54. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

10E/2023 FORU AGINDUA, otsailaren 16koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, dirulaguntzen deialdi hau onesten duena: Nafarroako toki erakundeek 2023an artxibatze sistema propioa abian jartzeko edo finkatzeko dirulaguntzak. DDBN identifikazioa: 677211.

Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legeak 28. artikuluan ezartzen duenez, Nafarroako Artxibo Sistemaren parte izateagatik, toki erakundeak behartuak daude tratamendu egokia bermatuko duten arau eta prozedurak aplikatzera, beren jardunean sortu edo jasotzen dituzten dokumentuak ekoitzi, kudeatu, antolatu, kontserbatu eta zabaltzean. Betebehar hori zuzenekoa da 15.000 biztanletik gorako udalerrientzat, hau da, foru legearen arabera beren udal artxiboaren zerbitzua antolatzeko gauza direnentzat, eta horregatik ematen zaie antolaketa arloko berariazko eginkizun eta ezaugarri multzo bat (29. artikulua); biztanle gutxiagoko toki erakundeen kasuan, berriz, laguntza handiagoa jasoko dute artxibo arloan eskuduna den departamentuaren partetik (30. artikulua).

Nafarroako Artxibo Sistemako kide diren aldetik, toki erakundeek eskubidea dute, aurrekontuko posibilitateen arabera, eta hitzarmen eta laguntza publikoen bidez (11. artikulua), Foru Komunitateko Administraziotik lankidetza jasotzeko honako hauetarako: agiriak kontserbatzea eta zaharberritzea, artxiboko langileen prestakuntza, artxiboen instalazio materialen hobekuntza, dokumentazioa tratatzea fase guztietan, eta teknologia berriak ezartzeko informazioa eta aholkularitza.

Foru agindu honen helburua da epe luzeko prozesu bat abian jartzea Nafarroako toki erakundeek artxibatze sistema sendotu eta eraginkorrak izan ditzaten, bermatuko dutenak toki erakunde bakoitzak dokumentu ondarearen gainean duen ardura egoki betetzen duela, bat etorriz 15.000 biztanletik beherako Nafarroako toki erakundeen artxiboak antolatu eta kudeatzeko jarraibideak onetsi zituen ekainaren 10eko 50/2016 Foru Aginduko jarraibideekin. Orobat, foru agindu honen helburua da artxibatze zerbitzuetako jardueraren ikusmolde zabala sustatzea, tramitazio administratiboaren hasieratik beretik kontuan hartua izan dadin, administrazio, informazio edo kultura beharrei erantzunez.

Horren guztiaren ondorioz, egoki da diruz laguntzea toki erakundeek, bakoitzaren ezaugarri eta behar berezien arabera, beren artxibatze sistemak araudira egokitzeko planteatzen dituzten ekimenak, hori guztia artxibatze zerbitzu publiko egonkorrak finkatzeko, batez ere agiri funtsen antolakuntzari eta kudeaketari dagokienez, 50/2016 Foru Aginduko jarraibideekin bat.

Foru agindu hau zuzen aplikatzearen eta garatzearen ondorioetarako, hau joko da "toki erakunde baten artxibatze sistematzat": erakunde esparru horretan gauzatzea agiriak tratatzeko politika baten definizioa eta aplikazioa, bere baitan hartuko dituena bulegoetatik hasi eta artxibo historikoraino, ulerturik ezen agirien tratamenduari buruzko politika hori, toki erakunde bakoitzak aplikatuko duena, oinarrituko dela, oro har, 50/2016 Foru Aginduan agertzen diren jarraibideetan. Honako honi esaten zaio "toki erakunde baten artxibatze sistemarako proiektua": zehaztutako tratamendu politikaren arabera, toki erakundeak aurreikusitako faseen segida zehaztea, oraingo artxiboa egokitzeko 50/2016 Foru Aginduan oro har jasotako jarraibideetara. Azkenik, "artxibatze programa" honako honi esaten zaio: dirulaguntza eskaeraren xede den jarduketa zehatza, urtebetekoa edo gutxiagokoa, bat etorriko dena artxibatzeko sistemaren proiektuko elementu bat edo batzuk osorik edo partez betetzearekin.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Dirulaguntzen deialdi hau onestea: Nafarroako toki erakundeek 2023an artxibatze sistema propioa abian jartzeko edo finkatzeko dirulaguntzak.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak, onestea.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontu-kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A21002-A2200-7609-332100: Toki erakundeen artxiboak antolatzeko dirulaguntzak

2023

70.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2023ko otsailaren 16an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

ERANSKINA

Nafarroako toki erakundeek artxibatze sistema propioa abian jartzeko edo finkatzeko dirulaguntzen deialdia. Oinarriak

1. Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da artxibatze sistemetan inbertsioak egiteko Nafarroako toki erakundeei emanen zaizkien dirulaguntzak arautzea, bat etorriz 15.000 biztanletik beherako Nafarroako toki erakundeen artxiboak antolatu eta kudeatzeko jarraibideak onetsi zituen Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren ekainaren 10eko 50/2016 Foru Aginduarekin.

1.2. Hauek sartzen ahalko dira deialdi honetan:

1.2.1. Proiektu bat prestatzea toki erakundeak artxibatze sistema propioa izateko, non zehaztuko baita agiriak tratatzeko politika berariazko bat eta hura ezartzeko aurreikusitako fase segida bat, egungo egoeraren diagnostikoarekin bat, erreferentziatzat hartuta 50/2016 Foru Aginduan oro har jasotako jarraibideak.

1.2.2. Programa zehatzak gauzatzea, honako alderdi hauek jasoko dituztenak, erreferentziatzat hartuta 50/2016 Foru Aginduan oro har jasotako jarraibideak:

a) Agiri funtsak antolatzea edo berrantolatzea, baita eguneratze lanak egitea ere, lehendik dagoen agirien antolaketari jarraipena emateko eguneratzearen bidez.

b) Artxibatze zerbitzuen mantentze-lanak, hau da, artxiboa kudeatzeko, erabiltzaileei arreta emateko eta bulegoei aholku emateko lan egonkorra (baita toki erakunde batzuek partekatzen dutena edo mankomunatuta daukatena ere).

c) Programa zehatzak egitea arriskuan dagoen dokumentu ondarearen inguruan.

d) Deskribapen tresnak (inbentarioak edo katalogoak) sortzea, eguneratzea edo hobetzea, funtsak deskribatzearen bidez, deskribapen tresna informatizatuak lortzeko helburuarekin.

e) Deskribapen tresnak (inbentarioak eta katalogoak) eta sailkapen koadroa egokitzea 50/2016 Foru Aginduko jarraibideetan jasotako formatuetara eta kodetzera.

f) Agiriak ebaluatzeko azterlanak, ulerturik funtsak kontserbatzeko edo ezabatzeko politika orokor baten barnean daudela, bat etorriz Nafarroako toki erakundeen dokumentuak ebaluatzeko eta ezabatzeko jarraibideak onetsi zituen Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren ekainaren 14ko 51/2016 Foru Aginduarekin.

g) Balio historikoko agiriak edo bolumenak zaharberritzeko eta prebentziozko kontserbaziorako ekintzak.

h) Artxiboko agiriak digitalizatzea jatorrizko agiria babesteko soilik, inoiz ez ordezteko, betiere agiri-funtsa aurretik antolatuta eta deskribatuta badago euskarri informatikoan, agiri-tipologiaren arabera, 50/2016 Foru Aginduaren arabera (akta-liburua, espedientea, etab.). Digitalizazioa serieetan oinarrituta aplikatuko da. Digitalizazioaren xedeko agiriak 40 urtetik gorakoak izanen dira, baina antzinatasun txikiagoko agiriak digitalizatzeko programa zehatzek ere har dezakete dirulaguntza, baldin ebaluatu badira eta kontserbazio iraunkorreko serie baten zati badira. Programetan, kontserbazio iraunkorreko artxibo digital baten sorrera jasoko da, egoki diren segurtasun kopia digitalekin, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuaren web-orrian argitaratutako agindu teknikoak betez.

i) Programa bat abian jartzea funtsezko serieak identifikatzeko eta kudeatzeko, ulertuta serie bat funtsezkoa dela toki erakundearen eta bertako biztanleen interesak eta eskubideak kaltetuta gera daitezkeenean hura eskura izan ezean.

j) Udal artxiboko instalazioetako arriskuak aztertzeko txostenak.

1.3. Eskaerak ez dira deialdi honen barnean sartuko baldin haien xedeko artxibatze sistemarako proiektuek ez badituzte erreferentziatzat hartzen 50/2016 Foru Aginduan oro har jasotako jarraibideak.

Oro har, proiektuak kanpoan geldituko dira baldin sarturik ez badaude toki erakundearen artxibatze sistemarako proiektu batean, edo hartan sartzeko konpromisorik ez badute, halako moduz non bermatuko den mantenduko direla agiri funtsak antolatzeko, kontrolatzeko eta kontserbatzeko gutxieneko baldintzak, baita horiek ikustekoak ere, orain eta etorkizunean, 50/2016 Foru Aginduko jarraibideekin bat.

2. Erakunde onuradunak eta betebeharrak.

2.1. Deialdi honetan ezarritako laguntzen onuradun izan daitezke Nafarroako Foru Komunitateko toki erakundeak, halakotzat harturik Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluetan deskribatutakoak.

2.2. Erakunde eskatzaile guztiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.

2.3. Toki erakunde batek dirulaguntzarik jaso badu azken bost urtean bere artxibo sistema izateko edo hiru deialditan programa zehatzak gauzatzeko, ezin izanen du berriro eskatu harik eta azken dirulaguntza eman zenetik bost urte igaro arte.

3. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

3.1. Dirulaguntzaren zenbatekoa proiektu edo programaren gastuen %40 finantzatzeko behar dena izanen da (BEZa barne). Aplikatu beharreko BEZa deialdia argitaratzen den egunean indarra duena izanen da. Onuradun bakoitzari ematen ahal zaion gehieneko laguntza 5.000 eurokoa izanen da. Eskaeraren xedea baldin bada arriskuan den dokumentu ondarean aplikatu beharreko proiektu bat, dirulaguntzaren zenbatekoa handitzen ahalko da, %60 arte, betiere behar bezala justifikatzen bada eta ezarritako gehieneko laguntza gainditzen ez bada (5.000 euro).

3.2. Toki erakunde onuradunen batek laguntzari uko egiten badio edo, edozein arrazoirengatik, hasiera batean emandako diru kopuruak askatzen badira, askatutako kopuru hori dirulaguntzarik lortu ez duten toki erakundeei ematen ahalko zaie, deialdi honen 7. oinarrian adierazitako balorazio irizpideen arabera lortutako puntuazioaren hurrenkeran, aurrekontu guztia banatu arte, betiere 3.1 oinarrian onuradun bakoitzeko ezarritako diru-muga gainditu gabe. Kopuru hori askatzen denean, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak interesdunei jakinaraziko die, dirulaguntza proposamena onartzeko aukera emanez; hamar egun balioduneko epe luzaezina izanen dute horretarako. Eskatzaileak edo eskatzaileek proposamena onartu ondoren, Vianako Printzea-Kulturako zuzendari nagusiak dirulaguntzak emateari buruzko ebazpena emanen du eta jakinarazi eginen da.

3.3. Eskaera baten baino gehiagoren azken puntuazioan berdinketarik gertatzen bada, berdinketa biztanle kopuruaren arabera ebatziko da, lehentasuna emanez biztanle kopuru txikiena daukaten toki erakundeei.

4. Aurrekontuko zuzkidura.

2023ko ekitaldirako aurrekontuko "Toki erakundeen artxiboak antolatzeko dirulaguntzak" izeneko A21002 A2200 7609 332100 partidaren kargura finantzatuko dira deialdi honen bidez ematen diren dirulaguntzak, 70.000 euroko muga gainditu gabe.

5. Eskaeren aurkezpena, eskatzen diren agiriak eta betekizunak frogatzea.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa), edo Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez. Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak laguntza hauei loturik egiten dituen jakinarazpen eta komunikazio guztiak telematikoki eginen dira, eta, horretarako, beharrezkoa da ziurtagiri digital bat eta gaitutako helbide elektroniko (DEH) bat izatea.

5.3. Eskabidea laguntzen fitxan dagoen ereduaren araberakoa izanen da, eta, harekin batera, deialdi honetan parte hartzen duten toki erakundeek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Aurkezten den proiektuaren edo programaren helburuak, jarduerak, epeak, aurrekontu zehaztuak (BEZa barne) eta justifikazioa jasotzen dituen memoria xehatua. Memoriak xehetasunez azalduko du zein den hasierako egoera. Deialdiaren 1.2.2 a) atalean biltzen diren programak egiteko eskaeretan, azaldu beharko da, laburki, antolaketa-lana den (lehen esku-hartzea), berrantolaketa bat den (dagoeneko ezarrita dagoen antolamendu bat, deskribatuko dena, erreferentziako araudiak zehazten dituen irizpideetara egokitzea), edo gaurkotze bat den (artxiboa eguneratzeko jarduketa planifikatua, aurretik egindako esku-hartze egoki batetik abiaturik). Memoria hori aurkeztean, egileen jabetza intelektualaren eskubidea errespetatuko da beti.

Bi artxibo-zerbitzu edo gehiago lankidetzan aritu behar badira, lankide den erakunde bakoitzean egin beharreko lanen gaineko memoria.

Programa zehatzak egiten direnean arriskuan dagoen dokumentu ondarearen inguruan, memoriak 50/2016 Foru Aginduaren araberako jarduketa egokiak jasoko ditu.

Digitalizazio programetarako eskaeren kasuan, digitalizatu beharreko liburu edo espedienteak banan-banan eta argi identifikatuko dira, bakoitzaren izenburua, hasierako eta bukaerako datak eta dagokion agiri-seriearen digituak adierazita, bai eta jakinaraziz ere serie osoak diren edo serie baten zatia, hasita dagoen edo jarraitu gogo den programa baten jarraipena direlako, eta aurreikuspenen arabera lortuko den irudi kopurua.

b) Artxibo-lokalen deskribapena eta toki erakundearen artxiboan gordetako dokumentu-funtsen eta deskribapen-tresnen identifikazioa.

c) Eskaeraren xede diren artxibo lanak zer lantalderi edo enpresari esleitu behar zaizkion, bertako langileek horiek gauzatzeko prestakuntza teknikoa edo profesionala dutela frogatzea.

d) Beste edozein informazio osagarri, baita argazkiak ere, baldin eskatzailearen ustez eskaera justifikatzeko balio badu.

e) Toki erakunde bat baino gehiago lankidetzan arituz gero, kasuan kasuko idazkaritzen ziurtagiria lankidetzari buruz.

f) Dirulaguntzaren xede den proiektua edo programa definitu eta gauzatu ondoren, modu operatiboan mantentzeko konpromisoa egiaztatzea, idazkaritzaren edo alkatetzaren ziurtagiriaren bidez.

g) Dirulaguntzaren eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan eskatzaileak tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiri telematikoak. Erakundeak eskaeran horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

h) Toki erakundearen Idazkaritzaren ziurtagiria, adierazten duena ea eskatu edo jaso den deialdi honen xedeko lanetarako beste laguntza publiko edo pribaturik, horren bitartez ziurta dadin aurreikusitako dirulaguntza guztien zenbatekoak ez duela gainditzen aurkeztutako proiektuaren kostu osoa.

5.4. Dirulaguntzaren eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo erakunde eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu dezala edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

6. Gastu diruz lagungarriak.

6,1. Deialdi honen ondorioetarako, gastu diruz lagungarriak dira inolako zalantzarik gabe diruz lagundutako jardueraren ezaugarriekin bat datozenak eta 2023an egiten direnak, 10. oinarrian diruz lagundutako lanak amaitzeko ezartzen den datara bitarte. Gastu diruz lagungarrien eskuratze-kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

6.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Artxiborako lokalak egokitzeko edo hobetzeko obrak edo azpiegitura (apalategiak) eskuratzea.

b) Irudiak hartzeko edo agiriak erreproduzitzeko ekipamendu informatikoa, aplikazio informatikoa edo ekipoak eskuratzea.

c) Kutxak, karpetatxoak, etiketa itsasgarriak, usb memoriak/disko gogorrak, argazkietarako gutun-azalak eta antzeko materiala erostea.

d) Artxiboko funtsei buruzko ikerketa historikoa.

e) Agirien transkripzioa.

f) Artxibo-dokumentuei buruzko kultura-hedapeneko jarduerak diseinatzea eta gauzatzea.

g) Artxibo-dokumentuak digitalizatzea, web-orrietan zabaltzeko.

7. Laguntzak emateko prozedura eta adjudikazio irizpideak.

7.1. Dirulaguntzak norgehiagokako araubidea erabiliz emanen dira, oinarri honetan azaltzen diren balorazio irizpideak aplikatuz lortzen den puntuazioaren ondoriozko lehentasun hurrenkerari jarraikiz, 3. oinarrian ezarritako mugekin.

7.2. Puntuazio handienetik txikienera arteko lehentasun hurrenkera bat ezartzearen ondorioetarako, eskaerak irizpide hauen arabera baloratuko dira:

7.2.1. Proposamenaren kalitatea. Irizpide honengatik balorazio osoaren 40 puntu emanen dira gehienez, eta balorazio elementu hauek hartuko dira kontuan:

–40 puntu gehienez, oinarri hauen 1.2.1 ataleko zehaztapenak dituen artxibatze sistemarako proiektu bat prestatzeko proposamenetarako (diagnostikoa, politika eta ezarpen faseen aurreikuspena), 50/2016 Foru Aginduan jasotako jarraibideen arabera.

–40 puntu gehienez, oinarri hauen 1.2.2 atalean jasotako programa zehatzen proposamenetarako, 50/2016 Foru Aginduan jasotako jarraibideen arabera. Balio hauen arabera puntuatuko da:

–Proposamenaren egokitasun maila 50/2016 Foru Aginduarekiko (20 puntu gehienez ere).

–Abiapuntuko egoeraren azalpen argi eta zabala, hasierako balorazioa eta egin beharreko lanak barne (5 puntu gehienez ere).

–Jarraikortasuna. Irizpide hau aplikatuko zaie, soilik, 2022ko dirulaguntzen deialdian dirulaguntza lortu duten programen proposamenei, beste toki erakunde batzuk izan daitezen onuradun (15 puntu).

7.2.2. Biztanleria, 15.000 biztanleren mugaren arabera. Irizpide honi puntuazio osoaren 30 puntu dagozkio gehienez. Populazio tasa txikieneko toki erakundeek aurkeztutako proiektu edo programei emanen zaie puntuazio handiena, balio hauen arabera:

500 biztanle edo gutxiago

30 puntu

501 eta 1.000 biztanle bitarte

20 puntu

1.001 eta 2.000 biztanle bitarte

15 puntu

5.001 eta 5.000 biztanle bitarte

10 puntu

5.001 eta 14.999 biztanle bitarte

5 puntu

7.2.3. Toki erakundeen arteko lankidetza. Irizpide honi puntuazio osoaren 20 puntu dagozkio gehienez. Puntuazio handiagoa emanen da baldin eta proiektu edo programa batek aurreikusia badu toki erakunde bat baino gehiagoren artxibo zerbitzuen arteko lankidetza. Balio hauen arabera puntuatuko da:

–Udalerri bereko kontzejuetarako proiektu edo programen proposamenen kasuan, 5 puntu gehienez.

–Bi toki erakunderen artxibo zerbitzuek parte hartzen duten proiektu edo programen proposamenen kasuan, 10 puntu gehienez.

–Hiru toki erakunderen edo gehiagoren artxibo zerbitzuek parte hartzen duten proiektu edo programen proposamenen kasuan, 20 puntu gehienez.

7.2.4. Arriskuaren kalifikazioa. Irizpide honi puntuazio osoaren 10 puntu dagozkio gehienez. Arrisku handieneko kontserbazio-egoeran dagoen dokumentu ondarean aplikatu beharreko programei puntuazio handiagoa emanen zaie, eta, betiere, 5.3 oinarrian jasotako memorian proposatzen diren soluzioak 50/2016 Foru Aginduan jasotako jarraibideen araberakoak izanen dira. Balio hauen arabera puntuatuko da:

Arrisku handia

10 puntu

Arrisku ertaina

5 puntu

Arriskurik gabe

0 puntu

8. Deialdiaren ebazpena.

8.1. Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak txosten justifikatua emanen du eskaera bakoitzari emandako puntuazioen gainean.

8.2. Zazpigarren oinarrian ezarritako irizpideen araberako ebaluazioa egin ondoren, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak ebazpen proposamena eginen du eta, horrekin batera, txosten bat, non adieraziko baitu onuradunek dirulaguntzak hartzeko baldintza guztiak betetzen dituztela. Horrez gainera, zerrenda bat ere prestatuko du, baldintza guztiak bete arren aurrekontuetako diru-mugak direla kausa deialditik kanpora gelditzen direnekin.

8.3. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean gehienez, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du laguntzak esleitzeko.

Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskabidea ezetsitzat joko da.

8.4. Dirulaguntza hau emateko prozedurako ebazpenen jakinarazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko dira:

http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/

Halaber, horren berri emanen zaio eskatzaile bakoitzari, hark emandako gaitutako helbide elektronikoaren (DEH) bidez.

Deialdiaren ebazpena Kultura eta Kirol Departamentuko iragarki-taulan ere argitaratuko da (Navarrería kalea 39, Iruña).

8.5. Berariazko ezespenaren aurka, interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita; presuntziozko ezespenaren aurka, berriz, interesdunek zilegi izanen dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, noiznahi ere isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita, administrazio prozedurari buruzko legediari jarraikiz. Horrek ez du alde batera uzten, kasua bada, Nafarroako Gobernuan aurretik errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

9. Onuradunek bete beharrekoak.

Dirulaguntzen onuradun diren toki erakundeek betebehar hauek izanen dituzte:

9.1. Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuari idatziz jakinaraztea dirulaguntza onartu dela. Hala, baldin dirulaguntza eman dela jakinarazten den egunetik hamabost eguneko epean onuraduna den toki erakundeak ez badu berariaz hura onartzen, ulertuko da uko egiten diola.

9.2. Dirulaguntzaren xede diren programa eta/edo proiektuak egiteko bakarrik erabiltzea laguntza.

Ondorio horietarako, erakunde onuradunak Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuari jakinarazi beharko dio programetan edo proiektuetan gertatzen den gorabehera oro, gertatzen den unean berean, baldin zerbait aldatzea ekartzen badute. Dirulaguntza jasotzen duten jardueretan edo haien kostuan edozein aldaketa egiteko, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuaren adostasuna beharko da, eta horrek baimena emanen du baldin eta aldaketak ez baditu funtsean aldatzen diruz lagundutako jarduerak.

9.3. Jarduerak Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egin direla aipatzea egiten diren edozein eratako programetan, proiektuetan, agirietan edo iragarkietan.

9.4. Noiznahi ere onartzea Kultura eta Kirol Departamentuko Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak jarduerak gauzatzen ari direla ziurtatzeko egiten duen egiaztapen lana.

9.5. Lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

9.6. Organo emaileak egin beharreko egiaztatze lanak onartzea, baita kontrol organo eskudunek finantzak egiaztatu eta kontrolatzeko egiten ahal dituztenak ere.

9.7. Onuradunek, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete behar dituzte.

10. Ordainketa egiteko modua eta epea.

Laguntzak ordainketa bakarrean pagatuko dira, behin modu telematikoan bidalita, 2023ko abenduaren 12an beranduenez, egun hori barne, ordaintzeko eskabidea eta justifikazio kontua, diruz lagundutako lanak amaitu ondoren. Honako agiri hauek osatuko dute justifikazio kontua:

a) Dirulaguntza jaso duen programa eta/edo proiektu bakoitzaren xedea betetzearen justifikazio-memoria xehea. Digitalizazio memorien kasuan, tratamenduaren xede izan diren liburuak edo espedienteak xehetasunez azalduko dira, haien izenburuak eta hasierako eta bukaerako datak, bai eta haietako bakoitzean lortutako irudi kopuru osoa ere. Halaber, dirulaguntza eskatzeko aurkeztutako memorian azaldutako helburuak noraino bete diren adieraziko da, eta gertatu diren gorabeherak, halakorik izan bada.

b) Dirulaguntza jaso duen programa bakoitza gauzatzean sortu diren material zientifikoak eta teknikoak (datu baseen kopiak, irudi fitxategien kopiak, errestaurazio memoriak, digitalizazio memoriak eta abar). Haien formatuak Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuaren menpeko informazio sistemetan txertatzeko modukoak izanen dira, eta, horretarako, harekin harremanetan jarri beharko da.

Irudi-fitxategietan, agiri digitalizatuak behar bezala identifikatuak egonen dira, izenburua, hasierako eta bukaerako datak eta dagokien agiri-seriearen digituak adierazita, 50/2016 Foru Aginduan argitaratutako sailkapen-koadroaren arabera.

c) Egindako gastuaren fakturak edo horien kopia konpultsatuak.

d) Faktura horiek ordaindu izanaren frogagiriak.

11. Diruz lagundutako programen jarraipena.

Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak zilegi du ikuskatzea nola gauzatzen diren diruz lagundutako proiektuak eta programak, bai zuzenean, bai berari atxikitako teknikarien bidez, eta, ondorio horietarako, lanak egiten diren tokietara sartzen ahalko dira, eta komenigarritzat jotzen duen informazio guztia eskatzen ahalko du.

12. Diruz laguntzen diren proiektuen edo jardueren interes soziala, kultur mezenasgoaren ondorioetarako.

12.1. Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak edo jarduerak interes sozialekotzat hartuko dira foru lege horretan aurreikusitako zerga-pizgarrien aplikazioaren ondorioetarako.

12.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean ezarritako baldintza eta betebeharrak bete beharko dituzte, baita Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22. artikuluan ezarritakoak ere, foru agindu horren bidez onetsi baitzen kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua.

13. Beste dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna eta konkurrentzia.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek emandako beste laguntza batzuekin, eta aplikatzekoa izanen da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 16.3 artikulua.

14. Ez-betetzeak eta dirulaguntzen itzulketa.

Onuradunak behar bezala justifikatu ezean onartutako programa gauzatu dela, eta, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitako kasuetan, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasunaren irizpideari jarraikiz, aipatutako 35. artikuluarekin bat.

Erakunde onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

15. Arau-hausteak eta zehapenak.

15.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa (42. artikulua eta hurrengoak) aplikatuko da.

15.2. Zehapen prozedura izanen da ezarrita dagoena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean.

16. Administrazio errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauek aplikatzeko ematen diren egintzen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

17. Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

Iragarkiaren kodea: F2302956