54. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TUTERA

Aldaketa, honako honetan: deialdia, bete dadin nekazaritzako ingeniari teknikoaren lanpostu hutsa, oposizio-lehiaketaren bidez, egonkortzeko prozesu bereziaren barnean

Tuterako Udalean, Alkatetzaren otsailaren 13ko 309/2023 eta 322/2023 ebazpenen bidez, partez baietsi dira Alberto Buñuel Garnicak eta Francisco Domínguez Salvatierrak jarritako errekurtsoak, Alkatetzaren azaroaren 29ko 2396/2022 Ebazpenaren kontra (haren bidez onetsi zen deialdi bat, oposizio-lehiaketaren bidez bete zitezen lanpostu huts batzuk, enplegua egonkortzeko prozesu bereziaren barnean); zehazki, errekurtsoa jarri zen nekazaritzako ingeniari teknikoaren lanposturako gai-zerrendaren kontra (deialdiaren I. eranskinean azaldu zen).

Horren ondorioz, deialdia aldatu behar da (hasiera batean argitaratu zen 2022ko 247. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 12an): gai-zerrendako 25. gaia aldatu behar da, nekazaritzako ingeniari teknikoaren lanposturako deialdian, eta bere horretan geldituko dira deialdiko gainerako guztiak.

Horrek esan nahi du ez dela berriz ere eskabidea aurkeztu beharko, baldin lehengoan aurkeztu bazen. Orain deialdian parte hartu nahi dutenei dagokienez, eskabidea aurkeztu ahal izanen dute, horretarako irekitako epe berrian, kontuan hartuta merezimenduen zenbaketa eginen dela jatorrizko deialdian ezarritako datak erreferentziatzat hartuta, hau da:

–Egindako zerbitzuak zenbatzeko azken eguna: 2022ko abenduaren 12a, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen eguna.

–Egindako prestakuntza-ekintzak zenbatzeko azken eguna: 2022ko abenduaren 27a, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den eguna.

Beraz, Alkatetzaren martxoaren 2ko 460/2023 Ebazpenaren bitartez, honako hau onesten da:

Lehenbizikoa.–Aipatutako deialdiaren I. eranskina aldatzea; hau da, gai-zerrendako 25. gaia aldatzea, nekazaritzako ingeniari teknikoaren lanposturako deialdian. Honela geldituko da: "Ekoizpen fotovoltaikoko instalazioak eta ekoizpen eolikoko instalazioak: bete beharreko ingurumen-baldintzak, behar dituzten izapidetze administratiboen prozesuak, eta horietarako epeak. Elikatzeko eta/edo husteko lineen tipologia, eta nekazaritzako beste azpiegitura batzuk nola ukitzen dituzten eta nola gainjartzen diren".

Bigarrena.–Hamabost egun naturaleko beste epe bat irekitzea, deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrekin ez dira aldatuko alegatutako merezimenduak zenbatzeko epeak; aitzitik, hasierako deialdian ezarritako epeak mantenduko dira.

Tuteran, 2023ko martxoaren 3an.–Alkatea, Alejandro Toquero Gil.

Iragarkiaren kodea: L2303810