52. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUNBERRI

Ordenantza, Ezkontza zibilak egiteko tasa arautzen duena. Behin betiko onespena

Irunberriko Udalak, 2022ko abenduaren 20an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen ordenantza fiskala, Ezkontza zibilak egiteko tasa arautzen duena.

Erabaki hori argitaratu zen 2023ko 6. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 10ean.

Legez ezarritako epea igaro delarik inork erreklamaziorik eta/edo alegaziorik aurkeztu gabe, bidezko da behin betiko onestea, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuarekin.

Irunberrin, 2023ko otsailaren 24an.–Alkatea, Rocío Monclús Manjón.

ORDENANTZA, EZKONTZA ZIBILAK EGITEKO TASA ARAUTZEN DUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordenantza hau ezartzen da honako hauen babesean: martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikulua eta hurrengoak (foru lege horrek hizpide ditu Nafarroako Toki Ogasunak), martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legea, zeinaren bidez aldatzen baita 2/1995 Foru Legea, eta 6/1990 Foru Legea.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Zergapeko egintza ezkontza zibilak prestatzeko eta egiteko zerbitzu publikoa ematean datza, Kode Zibilaren aldaketari buruzko abenduaren 23ko 35/1994 Legearen babesean.

Zerga ordaindu beharra eta tasaren sortzapena

3. artikulua. Tasa eta, beraz, ordaindu beharra sortzen da zerbitzua egiten hasten denean, hau da, interesdunek ezkontzaren eguna eta ordua zehazteko eskabidea aurkezten duten unean.

Subjektu pasiboari egotzitako arrazoiengatik ordenantza honetan ezarritako zerbitzu publikoa ematen ez bada, ordaindutako dirua ez da itzuliko.

Subjektu pasiboa

4. artikulua. Zibilez ezkontzen diren pertsonak dira subjektu pasiboak, eta biak Udalari tasa ordaintzera behartuta daude solidarioki.

Salbuespenak

5. artikulua. Ez da salbuespenik eginen ordainarazpen honi dagokionez.

Kudeaketa arauak

6. artikulua. Tasa honen kobratzea kudeatzeko, autolikidazioaren araubidea ezarri da. Zerbitzua emateko eskabidearekin batera eginen da dagokion diru-sarrera. Ez da tramitatuko tasa ordaindu izana frogatzen ez duen eskabiderik.

Arau-hausteak eta zehapenak

7. artikulua. Tributu arloko arau-hausteei eta horiek kasu bakoitzean ekartzen dituzten zehapenei dagokien guztian, indarra duen legeriari jarraituko zaio.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, aplikatuko dira Ordenantza fiskal orokorra, martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legea eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenak.

Bigarrena.–Ordenantza fiskala indarrean jarriko da eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera behin betikoz onetsi eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean testua oso-osorik argitara emandakoan.

TARIFEN ERANSKINA

–Ezkontza bakoitza: 80 euro.

Iragarkiaren kodea: L2303298