55. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

185E/2023 EBAZPENA, otsailaren 23koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen eraginaren adierazpena ematen duena Corellako Guarre parajean 2.496 plazako zerri gizendegiaren proiekturako; Adrián Gómez Ibarbuen da proiektuaren sustatzailea.

Proiektuaren ezaugarrien arabera, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinean, 1. taldeko A) 3 epigrafean sartzen da proiektua. Beraz, xedapen horretan ezarritakoarekin bat, ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta bete behar du proiektuak.

Era berean, behar den baimena Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legeak arautzen duen administrazio prozeduraren arabera tramitatzen ari da, eta proiektua 1. eranskineko 10.13 epigrafean sartuta dago; beraz, arau horren arabera, ingurumen baimen bateratua behar du.

–Ingurumen ebaluazioaren prozeduraren laburpena:

2021eko abenduaren 1ean, titularrak ingurumen baimen bateratuaren eskaera aurkeztu zuen Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan, eta, horrekin batera, ingurumen eraginaren azterketa eta eskatutako gainerako dokumentazioa.

2022ko urtarrilaren 10ean (5. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta), Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak jendaurrean jarri zituen ingurumen eraginaren azterketa eta ingurumen baimen bateraturako aurkeztutako gainerako dokumentazioa 30 egunez, eta kontsulta tramitea ireki zuen proiektuak ukitzen dituen administrazio publikoentzat eta interesdunentzat, bat etorriz Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan ezarritakoarekin. Ez da alegaziorik jaso.

Ukitutako administrazio publiko gisa, kontsulta egin zitzaien Ingurumen Eraginaren Atalari, Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Abeltzaintza Zerbitzuari, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari eta Corellako Udalari. Kontsultatutako lau organismoen erantzunak jasota daude espedientean. Horrez gain, kontsulta egin zitzaien zazpi pertsona interesduni, eta ez da haien erantzunik jaso.

2022ko martxoaren 14an, Ekonomia Zirkularreko eta Klima Aldaketako Zerbitzuak jakinarazpena igorri zion titularrari, eta espedienteari erantsi zizkion kontsulten izapidearen ondoriozko erantzunak, eta adierazi zion proiektuaren ingurumen eraginaren ebaluazioa hasteko eskatzen ahal zuela, Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.

2022ko uztailaren 5ean, Udalak espediente osoa aurkeztu zuen Ekonomia Zirkularreko eta Klima Aldaketako zerbitzuan, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, ingurumen eraginaren adierazpen arrunta eman zezan.

2022ko azaroaren 17an, titularrak dokumentazioa osatu zuen, eta ebaluaziorako aurkeztu zuen simaurrak sortu eta kudeatzeko plana, horretarako prestatutako tresna informatikoaren bidez.

–Analisi teknikoa eta ingurumen eraginaren ebaluazioa:

Instalazioa Corellatik 2 km iparraldera dago, Alhama ibaiaren arroko ureztalur tradizionalaren esparruan. Ustiategiak AP-68 autobideko lotunetik hurbil dauden bi lurzati txiki elkartzen ditu: Ebroko autobidea, Alfaro - Cintruenigo errepidearekin, eta iparraldetik muga du landaredi naturala duen lurrean egindako erreten batekin.

Ingurumenaren ikuspegitik, eremua egurtsuen eta belarkien laborantzako mosaiko gisa aurkezten da, terraza moduko lurzatietan antolatuta, grabitate bidez ureztatzeko, tartean daudela zuhaixka halonitrofiloko bazkalekuak, erabiltzen ez diren eremuetan, ezpondetan eta bide-bazterretan, eta lezkadi eta tamariz multzoak lur eremuetako erretenetan.

Aipagarriak dira mendi hegaletan larreak eta gailurrean pinudiak dituzten muinoak, La Estanca eta La Estanquillako zingiren arroak ixten baitituzte egin beharreko lanen hegoaldean, eta iparraldean dagoen erabilera gabeko erretenaren korridore naturalaren paraleloan, Carrasoria de Araciel abelbidearen adarra. Eremu hori autobidearen eta ustiategiaren eremuaren artean dago, eta bertan daude ibaiertzak eta landaredi hidrofitikoa. Bisoi europarrarentzako habitat mesedegarria da, eta Europako galapagoa noizbehinka egon daiteke. Hori kontuan hartu da baimen honetan.

Instalazioen hurbileko eremutik aparte samar, baina jardueraren eragin eremuaren barruan, 5,5 km inguru hego-mendebaldera, Nafarroako Estepako Hegaztiak Zaintzeko Intereseko Eremu bat (AICAENA), El Ombatillokoa (Morterete), hainbat hegazti espezie katalogaturen babeslekua da. Espezie horiek inguruko eremuak ere erabiltzen dituzte, klimaren gogortasunagatik, urteko txandakako nekazaritzaren ohiko aprobetxamenduengatik, eta lugorriak eta landaredi naturalez osatutako mosaikoarengatik, baldintza egokiak direlako hegaztiek erabil ditzaten. Bestalde, instalazioa nitratoen bidezko kutsadurarekiko kaltebera den eremutik 2,5 km ekialdera dago, Ebro-Aragoi 2. Eremuan, non lurralde planean ez baitago lurzatirik.

Simaurrak kudeatzeko planari dagokionez, adierazten da elkarren aurkako joerek eragina dutela eremu horretan; alde batetik, paisaia birnaturalizatzen ari da, nekazaritza jarduera bertan behera uzteagatik, eta, bestetik, erabilera naturalak eraldatzen ari dira, energia garapenak sartuz eguzki parkeen eta parke eolikoen bidez, gero eta azalera gehiago okupatuz. Koiuntura horrek eta ureztatze produktiboko eremuetan egurtsuen laboreak (fruta-arbolak, olibondoak eta mahatsondoak) gero eta gehiago hautatzeak mugapenak eragiten dituzte minda nekazaritzarako banaketaren bidez balorizatzeko, eta kontuan hartu da hori simaurrak banatzeko lurralde plana definitzean.

Paisaiaren ikuspegitik, proiektuan neurri zuzentzaileak ezarri dira, instalazioa paisaian integratzeko, esaterako landaketak planteatu dira, instalazioen inguruko pantaila indartzeko. Neurri horiek behar bezala gauzatu eta mantentzea oso garrantzitsutzat jotzen da, instalazioak inguruko bide-azpiegituretatik hurbil eta ikusteko moduan daudela kontuan hartuta. Kiratsen kudeaketari dagokionez, jarduerak neurri aktiboak hartzen ditu simaurrak aplikatzeko, eta, horrela, bermatu egiten da populazioetatik hurbil dauden lurzatietan banatzeak edo haizearekiko esposizioak ez diela kalterik sortuko hartzaile sentikorrei.

Ingurumen eraginaren azterketa eta ebaluazioko txosten hau aztertuta, ikusi dugu, baliabideen kontsumoaz eta airearen, lurzoruaren eta uren kalitatearen kontrolaz gain –Ingurumen baimen bateratuaren espedientean zehazten eta baloratzen diren ondorioak–, hauek direla kontuan hartu beharreko alderdi nagusiak, gizakien erabileretan, pertzepzio ingurunean, azaleko uretan, faunako espezieetan eta habitatetan eraginak sortzen ahal dituztelako: faunaren gaineko eraginak (hegaztien gainekoak batez ere), estepako abifauna kontserbatzeko intereseko eremuarekin lotutako nekazaritza-sistemaren babesa, paisaiaren eraldaketa eta gaueko zerurantz argia igortzea.

Katalogatutako espezieen babesa indartze aldera, Ingurumen eraginaren adierazpenaren ebazpen honen baldintzetan neurri espezifikoak sartu dira, estepako hegaztien kontserbaziorako intereseko eremuetan abeltzaintzako gorozkiak banatzea arautzeko. Hori guztia, estepako hegaztien hazkuntza eta ugalketa garaian jarduerak eragin nabarmenik izan ez dezan. Halaber, obrak gauzatzeari buruzko neurriak sartu dira, Europako bisoiari eta galapagoari kalterik ez egiteko.

Espedientearen ingurumen eraginaren analisi teknikoaren ondoren (bertan ebaluatu dira proiektuaren ingurumen ondorioak), Ingurumen Eraginaren Atalak jakinarazi du ingurumen eraginaren ebaluaziorako prozedura zuzen gauzatu dela eta obrek ez dutela inpaktu kritikorik sortuko ingurumenean edo katalogatutako espezieetan, behin ingurumen eraginaren azterketako neurri zuzentzaileak eta ebaluaziotik eratortzen diren neurri osagarriak aplikatu ondoren.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Aldeko ingurumen eraginaren adierazpen hau ematea, Corellako Guarre izeneko lekuan 2.496 plazako zerri gizendegiaren proiekturako; Adrián Gómez Ibarbuen da proiektuaren sustatzailea.

2. Ezartzea goiburuan aipaturiko espedienteari erantsitako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz egin beharko dela jarduera, baita honako baldintza hauek betez ere:

–Simaurra, minda edo haren eratorriak ongarri gisa erabiliz balorizatzen badira nekazaritzako lurzatietan emanik, baldintza hauek aplikatuko dira:

a) Lurzatiak eremu babestu baten barruan edo Nafarroako estepako abifauna kontserbatzeko garrantzizko eremuan badaude, banaketak "Abeltegietako minden, digestatoaren edo/eta simaurren kudeaketa egokirako ezarritako protokoloa" bete beharko du. Protokolo hori ebazpen honen eranskinean dago. Protokolo horretan jasotako banaketa baldintzak NA-160 eta NA-161 errepideen eta El Ombatilloko AICAENAren arteko lehorreko lur eremuei ere aplikatuko zaizkie.

b) Simaurrak kudeatzeko planean aldaketak egiten badira banaketa partzelak sartzeko, horiek kontuan hartuko dituzte sartzen diren partzelen benetako erabileraren mugak, batez ere lehorreko partzeletan urte eta aldi baterako landatzen direnean edo ingurumenaren aldeko lugorri gisa (ez-produktiboak) lursailak sartzen direnean, eta lursail horiek eremu horretan dauden eguzki parkeak ezartzeko konpentsazio neurrietatik etortzen badira.

–Proiektuak bermatu eginen du, lanek irauten duten bitartean, hurbileko erretenaren balio naturalak kontserbatzea, eta jarduera abian den bitartean hura babestea, instalaziotik datorren isurketarekin ibilgura irits daitezkeen substantzien (desinfektatzaileen, garbiketa produktuen) kutsaduratik.

Alde horretatik, erretenaren eremua eta iparraldeko inguruko eremua erabat baztertuta geratuko da ezartze lanetatik, eta jarduketa guztiak (parkeak eta pilaketak, makinen zirkulazioa, lur isurketak) bidearen plataformatik lurzatiaren barrura eginen dira.

–Maturroko bidea egokitu eta zaintzeak, eta, hala badagokio, hornidura hoditeriak, bide horretako korridoretik igarotzen bada, ez dute eraginik izanen haren ertzeko landaredian.

–Ur-baltsara nahi gabe sartzen diren animaliak ez itotzeko, baltsaren ezpondetako bat etzana izanen da (ez 2H:1B baino bertikalagoa) eta horren gainean sare zurrun zimurtu bat ainguratuko da, ezustean uretara eror daitezkeen animaliak ontzitik atera ahal izan daitezen.

–Ustiategia gobernatzeko eta abere hilak kudeatzeko sisteman zainduko da animalia sarraskijaleak (hegaztiak, karraskariak, azeriak…) ugaritzeko aukerarik ez sortzea. Abere hilak gorpuentzako edukiontzi espezifikoetan biltegiratuko dira, eraikin itxietan edo estalpeetan, hegazti eta ugaztun sarraskijaleak ez erakartzeko eta horiek animalien sarraskietara iristea saihesteko.

–Paisaian integratzeko, proiektuan ezarritakoaren arabera, inguruko landaketak ezarriko dira, eta horiek egiteko proposatzen da batez ere tamariz (Tamarix canariensis) eta basolibondoa erabiltzea.

Autobidetik ikusteko erraztasuna kontuan hartuta, ureztatze iraunkorra ezarriko da Maturroko bidearekiko muga egiten duen landaketarako. Basolibondoa baldin bada, landaketa esparrua eta hazkunde inausketak egokituko dira, altueran haztea errazteko. Ur tanga goratuaren kasuan, errepidearen eta tangaren artean zuhaitz unada bat landatzea proposatzen da, ontziari itzala emateko eta ezkutatzeko, edo ontzia mendebalderantz eramatea, ikuspegi horretatik instalazioaren eraikinak partzialki estal dezan.

–Landare horiek ongi ureztatu eta zaindu beharko dira, ustiategiaren jardun osoan iraun dezaten bermatzeko.

–Argi kutsadura, argi arrotza eta faunaren gaineko ukipena murrizteko, bete beharko da Kanpo argiteriako instalazioen efizientzia energetikoari buruzko Erregelamendua onesten duen azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuan eta haren jarraibide tekniko osagarrietan (EA-01etik EA-07ra) aurreikusitakoa, eta, zehazki, honako hau:

–Argi puntuek goiko hemisferiotik ematen duten gehieneko fluxuak %5 edo gutxiago izanen dira kanpoko argiteriako argi puntu guztietarako (EA-03 jarraibide tekniko osagarria, 1.1 atala, argi emisioen mugak).

–Argi zuri-urdinxka duten lanparak saihestea gomendatzen da (LED argien kasua, LED-anbar argiak izan ezik). Beraz, sodio lurruneko lanparak erabiltzea gomendatzen da, edo LED-anbar (argi zuri-horia), edo 440 nm-tik beherako uhin luzeren erradiazioa iragaztea.

Bestalde, kanpoko argiztapena erabiliko da behar diren lanorduetan edo lanetan, eta gainerako denboran itzalita egon beharko da.

–Lanen hasieran, landare lurra erauzi eta metatuko da (lurzoruaren azaleko horizonte emankorra), indusketako gainerako lurretatik bereizita. Lurzatiaren beraren nekazaritza eremuan betelanetarako erabiltzen ez diren soberako lurrak eta obra hondakinak baimendutako zabortegira eraman beharko dira, eta ez dira biltzen edo uzten ahalko obren ingurunean.

–Jardueraren gaineko ingurumen zaintza:

  • Instalazioaren aldaketa abian jartzeko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu titularrak:
    • Fauna nekrofagoa hildako animalien gorpuak biltegiratzen eta kudeatzen diren eremura ez sartzeko hartu den konponbidea azaltzen duen dokumentazio grafikoa.
    • Instalazioa paisaian integratzeko aurreikusitako landaketak egin direla frogatzen duen dokumentazio grafikoa, edo landaketa hori egin ez bada, konpromisoa eta burutzeko epea, behar bezala justifikatuta, eta dokumentazioa aurkezteko betebeharra landaketa gauzatu ondorengo unera atzeratuta.

3.a Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.4. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, ingurumen eraginaren adierazpenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe administrazio bidean eta proiektua baimentzen duen egintzaren aurka bidezkoak direnak.

4.a Ebazpen hau Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari eta Basozainak/Ingurumena Zaintzeko Atalari jakinaraztea (Tuterako barrutia), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko urtarrilaren 23an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

2.496 gizentze plazako zerri ustiategi bat ezartzea proiektatzen da, Corellako 3. poligonoko 760. eta 761. Lurzatietan kokatzen dena. Horretarako, bi nabe eraikitzea aurreikusi da, eta kanpoko bi baltsa, bat ura biltzeko eta bestea mindak biltzeko, okupatutako esparruaren ekialdean. Era berean, jarduerari laguntzeko zenbait elementu ere ezarriko dira, eta hesi metaliko batez hertsiko da okupatutako azaleraren perimetroa.

Bi nabeak berdin-berdinak izanen dira, 73,7 x 15 metroko azalerakoak plantan eta 5,7 metroko altuerakoak sabairaino, bi isuriko estalkiarekin. Nabeak, bakoitza 1.248 plazako edukierakoa, lautada baten gainean kokatuko dira, finka ezartzen den terrazak berdintzearen ondorioz sortuko den zelaian. Nabearekin batera honako hauek jarriko dira: elikatzeko siloak, barneko aparkalekurako eremua eta 53,3 m²-ko lokala, bulego, komun, aldagela eta biltegi gisa erabiltzeko, eta ura tratatzeko ekipoak eta ekipo elektrogenoa. Animaliak lurzoruaren gainean goratutako hormigoizko hobietan kokatuko dira, eta hobi horiek mindaren kanpoko andelari lotuta egonen dira.

Animalien kokagune horren beste aldean, mindaren eta uraren kanpoko baltsak jarriko dira. Mindaren baltsa, aurreikuspenen arabera 1.600 m³-ko edukiera gordinekoa, lurpean egonen da, xafla malguko estalki batekin eta xafla plastiko bidez irazgaiztua. Ihesak detektatzeko eta kontrolatzeko sistema bat ere izanen du. Minda-putzuaren ondoan tanga zirkular bat jarriko da, Ø 5 x 3 m-ko ura 7 metroko altueran biltegiratzeko, 58,9 m³-ko edukierarekin. Bi baltsak ixteko aparteko itxitura bat aurreikusten du proiektuak, eta ur-baltsaren ezpondak hedatzen diren aldean sareta zimurtu bat jartzea, ustekabean ur-baltsa horretara eror daitezkeen animaliak handik atera ahal izan daitezen.

Instalazioa urez hornitzeko, Moncayoko Mankomunitatearen ureztatze iturri batetik hartuko da ura, eta elektrizitatea hornitzeko unitate elektrogeno bat erabiliko da. Nabeetarako sarbidea lurzatiaren ipar-mendebaldetik aurreikusten da proiektuan, iparraldetik mugatzen duen bidetik.

20 kg eta 108 kg arteko zerriak gizentzeko jarduera, abereak aldi berean sartuz eta ateraz hiltzeko, eta gizentze zikloen artean huste sanitarioa eginez, urtean batez beste 2,5 aldiz. Ustiategiak 2.121 m³ minda balorizatzea aurreikusi du, nekazaritzarako aprobetxatzeko. Horretarako, 146 ha produktibo inguru erabiliko dira (110 urteko banaketarako, urteko eta aldiko erregimena kontuan hartuta). Horietatik 60 lehorreko laboreak dira, eta gainerakoak, berriz, gari laboreak, barazkiak eta egurtsuak, non, oro har, egurtsuak azaleraren heren bat baitira. Hildako animalien gorpuak baimendutako kudeatzaile baten bidez entregatuko dira. Aurreikuspenen arabera, jarduerak kontsumo hauek eraginen ditu: 1.370 tona pentsu, 5.140 m³ ur eta 1.750 litro gasolio urteko. Bestalde, honako hauek isuriko dira atmosferara: amoniakoa, CO2, oxido nitrosoa eta metanoa (berotegi efektuko gasak).

II. ERANSKINA

Ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulten izapidearen laburpena - Jendaurreko informazioa

Hona hemen tramite horretan kontsultatutako erakundeen eta jasotako erantzunen laburpena:

Kontsultatutako erakundeen eta interesdunen erantzunen zerrenda:

Ingurumen Inpaktuaren Atala

X

Lurraldearen Antolamenduaren Atala

X

Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atala

X

Abeltzaintza Zerbitzuko Abere Ekoizpenaren Atala

X

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia

X

Corellako Udala

X

Lurra, lurraren defentsaren aldeko elkartea.

Ekologistak Martxan - Landazuria

Ekologistak Martxan

Sustrai Erakuntza Fundazioa

SEO/BirdLife

Gurelur

Greenpeace Espainia

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak ingurunearen ingurumen balioak azaltzen ditu, zentratuta erretenek lurrean duten korridore naturalean eta ibaiertzei lotutako landaredian, esparru orokorrean erakusten duela partzela txikiz osatutako barazki polikultura baten mosaikoa, grabitate bidezko ureztaketa tradizionaleko terrazetan eratuta, zuhaixkak dituzten larreekin eta erretenei lotutako landaredi hidrofitikoaren balio naturalarekin.

Txostenean aztertzen da proposamenaren bateragarritasuna esparru horretan izapidetzen ari diren eguzki-parke fotovoltaikoen beste proiektu batzuekin eta "El Montecillo" eta "La Senda" parke eolikoen izapideak egiten ari diren beste proiektu batzuekin, minda nekazaritzako ongarri gisa balorizatzeko banaketa-azaleraren aurreikuspenak ezartzeko, eta, orobat, halako ustiapenetako hilotzen kudeaketak hegaztietan eragiten duen inpaktua eta aerosorgailuekin talka egiteko hegazti harrapari batzuek duten talka arriskua baloratzeko.

Halaber, eginen diren nabeek AP-68 autobidetik eta NA-6920 errepidetik (Alfaro - Cintruenigo) duten hurbiltasuna eta ikusgarritasuna adierazten ditu, mosaikoko paisaiaren eszenatokian nabarmenduko liratekeenak; beraz, egokitzat jotzen da landaketak paisaian integratzeko neurri gisa sartzea proiektuan.

Aurreko guztia kontuan hartuta, txostenak dokumentazioak bete behar dituen baldintza batzuk zerrendatzen ditu, besteak beste, honako hauek: kokalekuen alternatibei buruzko analisi bat, proposamenean sortutako minden bolumena xurgatzeko lurraldeak duen gaitasuna baloratuko duena, eta etorkizuneko handitze bati begira ere bai; hainbat gai eta elektrizitate hornikuntzari eta sarbideari lotutako eraginak; urbanizazio proposamenaren kapitulu deskribatzaile bat eta begetazioa berritzeko unitateak, paisaiari buruzko analisian sartzeko; eta kiratsen emisioen eraginari buruzko analisia, batez ere hurbileko populazioei eragiten ahal zaien kalteari dagokionez.

Ekonomia Zirkularreko eta Klima Aldaketako Zerbitzuak adierazi du proiektuak betetzen dituela ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuan ezarritako lokalizazio baldintzak, Nafarroako Foru Komunitatean abeltzaintzako instalazioen ingurumen baldintza teknikoak ezartzen dituena, eta 2020ko otsailaren 11ko 306/2020 Errege Dekretuaren 10. artikuluko 1. puntuan eta V. eranskinean ezarri eta aplikagarriak zaizkion baldintzak, haren kokapenari dagokionez. Haietan ezartzen dira zerri haztegi intentsiboen antolamenduari buruzko oinarrizko arauak eta aldatzen dira zerri haztegi estentsiboen antolamenduko oinarrizko araudia aldatzen da.

Ohartarazi duenez, baltsa estaltzeak metano gasa metatzea dakarrenez, gas hori kudeatzeko sistema bat ezarri beharko da, metatzeari edo atmosferara kanporatzeari lotutako arriskuak saihesteko. Era berean, gasa kanporatzeko tximiniak jartzen badira, metano gasaren isuria metatzeari dagozkion arriskuak ezabatzeko nahitaezko gutxieneko aireztapenarekin eginen dela justifikatzeko kalkuluak aurkeztu beharko dira, eta, era berean, baltsako amoniako isuriak gutxienez %80 murriztuko direla ziurtatu beharko da, otsailaren 11ko 306/2020 Errege Dekretuaren 9. artikuluko 1. puntuan ezarritakoaren arabera. Adierazi duenez, gas metanoaren isuriak kanporatzean, haren errekuntza zuzi baten bidez proiekta daiteke, berotegi-efektua eragiteko ahalmena murrizteko.

Estrategia eta Lurraldearen Antolamenduaren Atalak lurralde eta hirigintza planeamenduari buruzko zenbait ohar plazaratu ditu, informazio modura, "Ebroko Ardatza" 5. LAPk (Lurralde Antolamenduko Plana) –hor kokatuta baitago udalerria– horiei buruzko bateraezintasuna edo debekuak ezartzen ahal dituelako.

Lurzoruaren sailkapenaren arabera, Babes Bereziko Eremuak eta Arrisku Naturalengatik Babestu beharreko lurzoruak dira horiek, eta faunarentzako Interes Bereziko Eremuen kategoria dute. Estepako Eremuak eta beste hainbat eremu, lurraldearen konektagarritasunarekin, paisaiarekin edo bide historikoekin lotutakoak. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina aplikatzeak ezarriko lituzkeen betebeharrak ere jaso dira txostenean: instalazioa ingurunera egokitzeko betebeharra betetzea, eraikuntzaren gehieneko altuera eta bide publikoekiko distantziak. Txostenak dio, halaber, proiektuak kontuan hartu beharko duela udalez gaindiko plan eta proiektu sektorialekin bat egiten duen.

Corellako hirigintzako udal planeamenduari dagokionez, adierazi da lurzatia lurzoru urbanizaezin gisa sailkaturik dagoela, legeria sektorialaren bidez babestu beharrekoa, Nafarroako Ubideko Natura Ustiapenerako eta Zaindu beharreko Lurzoru Urbanizaezinerako, 3. motako Natura eta Ureztaketa Ustiapenerako. Kategoria horiei dagokienez, adierazi da proiektatutakoak Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuaren baimena beharko duela Nafarroako Ubideko Eremu Ureztagarrian ezartzeko. Jarduera mota hori baimentzen ahalko izanen da lurzoru horretan, Udal Planak airearen kalitatea babesteko zehazten duen eremutik kanpo dagoenean. Mugekiko distantziei eta ur eta energia hornidurarako baldintzei buruzko betekizunak ere adierazten dira, udal planeamenduarekin bat etortzeko.

Azkenik, proiektuak hirigintzako tramitazioan bete beharko dituen baldintzak aurreratzen dira, bai eta beste baldintza batzuk ere, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginari eta lurraldearen antolamenduaren arloko araudiari lotuak; eta adierazten da titularrak egoki diren txostenak eskatu beharko dituela ukipen sektorialak direla eta.

Abeltzaintza Zerbitzuak jarduerari aplikagarria zaion sektore mailako araudiaren berri eman dio titularrari, eta kontsulta ezarri den izapidetze fasean aldeko txostena eman du.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak jarduketaren aldeko txostena eman du, ez dagoelako aztarnategi arkeologiko katalogaturik handitzea proiektatzen den eremuko lurzatietan.

Corellako Udalak txostena egin du eta adierazi du lurzorua babes lurzoru urbanizaezin gisa sailkatuta dagoela, legeria sektorialaren bidez, Nafarroako Ubideko eta Natura Aldetik Babesteko Lurzoru Urbanizaezinaren (3. mota) ustiapen naturalerako eta ureztaketarako lurzoru gisa. Alderdi formalak aztertu ondoren, proiektatutakoaren bateragarritasuna adierazi du. Jakinarazi duenez, ur hornidurari dagokionez, Mocayoko Ur Mankomunitateak ezarriko ditu emakida garatzeko baldintzak, berari eskatzen baitzaio emakida, eta Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak, berriz, Nafarroako Ubideko eremu ureztagarri baten lurzoruan ezartzeko dagokion baimena emanen du.

III. ERANSKINA

Ingurumen eraginaren azterketaren laburpena eta zaintza plana

Tramitazio prozesuan, ingurumen eraginaren azterketa bat egin da, ingurumen baimen integratua lortzeko aurkeztutako dokumentazioarekin koherentea dena, eta ingurumen eraginaren ebaluazioa, non ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko tramitean aurkeztutako informazioa biltzen baita.

Azterketan, alderdi garrantzitsuak jasotzen dira, eta proiektuak instalazioaren ezarpenean eta funtzionamenduan izan ditzakeen inpaktuak identifikatzen eta deskribatzen dira. Horrez gainera, ingurumen integrazioa bermatzeko behar diren neurriak proposatzen dira. Proiektuan, alde batetik, obrek proiektuaren esparruan izanen duten ukipena mugatzeko prebentzio neurriak jaso dira, eta bestetik, funtzionamenduan egon bitartean ingurumenean izanen duten eragina murriztekoak.

Ingurumen eraginaren azterketak simaurrak banatzeko lurralde plan bat barne hartzen du. Plan horrek azaleraren %40 betetzen du lehorreko laborantzan. Simaurra estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko intereseko eremuetan banatzeari dagokionez, aurreikusita dago Abeltegietako minden, digestatoaren edo/eta simaurren kudeaketa egokirako protokoloa aplikatzea. Horrez gain, banaketan sortutako kiratsek hurbileko populazio sentikorretan eragindako eragozpenak kontrolatzeko neurriak eta jarduera kontrolatzeko sistemaren barruan ingurumena kudeatzeko plana ere sartzen dira.

Azterketan, halaber, ingurumena zaintzeko plan bat bildu da, eta bertan sartzen dira proiekturako eta jarduerarako aurreikusitako inpaktu nagusien jarraipen eta kontrol betebeharrak.

IV. ERANSKINA

Abeltzaintzako ustiategietako minden, digestatoaren edo/eta simaurren kudeaketa egokirako ezarritako protokoloa

Abeltzaintzako ustiategi bateko minden, digestatoaren edo/eta simaurren kudeaketa planak ukitzen badu estepako hegazti katalogatuak edo bestelako espezie mehatxatuak daudela egiaztatua dagoen lurzatiren bat (esaterako, ibaien ibilguak edo Natura 2000 sarean edo estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko garrantzizko eremuetan sartutako guneak), bermatu beharko da faunaren kontserbazioari mesede egiten dion nekazaritza jarduera mantentzen dela eta lehorreko laboreen txandaketa egiten dela, eta ingurumen baldintza hauek bete beharko dira:

–Oro har, intereseko flora eta faunaren habitat eta espezieak ukitzen dituzten erabilerek eta jarduketek haien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak bete beharko dituzte.

–Debeku da urak kutsatzeko edo intereseko habitatak narriatzeko arriskua ekartzen ahal duten hondakin solidoak, mindak, digestatoa eta/edo simaurrak, obra hondakinak edo substantziak bertan uztea.

–Ez da mindarik aplikatuko, ezta deribaturik ere, lehorreko zereal alorretan martxoaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean, ugaltze garaian estepako hegaztien babesa bermatzearren.

–Lugorrietan ez da mindarik aplikatuko, ezta haren deribaturik ere. Gainera, estepako hegaztien bizi zikloa osatzeko lugorriek duten garrantzia ikusirik, saihestu behar da simaurren planaren ondorioz laborantza areagotzea eta lehendik zegoen lugorri sistema eraldatzea.

–Minda banatzeari dagokionez, leku horietan banaketa lokalizatua soilik baimentzen da, eta hodi esekiak dituzten tangen bidez egin behar da, lehen aipatutako oharrak kontuan hartuta: dosifikazioak errespetatu beharko du estepako hegaztien babes egutegia eta bermatu beharko du ez dela sortuko intereseko habitatak kaltetzen ahal dituen putzurik edo jariatzerik.

–Eremu alfer iraunkorretan ez da simaur, minda edo haien deribaturik banatzen ahalko (ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuaren 8.5 artikulua aplikatuz; haren bidez ezartzen dira Nafarroako Foru Komunitateko abeltegien ingurumen baldintza teknikoak) . Gainera, alfer-lur horiei, bereziki intereseko habitatak badira (KBEaren barruan zein hortik kanpo egon), ez zaie zeharkako ukipenik eraginen mindak edo horien deribatuak aplikatzen diren alorren laborantzatik sor daitezkeen isuri edo putzuen ondorioz.

–Ez da baimenduko mindak, digestatoa eta/edo simaur likidoa erabiltzea ur masa iraunkorretatik 50 metroko distantziatik behera, izan ibilgu nagusiak edo bigarren mailako sarea. Ur masak babesteko ezartzen diren banaketa baldintzetan kontuan hartuko dira estatuko araudi sektorial espezifikoan ezarritako betebeharrak (Batzordearen 2017ko otsailaren 15eko 2017/302 EB Betearazpen Erabakian adierazitako TEOak-Abeltzaintza Sektorea).

–Ur ibilguen eta hezeguneen gaineko kutsadura saihestuko da, urte sasoi bateko ibilguak izan edo etengabeak. Erreka-zuloak eta haien adarrak ur-ibilgutzat hartuko dira, batez ere inguruan habitat naturalak dituztenak (gatzagak, larreak, landare higrofiloak edo mehatxatutako flora taxonak), habitat horiek KBEaren barnean sartuak egon edo ez. Nolanahi ere, ez da hustubide edo drainatzeetara bideratutako azaleko ur jariatzerik egiten ahalko.

–Gatz hezegune eta erreka zuloen arro hidrografikoan kontuan hartu beharko dira Nafarroako Foru Komunitatearen Nekazaritzako Jardunbide Egokietarako Kodean lurzoruen erabilerari eta ongarritzeari buruz jasotako gomendioak (kode hori Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren 1997ko otsailaren 17ko Foru Aginduaren bidez onetsi zen).

Iragarkiaren kodea: F2303287