54. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

18/2023 EBAZPENA, otsailaren 14koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, ekonomia sozialari buruzko sentsibilizazio eta sustapen ekintzak egiteko dirulaguntzen deialdirako 2023rako gastua baimentzen duena (DDBN kodea: 674099), eta abuztuaren 20ko 2297/2018 Ebazpenaren bidez onetsitako oinarri arautzaileak aldatzen dituena.

Azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onetsi ziren. Estatutu horietan ezarritakoaren arabera, zerbitzu horren xedea da enplegu politikak, eragile sozialekin adostutakoak, planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea, honako arlo hauetan ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz: enpleguaren sustapena, lan-merkatuan sartzeko aukera berdintasuna, enplegu ematea, bitartekaritza, enplegurako orientazioa eta prestakuntza eta Nafarroako enpleguaren egoeraren eta horren gaineko politiken azterketa; horretarako, besteak beste, hainbat dirulaguntza finantzatzen, ematen eta kudeatzen ditu, enplegua sortzen eta lan munduan sartzen laguntzeko; horien oinarri arautzaileak 2023. urtea baino lehen onetsi dira.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

Hortaz, bidezkoa da 2023. urterako gastua baimentzea, ekonomia sozialari buruzko sentsibilizazio eta sustapen ekintzak egiteko dirulaguntzen deialdirako.

Era berean, oinarri arautzaileak aldatu behar dira, batetik, horrelako prozedurak izapidetzean dagoen esperientzia dela-eta, konpromisoak eta baldintzak eman daitekeen dirulaguntzara egokitzeko, oinarrietan birformulazioaren figura jasotzeko eta, bestetik, 2021-2024 aldirako Ekonomia Sozialaren II. Plan Integrala (II. ESPI) kontuan hartuta, bertan ezarritako helburuak bultzatzeko.

Azaldutakoarekin bat, proposamen-txostena ikusirik, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onetsi zituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 200.000 euroko gastua baimentzea, 2023ko Gastuen Aurrekontuko "Ekonomia Sozialerako laguntzak, hedapen proiektuetarako" izeneko 950001 96100 4809 241200 partidaren kargura. DDBN: 674099.

2. Dirulaguntza deialdi horren 9. oinarri arautzailea (Dirulaguntzak emateko prozedura) aldatzea, paragrafo hau gehitzeko:

"Instrukziorako eskumena duen organoak baimena emanen dio eskatzaileari, lehentasun-ordenaren arabera dirulaguntza osoa lortzen ez badu, bere proiektua birformulatzeko. Proiektu horrek balorazioan puntuazio bera lortzen jarraitu beharko du birformulatu ondoren, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 20 bis artikuluaren arabera".

3. Aipatutako dirulaguntza deialdiko 11. oinarri arautzailea (Balorazio irizpideak) aldatzea, irizpide berri bat gehitzeko.

"f) Proiektua Ekonomia Sozialaren Plan Integralean jasotako helburuekin lerrokatuta egoteagatik, 10 puntu".

11. oinarria aldatzea, halaber, "Dirulaguntza lortu ahal izateko, gutxienez 10 puntu lortu beharko dira" dioen tokian honakoa esateko: "Dirulaguntza lortu ahal izateko, gutxienez 15 puntu lortu beharko dira".

4. Ebazpen hau igortzea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzura eta kontu-hartzailetza delegatura.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluan xedatutakoarekin.

Iruñean, 2023ko otsailaren 14an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2302631