2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ALTSASU
Ordenantza fiskala, arautzen dituena lur-ondasunen gaineko kontribuzioaren zergaren karga-tasa eta aukerako hobariak. Behin betiko onespena
Altsasuko Udalak, 2022ko abenduaren 15ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen honako ordenantza hau: ordenantza fiskala, arautzen dituena lur-ondasunen gaineko kontribuzioaren zergaren karga-tasa eta aukerako hobariak. Haren iragarkia 2023ko 2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 3an.
Jendaurreko aldia iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, aipatu ordenantza onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatua).
Altsasun, 2023ko otsailaren 16an.–Alkatea, Javier Ollo Martínez.
ORDENANTZA FISKALA, ARAUTZEN DITUENA ALTSASUKO UDALAREN
LUR-ONDASUNEN GAINEKO KONTRIBUZIOAREN ZERGAREN KARGA-TASA ETA AUKERAKO HOBARIAK
1. artikulua. Izaera.
Ondasun higiezinen gaineko zerga da zuzeneko tributu erreal bat, kargatzen dena ondasun higiezinen balioaren gainean, jarraikiz martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeari, zehazki II. tituluko II. kapituluko 133.etik 158.era bitarteko artikuluei, biak barne (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).
Ordenantza honetan arautzen da aipatu foru legearen 140.4 artikuluan xedatzen den aukerako hobari berria, eta karga-tasa ezartzen da.
2. artikulua. Karga-tasa eta errekargua.
Karga-tasa bakarra izanen da udal-mugarte osorako: 1. eranskinean ageri dena.
3. artikulua. Hobariak familia ugariendako, guraso bakarreko familiendako edo gurasobakartasun egoeran daudenendako.
Zergaren kuotaren %50 bitarteko hobaria izanen da, adierazitako errenta-tarteen arabera, kasuan kasuko etxebizitza ohiko bizilekua denean familia ugariaren edo guraso bakarreko familiaren titular diren edo gurasobakartasun egoeran dauden subjektu pasiboendako. Hobari hori aplikatuko zaio soilik ohiko bizilekua den bizitegi-erabilerako hiri-unitateari.
Hobari hori aplikatuko zaie, orobat, kotizazio gabeko pentsioak dituzten zergadunei eta errenta bermatuaren edo bizitzeko gutxieneko errentaren hartzaile direnei.
Hobari hau egiteko baldintza izanen da subjektu pasiboaren errenta guztiak ez izatea lanbide arteko gutxieneko soldata halako lau baino gehiago (ez dira kontuan hartuko errenta salbuetsiak).
Errenta tarteak eta hobariaren ehunekoa:
ERRENTA TARTEA | HOBARIA |
4.500 eurotik beherako per capita errenta | %50 |
4.500,01 eta 5.500 euro bitarteko per capita errenta | %35 |
5.500,01 eta 7.000 euro bitarteko per capita errenta | %20 |
Errenta-tarteen araberako aurreko hobarien ehunekoak kalkulatzeko, familiaren diru-sarrera gordinak hartuko dira kontuan (baturik zerga-oinarri orokorra eta ondare-gehikuntzen saldo garbiaren zerga-oinarri berezia, hots, PFEZaren egungo aitorpen-ereduko 507 eta 524 laukiak), eta horiek zatituko dira familia-unitatea osatzen duten kideen kopuruaz.
Hobari hori erregutua da, eta zerga-onura horren titularrak higiezin bakar baterako soilik erabiltzen ahalko du, eta eskatzen den ekitaldi beretik aplikatuko da, baldin eta betetzen badira zergaren sortzapen egunean aitortua izateko baldintzak, eta eskaera egiten bada likidazioa irmoa eta onartua izan aurretik.
Eskatzaileak honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du, nahitaez:
Etxebizitzarako hobaria familia ugariaren edo guraso bakarreko familiaren titular diren edo gurasobakartasun egoeran dauden subjektu pasiboendako, haien ohiko bizilekua denean:
a) Eskabide sinatua, adierazten duena familia-unitatearen ohiko bizilekua dela kasuan kasuko hiri-unitatea, alegia, eskatzen den hobariaren xedeko hiri-unitatea, bizitegi-erabilerakoa. Eskabidea aurkeztu beharko da ekitaldi bakoitzeko lehen hiruhilekoaren barnean.
b) Administrazio eskudunak emandako ziurtagiria, titulua edo txartel ofiziala, ziurtatzen duena dagokion ekitaldirako zerga sortzen den unean (urtarrilaren 1a) subjektu pasiboa dela familia ugari baten titularra, guraso bakarreko familia baten titularra edo gurasobakartasun egoeran dagoen familia baten titularra.
c) Familia-unitateko kide guztien pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren azken aitorpenaren edo aitorpenen fotokopia edo, bestela, Foru Ogasunaren ziurtagiria, adierazten duena aitorpena ez dutela egin ez zeudelako egitera behartuta. Bestela, familiak lortutako diru-sarrera gordinen zinpeko deklarazioa aurkeztuko du eskatzaileak, agiri bidez frogaturik.
Etxebizitzarako hobaria, kotizazio gabeko pentsioak dituzten edo Errenta Bermatua edo bizitzeko gutxieneko errenta hartzen duten subjektu pasiboendako, haien ohiko bizilekua denean.
a) Eskabidea, non jasoko baitira katastroko erreferentzia, etxebizitzari dagokion hiri-unitatea adierazirik, eta hobariaren xedeko ondasun higiezinaren helbidea.
b) Familia-unitateko kide guztien pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren azken aitorpenaren edo aitorpenen fotokopia edo, bestela, Foru Ogasunaren ziurtagiria, adierazten duena aitorpena ez dutela egin ez zeudelako egitera behartuta. Bestela, familiak lortutako diru-sarrera gordinen zinpeko deklarazioa aurkeztuko du eskatzaileak, agiri bidez frogaturik.
Subjektu pasiboa ez da beharturik egonen agiriak aurkeztera, baldin Udalari lehendik eman badizkio beste izapide batzuetan. Kasu horretan, inguruabar hori eskabidean jaso beharko da, eta adierazi beharko da zer prozeduratan aurkeztu ziren.
Ohiko bizilekuaren helbidea aldatzeak berekin ekarriko du onartutako hobariaren eskubidea galtzea familia ugariarendako, eta zergaren kuota erregularizatu eginen da ekitaldi horretarako. Higiezin berrirako, ondorioak izanen dituen zergaldiaren lehen eguna baino lehen eskatu beharko da hobaria. Uneko urteko abenduaren 31 baino lehen aurkeztutako eskabidea.
Behin hobari fiskala emanda, indarrean izanen da uneko ekitaldirako, eta urtero eskatu beharko da berritzeko, ekitaldi bakoitzeko lehen hiruhilekoaren barnean.
Dena dela, Udalak agiri bidezko justifikazioa eskatzen ahalko dio onuradunari, hobaria izateko eskubidea egiaztatze aldera.
Subjektu pasiboek nahitaez jakinarazi beharko dute gertatzen den aldaketa oro, baldin eta eragina badu hobari honen ondorioetarako.
Hobari hau izateko, egunean egon beharko da Udalarekiko zorren ordainketan.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan, eta indarrean segituko du berariaz aldatzen edo indargabetzen den arte. Ordenantza fiskal hau zati batean aldatuz gero, aldatzen ez diren artikuluek indarrean segituko dute.
1. ERANSKINA
2023ko urtarrilaren 1etik aurrerako karga-tasa: %0,3311 urtean.
Iragarkiaren kodea: L2302727