edo premiamendu bidez ordaintzeagatik, bai eta ikuskapen-prozedurak hastea eta, hala badagokio, dagokion zehapena ezartzea ere, hori guztia Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean eta, hala badagokio, Kudeaketa, Bilketa eta Ikuskapenari buruzko Ordenantzan ezarritakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETAN LEHENA

Ordezko araubidea

Ordenantza honetan ezartzen ez den orotan aplikagarri izanen dira Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta udal erabakiak baino goragoko xedapen guztiak, araututako arloei aplikatzeko modukoak diren heinean.

AZKEN XEDAPENETAN BIGARRENA

Ordenantza indarrean jartzea

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 13. artikuluan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoaren arabera, ordenantza hau indarrean jarriko da testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean.

Iragarkiaren kodea: L2302958