54. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

NOAIN ELORTZIBAR

Noain Elortzibarko eraikinak birgaitzeko laguntzak arautzen dituen ordenantzaren aldaketa. Behin betiko onespena

Noain Elortzibarko Udalak, 2022ko azaroaren 15ean egindako osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea aldaketa Noain Elortzibarko eraikinak birgaitzeko laguntzak arautzen dituen 47 zenbakiko udal ordenantzan. Aldaketak 1., 2., 3., 6., 8., 10. eta 14. artikuluei eragiten die.

Hasierako onespenaren erabakia 2022ko 238. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 29an, argitaratu zen, bai eta Udalaren iragarki-taulan ere. Jendaurrean egoteko epea amaituta, eta inork aurkeztu ez duenez alegaziorik, kexarik edo oharrik, hasierako onespena behin betikoa izatera igaro da, eta indarrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzearekin batera; hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin.

Noain Elortzibarren, 2023ko urtarrilaren 30ean.–Alkate udalburua, Sebastián Marco Zaratiegui.

47 ZENBAKIKO ORDENANTZAN ALDATUTAKO ARTIKULUAK

1. artikulua. Xedea eta aplikazio-eremua.

Oinarri hauen xedea da Noain Elortzibarko Udalaren laguntza berezi batzuk emateko prozedura eta laguntza horien araubide juridikoa ezartzea, kalteberatasun-egoeran dauden pertsonak bizi diren eraikinetan etxebizitzetako energia-efizientzia eta irisgarritasuna hobetzeko obrak egin nahi dituzten jabeen erkidegoek sustatutako hiri-berroneratzerako jarduketak egin eta bizitegi-erabilerako eraikinetan energia-autokontsumorako instalazioak ezar daitezen bultzatzeko.

Honako hauek arautuko dituzte ordenantza honetan bildutako laguntzak: ordenantzaren beraren preskripzioek, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatutakoak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onesten baitu, eta aplikagarri diren administrazio eskubideko gainerako arauek.

2. artikulua. Babestekoak diren jarduketak.

Gutxienez 25 urtetik gorakoak diren eta antolamenduz kanpo ez dauden etxebizitza kolektiboen eraikinetako birgaitze-jarduketei aplikatuko zaizkie laguntzak, baldin eta esku-hartze orokorreko proiektu batean sartuta dauden jabeen erkidegoen, etxebizitza-elkarteen edo kooperatiben ekimenez sustatzen badira, eta honako obra hauetan guztietan edo hauetako batzuetan zehazten badira:

a) Eraikineko inguratzaile termikoaren hobekuntza, berotzeko edo hozteko behar den energia murriztearren, fatxadan, estalkian, babestu gabeko beheko solairuetan edo aipatu inguratzailearen edozein paramentutan; isolamendu termikoaren hobekuntzak; zureria aldatzea eta hutsarteetan beirak jartzea; terraza teilatudunak ixtea edo haietan beira jartzea; eta bestelakoak, gailu bioklimatikoak (landare estalkiak eta fatxadak eta abar) eta itzala sortzekoak paratzea barne.

b) Sistema zentralizatu berriak jartzea edo berritzea berokuntzarako, hozketarako, etxeko ur beroa sortzeko eta egokitzapen termikoaren aireztatzerako, edo egungo sistemen efizientzia energetikoa handitzea honako hauek eginez: beroa edo hotza sortzeko ekipoak aldatzea eta energia kontrolatzeko, erregulatzeko eta kudeatzeko sistemak, kontagailuak eta energia-kostuak banatzeko gailuak jartzea berokuntza zentraleko instalazioetan; banatze eta garraiatze sareen isolamendu termikoa jartzea edo fluido bero-eroaleak mugitzeko ekipoak aldatzea; hondakin-energiak berreskuratzeko gailuak jartzea; kanpoko airearekin dabiltzan hozteko sistemak ezartzea, baita berritzeko airearen beroa berreskuratzekoak ere, eta, besteak beste, eraikinak lotzea lehendik dauden bero- eta hotz-sareetara.

c) Energia berriztagarriak (eguzki-energia, fotovoltaikoa, biomasa, aerotermia, geotermia) sortzeko edo horiek erabiltzeko ekipoak jartzea, energia termiko edo elektriko konbentzionalaren kontsumoa murriztearren. Baita energia berriztagarriko edozein teknologia, sistema edo ekipo jartzea ere. Esaterako, eguzki-panel termikoak eta aerotermiaren arloko konponbide integralak aire-girotzerako eta etxeko ur berorako, etxebizitzek eskatzen duten etxeko ur beroa sortzeko edo aire-girotzeko instalazioen ur beroa sortzeko.

d) Eraikineko instalazio komunen energia-efizientzia hobetzea, besteak beste lanparak eta argiak aldatuz energia-errendimendu handiagoko beste batzuekin ordezkatuta eta orokortuz, adibidez, LED argiztapena, piztea kontrolatzeko eta argiztapen-maila erregulatzeko sistemen instalazioak eta argi naturalaren aprobetxamendua.

e) Ur-horniduraren instalazioak hobetzea eta ura aurrezteko mekanismoak jartzea, saneamendu sare bereiziak ezartzea edo ur grisak eta euri-urak eraikinean edo lurzatian bertan berrerabiltzeko bestelako sistemak ezartzea, baita estolderia publikora isurtzen den bolumena gutxitzeko balio duten sistemak ezartzea ere.

f) Inguratzaile termikoa hobetzeko proiektu batean sartzen badira edo inguratzaile termikoa lehenago egin duten eraikinetan egiten badira, irisgarritasun unibertsalerako eta pertsona guztientzako diseinurako jarduketak ere diruz lagunduko dira, baldin eta desgaitasuna duten pertsonei eraikineko eremu komunetan sarbidea eta erabilera errazteko arkitektura-oztopoak kentzea badute helburu, bide publikotik etxebizitzen barrualderaino.

Baldin eta aurkeztutako proiektuak obra horiekin batera garatzen baditu beste obra mota batzuk, laguntza kalkulatzeko kontuan hartuko dira soilik artikulu honetan zerrendatutako obrak.

Aldez aurretik, Eraikinaren Ebaluazio Txostena egin beharko da. Txosten horretan identifikatuko dira laguntzen xede den birgaitze-proiektuaren bidez zuzenduko diren gabeziak. Laguntza jasotzeko Gai izateko, jarduketak eraikinaren ebaluazio txostenean zehaztutako obrak jaso beharko ditu.

Laguntzak bizitegi kolektiborako erabilera eta familia bakarrekoa duten eraikinetan autokontsumo energetikoko instalazioak ezartzeko aplikatuko dira, antzinatasun-mugarik gabe eta Integrazio Globaleko Plan bat onartuta eduki beharrik gabe.

3. artikulua. Laguntzen eremu subjektiboa.

Pertsona edo familia-unitate bat kalteberatasun-egoeretarako laguntzen hartzekodun izateko, etxebizitzaren titulartasuna edo gozamena frogatu beharko du, eta ordenantza honetan jasotako jarduketaren batean parte hartu beharko du.

Laguntzaren hartzekodun izan daiteke etxebizitzan gutxienez hiru hilabete lehenagotik erroldatuta dagoen titular edo gozamenduna, betiere ohikotasunez bizitzen bada etxebizitza horretan gutxienez 3 urtez, jarduketa amaitzen denetik hasita, 2. artikuluan zerrendatutako obrak eginen dituen jabeen erkidego batean badago, eta familia- edo bizikidetza-unitatearen gehieneko diru-sarrerek ez badute gainditzen erreferentziako indizea (gaur egun ERREGEROSNA adierazlea, Errenta Egokiagatiko Erosahalmen Nahikotasuna), behar bezala egiaztatuta.

Bi alderdi horiek, etxebizitzaren edukitze-erregimena eta kalteberatasun-egoera ekonomikoa, egiaztatu beharko dira eskabidean.

Kalteberatasun-egoeretarako laguntzaren onuraduntzat joko da ordenantza honetan xedatutakoaren arabera laguntzaren hartzekodun den titularraren edo gozamendunaren etxebizitza kokatuta dagoen jabeen erkidegoa.

Emandako zenbatekoaren helburua izanen da ordenantza honen arabera eska daitezkeen baldintza objektiboak eta subjektiboak betetzeagatik laguntza jasotzeko eskubidea aitortzen zaien interesdun/eskatzaileei esleitutako obraren kostua murriztea. Laguntza hori aldi berean jakinaraziko zaie interesdun-eskatzaileei eta jabeen erkidegoari.

Ordenantza honetan araututako laguntza jaso nahi duen onuradunak ulertzen du Udalari berariazko baimena eman diola laguntza jabeen erkidegoaren banku-kontuan ordain dezan, ordenantza honen I. eta II. eranskinetan ezarritakoaren arabera.

Bizitegi kolektibotarako erabilerako eta familia bakarreko eraikinetan autokontsumo energetikoko instalazioak ezartzeko laguntzen kasuan, familia bakarreko etxebizitzen eta jabeen erkidegoen titularrak izaten ahalko dira dirulaguntzen onuradun.

6. artikulua. Laguntzen zenbatekoa.

Banakako dirulaguntzak izanen dira, eta eskatzaileari dagokion kuotaren ehuneko seira (%6ra) iritsiko dira.

Ukitutako etxebizitzaren jabetzaren titularkidetasun-kasuetan, eman beharreko laguntzaren gehieneko zenbatekoak muga hau izanen du: jabe bakar batena den etxebizitzaren jabetzaren kasuan legokiokeena, eta jabe bat baino gehiago izanez gero, eskrituran agertzen den kalteberatasun-egoeran dagoen pertsonaren titularkidetasun-kuotaren proportzioan ezarriko da laguntza.

Birgaitzeko obra-proiektu bat aurkezten duen jabeen erkidego bakoitzak jaso beharreko gehieneko zenbatekoa 5. artikulua aplikatuz kalkulu-oinarri gisa zehaztutako guztizko kostuaren EHUNEKO SEI (%6) izanen da (Erkidegoko etxebizitzen titular guztiek laguntza hori jasotzeko eskubidea badute eta baldintzak betetzen badituzte, ordenantza honetan ezarritako gainerako baldintzak betetzen badira).

Bizitegi kolektibotarako erabilera eta familia bakarreko erabilera duten eraikinetan autokontsumo energetikoko instalazioak ezartzeko jarduketen kasuan, 1. ordenantza fiskalean jasotakoa: Ordenantza fiskala, Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga arautzen duena.

8. artikulua. Laguntza ekonomikoak ordaintzeko modua eta epeak.

Laguntzak emateko udal ebazpen berariazkoan ezar daitezkeen laguntzen zenbatekoa eta ehunekoa ezin izanen dira gorantz berrikusi; aldiz, obren amaierako kostuaren justifikazioa hasieran onetsitako espedienteko aurrekontu diruz lagungarria baino txikiagoa denean, beheranzko berrikuspena eginen da.

Obrak amaitutakoan, onuradunak laguntzaren xede den jarduketa bete dela justifikatu eta ordainketa eskatu beharko du, honako hauek aurkeztuz:

–Obra amaierako ziurtagiria, dagokion elkargo ofizialak ikus-onetsia.

–Obren bukaerako kostua frogatzen duten agiriak eta/edo gastua ziurtatzen duten fakturak.

–Jabeen erkidegoaren ziurtagiria, bertan azalduta jabeen erkidegoa osatzen duten partaidetza koefizienteak, banaketa horizontalaren araberakoak. Egindako gastuak eta lortutako diru-sarrerak zerrendatuko dira, modu antolatuan eta kontzeptuka sailkatuta.

–Laguntzak ordaintzeko eskabidea, interesdunak sinatua, ordenantza honen II. eranskinean jasotako ereduaren arabera.

–Jarduketak, laguntza hauetaz gain, bestelako dirulaguntzekin edo baliabideekin finantzatu direnean, diru horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduketari aplikatu zaizkiola.

Onuradunak eta interesdunak behartuta daude laguntzak ematen dituen organoak egindako jarduketak justifikatzeko eska diezazkiokeen beste edozein agiri aurkeztera.

Udaleko zerbitzu teknikoek aurrekariak eta espedienteko dokumentazioa egiaztatuko dituzte, eta obrak ikuskatuko dituzte, dirulaguntzaren xedera egokitzen direla eta obra emandako lizentziaren arabera behar bezala egiten dela egiaztatzeko, bai eta eskatutako dokumentazioa behar bezala aurkezten dela egiaztatzeko ere. Egindako obra gauzatzean, kalifikazioaren elementu eta oinarri gisa aurkeztutako proiektu teknikoaren baldintzak eta edukia errespetatu beharko dira, eta, beraz, ez da aldaketarik egiten ahalko (batez ere, arkitekturaren, materialen edo egin beharreko tratamenduen kalitateari eragiten diotenean), udal zerbitzu teknikoen aldez aurreko baimenik gabe. Espedientea eta obrak aztertu ondoren, akta bat eginen da, eta, bertan, dirulaguntzaren oinarriekin bat datozen ala ez adieraziko da, dagokion laguntza likidatu dadin.

Behin betiko likidazioa bi hilabeteko epean eginen da, dokumentazioa behar bezala aurkezten denetik zenbatzen hasita.

10. artikulua. Eskabideen atzeraeragina.

Laguntza hauek atzeraeraginez emanen dira, eta 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako proiektuak aurkezten ahalko dira deialdira.

14. artikulua. Datuak babesteko klausula.

Interesdunek emandako datu eta informazio pertsonalak Birgaitze Pribaturako Laguntzen tratamendu-jardueran sartuko dira ­Noain Elortzibarko Udala da horren arduraduna­, eraikinak birgaitzeko laguntzen eta dirulaguntzen eskabideak kudeatu eta izapidetzeko, bai eta horien ondoriozko jarduketak ere, besteak beste, laguntza eta dirulaguntza horien deialdien kudeaketa, aurkeztutako eskakizunen eta eskabideen ebaluazioa, laguntzak emateko datuak zehazteko, ezagutzeko eta egiaztatzeko beharrezkoak diren jarduketak, eta laguntzaren/dirulaguntzaren xede den birgaitze-obraren exekuzioa ikuskatzea. Datuen tratamendua beharrezkoa da legezko betebehar bat betetzeko, bai eta Noain Elortzibarko Udalari emandako botere publikoak gauzatzeko ere. Oinarri juridikoa Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta hura garatzeko araudian oinarritzen da.

Iragarkiaren kodea: L2302611