54. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ETXALAR

Deialdia, administrari-ofiziala izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

Etxalarko Udalak, 2023ko otsailaren 9ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, Etxalarko Udalaren zerbitzuko administrari-ofizialaren lanpostu bat (arlo ekonomikorako) lehiaketa-oposizio bidez betetzeko deialdia onartu zuen. Hona hemen deialdiaren oinarriak:

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdiaren xedea da Etxalarko Udalaren zerbitzuko administrari-ofiziala izateko lanpostu bat, arlo ekonomikorako, oposizio-lehiaketaren bidez betetzea.

1.2. Izendapenak Etxalarko Udaleko lan-kontratudun finko bilakatuko du izendatua, ondorio guztietarako, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean kidetuko da eta, kasua bada, hartan izena emanen, lanpostuaren jabetza hartzen duenetik aitzina.

1.3. Lanpostuak Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen C mailari dagozkion lansariak izanen ditu. Plantilla organikoan aurreikusita dauden osagarriak ere izanen ditu.

1.4. Lanaldi osoa izanen du.

1.5. Egin beharreko lanak bere mailari eta kategoriari dagozkienak izanen dira, jendeari harrera egitea eta kontzejuen nahiz udalaren administrazio zerbitzuei sostengu ematea barne. Horrez gain, Etxalarko Udalaren kontabilitate-kudeaketaz arduratu beharko da.

1.6. Oporren araubidea herriko etxeko bulegoetako gainerako udal langileena izanen da.

1.7. Era berean, deialdi honen xedea da aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda osatzea, sartzeko hautaketa-prozeduran plazarik lortzen ez duten pertsonekin, deialdi honen 7.2. oinarrian xedatutakoaren arabera.

2.–Betebehar orokorrak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartua izateko, izangaiek beharkizun hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean:

a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.

Parte har dezakete, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeitabat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteta izatea, eta nahitaezko erretiroa hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea, betiere eskatzen diren gainerako baldintzak betez gero.

c) Dagozkion eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisikoa zein psikikoa izatea.

d) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Batxilergo, II. mailako Lanbide Heziketa edo horien baliokidea den titulua edukitzea edo eskuratzeko baldintzetan egotea.

e) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea, ezta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua ere.

f) Euskararen ezagutzari dagokionez, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko C-1mailaren ziurtagiria izatea, erakunde ofizial batek emana, edota haren baliokidetzat jotzen den beste titulazio bat izatea.

2.2. Arestiko betebeharrak, lanpostua eskuratzen duen izangaiak egiaztatu beharko ditu, deialdi honen bederetzigarren oinarriak xedatzen duen maneran eta epean. Hori guztia bete beharko da eskabideak aurkezteko epea bururatzen den egunean eta oposizio prozedura osoan izendapen eguna arte bete ere.

3.–Eskaerak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu ahal izanen dira Etxalarko Udaleko Erregistro Orokorrean (Andutzeta kalea, 15-2.a, Etxalar), haren egoitza elektronikoan (https://etxalar.egoitzaelektronikoa.eus) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako edozein bitartekoren bidez, hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabidea 39/2015 Legean aurreikusitako bideren bat erabiliz aurkeztea erabakitzen bada, mezu elektroniko bat bidali beharko zaio Etxalarko Udalari (udala@etxalar.eus), 24 orduko epean, egoera hori adieraziz. Eskabidea posta-bulego batean aurkezten bada, gainera, gutun-azal irekian eginen da, posta-zerbitzuko langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.

Baldintza horiek betetzen ez badira, ez da proposamena onartuko, iragarki honetan adierazitako epearen ondoren jasotzen bada.

Eskabideak aurkeztu beharko dira jarraikiz deialdi honetako I. eranskinean argitaratutako ereduari, eta haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako.

3.2. Desgaitasuna izateagatik eta hala behar izateagatik probak egiteko denboretan eta bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek hala adierazi beharko dute eskaeran, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten edo denbora eta/edo bitartekoak nola doitu behar diren. Horretarako, izangaiak egoki deritzon dokumentazioa aurkez dezake, eskaera aurkeztean, 3.4 apartatuan ezarritakoari jarraikiz.

3.3. Izangaiek alegatu egin beharko dituzte deialdi honen seigarren oinarriaren arabera kalifikazio epaimahaiak baloratzekoak diren merezimenduak.

Dokumentazio hori aurkezten ez bada eskabideetarako ezartzen diren epean eta moduan, merezimenduak ez dira baloratuko.

3.4. Eskabideari agiri hauek erantsi beharko zaizkio:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren (NAN) edo atzerritarraren identifikazio zenbakiaren (AIZ) fotokopia.

b) Deialdi honetako bigarren oinarrian eskatzen diren titulazioen fotokopia.

c) Hautagaiek alegatutako merezimenduen egiaztagiriak, aurreko puntuan eta deialdi honen seigarren oinarrian adierazitakoaren arabera.

d) Euskara maila badakiela egiaztatzen duen dokumentazioa (C1 ahozkoan eta idatzian).

e) Ezgaitasun aitorturen bat duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, egoera horren frogagiria aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, beharrezkotzat jotzen dituzten denbora eta baliabide egokitzapenak eskatu ahal izango dituzte; kasu horretan, eskabidean adierazi beharko dute, eta, gainera, aparteko orri batean adierazi beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.

Puntu honetan adierazitako agiriak aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuko. Aski izanen da dokumentazioaren kopia sinpleak egitea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak zuzenak, ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

3.5. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

3.6. Eskabideetan atzematen diren akats materialak edo egitezkoak zuzendu daitezke ofizioz edo interesdunak eskaturik, noiznahi ere.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, Etxalarko Udaleko alkateak ebazpena emanen du onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda onartzeko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Etxalarko udaletxeko iragarki-oholean eta bere webgunean argitaratzeko aginduko du. Inor baztertzen ez bada, alkate udalburuak zuzenean onartu ahal izanen du onartuen behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hamar egun baliodunen barruan, baztertutako pertsonek, halakorik balego, erreklamazioak aurkeztu ahal izanen dituzte eta, hala badagokio, akatsak zuzendu, Etxalarko Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztutako idazki baten bidez.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea igarotakoan, eta erreklamazioak egin ondoren, halakorik balego, Etxalarko Udaleko alkateak ebazpena emanen du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onartzen duen ebazpenean bertan zehaztuko dira probak hasteko lekua, eguna eta ordua.

4.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du erran nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bitartez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Mahaiburua: Miguel María Irigoien Sanzberro, Etxalarko Udaleko alkatea.

Ordezkoa: José María Maya Ariztegui, Etxalarko Udaleko alkateordea.

1. epaimahaikidea: Pablo Mendiburu Etxeberria, Baztango Udaleko administrari-ofiziala.

Ordezkoa: Aintzane Apeztegia Erasun, Baztango Udaleko administrari-ofiziala.

2. epaimahaikidea: Aitziber Abasolo Larrazabal, Berako Udaleko administrari-ofiziala.

Ordezkoa: Miren Arantzazu Iriarte Loiarte, Berako Udaleko administrari-ofiziala.

3. epaimahaikidea: Asun Nieto Zabala, NUKFeko aholkulari juridikoa.

Ordezkoa: Fermín Cabasés Hita, NUKFeko aholkulari ekonomikoa.

4. epaimahaikidea: Izaskun Gortari Sein, Etxalarko Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Nagore Madariaga Iriarte, Arantza eta Igantziko udalen batasuneko idazkaria.

Epaimahaiko idazkari-lanak epaimahaiko kideren batek eginen ditu, eta epaimahaiko kide guztiek sinatuko dituzte aktak.

5.2. Epaimahaia hautaprobak egin baino lehen eratu beharko da, eta epaimahaiko kideen gehiengo osoa gutxienez bertaratu beharko da epaimahaia balio osoz eratzeko eta jarduteko.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzearen inguruan sor daitezkeen gai guztiak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jaso dezake proba guztietan edo haietako batzuetan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizio-lehiaketa nola eginen den.

6.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamenduan xedatutakoarekin bat etorriz, oposizio-lehiaketa hasiko da deialdia argitaratu eta gutxienez ere bi hilabete igarotakoan. Lehenik, lehiaketa-fasea eginen da, eta, ondoren, oposizio-fasea, oinarri hauetan adierazitako moduan.

6.2. Lehiaketa-fasea.

Lehiaketa-faseak 20 puntu izanen ditu gehienez, baremo honen arabera:

6.2.1. Esperientzia:

–Nafarroako toki entitate baten zerbitzuan administrari-ofizialaren lanetan aritu izana: 3 puntu, urte bakoitzeko.

–Nafarroako toki entitate batendako administrari laguntzailearen lanetan aritu izana: 1,5 puntu, urte bakoitzeko.

Egiaztatutako esperientzia-denborak urte osoak betetzen ez dituenean edo lanaldi osoko lana egiten ez duenean, dagokion proportzionaltasuna lortuko da. Zerbitzuak bete izana frogatzen duten dokumentuetan espresuki adieraziko da zerbitzu haiek lanaldi osokoak ala murriztukoak ote ziren, eta lanaldi murritza bazen, zenbatekoa.

Aurreko bi atalen baturak ezin izango ditu 15 puntu gainditu.

6.2.2. Prestakuntza:

–Informatikako ikastaroak egiteagatik (Word, Excel, Access, Webmail edo Outlook):

  • 0,05 puntu 5-15 orduko ikastaro bakoitzeko.
  • 0,10 puntu 15 eta 30 ordu bitarteko ikastaro bakoitzeko.
  • 0,15 puntu ikastaro bakoitzeko, 30 ordutik aurrera.

15 ordu baino gutxiagoko ikastaroak ez dira baloratuko.

–Deialdiaren xede den lanpostuaren funtzioei dagozkien gaietan hobetzeko eta espezializatzeko ikastaroak eta prestakuntza-ekintzak egiteagatik, erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitate-zentroek emandakoak, bai eta administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzako akordioen esparruan egindako etengabeko prestakuntzako ekintzak egiteagatik ere, honako baldintza hauetan:

  • 0,10 puntu 5-15 orduko ikastaro bakoitzeko.
  • 0,15 puntu 15 eta 30 ordu bitarteko ikastaro bakoitzeko.
  • 0,20 puntu ikastaro bakoitzeko, 30 ordutik aurrera.

5 ordu baino gutxiagoko ikastaroak ez dira baloratuko.

Aurreko bi atalen batura ez da 5 puntu baino handiagoa izanen.

Alegatutako merezimenduak zerbitzuak eman diren administrazio publikoaren edo erakunde pribatuaren ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharko dira, eta ziurtagiri horretan berariaz adierazi beharko dira betetako lanpostuaren izena, lan egindako denbora eta lanaldiaren iraupena. Benetan emandako zerbitzuak onartuko dira, edozein dela ere kontratazio-araubidea, behin-behinekoa edo finkoa. Atal batean baino gehiagotan sailkaturiko zerbitzualdiak aldi berean egin badira, puntuaziorik handiena eskuratzeko balio duten zerbitzuak baizik ez dira zenbatuko denbora tarte horretan.

Merezimendu gisa baloratzeko aurkeztu diren eta goian aipatutako baldintzak berariaz jasota ez dituzten dokumentu guztiak ez dira kontuan hartuko balorazio hori egiteko.

6.3. Oposizio-fasea.

–Lehen ariketa: teorikoa. Test motako galderak erantzun beharko dira, 2. eranskinean agertzen diren gaiei buruz. Proba honek gehienez ere 40 puntu izanen ditu, eta bazterturik geldituko dira gutxienez 20 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

–Bigarren ariketa: praktikoa. Kasu praktiko bat edo gehiago ebatzi beharko da, 2. eranskinean adierazitako gairen bati buruz. Proba honek gehienez ere 30 puntu izanen ditu, eta bazterturik geldituko dira gutxienez 15 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

–Hirugarren ariketa: informatika proba. Ariketa praktiko bat edo gehiago egin beharko dira, toki administrazioan erabili ohi diren aplikazio informatikoez baliatuz. Proba honek gehienez ere 10 puntu izanen ditu, eta bazterturik geldituko dira gutxienez 5 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Proba bakoitza hasi baino lehen, epaimahaiak ezarriko du ariketak egiteko denbora.

Orobat, plika itxi eta zenbakituen sistema ezarriko da, izangaien anonimotasuna bermatu beharrez. Hirugarren ariketan (informatika proba), plika sistema aplikatzerik ez bada, behar diren neurriak hartuko dira izangaien anonimotasuna bermatu beharrez.

6.4. Oposizioaldiko ariketa guztiak baztergarriak izanen dira. Ariketa bakoitzari dagokion gutxieneko puntuazioa bederen eskuratzen ez duena bazterturik geldituko da. Hala berean, ariketa guztietan bazterturik geldituko dira ariketen edozein probatan 0 puntu eskuratzen duten izangaiak.

6.5. Udaletxeko iragarki-taulan eta webgunean emanen dira argitara probak zein egun, ordu eta tokitan eginen diren, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago; hogeita lau ordu lehenago, hasitako proba baten jarraipena baldin bada.

6.6. Ariketak egiteko dei bakarra izanen da. Haietara, izangai guztiek nortasun agiri nazionala edo legez baliokidea den agiriren bat aldean dutela azaldu beharko dute, eta eskatuz gero erakutsi; bertzenaz, kanporatu eta baztertuak izanen dira.

Probetan oharretatik kopiatzeak zein beste edozein iruzur egiteak berehalako kanporatzea ekarriko du, bidezko jarduketa penalak deusetan galarazi gabe.

7.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta epaimahaiaren proposamena.

7.1. Izangaien kalifikazioa amaitu ondoren, epaimahaiak gainditu dutenen zerrenda argitaratuko du iragarki-taulan, lortutako puntuazio osoaren arabera, eta puntuazio handiena duen izangai gaindituaren aldeko izendapen-proposamena eginen du.

Berdinketarik gertatuz gero, oposizio-faseko bigarren ariketan puntuaziorik handiena lortzen dutenen alde ebatziko da. Berdinketak bere horretan jarraitzen badu, deialdi honetako 7. oinarriko lehen eta bigarren ariketetan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan, hurrenkera honetan, eta, azkenik, berdinketa-egoerak jarraitzen badu, zozketa publikoa eginen da.

7.2. Kalifikazio epaimahaiak erreklamazioak ebatzi ondoren, Etxalarko Udaleko iragarki-taulan eta webgunean argitaratuko ditu parte-hartzaile guztien behin betiko puntuazioak, eta hautagai-zerrenda Alkatetzari bidaliko dio, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta eta espediente osoarekin batera, ebatzi eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.

Gainditu duten gainerako pertsonak zerrenda batean sartuko dira, lortutako puntuazioaren arabera, Udalak egin ditzakeen kontratazioetarako, berak ematen dituen zerbitzuen esparruan sortzen diren premien arabera, deialdi honen 1.7. oinarrian xedatutakoarekin bat etorriz.

8.–Agiriak aurkeztea.

8.1. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta hogeita hamar egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Etxalarko Udalaren erregistro orokorrean:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren (NAN) fotokopia konpultsatua edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen duen agiri baliokidea.

b) Deialdi honen bidez bete beharreko lanpostua betetzeko behar diren titulazioen fotokopia konpultsatua.

c) Medikuaren ziurtagiri ofiziala, interesdunak karguari dagozkion eginkizunak betetzea eragozten dion gaixotasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatzen duena.

Desgaitasuna alegatu duten izangaiek, gainera, desgaitasuna deialdiaren xede den lanpostuarekin bateragarria dela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko dute, balioespen- eta orientazio-talde eskudunek luzatua.

d) Zinpeko edo hotsandiko aitorpena, funtzio publikoak betetzeko ezgaituta edo etenda ez dagoela eta herri-administrazio baten zerbitzutik bananduta ez dagoela adierazten duena.

e) Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa, abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuan arautua.

f) Nafarroako Foru Erregimena errespetatzeko, Konstituzioari eta legeei men egiteko eta karguari dagozkion betebeharrak zintzo betetzeko zina edo promesa.

Izangaia deialdia egin duena ez den Nafarroako Administrazio Publikoko langile finkoa bada, bere aurreko Administrazioaren espediente pertsonalean jasotako inguruabar eta aurrekari guztiak egiaztatzen dituen ziurtagiria aurkeztu beharko du, besteak beste, sartzeari, antzinatasunari, mailari, administrazio-egoerei eta abarri buruzkoak.

8.2. Ezarritako epearen barruan, eta behar bezala justifikatutako ezinbertzeko kasuetan izan ezik, interesdunak ez baditu agiri horiek aurkezten, ezin izanen da lan-kontratua formalizatu, eta jarduera guztiak baliogabetuta geratuko dira, hasierako eskabidean egon zitekeen erantzukizunari kalterik egin gabe.

8.3. Aurreko paragrafoan aurreikusitako kasuan, Udalak deialdi honetako 8.2. oinarrian aipatutako zerrendan dauden izangaiekin beteko du baja, hala badagokio.

9.–Lanpostuaz jabetzea.

9.1. Alkatetzak, ebazpen baten bidez, Etxalarko Udaleko administrari izendatuko du aurreko oinarrian ezarritakoa betetzen duen izangaia.

9.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.3. Izangai izendatuak hilabeteko epea izanen du lanpostuaren jabetza hartzeko, izendapena jakinarazten denetik hasita. Epe horretan, ezinbesteko arrazoiak salbu, karguaz jabetzen ez bada, Etxalarko Udaleko lan-kontratudun finkoa izateko eskubide guztiak galduko ditu. Halakorik gertatzen bada, 9. oinarrian xedatuari jarraituko zaio.

9.4. Bi hilabeteko probaldia iragandakoan, izendatua lan-kontratudun finkoa bihurtuko da.

10.–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzea.

10.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan xedatuarekin bat, eta deialdi honen 1.1 oinarrian ezarriarekin bat, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda prestatuko da, hautapen prozesua gainditu eta lanposturik lortzen ez duten izangaiekin.

Lortutako azken puntuazioak erabakiko du zein den ordena aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan.

Erran beharra dago, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarriak ezartzen duenaren arabera, administrari lanposturako aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetatik deitzeko, hiru lanpostutatik bat, lehenbizikoa, zerrenda horretan dauden eta ehuneko 33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaientzat erreserbatuko dela, hautaprobak gainditu badituzte eta frogatzen badute desgaitasun hori bateragarria dela bete beharreko lanarekin eta eginkizunekin.

10.2. Deia.

10.2.1. Gainditu duten izangaien kontratazioa, oro har, eginen da zerbitzuaren beharren arabera banakako deiak egin ondotik.

10.2.2. Errazago aurkitzeko, izangaiek harremanetarako hainbat telefono, helbide elektroniko edo fax eman ahal izanen dituzte, eta etengabe eguneratuta eduki beharko dituzte.

Deialdia dagokion zerrendan agertzen diren lehentasun-ordenaren arabera eginen da.

Dei bakoitza idatziz jasoko da, eta zer inguruabar, egun eta ordutan egin den adieraziko da.

Izangai bat aurkitu ezin denean, zerrendako hurrengoarekin jarriko da harremanetan, eskainitako lanpostua bete arte.

Harremanetan jarri ezin izan diren interesdunek dagokien zerrendan jarraituko dute.

10.3. Uko egiteak.

10.3.1. Izangairen batek eskainitako lanpostuari uko egiten badio, zerrendako azken tokia igaroko du, honako egoera hauetakoren batean dagoela egiaztatzen duenean izan ezik:

a) Indarrean dagoen izendapen edo administrazio- edo lan-kontratu baten ondorioz behartuta egotea.

b) Gaixotasun baten ondoriozko baja-egoeran egotea.

c) Kargu politiko baterako edo ordezkaritza kargu baterako izendatua edo hautatua izatea, eta, horren ondorioz, bere eginkizunetan aritzeko bateraezintasuna izatea, administrazio publiko batean izendapen libreko postu batean aritzeko aukeratua izatea, edo Gorte Nagusiek edo parlamentu autonomiko batek aukeratua izatea konstituzio organoetan parte hartzeko edo ganbera batek hautatu beharreko beste postu batean aritzeko.

d) Ezkontzearen edo bikote egonkor izatearen ondorioz dagokion lizentzia gozatzen ari direnean, arau honekin bat: otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onesten duena.

e) Otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuan ezarritako epean bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaideren bat hiltzen denean edo gaixotasun larriren bat duenean.

f) Amatasun, aitatasun edo adopzio zein harrera kasuetan, otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuan ezarritako epean.

g) Hiru urtetik beherako haur bat zaintzen egotea, edo seme-alabak zaintzeko eszedentzian.

h) Legezko zaintza dela eta, zuzenean zaintzea desgaitasun fisikoa, psikikoa edo sentsoriala duen pertsona bat, %33ko edo hortik gorako minusbalioa duena, eta lan ordaindurik ez duena. Hori frogatzeko, egoki diren frogagiriak aurkeztu beharko ditu.

i) Bere kargura izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaideren bat, bere kasa bizitzeko gauza ez dena adinagatik (65 urtetik gorakoa), istripuagatik edo gaixotasunagatik, eta lan ordaindurik egiten ez duena. Hori frogatzeko, egoki diren frogagiriak aurkeztu beharko ditu.

j) Izangaiak hala erabakitzen duenean, urtebetez genero indarkeriaren biktima izatearen ondorioz.

k) Erakunde ofizial baten beka bat jasotzen hasi denean.

10.3.2. Aurreko atalean zerrendatutako egoeraren batean edo kontratazioaren arloan eskumena duen organoak baloratu beharko dituen antzeko egoeraren batean dauden izangaiek agiri bidez eta modu frogagarrian egiaztatu beharko dute, uko egiten dioten lanpostua eskaini zaien egunetik zenbatzen hasita hamar egun balioduneko epean; kasu horretan, zerrendan betetzen duten leku berean jarraituko dute.

10.3.3. Lehen aipatutako kasu guztietan, izangaiek zerbitzuak emateko prest daudela jakinarazi beharko dute, uko egitea justifikatu zuen egoeraren amaiera-data adierazten duen dokumentazioaren bidez. Jakinarazpen hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

Horretarako emandako epean alegatutako arrazoia egiaztatzen ez bada, kontratuari uko egin zaiola ulertuko da, deialdia egiten den egunetik aurrera, justifikatutako arrazoirik gabe.

Era berean, hautagaiak edozein unetan jakinarazi ahal izanen dio Etxalarko Udalari prestasunik ezaren edozein arrazoitan dagoela, eta jakinarazpena egiten den unean egiaztatu beharko du.

10.4. Zerrendatik kanporatzea.

10.4.1. Deia eragin duen zerrendatik kanpo geratuko dira honako egoera hauetakoren batean dauden izangaiak:

a) Betebehar orokorrak eta titulazioari lotutakoak ez betetzea, ezta lanpostuan aritzeko beharrezkotzat jotzen diren gainerako baldintzak ere.

b) Lanbidean jarduteko edo eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua izatea, edo edozein administrazio publikotatik diziplinako espediente baten bidez baztertua izatea, egoera horrek irauten duen bitartean.

c) Probaldia ez gainditzea, zerbitzuaren arduradunaren txosten arrazoitua eta langileen ordezkariekiko adostasuna badaude.

10.4.2. Honako hau izanen da zerrendatik kanporatzeko prozedura:

Kanporatzeko kausaren bat dagoela jakinez gero, kasuan-kasuan eskumena duen organoak aginduzko txostena eginen du, eta 10 egun balioduneko epean entzutea eman ondoren, bidezkoa denean, kanporatzeko proposamena igorriko dio Etxalarko Alkatetzari.

Alkateak emanen du izangaiak kanporatzeko ebazpena, aurreko apartatuetan ezarritako arrazoiekin bat.

Kanporatzeko ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio gehienez ere 10 eguneko epean, eta espresuki adieraziko zaio kanporatzearen arrazoia.

Kanporatzeko prozedura tramitatu bitartean, ulertuko da pertsona ez dagoela eskuragarri kontratatzeko.

10.4.3. Egoera hauetakoren batean dauden izangaiek zerrendan duten tokia galdu eta azken postura pasako dira:

a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea / uko egitea eskainitako bi lan eskaintzari.

b) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua sinatzen ez badute.

c) Sinatutako kontratuari uko egitea.

d) Kontratatzeko deitzea eta ezinezkoa izatea izangaiarekin harremanetan jartzea hark emandako bitartekoen bidez, gutxienez 6 aldiz saiatuta 2 hilabeteko epean.

11.–Datuen babesa.

2016/679 (EB) Erregelamenduaren (DBEO) 13. artikuluan ezarritakoari jarraituz, izangaiei ondokoa jakinarazten zaie:

–Etxalarko Udala da izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Datuen tratamenduaren xedea da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

–Oinarri juridikoa honako hau da: DBEOren 6.1.b) artikulua, kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren parte bat denean, edo berak eskatuta kontratu aurreko neurriak aplikatzeko beharrezkoa dena, eta DBEOren 6.1.c) artikulua, tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat betetzeko behar den tratamendua.

–Datuak zein xedetarako bildu diren, xede hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondorioz izan daitezkeen erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Entitateen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuen komunikazioa eginen da legeak aurreikusitako kasuetan (5/2015 LED, urriaren 30ekoa), Etxalarko Udaleko iragarki-taulan eta webgunean argitaratzea barne.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatu, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joaz edo egoitza elektronikoaren bitartez.

–Etxalarko Udaleko bulegoetan edo webgunearen bidez erabil ditzakete sartzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, aurka egiteko eta eramateko eskubideak. Era berean, Datuak Babesteko Espainiako Agentzian (aepd.es) erreklamazioa aurkezteko eskubidea dute, tratamendua indarrean dagoen araudiarekin bat ez datorrela uste badute.

12.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkeztea aukeratzen ahal da:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko da, alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aurrera.

Etxalarren, 2023ko otsailaren 9an.–Alkatea, Miguel María Irigoien Sanzberro.

I. ERANSKINA

Eskabidea

https://administracionelectronica.navarra.es/AccesoFicheros/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/005C_Local_concurso_oposic_E.pdf

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1.–Biztanleen udal errolda. Biztanleen udal erroldaren ezagutza orokorra. Biztanleen udal erroldako tramiteak eta prozedurak. 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena, 15. artikulutik 17. artikulura. 1690/1986 Errege Dekretua, uztailaren 11koa, zeinaren bidez onesten baita Toki Erakundeetako Biztanleriaren eta Lurralde Mugaketaren Erregelamendua. II. titulua: biztanleria eta errolda.

2.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: Prozeduran interesdunak direnak; ekiteko gaitasuna; eta interesdunaren kontzeptua, interesdunen ordezkaritza, identifikazioa eta sinadura prozedura administratiboan. Administrazio publikoen jarduera: arau orokorrak, erregistroak, isiltasun administratiboa, baldintzak eta epeak (zenbatzea). Administrazio egintzak: beharkizunak. Efikazia, jakinarazpena. Administrazio prozedura erkidea. Bermeak. Faseak. Administrazio errekurtsoak: printzipio orokorrak, gora jotzeko errekurtsoa eta berraztertzeko errekurtsoa.

3.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: abstenitzea eta errekusatzea. Zehatzeko ahalaren printzipioak. Administrazio publikoaren erantzukizuna eta administrazio publikoen zerbitzuko agintari eta langileen erantzukizuna. Funtzionamendu elektronikoa sektore publikoan.

4.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena: II. titulua: Udalerria. I. kapitulua: Lurraldea eta biztanleria. II. kapitulua: Antolamendua. V. titulua: Toki-erakundeei buruzko xedapen orokorrak: I. kapitulua: Funtzionamenduaren araubidea. IV. kapitulua: Herritarrentzako informazioa eta haien parte-hartzea.

5.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: I. titulua: Toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa. III. titulua: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea. IV. titulua: Toki-erakundeen ondasunak. V. titulua: Jarduerak, zerbitzuak eta obrak. IX. titulua: Nafarroako toki-erakundeen jarduketak: prozedura eta araubide juridikoa, aurkaratzea eta kontrola: bereziki, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendutako gora jotzeko errekurtsoa (279/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa).

6.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak. Udal zergak. Aurrekontua eta gastu publikoa.

7.–270/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, zeinaren bidez garatzen baita Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, aurrekontuen eta gastu publikoaren alorretan. II. kapitulua: 1. atala: Aurrekontua prestatzea eta onestea. III. kapitulua: Gastuen aurrekontuko kredituak. 3. atala. Aurrekontuko aldaketak. IV. kapitulua: Gastuen aurrekontuaren betearazpena. Arauak eta betearazteko faseak.

8.–272/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Jarraibide Orokorra.

9.–234/2015 Foru Dekretua, irailaren 23koa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako toki-erakundeen aurrekontu egitura.

10.–12/2006 Foru Legea, azaroaren 21ekoa, zeinak hizpide baititu Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroa eta Katastroak.

11.–1/2017 Legegintzako Foru-Dekretua, uztailaren 26koa, zeinaren bidez onesten baita Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina: V. titulua: Administrazioaren esku-hartzea lurzoruaren eraikuntzan eta erabileretan, eta hirigintza arloko diziplina.

12.–17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituena. I. titulua, V. kapitulua. Jarduera sailkaturako lizentzia behar duten instalazioak eta jarduerak. III. titulua. Diziplina eta ingurumen arloko legezko egoera lehengoratzea; 3. eranskina.

13.–Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legea: I. titulua, III., IV., V., VI. eta VII. kapituluak; II. titulua, I., II., III., IV. eta V. kapituluak; III. titulua, I., IV. eta V. kapituluak.

14.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina: Langile motak. Funtzionario publikoen hautapena. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Plantilla organikoak, funtzionarioen zerrendak eta espediente pertsonalak. Administrazio egoerak. Eskubideak eta betebeharrak. Ordainsariak. Lan araubidean kontratatutako langileak.

15.–Administrazio agiriak. Ofizioa, bandoa, eskabidea, ziurtagiria, akta, zirkularra, eginbidea, erabakien igorpena eta jakinarazpenak. Ebazpenak, kontratua. Artxiboko tratamendua eta antolaketa.

16.–11/2005 Foru Legea, Dirulaguntzei buruzkoa. I. titulua, II., III., IV. eta V. kapituluak; II. titulua; III. titulua.

17.–5/2018 Foru Legea, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa: II. titulua, I. eta III. kapituluak; III. titulua, I., II. eta III. kapituluak.

18.–Word 2010 testu-prozesadorea: lan eremua; eragiketak dokumentuekin; testuarekin lan egitea; formatua; orrialdearen diseinua; taulak; irudiak; estiloak; loturak txertatu; goiburuak eta orri-oinak lantzea; edukien aurkibidea; ilustrazioak lantzea; korrespondentzia konbinatzea; eremuekin lan egitea; inprimaketaren konfigurazioa.

19.–Excel 2010 kalkulu-orria: lan eremua; eragiketak liburu eta orriekin; formatuak; eragiketak gelatxoekin eta gelatxo multzoekin; formulak; oinarrizko funtzioak eta aurreratuak; grafikoak; datuekin lan egitea excel-en; plantillak erabili eta sortzea; taula dinamikoak; inprimaketaren konfigurazioa.

20.–Access 2010 datu basea: oinarrizko elementuak; taulak; kontsultak; inprimakiak; txostenak; kanpoko datuak estekatzea, inportatzea eta esportatzea.

21.–Interneti eta posta elektronikoari buruzko kontzeptu oinarrizkoak.

Iragarkiaren kodea: L2303795