54. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TXULAPAIN

Beltzuntzeko eskola zaharraren erabilera arautzen duen erregelamendua. Behin betiko onespena

Txulapaingo Udalak, 2022ko abenduaren 16an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Beltzuntzeko eskola zaharraren erabilera arautzen duen erregelamendua.

Onespenaren erabakia 2023ko 2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 13an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, aipatu ordenantza behin betiko onesten da eta agintzen da osorik argitaratzeko, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Markalainen (Txulapain), 2023ko otsailaren 27an.–Alkatea, Pablo Rota Arrieta.

BELTZUNTZEKO ESKOLA ZAHARRAREN ERABILERA ARAUTZEN DUEN UDAL ERREGELAMENDUA

Zioen azalpena

Txulapaingo Udalak bere jabetzako lokalen erabilera lagatzen die irabazi-asmorik gabeko elkarteei eta, azken batean, pertsona fisiko eta juridikoei, interes sozialeko jarduerak egiteko edo haien eginkizunak garatzera eta helburuak lortzera bideratutako ekintzak egiteko.

Hortaz, arau honen xedea da Txulapaingo pertsona fisiko eta juridikoendako espazio bat arautzea eta haien eskura jartzea, aurreko paragrafoan aipatu helburua bete ahal izateko.

Alabaina, lokal horien erregulaziorik ezak antolamendu mailako arazoren bat sor dezake; hortaz, beharrezko ikusten da Udalaren lokalen erabilera arautzen duen erregelamendu bat egitea eta onestea.

1. artikulua. Xedea.

Erregelamendu honen xedea da udal titulartasunekoa den Beltzuntzeko eskola zaharraren erabilera (kanpoko aldearena eta barnekoa) arautzea, udalerriko pertsona fisikoek, entitateek edo elkarteek jarduera zehatzetarako lokal bat behar dutenean, erabili ahal dezaten, jarraian xedatzen diren arauei jarraikiz.

2. artikulua. Lagatzen diren espazioei buruz kontuan hartu beharrekoak.

1.–Txulapaingo Udalak erabakiko du Beltzuntzeko eskola zaharraren erabilera lagatzea behin-behinean eta doan.

Udalak alda dezake lokal erabilgarrien zerrenda hau Udalaren aukerek eta interesek halaxe eskatzen dutenean.

3. artikulua. Eskaerak eta onuradunak.

1.–Pertsona fisikoek edo juridikoek eskaera-eredu normalizatuaren bidez eskatuko diote Txulapaingo Udalari dagokion udal lokalaren erabileraren lagapena. Eredu hori udaletxean eskuratzen ahal dute, jendearentzako arreta ematen duen bulegoan.

2.–Udalaren lokalen lagatzea eskuratzeko ezinbesteko baldintza izango da eskaera egiten duen pertsonak edo entitate fisiko edo juridikoak zehaztea erabilera hori arrazoitzen duen jarduera.

3.–Erabilera eskuratzeko ezinbesteko baldintza izango da lokal horiek erabiltzeko egunak eta orduak zehaztea, bai eta Udalak beharrezkotzat jotzen dituen agiriak aurkeztea ere, beti ere, eskaerarekin batera aurkeztuko direnak.

4.–Eskaera 5 egun lehenago, gutxienez ere, egin beharko da, erabiltzen hasi aurretik.

4. artikulua. Ebazteko organoa.

Txulapaingo Udalak, barne ekintza batean, jarduketa proposamena aztertuko du, hura kalifikatuko eta erabakiko errefusatzea edo onartzea.

Presaren kariaz eskaerak aurkezteko epeak eta baldintzak betetzea ezinezkoa bada, gutxienez ere Alkatetzarekin harremanetan jarri beharko da, eta haren oniritzia jaso.

5. artikulua. Prozedura.

1.–Udalak arduradun bat izendatuko du, ateak ireki eta ixteaz, eta ekitaldi bakoitzaren aurretik eta ondotik egoera gainbegiratzeaz arduratuko dena. Nolanahi ere, arduradun horrek ez ditu baimenduko eskatzen diren jarduketak, baimenak ematea Txulapaingo Udalaren ardura izanen baita.

2.–Eskaera ezarritako epean eta eran aurkeztu ondoren, bi egun balioduneko epean espresuki ebatziko da.

3.–Udalaren lokalak erabiltzeko baimen-erabakian erabileraren iraupena ezarriko da, eta espresuki eta zehaztasunez adieraziko dira lagatzen diren espazioak eta erabiltzeko orduak.

4.–Bi eskaerak data eta ordutegietan bat egiten badute, lehenago aurkeztu dena nagusituko da. Hala ere, eta salbuespenez, hala eskatzen bada, Txulapaingo Udalak erabakitzen ahalko du zer ekitaldik duen lehentasuna aldi bererako proposatu direnen artean.

6. artikulua. Erabilerak.

1.–Lagatzen diren tokiak bere eginkizun edo jardueretarako erabili ahal izango ditu onuradunak, erabilera baimenerako eskaeran ezarrita dituen helburuei jarraituz. Lagapen erabakian edo baimenean gai hori zehatzago arautu daiteke, hala behar duten puntuetan.

2.–Udalak baimendutako edozein jarduera egiten ahalko da.

7. artikulua. Onartzen ez diren jarduerak.

1.–Debeku da lagatako lokalak erabilera-baimenean ageri ez diren jardueretarako erabiltzea, bereziki jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri edo arriskutsuetarako.

2.–Oro har, lagatako lokalen barnean edatea eta jatea. Haietakoren bat egin ahal izateko Udalak baimen espresa eman beharko du.

3.–Debeku da erretzea hiru lokaletako edozeinetan.

8. artikulua. Lagapen-hartzaileak honako betebehar hauek izanen ditu:

a) Lokalak erabiltzeko araubidean edo baimen erabakietan ezarritako erabilera ordutegiak errespetatzea.

b) Lagatako tokia onuradunaren xedeetarako erabili behar da, haren jarduera programa betetzeko, bai eta Udalak baimentzen dituen helburuetarako ere.

c) Erabiltzeko lagatzen zaizkien tokiak egoera onean edukiko dituzte osasungarritasunaren eta higienearen aldetik.

d) Erabiltzaileak aurkitu duen egoera berean utzi beharko du lokala.

e) Esleitu zaion espazioaren erabilera ez die hirugarrenei lagako, ez osorik ez zati batean.

f) Ebazpenean espresuki baimendutakoa ez den beste lokal bat erabiltzea.

g) Gertatzen diren anomalia, gorabehera edo arazoen berri emanen diote Txulapaingo Udalari, eta larria bada, berehala jakinaraziko dizkio.

h) Une oro Udalari jarraipen eta ikuskapen ahalmena erabiltzen uztea, begiratu ahal izateko ea betetzen diren erregelamendu hau eta erabilera lagatzeko edo baimentzeko erabakia. Leku guztietara sartzen uztea eta eskatzen dituen informazioa eta agiriak ematea.

9. artikulua.

Baldintza-orri honetako betebeharretako edozein ez betetzea izanen da baimena hutsaltzeko arrazoi, aparte utzirik lagapen-hartzaileari eska lekizkiokeen erantzukizunak.

10. artikulua.

Erregelamendu honen ondoriozko lagapen prozedurak izaera administratiboa du; beraz, haren ondoriozko gorabehera guztien ebazpena, baita bertako xedapenen interpretazioa ere, Txulapaingo Udalaren eskutan egonen dira lehen-lehenik, nahiz eta haren ebazpenen kontra jotzen ahalko den, hautara, Nafarroako toki-erakundeetarako ezarririk dauden bideak erabiliz.

Zehapen araubidea

11. artikulua. Arau-hausteak.

Arau-haustetzat hartuko dira Udalaren lokalen erabileraren onuradunek erregelamendu honetan ezarritako arauen aurka egiten dituzten jarduketa guztiak, honako kalifikazio hauekin bat:

a) Arau-hauste arinak izanen dira erregelamendu honetan astuntzat edo oso astuntzat hartzen ez direnak.

b) Arau-hauste astuna:

–Kalteak edo hondamenak eragitea lokalean edo ondoko aretoetan.

–Espresuki ebazpenean baimendutakoa ez den beste lokala erabiltzea.

–Arau-hauste arinak berriz egitea, gutxienez hiru aldiz.

c) Arau-hauste oso astuna:

–Pertsonen askatasunari edo haren osotasun fisiko edo moralari erasotzen diotenak.

–Arau-hauste astunak berriz egitea, gutxienez bi aldiz.

12. artikulua. Zehapenak:

Aurreko artikuluan tipifikatutako arau-hausteak egiten dituzten pertsona fisiko edo juridikoei, espedientea ireki ondoren, honako zehapenak ezarriko zaizkie:

a) Arau-hauste arina:

–Bostehun euro (500,00) arteko isuna eta lokala erabiltzeko debekua, hiru hilabete artekoa.

b) Arau-hauste astuna:

–Bostehun euro eta zentimo bat (500,01) eta mila eta bostehun eurora (1.500,00) bitarteko isuna, eta lokala erabiltzeko debekua, hiru hilabete eta egun batetik sei hilabete artekoa.

c) Arau-hauste oso astuna:

–Mila bostehun euro eta zentimo bat (1.500,01) eta hiru mila eurora (3.000,00) bitarteko isuna.

Iragarkiaren kodea: L2303389