54. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CORELLA

Udal Plan Orokorreko 70. artikulua aldatzea ("Bizitegitarako azpisektorea, dentsitate apalekoa, SS-1.2"). Hasierako onespena

Corellako Udalaren Gobernu Batzarrak, 2023ko otsailaren 28an egindako bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen:

Ikusirik Erregistroko 275/2023 sarrera, 2023ko urtarrilaren 19koa, zeinaren bidez Teresa Nebredak agiri bat aurkeztu baitzuen aldaketa puntual bat egiteko Corellako Udal Plan Orokorrean, 70. artikuluan ("Bizitegitarako azpisektorea, dentsitate apalekoa, SS-1.2"); aldaketaren helburua zen izapide bat egiteko betebeharra kentzea, hots: ez dadila beharrezkoa izan xehetasun-azterketa bat egitea jada baden etxebizitza baten kanpoko irudia aldatzeko (Lorategi Hiriko tipologiako etxebizitza).

Kontuan harturik Alkatetzaren otsailaren 20ko 293/2023 Ebazpena, zeinaren bidez onesten baita Ingurumen Txosten Estrategiko bat Corellako Udal Plan Orokorra aldatzeko; zehazki haren 70. artikulua ("Bizitegitarako azpisektorea, dentsitate apalekoa, SS-1.2"). Geoinnova SLU enpresak prestatu du.

Kontuan harturik udal arkitektoaren eta idazkariaren txostenak.

Kontuan harturik, orobat, 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, zeinaren bidez onesten baita Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina.

Bertaratu guztien aldeko botoarekin, honako hau ERABAKITZEN DA:

Lehenbizikoa.–Hasiera batez onestea planeamendurako aldaketa puntual bat; hain zuzen ere, aurkeztu dena Erregistroko 275/2023 sarreraren bidez, 2023ko urtarrilaren 19an, xede duena aldatzea Corellako Udal Plan Orokorreko 70. artikulua ("Bizitegitarako azpisektorea, dentsitate apalekoa, SS-1.2"); aldaketaren helburua da izapide bat egiteko betebeharra kentzea, hots: ez dadila beharrezkoa izan xehetasun-azterketa bat egitea jada baden etxebizitza baten kanpoko irudia aldatzeko (Lorategi Hiriko tipologiako etxebizitza). Betiere, honako baldintza hau ezarri da:

Aldaketa puntuala azkenik onesteko, aurkeztu beharko da Ingurumen Agiri Estrategiko bat, gehituko zaiona Plan Orokorraren aldaketa puntualaren Memoriari. Hala, beteko dira Geoinnova SLU enpresak egindako Ingurumen Txosten Estrategikoko azalpen zatiko baldintzak ("Oharrak eta kontuan hartzekoak").

Bigarrena.–Espedientea jendaurrean edukitzea hilabetez, iragarkia argitaraturik Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Udalaren iragarki-taulan eta Nafarroako editatzen diren egunkarietan.

Corellan, 2023ko martxoaren 1ean.–Alkatea, Gorka García Izal.

Iragarkiaren kodea: L2303572